Denbora ez kendu, eman

2021-05-18

Gizarte-eredu honek azkar bizitzera garamatza, egin eta egin, lana erdigunean dauka sistema honek. Nola eragiten dio abiada horrek haurren garapenari? Nola irten gurpil zoro horretatik? Mahai gainean hausnarketarako gakoak jarri dituzte Ane Ablanedo haur prebentzioan adituak eta Marina Pintos yoga irakasleak.

 
 
Denbora ez kendu, eman

Z

enbat aldiz esan ote diogu geure buruari azkarregi doan tren honetatik jaitsi nahi dugula, ez garela iristen, gurpil zoro honetatik atera nahi dugula… baina tira eta tunba, bertan jarraitzen dugu, katigatuta bezala, bizkarreko minez, burukoaz, lepokoaz, lo egin ezinik, jan ezinik, gehiegi janez, arnasa hartzeko betarik gabe askotan, maizegi, bizitza unerik une dastatu beharrean, denborak irensten gaituela gu.

 

Eta askotan, maizegi, geure abiadan, atzetik, daramatzagu seme-alabak. Daramagun bizitza zoro honen erritmoa helduontzat ez bada osasuntsu, mesedegarri eta bizigarria, zer ote da haurrentzat? “Jaiki, benga, arin, berandu goaz, mugi, goazen, eseri, isilik, entzun, idatzi, ebatzi, orain Mate, gero Gizarte, azkar bazkaldu hurrengo txanda dator, musika, gero ingelesa, gero pilota, dutxatu, afaldu, telebista, hortzak garbitu, lo berandu da-eta. Bihar arte”.

 

Urtarrilean urte berriari zin egin genion abiadura jaitsiko genuela eta otsaila iristerako geure promesa irentsi genuen. Bada geuregatik egingo ez badugu, haur eta gaztetxoengatik geldiaraziko ote dugu azkarregi doan tren honen abiada? “Helduok gara bizitza beste patxada batekin hartu behar dugunok, umeak lasaiago eta eurentzat egokiagoa eta naturalagoa den erritmo batean bizitzea nahi badugu”, Marina Pintosen hitzak dira, badaki zerbait bizitza beste patxada batekin hartzeari buruz, yoga irakaslea da. “Umeek helduaren erritmora erreakzionatuko dute. Ezinezkoa da umeak lasai bizitzea heldua azeleratua, inkontzienteki eta automatikoki bizitzen ari bada. Heldu bezala ez badakigu lasaitasunez bizitzen, haurrak ez du patxadaz bizitzen ikasiko”.

 

Txiki-txikitatik hasten gara haurrak euren bioerritmoetatik ateratzen. Ane Ablanedo haur prebentzioan aditu eta pedagogia libretako formatzaileak ume bat haur-eskolara oso goiz eramatea jarri du haurraren erritmo naturala gehiegi azkartzearen adibide gisa: “Haur txikia separazio luze batera behartzen badugu, dagoeneko bere erritmoa bortxatzen ari gara, gure erritmora ekartzeko, eta haur txikiek egin behar duten ahalegina hain da handia haurraren erritmoa modu biologikoan alteratzen dela”. Ondoren, eskolako 6-7 orduek —eta askotan jangelako eta zaintzako orduekin 8 orduko eskola-egunera iritsita—, eta eskolaz kanpoko jarduerek gero eta gehiago betetzen dituzte haurren egunak. Gero eta txikiago eramaten baititugu umeak, oro har, ingeleseko eskola partikularrera eta musikako akademiara eta dantzara... eta eskolatik estraeskolarretara eguna betea dute 5-6-7 urtetik aurrera. 

 

Baina bizi dugun erritmo azkar honek nola eragiten die haur eta gaztetxoei?, galdetu diogu haur prebentzioan espezialista den hezitzaileari. “Sintoma asko daude, ikusi nahi dituenarentzat —erantzun du Ablanedok—:  hiperaktibitatea, depresioa (noski depresioa haurrek ez dute helduek bezala erakusten, baina inapetentzia emozional bat erakusten dute oso txikitatik);  pasibitatea ere erakusten dute, eta baita bipolaritate antzeko bat ere, orain oso aztoratuta daude eta orain oso aspertuta. Ez dakite zein den euren erritmo biologikoa eta horrek leloaldi emozional moduko bat sortzen die”. Haurrengan ez ezik, gizarte osoan ikusten diren sintomak direla zehazten du Ablanedok; “baina haurtzarotik hasten gara ikusten”. 

 

Izan ere, haurrak batetik bestera azkar ibiltze horrek eta eguna okupaturik edukitze horrek euren garapen emozionalean eragina dauka. Hala ikusten dute Ablanedok eta Pintosek. “Geure emozioez arduratzeko, ezinbestekoa da denbora hartzea, bai helduok eta zer esanik ez, haurrek”, dio Pintosek. “Baina nola gauden jakiteko, hasteko, barrura begiratu behar dugu, eta azkar goazenean, kanpora begiratzeko joera daukagu, okupatuta gaude barrura begiratzeko, eta haurrak okupatzen ditugun neurrian euren baitara begiratzeko denbora kentzen diegu”. Gehiegizko jarduerez gain, gailu elektronikoen erabilera jarri du adibide Pintosek: “Mugikorra eta tableta ume txiki-txikiei ematen diegun gizartean gaude. Jateko, lotarako… distraitzeko ematen diegu mobila 2 urteko umeei. Gose den edo logure den sentitzeko aukerarik ez badiegu uzten txikitatik, nola ikasiko dute bada beren gorputza eta emozioak entzuten? Konturatzen al gara zer ondorio dituen horrek?”.

 

2 eta 3 urterekin dagoeneko alterazioak ikusten ditu haurrengan Ablanedok. “Oso txikitatik ikusten zaie zenbait umeri arlo emozionalean kontrol gabeziak, kanporantz daude etengabe, barnera itzultzeko baretasunik gabe”. Horretan, beste behin, helduaren proiekzioa ikusten du prebentzioan adituak: “Hezitzaileok ere askotan horrela ulertzen dugu heziketa, ludiko izatearekin lotzen dugu, gauzak egitearekin, beti estimulazioa eta eszitazioa bilatzen dugu”. Eta heziketa ez ezik, aisia ere horrela ulertzen dugula ikusten du: “Atera egin behar dugu ezinbestean, eta kosta egiten zaigu itzultzea. Hor alterazio nabarmen bat dago. Denborarekin harreman disfuntzional bat bizi duen gizarte batean gaude”. 

 

Egin eta egin eta etengabe egiten aritzeak, gehiegizko estimulazioak alde batetik hiperaktibitatea —ez zentzu klinikoan— dakar, baina ifrentzuan “pasibotasun emozionala” dakar, Ablanedoren aburuz: “Kanpotik dena oso ezarria, oso gidatua, antolatua eta egituratua dagoenean, zer gelditzen zaio haur horri aktiboki egiteko? Bipolaritate batean gaude: Eszitazioaren ondoren frustrazioa edo hutsunea dator, bizi dugun erritmoa ez delako orekatua. Geure erritmoa bilatzeko zailtasunak ditugu, ‘zer behar dut nik orain?’; ‘noiz egingo dut hau gusturago?’; ‘atsedena behar dut, baina ezin dut, ingeleseko eskolara joan behar dudalako’... Eta azkenean geure buruari begiratzea ere ahaztu egiten zaigu”.

 

Garapen sozialean ere eragin zuzena dauka haur eta gaztetxoak abiadan eta okupaturik bizitzeak: “Lagunen falta dute”, dio Ablanedok: “Lagunekin bakarrik eskolan edo oso gidatutako jardueretan daude eta horrek baldintzatu egiten du beraien garapen soziala. Lagunekin egoteak sozializatzen ikastea dakar, lagun taldearekiko arduratsuak izaten ikastea dakar... eta horretan guztian kalterako eragiten du denbora librerik ez edukitzeak”. Galera sozialak laburbiltzen ditu jolasteko denbora nahikoa ez izateak dakartzan kalteetan. “Haurrak haur izan behar du eta horretarako jolastu egin behar du libreki, jolas libreak dituen baldintzekin; jolasean pasa dezala denbora”.

 

Haurraren garapen emozionalaz eta sozialaz gain, garapen kognitiboa ere kaltetu egiten du erritmo honek, Ablanedoren aburuz. “Erritmo hau ez da ona ezta ustez helburu duen arrakasta sozial eta akademikoa erdiesteko ere. Haurren berezko erritmoa bortxatzen dugu beraien garapen akademikoa eta kognitiboa asko garatu dadin nahi dugulako, haurra akademikoki bikaina izatea nahi dugulako, eta ez gara ohartzen, hain zuzen ere, garapen kognitiboaren oinarrian garapen emozionala dagoela, eta garapen emozionalak, ezinbestean, denboraren beharra daukala; justu eragozten ari gatzaizkiena”. Beraz, haurrei denbora aktibitateekin betez, azkarrago garatu beharrean kontrakoa lortzen dugu, Ablanedoren arabera, garapen kognitiboa ere kaltetzea: “Haurrek lehendabizi emozionalki landu beharko lukete bizitza, eta horretarako denbora behar da. Gauzei beren denbora eman behar zaie, prozesuak bizi behar dira, doluak, trantsizioak, fase aldaketak… hazteak hori baitakar. Garapen emozionalari behar duen denbora eskaini zaionean, garapen kognitiboaren momentua iristen denean edo prebalentzia izango duenean, ikusiko ditugu ondorioak”. Bikainak izateko gurasoek ezarri duten helburu hori lortzeko, alabaina, prezio handiegia  ordaintzen ari dira haur eta gaztetxoak, prebentzioan aditu den hezitzailearen aburuz: “Eta ohartu behar gara ez direla bikainak izango, eta izatekotan konturatu behar dugu psikopatologiak sortzen dituen eredu batean ari garela hori bultzatzen”. Psikopatologiara iritsi gabe, gutxienez, “ongizate falta eta zoriontasun falta ikaragarria” ikusten du adituak:  “Euren erritmoarekin bat ez datorren eredu honek sufrimendua sortzen die haurrei, estres ikaragarria; eta hori ez da sanoa. Eta hori garbi esan behar da, gurasoek ez dutelako nahi halako sufrimendurik euren haurrarentzako”. Neurosia ikusten du Pintosek, hau da, ingurunera egokitzeko arazoek sortutako gaitza: “Nahi gabe ere geure proiekzioak eta espektatibak ezartzen ditugu haurrengan, eta horrek neurosia dakar”.

 

Bizitza osoa patxadaz hartzea gomendagarria bada ere, Pintosek eta Ablanedok lehen 7 urteetan haurraren erritmoa txera handiz zaintzea gomendatzen dute, bare, nare, lasai, soseguz. “Lehen 7 urteak dira, bereziki, pertsona batek bere burua eraikitzeko behar duen denbora, naturak behar duen denbora da. Adin tarte horretan pertsona bati garatzen utzi behar zaio. Garapenak denbora eskatzen du”. Eta tarte horretan egiteko bakarra dute haurrek, bi adituen aburuz: jolas egitea. “Euren beharrak asetzeko modu gorena jolas librea da; jolasa haurren zoriontasunaren sintoma da —dio Ablanedok—. Beti kontsideratu izan da haurren eskubide bat, haurren sena da. Ez dago ezer gehiago identifikatzen dena haurrekin jolasa baino”. Eta galdera pausatu du: “Zer-nolako aukera dauka gaur eguneko haur batek kalera libre ateratzeko, nahi duena nahi duen lagunekin egiteko?”.  Pintosen aburuz ere jolasaren seriotasunaz hitz egiten hasi beharko litzateke: “Haurra osoa eta betea da jolasten ari denean; umeak jolasean daudanean jolasean daude, presente daude, eta hori da bizitzaren funtsa, oraina bizitzen ari dira eta ez dira ari pentsatzen gero zer egingo duten”. Ablanedoren aburuz, haur batek behar duen “gauza bakarra eta guztia”, jolastea da, libre eta espontaneoki. “Horretarako hiriak egokitu egin behar ditugu, espazioak egokitu egin behar ditugu, aurreikusi zer eskaintzen diegun haurrei”.

 

7 urterekin, dagoeneko, haurretan lo egiteko arazoak ikusi izan ditu Pintosek, “pentsamenduei bueltaka, gertatu zaien zerbaitengatik edo kezka batengatik”. Zazpi urtez ibili da Pintos hainbat ikastetxetan haurrekin yoga praktikatzen, eta oso gustura ibili bazen ere, sentitzen baitzuen haur haiei opari bat egiten ziela arnasa hartzen erakuste hutsarekin, konturatzen zen, baita ere, arroka bati bultza egitea bezala dela haurrei astean ordubeteko yoga praktika eskaintzea, benetako patxada erdiestea baino: “Haurrek etxean ez badute bibrazio lasairik eta erritmo patxadatsurik jasotzen, ezin da lortu helburu handiagorik haurrekin; helduak dira bizitza beste erritmo batean hartu behar dutenak”. Bat dator Ablanedo: “Oso goiz eramaten ditugu haurrak heldu bilakatzera, hau da, gure moduak erreproduzitzera. Serio, arduratsu, langile, isil, geldirik egoten dakiena izatea eskatzen diegu, konturatu gabe, helduontzat ere ez direla kualitate onak horiek, geuk ere gehiago mugitu beharko baikenuke”. Baina, era berean, infantilizatu egiten ditugu haur eta gaztetxoak: “Pentsatzen dugu ez direla arriskuei aurre egiteko gai, eta eskaintzen dizkiegun jarduera eta espazio guztiak kontrolatuak eta arriskurik gabeak dira”. Ez du esan nahi haurrak arrisku aktibo handien aurrean utzi behar direnik, “baina askoz ere kaltegarriagoa da ume batentzako orkatila haustea baino honek guztiak ekartzen dituen galerak pairatzea. Etxean isolatuta, pantailekin eta beti helduekin… egoteak ekartzen dien galera emozionala mila aldiz arriskutsuagoa da eta sortzen ahal du psikopatologia mila aldiz handiagoa beso bat hausteak baino”.

 

Eta horrelako haurtzaro batek, zer helduaro ekarriko du? “Gure buruei begiratu besterik ez dago”, dio Ablanedok. “Heziketaren bidez gure bizimodua erreproduzitzen ari gara, beraz, ikusi gaur egun zer dagoen eta hori biderkatu. Euren nahietatik, beharretatik eta emozioetatik deskonektatuak dauden pertsona estresatuak ematen ditu eredu honek”. Ablanedok esandakoari, “distraituak” eta “hipnotizatuak” eransten dio Pintosek.  “Bizimodu hau patologikoa da. Koherentziaz jokatu behar dugu, batez ere arduragatik, hurrengo belaunaldiak ez dezan hau bizi, edo behintzat maila apalago batean bizi dezan”. 

 

Haurrei denbora libre gutxi uzteak dakartzan ondorioak kaltegarriak direla ikusita, bada, zergatik sartzen ditugu hain azkar doan gurpil zoroan? Pintosek eta Ablanedok argi daukate: “Gizarteak eramaten gaitu horretara”, dio yoga irakasleak. “Gizartearen helburuak eta gizartearen oinarriak oso ideologia konkretu batek ezarritakoak dira. Hor dago sistema sozial bat, kapitalismoa, hau guztia komeni zaiona”, erantsi dio Ablanedok: “Ekonomia kapitalistak kolonizatu du gure bizitza guztia”. Balio kapitalista horiengatik asko kostatzen zaigu gelditzea, eta gurpil zoro horretan haurrak sartu ditugu. “Horrek dakarren arriskuarekin. Izan ere gizaki patologikoak bakarrik sostengatzen ahal du horrelako sistema bat, hain lehiakorra, kontsumista eta guziaren gainetik errendimendua jarri duena. Dirua behar baldin badugu kontsumitzeko, lan asko egin behar da. Sinplea da: lan asko egiteko oso goizetik entrenatu behar dira pertsonak, eta horretarako plazerak ukatu egin behar dira. Horrela sartzen gara gurpilean”.

 

Eta nola atera? Jabetzean dago gakoa, Ablanedo eta Pintosen aburuz. “Gurpilean okupaturik, distraiturik, arreta galdurik bagoaz oso zaila izango da hortik ateratzea. Lehen ariketa horretaz konturatzea izango da eta konturatzea presente egotea da. Orain, presente egon nahi badut eta nire bizitza era oso batean bizi nahi badut, ahalegina egin behar dut, ez dago besterik. Eta horrek denbora eskatzen du, noski”. Jabetzeak, Pintosentzat arduratzea dakar, kexatik ardurara pasa behar dugula dio: “Beraz, presente egon nahi dut ala ez? Ezin ditut tomateak landatu eta gero ahuakateak eskatu. Zeri ematen diot nik garrantzia? Bada horretan jarri beharko ditut nire indarrak, nire energia, nire denbora. Neure bizitzan sartu, neure gorputzean, eta ez dezadan utzi bizitza azaletik pasa dadin ni okupatua  nagoen bitartean”. 

 

Jabetzeko, Ablanedoren ustez, eredu honek dakartzan ondorioak ere argi izatea beharrezkoa da: “Psikopatologia  sortzen du eredu honek, esan dugu; eta sintomak egitera iritsi gabe ere, sufrimendua eta estresa sortzen ditu, eta hori garbi esan behar zaie gurasoei, zoriontasun eta ongizate gabezia eta estres ikaragarria”. Egoeraz jabetzeko, geure burua ispiluaren aurrean galdekatzea proposatzen du Ablanedok: “Guri gustatzen al zaigu bizitza hau benetan? Gustura bizi al gara? Abiada hau nahi al dut niretzat? Eta nire umeentzat?”. Ablanedok abiada honek heldu asko eta askori sortzen dizkien ondoezekin konektatzea gomendatzen du: “Honek guztiak gutako askori sortzen digun ondoeza, tristura, satisfazio falta horrekin guztiarekin ez dugu konektatu nahi, eta horregatik ere segitzen dugu gurpil zoroan, eta hori ez da sistemaren gaitza, hori geurea da. Sakon-sakonean badakigu ez gaudela ongi, eta horrekin ez dugu konektatu nahi”. Haur prebentzioko adituak garbi utzi du mezua:  “Haur asko ez daude ongi. Eskaintzen diegun bizitza familiarrak eta eskolaren nolakotasunak eta exijentzia akademikoak sortzen duen estresa eta sufrimendua eta erritmoaren alterazioa ikaragarria da eta hori ez da dohainik”.

 

Baina ez da erraza gurpiletik ateratzea, sistema sozial oso bati aurre egitea, ez da erraza. Baina egingarria da Pintosentzat: “Gakoa helduak du. Guk daukagu gurpil hori geldiarazi eta hortik ateratzeko gaitasuna. Guk geuk, eta hori sinetsi egin behar dugu. Gero eta azeleratuago bizi, orduan eta azkarrago doa gurpila, baina gelditzen hasten garenean,  gerokoak utzi eta orainean presente gaudenean, gurpilaren abiada jaisten hasiko da eta hortik ateratzea errazagoa izango da”. Norberetik hastea proposatzen du yoga irakasleak: “Oraina galtzen ari gara etengabe eta hori ez da errepikatuko. Oso tristea da. Askotan umeekin gaudenean, ez gaude, ez gaude presente. Bizitza irentsi ala dastatu egin nahi dugu? Jaten duzunean oso esperientzia desberdina da janaria irenstea edo dastatzea. Dastatzeak zentzu asko aktibatzen ditu, usaimena, ikusmena… bizitza era oso batean bizitzeak oraina bizitzea dakar, presente egotea; bestea biziraupen hutsa da”. Lanketa eskatzen du desazelerazioak. Pintosentzat bizitzaren benetako erritmoekin konektatu eta gizartearen exijentzietatik askatzeko ezinbestakoa da barne garapen prozesu bat egitea: “Zeure burua ongi ezagutu, jakin zein diren zure egoaren funtsak, zer pentsatzera, egitera, sentitzera bultzatzen zaituen zure pertsonaiak. Hau da, norberaren ezagutza. Hor dago askatasunaren funtsa. Nik ez baldin badut nire funtsa ezagutzen, ezingo dut ezer aldatu”.

 

Ablanedok ere, zalantzarik gabe, helduengan jartzen du fokua. Heldua da gelditu behar dena. Banakako lanketa pertsonalarekin batera, taldeak lagundu egingo duela azpimarratzen du hezitzaileak: “Bai, batek hasi beharko du kontzientzia hartzen, baina hau kontu soziala da. Horregatik, ez da familia batek bakarrik egiten ahalko duen gauza bat. Beste familia batzuekin elkartu beharko da, haurrak beste modu batean sozializatzeko”.  Izan ere “besteek ere egiten dute” horrek garamatza askotan sistemaren erreprodukziora. “Haurrek haurrekin egon nahi dute, haurrak estraeskolarrean baldin badaude, noski, gureek ere eskatu egingo dute. Kontua paradigma aldatzea da, eta horrek antolamendu bat eskatzen du. Kontzientzia sozial bat, kuestionatze bat eskatzen du. Gure haurrak ingelesera joan nahi badu, demagun bere lagun Enaitz badoalako, agian haren gurasoekin hitz egin beharko genuke, eta benetan kuestionatu, behar al duten jarduera hori ala hobe duten elkarrekin jolastu”. Gurpil zoroa geldiaraztea posible izan arren, mugak ere argi ditu hezitzaileak: “Ez dugu antolatu bizitza zaintzen duen sistema bat, eta onartzea gogorra den arren, hori muga handi bat izango da gure aldaketarako. Dena den, kontzientzia dagoenean, behintzat, automatikoa gelditzeko gaitasuna izango dugu, batez ere gure haurrei ez ezartzeko eta ez erreproduzitzeko oso modu inbasiboan patroi disfuntzional bat”.

 

Haurrei begirako gako bat, Pintosen eta Ablanedoren arabera, denbora ematea da, sinpleki; ez kendu denbora haurtzaroari, eman. Haurrei aktibitateak kentzea proposatzen du Ablanedok. Orduak desokupatu. Haurrek bizitza patxadatsuagoa izateko gakoa ez da asteko plangintzan ordubete gordetzea yoga, mindfulness edo meditazioa egiteko edo mendira joateko. “Yogaren edo meditazioaren onurei garrantzia kendu gabe, esango nuke gehiago egin beharko genukeela gauzak egiteari utzi”. Yoga irakaslea ere ados dago hezitzailearen ikuspuntuarekin, ezin da patxada hartzen ikastea beste zama bat bilakatu: “Haurrek momentu goxo bat pasatuko dute yoga egiten bai, baina egin behar dugun aldaketa sakonagoa da, eta hori gurasoen praktika patxadatsuago batetik etorriko da”. “Gure lana espazio aberatsak eskaintzea izan beharko litzateke —Ablanedoren esanetan—, eta gure artean antolatzea, jolas taldeak izan ditzagun, txangoak egiteko... baina aktibitatea kendu, utzi haurrak libre. Espazio kontrolatuetan, naturan, mendian, beste lagunekin… Umeen estresa deskargatzeko modurik onena, denbora librea uztea da, horrela egingo dute beraien erregulazio energetiko eta emozionala. Zama kendu, eta beraiei eman aukera zer behar duten sentitzeko eta hori lortzeko zer baliabide duten konturatzeko”. Beraz, ostera dio jolas librea dela maila fisikoan, intelektualean zein emozionalean onura handien duen aktibitatea, "eta hori litzateke 7-8 urte dituzten arte eskaini beharko geniekeen aktibitate bakarra. Eta gure ahalegin osoa jarri beharko genuke denboraren eta espazioaren aldetik jolasa gauzatu ahal izan dezaten”. 

Umeengandik ikastea proposatzen dute bi adituek, batak “orainean egoteko duten gaitasunagatik”, eta besteak plazeraren indarragatik. "Irakasgairik inportaneena da konturatzea zer gaitasun daukaten umeek plazeretik aritzeko. Beraiek plazeraren printzipiopean bizi dira, gu ez bezala: gu betebeharraren printzipioan gaude. Haurren ardatza plazera da, ‘plazera ematen dit edo ez dit ematen?’, eta horren arabera daukate edo ez daukate gauzek eta harremanek balioa. Helduontzat plazera oso gaitzesia dago. Zenbat gidatzen du gure bizitza plazerak? Ze garrantzi ematen diogu plazeretik aritzeari? Zenbat leku du plazerak gure gizartean? Horrek ez dauka gure gizartean tokirik”. Bi adituen esanetan, haurtzaroaren erritmoek markatu beharko lukete helduon denbora, eta ez alderantziz.

Eskola, sistemaren erdigunean

Haurtzaroaren erritmoak zaindu nahi badira, eskolaren nolakotasunaz ere hausnartu beharko litzateke, Ablanedoren ustez, heziketa, funtsean, bizimodua erreproduzitzeko makina baita. “Eskolari ematen diogun funtzioa kuestionatu behar dugu. Iruditzen zaigu eskolak akademikoki hezi behar duela, eta nagusitasuna ematen diogu memorizatzeari, eta gero eta goizago sartzen ditugu bide horretara haurrak, eta ez gara ohartzen ikastea beste zerbait dela". Gizartea bera eskolatu dugu hezitzailearen ustez, "iruditzen zaigulako eskolaren moduekin baino ez dela ikasten". Horregatik da, hain zuzen ere, haurrei eskaintzen diegun guztia jarduera gidatua: "Bizitzearekin bakarrik, ume batek ikasten du, baina uste dugu eskolaren moduekin bakarrik ikasten dela, norbaitek irakatsi behar digula… eta horrek dakar haurrei eguna estraeskolarrekin betetzea, emozionaltasunari denborarik utzi gabe". Ikastea tituluak lortzea baino askoz gehiago dela nabarmentzen du pedagogia libreetako formatzaileak: "Gizarte bezala arrakastatsu izatea produktibo izatea dela esan digute, soldata on bat izatea, lan on bat izatea… eta horretarako esan digutenez asko ikasi behar dugula eta titulu asko eduki behar direla, bada gurasoek euren haurrentzat onena nahi dutenez eta onena produktibo izatea denez, oso goiz hasi behar dugu hori egiten; logikoa da. Bizitza tituluak edukitzea baino gehiago dela pentsatzen badugu, heziketa zer den kuestionatu behar dugu, ordea, arrakasta zer den, bizitzea zer den planteatu behar dugu eta baita hori erreproduzitzen duen hezkuntza-eredua ere”. 

Etxerako lanak ere zalantzan jarri beharko lirateke: "Guk lana eraman nahi izaten dugu etxera? Haurrek egin behar dute. Eskolan egindakoa etxean beste ordubetez errepikatzeak ez du ekartzen onurarik ikasketen aldetik, entrenamendua ekartzen du, eta baita familien lasaitasuna ere, haurrak zerbait inportantea egiten ari direla sentitzen baitute familiek. Nora garamatza presio akademiko horrek?"

Bizitza patxadarekin bizitzea, edo norbere bizitzaz arduratzea 

Marina Pintos yoga irakaslearentzat helduok geure bizitza patxadarekin hartzea da haurtzaroaren erritmoak errespetatu eta garapena zaintzeko modu egokiena. Horretarako gakoa heldua bere buruaz arduratzea da, norbere osasuna zaintzea, buru eta gorputz. Orainean zentratzea proposatzen du, oraina bizitzea, dastatzea. Eta helduak baretasuna barneraturik, hori bera jasoko du haurrak. Bareago bizitzeko, yoga bera edo meditazioa funtsean, tresna aproposak dira, baina haratago, aldaketa pauso txikietatik abiatzea proposatzen du irakasleak, gaur 5 minutu  hartu presente egoteko, bihar 10... baina egunero-egunero... Hona hemen bizitza beste erritmo batean hartzen hasteko bost proposamen:

"Bizitza era oso batean bizitzeko, orainean bizi behar dugu, ez etorkizuneko kezketan eta geroko eginbeharreetan. Orainean bizitzen ikasteko, gauza egingarrietatik has gaitezke. Alarma bat jarri eta egunean bi aldiz 5 minutuz gelditu; begiak itxi eta arnastu sakon. Oxigenatu gorputza eta energiaz bete. Hasteko, egunean bi aldiz". 

"Haurrekin gaudenean askotan ez gaude presente. Burua beste pentsamendu batzuetan darabilgu. Presentzia lantzen hasi nahi badugu, ez jarri helburu bezala egun osoan presente egotea, hasi eguneko momentu batzuetan arreta osoa jartzen egiten dugun horretan, izan dutxa hartzea, otorduen prestaketa edo erratza pasatzea".

"Pentsamendu onak elikatu: ez da berdina goiza kexuka eta presaka hastea, eguneko eginbeharrak zerrendatzea, edo egun berri batengatik eskerrak emanaz hastea. Has dezagun eguna esker on pentsamenduarekin; leihoa ireki eta arnasketa sakonak egin, gauean biriketan gelditzen den anhidriko karbonikoaz hustu eta sakon hartu arnasa.

"Ondoren, orainean indarra jartzeko teknika praktikatu: gurasoak etorkizunaz kezkatzen dira, badirudi maitatzea kezkatzea dela, baina kezkan gelditzen garenean, non jartzen dugu gure energia? Zertarako elikatu pentsamendu txar hori? 1) Konturatu zer egiten ari garen, konturatu pentsamenduari indarra ematen ari garela 2) Kuestionatu pentsanemdu hori: pentsamendu hau egia da? Zeri buruz hitz egiten dit? Existitzen ez den etorkizunari buruz? Zerbait hobetzen dut pentsamendu honekin? On egiten dit? Erantzunak normalean ezezkoak izaten dira. Orduan zer egingo dut? 3) orainean konektatu. Horretarako, arnasak asko laguntzen du: jarri arretan arnasean eta pixkanaka gai izango naiz pentsamendua alde batera uzteko." 

"Praktikatu. Geure pentsamenduen ikusle izaten laguntzen du meditazioak. Egunero lantzen baldin badugu gaitasun hori, egoera zailean errazagoa izango zaigu pentsamendu txar bat distantziatik begiratzea. Eta haurrek euren bizitzarako tresna hau barnera dezaten nahi badugu, egin dezagun geuk. Meditazioa irakurketa bezala da, haurrek yoga egitea nahi badugu gu ikusten gaituztenean eurek ere egiteko gogoa izango dute, eta bai gu eta bai haurrak meditazioaren onurak jasotzen hasiko gara".