Larraitz Mendizabal - Aitziber Esnaola: “Gatazka bat dagoenean, izebergaren puntari begiratu beharrean, oinarriari begiratzen diogu pedagogia sistemikotik”

2021-06-29

Urteak daramatzate Udako Topaketetan irakasleak pedagogia sistemikoan formatzen, eta hala egingo dute uztail honetan ere, beste behin. Irailetik aurrera ibilbide berri bat hasiko dute Hik Hasirekin, urtebeteko formazioa eskainiko diete irakasleei, 'Pedagogia sistemikoan hezi eta bizi' izenekoa. Egunerokoan parte hartzen dugun sistema orotan dagokigun lekuan kokatu ahal izateko eta elkarreraginean jarduteko baliabideak eskainiko dituzte urtebeteko formazioan. Horretarako, behatzailearen eta testuinguruaren garrantziaz ohartu eta sistema orotan dauden sistemaren ordenak izango dituzte bidelagun: kidetza; autoritatea eta lekua; eta hartu-emanaren arteko oreka. Ikaslearen ongizatea bermatzeko, ikas komunitatea eta familiaren arteko elkarlanaren izaera sistemikoa ezagutaraziko dute.

 
 
Larraitz Mendizabal - Aitziber Esnaola: “Gatazka bat dagoenean, izebergaren puntari begiratu beharrean, oinarriari begiratzen diogu pedagogia sistemikotik”

Urteak daramatzazue Udako Topaketetan irakasleak pedagogia sistemikoan formatzen. Irailetik aurrera Hik Hasirekin hasiko duzuen ibilbide berrian, zer eskainiko duzue 'Pedagogia sistemikoan hezi eta bizi' urtebeteko formazioan?

Aitziber Esnaola: Gu biok pedagogia sistemikoan dihardugun urte hauetan, bakarka zein elkarrekin, jaso, eman, sortu eta gauzatu dugun guztia eskainiko dugula esango nuke. Alde batetik, teoria emango dugu, pedagogia sistemikoaren oinarriak. Bizitza osoa egon daiteke pertsona bat oinarri horiek entzuten, eta urteetara konturatu hamar aldiz entzundako esaldi horrek zerbait sakonagoa esan nahi duela gure bizitzan eta lanean. Oinarria honakoa da: nola behatzen dugu, zer-nolako begirada daukagu geure buruarekiko eta besteekiko? Horrekin batera, pedagogia sistemikoaren oinarri teorikoan kontzeptu garrantzitsuak dira honako hauek: kidetzarena, hierarkiarena eta harremanena. Teoriaz gain, baliabideak eskainiko ditugu: panpinak, ipuinak, marrazkiak, genogramak… eta oso gurea den zerbait: elkarrizketak. Ni panpinetan trebatua nago bereziki, eta Larraitzek komunikazioaren ildoan lan handia egin du, eta hortik baliabide bezala, elkarrizketak landuko ditugu. Baliabide bat edo beste erabiltzen dugunean, etengabe oinarrietara bueltatuko gara. Hik Hasirekin eskainiko dugun urte osoko formazioa teorikoa bai, baina oso praktikoa izango da aldi berean, praktikaren bidez trebatuko dira baliabideez.  

Larraitz Mendizabal: Pedagogia sistemikoan begirada da garrantzitsuena. Sisteman oinarritzen gara, eta sistema osoki hartzen dugu. Eskolari begiratzen diogunean, adibidez, sistema osoki hartzen dugu kontuan, eta gelako ikasle bat ere ez dugu ikasle isolatu gisa hartzen, baizik eta testuinguru bateko kide bezala. Irakasleok ere sistema horretako kide gara. Testuinguru horretan elkarreragin bat dago, eta sistema hori ordenatua dagoen ala ez, hortik gatazkak edo orekak etorriko dira. Hori guztia ulertzeko, testuinguruaren garrantzia azpimarratuko dugu ikastaroan. Pedagogia sistemikotik begirada testuinguruan jarriko baitugu eta ez gauza edo pertsona isolatuetan.

 

Formazioa teoriko-praktikoa izango dela esan duzue. Nola egituratuko duzue?

L. M.: Biok presentzialki egongo garen hamar saioko ikastaroak, bi zati izango dituela esan dezakegu. Lehen zatian, larunbatetan, testuinguruaren eta behatzailearen garrantzitik hasi, eta ondoren hiru hurrenkeretan sakonduko dugu: kidetza; autoritatea eta lekua; eta hartu-emanaren arteko oreka. Bigarren zatira igaro aurretik, ikaslearen ongizatea eta garapena bermatzeko, eskola eta familiaren arteko elkarlanaren planteamendua zehaztuko dugu.

A. E.: Bigarren zatiaren saioak ostiral arratsaldetan eta larunbatetan burutuko dira. Zehazki, ostiraletan, gure lan esparruan identifika ditzakegun zailtasunen eta beharren lanketarako elkargunea sortuko dugu, gure begiradaren eraldaketarako baliabide oso interesgarria izango da. Larunbatetan, aipaturiko elkarlanerako, modu espezifikoan baliabide hauetan sakonduko dugu: elkarrizketak, ipuinak eta panpinak. Honekin guztiarekin, gure bizitzako esparru orotan, begirada sistemikoarekin hezi eta bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea da gure helburua. 

 

Dagoeneko aurreratu dituzue pedagogia sistemikoan garrantzitsuak diren hainbat kontzeptu, kidetza, hierarkia… Azal ditzakezue zein diren begirada honen oinarrian dauden kontzeptu gako horiek?

L. M.: Pedagogia sistemikoa ez da metodologia bat, premetodologia bat baizik. Hau da, edozein metodologiatarako baliagarri zaigun lekuaren bilaketa bat eta begirada bat da. Sistemetan oinarritzen da, eta hor testuinguruak garrantzia handia dauka, baita sistema guztietan ematen diren hurrenkerek ere, eta horiek dira pedagogia sistemikoaren oinarriak: kidetza, hierarkia eta hartu-emanen oreka. 

A. E.: Testuinguruari lehentasuna emanda, errealitate horretako kide izate hutsagatik behatzaile gisa testuinguru horretako errealitatea sortzeko daukagun gaitasuna nabarmenduko nuke. Behatzaile bezala, ikasle, lankide, eskola testuinguruan, ikas komunitatean edo familian, gure harreman sare horretan, errealitate sortzaile gara, errealitate ez hain objektiboak sortzen ditugu behatzaile gisa.  

L. M.: Errealitatea subjektibitatez betea baitago, gure balioek, gure sinesmenek, gure izateko erak, gure bizimoduak zipriztintzen dute eta horretaz guztiaz jabetzen laguntzen digu pedagogia sistemikoak.

A. E.: Ondoren, lekua hartuko dugu, gure ardura eta funtzioen arabera, edo daramagun denboraren arabera (antzinatasuna). Eta gero harremanei buruz hitz egiten hasi ahal izango dugu. Kontua da gure jendartean gauzak alderantziz egitera ohituak gaudela, harremanetan gatazkak nabaritzen ditugunean harremana konpontzera joaten garela. Guk sistemiko bezala honako ibilbide hau egiten dugu: denak sentitzen dira kide? Denek daukate ziurtatuta kidetza? Denak daude beren ardura eta funtzioetan? Gako horiek ordenatzen goazen neurrian, harremanak baretu egiten dira. Gatazken kudeaketan atzera begirako bat egiten dugu: goazen ibilbidea atzeragotik begiratzera. Gatazka bat dagoenean normalean norbait ez da kide sentitzen, bere burua erdi kanpo sentitzen du edo ez zaio lekua eman… esklusio eta inklusio dinamika horiek egon ohi dira gatazken atzean, eta pedagogia sistemikoak horra begira jartzen gaitu.

L. M.: Izebergaren puntari begiratu beharrean, oinarriari begiratzen diogu sistemikotik, oinarrian dauden hiru hurrenkera horiei —kidetza; autoritatea eta lekua: hartu eta emanaren arteko oreka— eta testuinguruari begiratuko diegu. 

Sistemaren ordenaren inguruko adibide bat jar zenezakete?

L. M.: Adibidez: Marokotik etorri den ikasle baten kasuan, pedagogia sistemikotik lehenengo kidetza landuko dugu sisteman. Izan ere, hiru hurrenkera horiek hurrenkera bat daukate beraien artean, eta lehenengoa kidetza izango da. Beraz, lehendabizi Marokotik etorri den ikaslea sistemako kide izatea landu beharko dugu. Kide izatea lortzen duenean, leku bat hartzea lortuko du. Eta lekua lortzen duenean, hartu-emanean egoteko prest egongo da. Kasu batzuetan, ordea, kidetza ez da ziurtatua egoten. Eta kidetza oso lotua dago esklusioa eta inklusioarekin, eta beraz, bi elementu horiek landu beharko ditugu: nola egin zaio ikasle horri ongi-etorria? Nola jaso da haur hori? Nola egin dira talde kohesiorako dinamikak? 

A. E.: Eta hori landu behar duenak zer-nolako balioak ditu jatorriko kultura horrekiko? Zer sinesmen ditu? Edo, zer epai ditu? Kidetza ematea dagokion helduak izan dezakeen epai posible horrek ikasle berriaren kidetza baldintza dezake. 

L. M.: Horrelako kasu batean, irakasle bezala, asko kosta dakiguke gure eguneroko patxada eta normalitatetik ateratzea, taldea lasai eta kokatuta daukagulako, eta deserosotasun horrek kidetza berriarekiko erresistentzian egotea eragin dezake, edo begirada ezkorra izatea… Badakigu kidetza hori garatzen ez baldin bada, oso zaila izango dela ikasle berri horrek leku bat aurkitzea eta hartu-emanak garatzea. Hartu-eman horri loturik dago arlo curricularra. 

Beste adibide batera etorrita, jolastokian haurren artean liskar bat egon denean, adibidez, ikasle baten kidetza lagun artean kolokan jarri baldin bada, gelara etorritakoan haur hori ez da egongo alor akademikoari begira, jangelako garaian jolastokian zeinekin egongo den kezkatuta egongo da. 

A. E.: Askotan ez dago beste kultura edo beste egiteko modu batzuetara joan beharrik; edozein familiarekin izan ditzakegu proiekzio ezkorrak, baita gure bizilaguna den horrekin ere, gure amak zeukan egiteko modu bat gogorarazten digulako, adibidez, eta horrek gu haserrearekin konektatzen gaituelako. Inkontzienteak izanagatik ere, gure epaiak oso baldintzatzaileak izan daitezke haur baten kidetza bermatzeko garaian. Tutore bezala gauza asko baldintza ditzakegu, baina gauza askori buelta ere eman diezaiekegu. 

 

“Zaila egiten zait ikasle hau” pentsatzen dugunean, adibidez, geure buruari begiratu beharko genioke, eta ez hainbeste ikasle horri edo familia horri?

A. E.: Horrelako kasuetan, gehienetan irakasleak ikasle horren sistemarekiko daukan begiradan egon ohi da gakoa.Ikasle horren sistemak irakasleari bere sistema propioko gauzak begiratzea dakarkio eta hori askatutakoan, ikasle horrekiko zailtasunak ere askatu egiten dira. Magia puntu bat ere badauka.  

L. M.: Horrelakoak gertatzen dira haur batzuen baloreekin edo izatearekin talka sentitzen dugunean. Haur bat isila eta motela denean, adibidez, zer zailtasun ditugu ikasle hori barne hartu eta gure begiradan kokatzeko? Laztan bat emateko, ukipen bat, aipamen bat egiteko? Txango batera joan eta gertatu izan zaigu, “gaur egun guztian ez dut Igor ikusi” ... Golden five-ek “haur gris” deitzen dien ume horiekiko zailtasunak sentitzen ditugu batzuetan, edo oso mugituak diren umeek, agian, gure onetik ateratzen gaituzte, edo agresibitatea daukaten haurrek, guk ezin batitugu agresibitatea jasan… Haur horiekiko begirada aldatzea oso inportantea da. 

 

Nola da posible begirada aldaketa hori egitea gelan 20-25 ume baldin baditugu, 20-25 begirada aldaketa egin behar dira?

A. E.: Normalean ez dira 20-25 begirada aldaketa egin behar izaten. Normalean irakasle bakoitza erdi kontziente da norengana ez den iristen, nork mugitzen dion barrenean zerbait; hiru, lau bost izaten dira. Eta, bitartean, pelotoia aurrera doa.

L. M.: 25 begirada dituzu, eta zeurearekikoarekin, 26. Baina egunerokotasunean zailtasuna sortzen duten horiek lantzen ditugu pedagogia sistemikotik. Guk badaukagu oinarri bat: ez sortu arazoak ez dauden lekuan. Baina arazoak aurkitzen ditugunean, goazen pedagogo sistemiko baten begirada soluzioan kokatzera. 

Ikasle batek irakaslearen barrenean zerbait mugitzen duenean, irakaslearena den zerbait mugitzen duenean, askotan irakaslea ikasle horrekin tenkatu egiten da. Azter dezagun zer den irakaslearena eta zer ikaslearena; zer da irakasleak barne hartu behar duena eta zertaz egin behar du kontziente? Zer islatzen dio? Zer zailtasun ditu ikaslearen izatea barne hartzeko? Motel-motela eta potolo-potoloa den ume batek, agian, irakasleari berak bizi izandako garai bat gogorarazten dio, eta garai horretan berak oso gaizki pasatu zuen, eta orain, mugimendua sortzen dio barrenean isla horrek... 

A. E.: Nola akonpainatuko dut nirea den min bat? Horraino goaz. Haur hori leku indartzaile batetik akonpainatzeak irakasleari bere minarekiko maitasunezko begirada bat edukitzea suposatzen dio eta, normalean, gure minei ez diegu begiratu nahi izaten, minek emozioetara eramaten baikaituzte. Hori inkontzienteki egiten dugu guztiok, bizirauteko, lan-ordu horietan ahalik eta ondoen egoteko… Pedagogia sistemikoaren formazioak kontzientzia zabaltzera eramaten gaitu, geure burua, geure jatorria, nondik gatozen begiratzera, eta hortik aztertuko dugu zer erabaki har ditzakegun beste jardun bat egin nahi badugu. Zailak egiten zaizkigun ikasle horiek guretzat opariak dira, geurea den zerbait islatzen digute ikasle horiek. Behin kontzientzia hartuta, normalean, tutore, irakasle edo ardura daukanak, berea begiratzen duten momentutik, klak bat egoten da gehienetan, eta haurrarekiko egoera aldatzen da. 

 

Pedagogia sistemikoaren gakoetako bat, beste sistema, familia, kontuan izatearena da. Ikusmolde honek dio ikasle bakoitzaren familia hartu behar dugula  kontuan ikasleari begiratzen diogunean… Alta, ez bada testuingurua ongi ezagutzen, aurreiritziekin jokatzeko arriskua egon liteke, ezta? 

L. M.: Gure iritzian klabea da gela berri bat hartzen dugunean, tutore gisa haur guztien gurasoekin elkartzea irailean edo urrian, elkar ezagutzeko, abendua arte gurasoekin elkartu gabe ez egotea. Bilera hori elkarlanaren abiapuntutzat jotzen dugu. Modu goxo batean elkar ezagutzea helburu duen elkarrizketa bat izango da, guk irakasle bezala beraien haurraren ardura hartuko dugulako eskolaren orduetan. Gure protokolo edo egiteko modu bat da hori. 

A. E.: Ikasleak familia testuinguru bat dauka, eta egiten duen guztia familiako sinesmen eta balore horien baitan egiten du. Desegituratutako familiak esaten denean ez da zuzena, familia guztiek daukate egitura bat, nahiz eta gure egiteko moduarekiko edo egiturarekin berdinak ez izan. Batzuetan kosta egiten zaigu sinestea, baina argi izan behar dugu, ongizateari begira, denok ahal dugun ondoen egiten ditugula gauzak leku guztietan. Beraz, haur horrek eskola orduetatik kanpo badauka sistema bat eta berekiko erabakiak hartzen dituzten pertsona batzuk, eta horiek errespetatzea dagokigu irakasle bezala. Beste gauza bat da sistemarekiko begirunezko begirada izanagatik, haien markoa ez partekatzea. Esate baterako, defendatzeko eskubidearen markoaren baitan gertatu izan zaigu gure gelako haur batek bere etxean ez baimendua izatea kolpatzea, aldiz, guk hezitzaile bezala, garbi uzten diegu gurasoei eskola testuinguruan defendatzeko eskubidea aitortuko diogula ume horri, gure heziketa markoan balore inportante bat delako. Baimen hori edukitzeak ez du esan nahi haur horrek erabiliko duenik, baina inklusioaren begiradatik, badakigu erabiltzeko aukera edukitze hutsak aukera bat ematen diola ikasleari. Hortik aparte, ez gara sartuko etxean horrela edo bestela egiten duten. Gurasoekin egingo dugun hurrengo bileran azalduko dizkiegu haserrea ateratzeko aukera izateak haur horri zer onura ekarri dizkion, bai edukiei dagokienez, bai harremanei dagokienez ere. Gure egiteko modua azalduta eta onurak ikusita, gurasoek hartuko dituzte beren erabakiak. Hori da familiekiko begirunezko begirada edukitzea. 

L. M. Batzuetan soluzioa familiaren kontzientzia hartzen horretan bertan dago. Haurra fidela zaie gurasoei eta familiaren sistemari, eta kasu batzuetan, gurasoen sinesmen edo balioak muturreraino eramaten dituztenean beraien haurra, nahi gabe, taldetik ateratzen dute. Defendatzeko eskubidea, edo haur bakoitzaren espazio bitala inork ez inbaditzea adibide bat izan daiteke, etxean haserrea ateratzeko aukerarik ematen ez zaien haurren egoerak ere asko ikusten dira, baina gauza sinpleagoak ere gertatzen dira. Mugikorrari dagokionez, adibidez, guraso batzuek erabaki dezakete iraila arte seme-alabari ez diotela emango telefonorik, baina, bat-batean, sinesmen horregatik uda guztian euren seme-alaba koadrilatik guztiz kanpora gera daiteke, ez bada lidergoan kokatzen den bat dela. Oso inportantea da jabetzea gure sinesmenak eta baloreak mugatzaileak direla momentu batzuetan, eta pertsonak baztertu ditzaketela. Formazioan saiatuko gara ikusarazten gure sinesmenek, bai gurasoenek baina baita eskolako testuinguruan irakasleenek ere, muga batzuk ezar ditzaketela momentu batzuetan, eta haurra ahuldu egin dezaketela, gaizki pasarazi diezaioketela. Haurraren ongizateari begira inportantea da sinesmen horren zabalkundea. 

 

Sinesmenek eragin ditzaketen mugez jabetzeko, edo beste aldaketa batzuk egiteko, zer baliabide jasoko dituzte 'Pedagogia sistemikoan hezi eta bizi' formazioa egiten duten irakasleek?

A. E.: Elementu batzuk balio sinboliko handikoak dira, panpinak erabiltzea, marrazkiak, ipuinak... Panpinek, esate baterako, hitz asko jarri beharrik gabe, oso modu sinbolikoan gauzak ateratzeko eta irudikapenak egiteko aukera ematen digute. Gatazkaren bat edo zailtasunen bat erakusten duen haurrarekin, adibidez, panpinekin saio bat eginda joan gaitezke gurasoen bilerara eta horrela ezagutu ditzakegu, dagoeneko, haurraren nahiak zein diren. Adinaren arabera, hitzezko azalpenak emateko gaitasuna ez daukatenean aski garatua edo nahiz eta gaitasuna eduki gauzak adieraztera oso ohituak ez dauden kasuetan, panpinak, ipuinak eta horrelako baliabideek aukera ona ematen diete haurrei euren buruaz eta besteez jarduteko, modu sinbolikoan. Ikaragarrizko potentziala daukate. 

Panpinekin saio bat egiten ari ginela, haur bati galdetu nion ea bere amari zer gustatzen zitzaion, “amari, negar egitea gustatzen zaio”, erantzun zidan.  “Eta aitari zer gustatzen zaio?”. “Bronka botatzea. Aitak bronka botatzen du, amak negar egiten du eta gero nire arrebak eta biok ere negar egiten dugu”. Haurrak panpinekin bere burua irudikatu zuen moduari esker, galderaren bat egiteko beharra sentituta, erantzuna sorpresa ederra izan zen. Haurra ulertzeko aukera bat. Panpinen baliabideak ikasleen barne mundurako ateak irekitzen dizkigute, bidelaguntza indartzaileago bat burutzeko aukera bat, finean. 

L. M.: Marrazkiak ere gure oinarriei buruz, bai kidetzaz, bai lekuaz, bai ardura eta funtzioez eta baita hartu-emanaren orekaz ere, isla erakutsiko digute. Haur baten marrazkia begiratzen dugunean ikuspegi sistemikotik, ea familiako kide bakoitza bere lekuan dagoen aztertuko dugu. Anaia-arreben artean ea badagoen leku aldaketarik edo anaia-arreben artean ze harreman dagoen...  Edo gurasoak beren lekuan dauden ikus daiteke… Haurrak sentitzen edo bizitzen duen horrekiko informazioa ematen digute marrazkiek. Nik duela gutxi haur bati bere familia marrazteko eskatu nion; bere burua marraztu zuen hondartza batean, eta denbora pila bat hartu zuen hondartza marrazteko; eta galdetu nion, “non dago familia?”. Aita eta ama banaketa prozesuan zeuden. “Ama eta aita por ahi”, erantzun zidan, arreba parkean zegoela esan zidan, eta bere burua bakarrik marraztu zuen. Informazio baliagarria ematen digute. Ikasle batzuek, adibidez, beren burua ez dute jartzen marrazkian familiako kide bezala. Horrek erakuts diezaguke familiako kidetza arriskuan egon litekeela. Marrazki horiek ikusten ditugunean jakin behar dugu kidetza ondo landu behar dugula gelan. 

A. E.: Panpinen bidez edo marrazkietan interpretatu duzun horrekiko hartu dituzun neurriak eta gelarako proposatu dituzun aldaketek ez badute emaitzarik ematen, kanpora, beste erabaki eta neurri batzuk hartu behar dituzu. Edo balio du, edo ez du balio. Panpinekin egin dugun dinamikan ikusi badugu aita ez dagoela barnean, esate baterako, barne hartzeko dinamikak ezarriko ditugu gelan. Hori eginagatik haurrarengan ez badugu aldaketarik ikusten, ez dugu asmatu, berriro beste zerbait egin behar dugu. Egindako horren aldaketa sentitu behar da haurraren jarreran. 

 

Irakasleak gero eta exijentzia gehiago dituela kontuan izanik, hezitzaile gisa bere rolean indartsu egoteko, zer eskaintzen du pedagogia sistemikoak?

A. E.: Norbere bizi proiektuaren barruan, jardun profesionalean hazteko aukera ematen du. Arlo horretan ez ezik, beste esparruetan, familia, lagun sisteman edo gure militantzian, dagokigun lekuan, egiten ari garen hori gure potentzialitatetik egiten ari garela sentitzen lagunduko digu. Era berean, arlo batean zailtasunen bat baldin badaukagu ere bakean begiratu ahal izango diogu zailatsun horri, horretarako oinarri teorikoak eta baliabideak izango ditugulako. Prestutasuna daukagu harreman batek sortzen digun tristurari begiratzeko, esate baterako. Finean, hitza, ekintza eta pentsamendua batera doazela sentitzen dugu, eta erabakiak hartzen laguntzen digu. 

L. M.: Oinarri teorikoak eta baliabideak ditugu gure bizitzako egunerokoan autoezagutzarako eta baita norberaren jardun profesionalerako. Eta aldiz,gure ardura eta funtzioetan ez bagaude, hortaz jabetu eta erabakiren bat hartzeko. 

A. E.: Parte hartzen dugun sistema desberdinetan biziraupenean egon beharrean, bizitzen egotera garamatza pedagogia sistemikoak. Denok dakigu zein harremanetan gauden biziraupenean eta zer harremanetan egoteko gogoa daukagun. Badakigu lanera zerbait inportantea egiteko sentsazioarekin goazen edo ez.

 

Zer desberdintasun dago irakasle bezala bakarrik jardun ikuspegi sistemikotik edo taldean jardun?

L. M.: Sistema baten barruan dauden kide guztiak beren ardura eta funtzioetan kokatzen badira, edo momentu batean bakoitzak bere partearen zerbait ordenatzen badu, sistema osoari egiten dio onura. Sare bat izango balitz bezala da, ni nire lekuan kokatzen banaiz, sistema osoari egiten diot mesede.

A. E.: Etapa bateko taldean, boskotea badira, denak kide sentitzen dira? Hitza badutela sentitzen dute? Entzunak direla? Beren egiteko modua errespetatua dela? Errespetuzko begirada dago lankideen partetik? Bakoitzak bere ardura eta funtzioak definituak ditu eta betetzen ditu? Badakigu pertsona horien arteko harremanak, gako horiek guztiak zainduta, osasuntsuak izango direla. 

 

Ikastetxe bezala, antolatu liteke egitura ikuspegi sistemikoaren arabera? Ikastetxean protokolo batzuk edo egitura batzuk eraikitzeak, adibidez, mesede egingo luke pedagogia sistemikoaren egiteko modua gehiago zabaltzeko? 

A. E.: Protokoloekin kontu izan behar da, bestela, pedagogia sistemikoaren izenean, pedagogia sistemikoaren funtsa galdu daiteke. Ezar daitezke protokolo horiek zaintzeko gaitasuna duenarentzat; zaindu ezin dituenarentzat, ez. 

L. M.: Ikastetxe guztiek egituraketa bat daukate, baina egituraketa batek ez du ziurtatzen, nire iritziz, sistema batean oreka egongo denik. Ikastetxearen egiturak etengabe egon behar dute berrikusten; etengabeko errebisioan egotea da inportantea eta garapen pertsonalerako eta komunikazio asertiborako bidean egotea.  

A. E.: Eraldaketa etengabean egon behar du egiturak pedagogia sistemikoaren ikuspegitik. Testuinguruak etengabe aldatzen direlako, langileak aldatzen direlako, ikasleak aldatzen direlako… Testuingurua aldatzen doan heinean, egiturak ere egokitzapen batzuk beharko ditu. Egitura sistemiko batek ezin du izan estatikoa, dinamikoa izan behar du testuingurua aldatzen doalako.

L. M.: Guk formazioetara etortzen diren irakasleei askotan esaten diegu: hasi zuenetik, hasi poliki-poliki; hasi zuen gelan; hasi gauzak praktikatzen, ikusi funtzionatzen duen edo ez duen, joan ikusten gaur zer barne hartu duzuen eta zer baztertu duzuen; joan umiltasunetik. Umiltasuna guretzat oso garrantzitsua da. “Ni sistemikoa naiz” diotenen ego horretatik baldin bagoaz, bide okerretik joango gara, hori ez da bidea, gure ikuspegitik. Sistemikoaren gainean badago ikuspegi distortsionatu bat. 

 

Distortsio horren adibide, dogma gisa edo azalpenik gabe zabaltzen diren egiteko modu batzuk izan litezke. Adibidez, ikasleak borobilean jartzen dira, “sistemikoak hala esaten duelako”...

L. M.: Gelan ordena jartzeko modu bat da, irakasle bezala leku bat ematen diogu gelan ikasle bakoitzari. Ordena bat izan daiteke zaharrenetik gazteenera, baina izan daiteke, baita ere, beste irizpide batekin, abedearen araberakoa, adibidez. Era horretan, ikasleak gelara etortzen direnean, bakoitzak bere lekua dauka. Zer ekiditen du horrela antolatzeak? Adibidez, jolastokian liskar bat eduki duen haurrak badauka non eseria, irakasleak berarentzat leku bat dauka jarria; norbait gaixotzen bada, badakigu gaixo dagoela… errepikatzaile bat etortzen bada gelara, aurrena jarriko genuke, sisteman lehenagotik dagoelako. Leku bat eta bakea ematen dizkiogu haurrari entzuten eta jasotzen egon dadin. Eta nori zuzentzen diogu begirada hori? Integraziorako eta kidetzarako zailtasun gehien daukanari. Adibidez, igerilekura goazenean autobusean binaka eseri behar badute haurrek, badakigu libreki esertzeko aukera ematen badiegu, haur batzuk inoiz ez direla aukeratuak izango, beraz, hori gertatzen denean irakasle bezala ez gara kidetza zaintzen ari. Tutore bezala ikasle guztien inklusioa, kidetza eta ongizatea zaindu behar ditugu. 

A. E.: Aintzinatasunaren arabera ordenatzen dira borobilean, bizitzara etorri diren ordenaren arabera. Borobilean kokatzea niretzat altxor bat da Haur Hezkuntzan. Nagusienak eta txikienak urtebeteko diferentzia daukate eta garapen aldiari dagokionez, argazki erreal bat eskaintzen digu borobil horrek. Baina horren aurretik ikasle guztien ongizatea dago. Nik neuk ez ditut horrela jartzen nire gelan: diagnostiko bisual bat daukan ikasle bat daukat, eta berez ordenaren arabera bigarren egotea bazegokion ere, ikusmenagatik komeni zaio nirekiko ardatzean egotea. Antzinatasuna apurtzen dut, ikaslearen ongizatea eta garapena jartzen dudalako lehenengo. Egoera dogmatizatzen dugunean, eta dogma eta arauari begira gaudenean eta ez ikasleen ongizateari eta garapenari begira, horrelako hanka-sartzeak egiten dira, baita sistemikoaren izenean ere. Antolaketa modu horrek haur guztien garapenerako baliagarria izan behar du.  

Gure dogma bakarra umiltasuna da. Estatikoa deritzogun hori guztia, “horrela da eta beti horrela izango da” gure egiteko modutik kanpo dago. Askotan errepikatzen dugu: umil jokatu, zaindu, poliki, aurrena norbere buruari begiratu, sentitu gauzak egin nahi dituzula, konektatu zeure nahiarekin…Oinarri teorikoak erabaki bat ala beste hartzeko ahalmena ematen digu, aldiz, gisa horretako esku-hartzeak oinarri teorikorik gabe egiten ditugunean, “esan didatelako” horretatik, erabakiak ez du zertan funtzionatu, testuingurua aldatzen denez gauzak aldatu egiten baitira. 

L. M.: Pedagogia sistemikoan panpinak, ipuinak, genogramak, marrazkiak, mugimenduak ere erabiltzen ditugu eta guztiak formazioan emango ditugu, baina baliabide onena bakoitzak egiten duen betaurreko aldaketa da: ikuspegi zabaltze hori. Ez da hainbeste zer egiten dugun, baizik eta egiten dugunaren zentzuaz jabetzeak dauka garrantzia.