Maite Mutuberria: “Marrazten dudanean, askatasunaren eta perfekzioaren arteko borroka etengabea da"

2021-09-03

Marraztu, ala arratsaldero matematikak egiten jarraitu? Argi zeukan Maite Mutuberriak. Jolasari eutsi nahi izan zion eta jolasak ekarri du egun Euskal Herrian dagoen liburu ilustratzaile garrantzitsuenetako bat izatera, nahiz eta bidean lohian ibili, nahiz eta bidean sufritu.

 
 
Maite Mutuberria: “Marrazten dudanean, askatasunaren eta perfekzioaren arteko borroka etengabea da"

35 liburutik gora ilustratu ditu Leire Mutuberriak eta sari eta aipamen garrantzitsuak jaso ditu, hala nola, Etxepare saria Gerrak ez du izenik lanarekin, Rikardo Arregi Sari Berezia Kixotenean lanarekin, White Ravens 2020 katalogoan hautatua izan zen Lilo lana, Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Edizio Sari Nazionala Xomorropoemak lanarekin… Jolasaren eta perfekzioaren artean oreka bilatu du, eta ez da gutxi. Heriotzaz Amaren intxaurrak (Katxiporreta) ilustratu zuen iaz, eta aurki Poza argitaratuko du (Ikaselkar).

 

Zer da zuretzat marraztea?

Gehiegi pentsatu gabe, esango nuke niretzat marraztea askatasuna dela. Lanaz aparte, etxean, koaderno bat hartu eta marraztea ongi pasatzeko eta barruan daukadana askatzeko denbora bat hartzea da, helbururik gabe.

 

Gogoraten duzu haurtzaroan zer zen zuretzat marraztea?

Ez dakit niretzat marraztea zer zen umetan; gogoratzen dut asko marrazten nuela. Lau ahizpa gara eta umetan ikusi nuen, ordurako, beraien aldean nirea, marraztea zela. Nahi gabe ateratzen zitzaidan, orduak pasatzen nituen marrazten. Ez neukan argi  heldutan hori egin nahi nuela, baina etxean beste ezer egin  behar ez genuenean marraztu egiten nuen nik, pentsatu gabe.

 

Ez zen soilik ona izatea, teknika, marrazteari lotzen zintuena, ezta?

Beste afizioekin ere gertatzen da: ez dakizu ona zarelako gustatzen zaizun, ala gustatzen zaizulako zaren ona. Orduak sartzen dituzu azkenean. Ni teknikan ez naiz inoiz oso trebea izan. Batxilergoa arte ez nuen klase teknikorik hartu, berez ateratzen zitzaidanari jarraitzen nion. Helduek esaten zidaten ona nintzela, orginala nintzela. Ez dakit hori ona den ala txarra den, baina helduek esandakoa gogoan gelditzen da.

 

Helduok haurraren marrazkia hartzen dugu eta esan ohi dugu, “ze polita”, “asko gustatzen zait”, edo “ez zait hainbeste gustatzen”... Artistaren ikuspegitik, nola irakurri beharko genituzke haurraren marrazkiak?

Nik oso argi bereizten dut: nire lana komunikazioa da, beste irakurle bat dago atzean. Marrazki librea beste gauza bat da. Haurrek egiten dutena, nire ustez, ez da komunikazioa. Beraientzat jolasa da. Sokan aritzea edo dena delako jolasa bezalaxe. Baina helduok artearekin alderatzen dugu haurraren marrazkia, eta pentsatzen dugu epai bat egin behar diogula haurrak ekartzen digun marrazkiari, eta agian ez dago zertan eginik. Umeek ez dute, berez, hori bilatzen. Guk "ongi" edo "ze polita" esan badiegu askotan, orduan bai, orduan espero dute erantzun hori jasotzea, baina nik uste dut txikitan ez dutela “polita” hori espero. Haurrak marrazten jartzen dira ondoren pilota bat hartuko duten bezala.

 

Marrazkia komunikazio bihurtzen da, adibidez, norbaitentzat opari gisa egiteko eskatzen diegunean, ezta?

Nik ez dut esango gaizki ikusten dudanik marrazkiak besteei oparitzea, baina helduok kontuan izan behar dugu marrazkia beste norbaiti oparitzeko marraztuarazten badiogu umeari, beste batendako sortzen ari dela dagoeneko. Beraiek berez marrazten badute beraiendako, eta gero opariak ere egiten badituzte, ados. Baina opariak egiteko bakarrik marrazten badute, ez dute inoiz ulertuko marraztea beraiekin egoteko momentu bat dela, ongi pasatzekoa.

 

Maite, zuk nolatan ez zenion utzi marrazteari? Gehienok uzten diogu...

Ni oso ikasle ona nintzen eta hori berez ona den arren, baditu bere alde txarrak: ingurukoek beste batxilergo batzuk egitera bultzatzen zaituzte, nahiz eta etxekoen kasuan ez zen horrela izan. Ahizpa biki bat daukat eta hark esan zidan, “Maite, zuk zer nahi duzu arratsaldero matematikak egiten aritu ala marraztu?”, orduan argi ikusi nuen marraztu egin nahi nuela, “nola egin nahiko dut, bada, arratsaldero, matematika?” 

 

Denok marrazten dugu txikitan, baina adin batean utzi egiten diogu marrazteari, eta askotan teknika izaten da espresioa mozten duen arrazoia edo aitzakia. Nola gainditu hori?

Nik ez dakit hezkuntzaz, baina ba omen dago garai bat non gehienek marrazteari utzi eta hizkuntzari heltzen diogun gauzak adierazteko. Txikitan ikasten dugu marrazkiak errealitatearen antzekotasun bat izan behar duela, eta hori omen da ongi marraztea. Nik ilustrazioan, hain zuzen ere, justu kontrakoa bilatzen dut: kanonari loturik ikasi dudan hori guztia kendu eta nire barruan dagoena kontatzea. Marrazkia ez dela errealitatearen kopia bat ulertu behar dugu, marrazkia beste zerbait dela.

 

Teknikan denborarekin hobetzen dugu, baina hori beste zerbait da, etorriko zaio umeari berak nahi badu teknikan hobetzea. Baina umea denean hori egiten utzi behar zaio eta bilatzekotan ere bere perfekzioa bilatuko du, berak egiteko daukan moduan. Eta hori nola lortu? Bada, betetzeko fitxak eginaraziz ez behintzat. Nik uste dut haurrari barnetik atera behar zaiola; ikusten duen etxe bat den bezala marrazteko nahia baldin badu, adibidez, berdin-berdina egite nahi horretatik etorriko zaio teknika hobetzea, baina bere barneko motibazioa errespetatuz. Zergatik marraztu  nahi du?

 

Marrazkiari helburu zehatz bat jartzen diogu? 

Estereotipo batzuk ikasten ditugu: etxeak esate baterako, denok berdintsu marrazten ikasten dugu eta etxeak berez ez dira marrazten ditugun bezalakoak. Gizartean dituen estereotipoak barneratzen goaz eta hori egiten ez badugu ez dugula ongi marrazten iruditzen zaigu. Kanonetik ateratzen bagara, gaizki marrazten dugula pentsatzen dugu. Arazoa dago ez dugula marrazkia ulertzen jolas bat bezala.

 

Eskoletan egin izan diren praktikak zertara bideratzen dira? Kanon horren barruan sartzera. Gaur egun denetik egingo da, baina nire garaian, plastikan adibidez, jende asko ez zen barneratzen egin behar genituen erretratuetan antzekotasuna baloratzen zelako, eta ez espresibitatea. Umeen jolasa beste modu batera ulertzen da, baina badago adin bat jolasteari uzten zaiona, eta baita, beraz, marrazteari.

 

Honek guztiak produktibitatearekin zerikusia dauka. Jolasa denbora galtze gisa ulertzen dugu, eta marrazkia, ona ez bazara, hobe uztea.

Egile desberdinekin argitaratu dituzun lan batzuetan badirudi batzuetan jolasa gehiago bilatzen duzula zure marrazkien bidez, eta beste batzuetan formaren perfekzioa duzula helburu ematen du. 35 urterekin, nolakoa da gaur egun zure sorkuntza prozesua?

Lehen buru-hauste handiak nituen gai horrekin, nire lanak ez zirela identifikatzen pentsatzen nuen. Orain oso lasai nago horrekin. Liburu bat iristen zaidanean horren barruan sartzen eta idazleak idatzi duen tonu horrekin marrazten saiatzen naiz. Horretarako, nire prozesuaren hasieran, asteak pasatzen ditut marrazteagatik marrazten. Testu bat irakurri eta testuak aurrean ditudala pentsatu gabe marrazten dut, ea zer ateratzen zaidan. Pentsatu gabe ateratzen zaizkidan marrazki horien guztien gainean aurkitzen dut zerbait testura inkontzienteki hurbiltzen nauena. Horri tiraka ateratzen zaizkit liburuak, eta horrexegatik dira, era berean, marrazkiak hain desberdinak. Testu batzuek zurruntasuna edota forma itxiak eskatzen dizkidate, eta errealismo gehiago; beste batzuek, Poemak eta jolasak [Iñigo Astizek idatzitako poemarioa] liburuak, adibidez, justu kontrakoa. Kasu horretan, marrazten hasi nintzenean ez nekien zer egin, ez neukan ideiarik ere, eta marrazten hasi ahala Iñigori  bidali nizkion marrazkiak, prestatu gabe eta hark esan zidan horixe zela nahi zuena, eta neure buruari utzi nion hortik joaten. 

 

Eskuarekin edo ordenagailuarekin marraztu, badago desberdintasunik?

Niretzat bai. Teknika guztiak baliozkoak dira, baina nik denborarekin ikusi dut eskuz marraztea beharrezkoa dela niretzat, prozesuaren hasieran behintzat. Lehen zuzenean digitalki egiten nuen, collage-a adibidez. Baina orain ikusi dut nire sortze-prozesuan oso-oso garrantzitsua dela hasierako lan hori eta eskuz ateratzen zaidan hori nireagoa dela. Nire ustez, harremana dago eskuaren eta norberaren artean, eskuz marrazteak gehiago konektatzen zaitu zeure barrenarekin.

 

Lehen zeuretzat marrazten zenuen, orain  ilustrazioekin beste norbaiti zuzentzen zatzaizkio, eta gainera, beste horiek haurrak dira. Nolakoa da prozesu hori?

Komunikazioan saiatzen naiz konposizioan, kolorean eta horrek transmititzen duenean gehiago pentsatzen. Niretzat garrantzitsua da pentsatzea umeek irakurriko dutela, ez estereotipoetan eta estetikan pentsatuz;  hau da, umeentzako delako ez ditut marra beltzak eta kolore lauak erabili behar, baizik eta mundua euren moduan ikusten saiatzen naiz, ez dakit zehazki nolakoa den, baina saiatzen naiz.

 

Pozari buruzko lan bat egin dut, esate baterako, eta saiatu naiz umeek poza nola bizi duten ikusten. Baina ez formak horretara moldatzeko, baizik eta zer marraztu eta marrazki horrek zer adieraztea nahi dudan pentsatzeko. Kaletik noanean asko begiratzen dut jendea, eta Poza egiteko, adibidez, kalean ikusi nituen eszena batzuk baliatu nituen haurrek poza nola bizi duten azaltzeko.

 

Beste baten ahotsari irudia jartze horretan, zer-nolako harremana izaten da beste sortzailearekikoa? Hainbat sortzailerekin errepikatu egin izan duzu, Leire Bilbaorekin esate baterako...

Ezberdina da egilearen arabera. Gustatzen zait egilearekin lan egitea, ate berriak eta gai berriak irekitzen dizkidatelako. Nik behar dut idazleak uler dezan nik egiten dudan lana berearen parekoa dela. Berak zati bat komunikatzen du eta nik beste bat. Testuak eta irudiak bat egin behar dute, baina bakoitzak bere bidea jarraitu behar du. Niri gustatzen zait idazleak berak daukan guztia kontatzea, baina gero askatasuna ematea nik kontatu nahi dudan hori nire modura kontatzeko. 

 

Gaietara etorrita, oraintxe pozari buruz marraztu duzu eta duela urtebete heriotzari buruz. Gaiak hain potoloak direnean, nola egiten diezu aurre?

Norbere esperientziatik marrazten da. Heriotzaren kasuan, adibidez, sentituz zer sentitu izan duzun heriotza kasuaren aurrean. Literatura, niretzat, bizitza bezalakoa da, gai asko azaltzen dira eta ni saiatzen naiz, adibidez heriotzaren kasuan, bere alde ugariekin lantzen. Doluaren bidean, adibidez, sentsazio asko daude, eta horiek islatzen saiatzen naiz, eta berdin pozaren kasuan, ez dago poz bakar bat, poza gauza askok eragiten digute, eta gauza txiki horiek islatzen saiatu naiz, beti ere neure pozetik edo neure tristuratik. 

 

Esan duzu helduok ere berdin-berdin goza genezakeela ilustrazioaz. Baina marrazteari uzten diogun bezala, liburu ilustratuak edo animaziozko pelikulak ikusteari uzten diogu?

Nik uste dut helduok berdin-berdin goza dezakegula ilustrazioaz eta irudiek berdin-berdin konta dezaketela edozer helduentzako. Aurriritzietan dago arazoa: liburuak ilustratuta ikusten ditugunean pentsatzen dugu ez direla helduentzako. Iruditzen zaigu errealismoa helduon bizitzatik gertuagoa dagoela, eta iruditzen zaigu umeek ez dituztela argazkien liburuak disfrutatu behar edo testuak bakarrik dituzten liburuak gozatu behar, eta hor kontraesana aurkitzen dut. Irudia sinplifikazio  moduan ulertzen da, erraza den zerbait balitz bezala, eta hori nire ustez kontraesan bat da. 

 

Gidoia, testua eta marrazkiak, osoki zeuk sortu duzu 'Lohia' liburua, helduentzat. Hor jolas gutxi dago. Krisialdi batean egindako marrazkietatik abiatutako liburua da. Zer-nolako ariketa da min horretan sartzea? 

Liburu hori gero zer etorriko zen pentsatu gabe egin nuen. Koadernoetan nituen marrazkiei balioa eman behar niela erakutsi zidan lan bat izan zen niretzat. Horrexegatik dauka zentzu handia niretzat: irudiak perfektuago egiten saiatzen nintzen eta liburu horrekin ausartu nintzen irudi ez perfektu horiek nireak direla onartzen, eta horregatik ere balioa dutela sinesten. Gaiari dagokionez, badakit gaia iluna dela eta agian gogorra dela, gure barrena bilatzeko askatasun horretan gauza itsusiak agertzen dira eta latza da hori gero jendeari erakustea. Baina hori ere, gu garela onartzea, ongi dagoela iruditzen zait, eta beste batzuek eskertuko dutela. Nire alderik ilunena erakutsi dut. Nire koadernoetan benetan horrelako marrazkiak egiten nituela konturatu nintzen eta ez gero erakusten nituen beste batzuk.

 

Gustatzen zait idazleek beren lanak bidaltzea, baina norberak liburu osoa pentsatzea ere ederra da, batez ere narratibarengatik, gauzak nik nahi nituen bezala kontatu ahal izan nituen. Liburuaren formatua pentsatu, antolaketa, hurrenkera, paperaren kalitatea ere pentsatu behar duzu… lan  hori guztia oso nekagarria da baina aberasgarria ere bai. Oso nirea dela sentitzen dudan liburua da. 

 

Askatasunaren eta perfekzioaren artean zer-nolako borroka dago marrazkilariaren barrenean?

Etengabea. Ni askotan oso perfektua izan naiz kanpora begira, besteen onarpena bilatzeko. Baina nire koadernoetan lohia egiten nuen. Horregatik diot koaderno hori aurkezteak niretzat ausardia puntu bat zeukala; beste guztia ere agian banaiz, baina hau ere bai. Askatasunaren eta perfekzioaren arteko borroka hori entengabea da. Azken aldian nire alde perfektuarekin haserreturik ibili naiz, baina, era berean, konturatzen naiz horrek ere lagundu didala nagoen lekuan egoten, beti saiatu izan naiz gauzak hobeto egiten eta berriz bilatzen. Orain konturatu naiz askatasuna perfekzioa ere badela. 

 

Adinkideak zareten emakume asko ari zarete ilustrazioan. Zure haurtzaroan mutilen kontua zer marraztea…

Alde batetik pozgarria iruditzen zait, beste alde batetik zalantzak ditut, ilustrazioa agian arte txikitzat ulertzen da. Literatura handia eta literatura txikia dagoen bezala, artearen  ahizpa txikia bezala da ilustrazioa, arte aplikatu bat. Ez dakit horregatik den emakume gehiagok egitea. Zalantzak ditut.