Anna Ramis: “Haurrak hizkuntza eta motrizitate aldetik nola iristen ari ziren ikustean heldu nion pantailen gaiari”

2021-11-09

¿De 0a 3, nada de pantallas? liburuaren egile eta pedagogoaren helburua haurrei pantailak goizegi eskaintzeak dakartzan arriskuez informazioa zabaltzea da, haurraren garapenerako hain garrantzitsua den etapa honetan familiek eta hezitzaileek arriskuak saihestu ahal izateko. Anna RaMisek “Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan?” hitzaldia eskainiko du azaroaren 19an eta 20an Hik Hasiren jardunaldietan. Izen-ematea oraindik zabalik dago Hik Hasiren webgunean.

 
 
Anna Ramis: “Haurrak hizkuntza eta motrizitate aldetik nola iristen ari ziren ikustean heldu nion pantailen gaiari”

Uste dut 6 urte bitarteko burmuinaren garapenaren aberastasuna zaindu beharko genukeela, ikasketa-aukerak ugarituz, pantailarik erabili gabe. Aukerak eman behar dizkiegu haurrei

Gero eta ingurune digitalagoetan bizi garen honetan, pantailek dena hartu dutenean, izan telebista, ordenagailu, tablet, smartphone, arbel digital… gakoa ez da, Anna Ramis pedagogoaren arabera, pantailen aurkako gurutzada ezinezko bat abiatzea, baizik eta haurren aldeko kanpainak sustatzea, heldu konprometituen arreta eskuratzeko, “errespetua eta estimulu aberatsak behar dituzte haurrek, hitz egitea, lasai hitz egitea, eta bereziki entzutea eta arretaz begiratzea”. Ekuazioa erraza da: “gero eta pantaila ordu gehiago, helduekiko inerakziorako denbora gutxiago, eta alderantziz”. 2019an ekin zion guraso eta hezitzaileak sentsibilizatzeko kanpaina bati, eta Octaedro editorialarekin argitaraturiko liburuan gauzatu zen ondoren. Informazio zabaltzea da bere helburua, hezitzaile eta gurasoek ez dezaten haurraren garapen osasuntsua kolokan jarri, pantailak goizegi eta gehiegi erabiliz.

 

Osaunaren Menduko Erakundeak edota nazioarteko Pediatren Elkarteak haurrei 2 urte bete arte pantailarik ez eskaintzea proposatzen dute. Zuk urtebete gehiago eransten diozu, 3 urte bete arte haurrek pantailekin ez luketela harremanik izan behar esaten duzu. Zergatik?

Anna Ramis: Hainbat autorek diote 6 urteak bete arte saihestu beharko liratekeela pantailak. Ni 3 urtetan gelditu naiz, gure inguruetan eskolaratze orokorra adin horretan egiten delako. Uste dut 3 urteak bete arte ez dela ona haur txikiak pantailekin kontaktuan egotea, garapenaren zentzu guztietan kaltegarria delako, eta, hortik aurrera, pantailak eskaintzekotan, oso tamaina txikian eskaini behar zaizkie.

 

Denbora tarteak markatu behar dira?

Anna Ramis: Denbora baino garrantzitsuagoa da nola egiten den, nola erabiltzen diren pantailak haurrekin. Hau da, haur batek jolaserako aukera handiak baldin baditu, naturarekin harremantzeko bideak balditu, kideekin egoteko denbora baldin badauka, helduekin interaktuatzeko aukerak eskaintzen bazaizkio, bada kasu horretan ez legoke arazorik haur horrek marrazki bizidun batzuk ikusteko. Arazoa da tableta, sakelakoa edo telebista otorduetan ematen badiegu, edo lasaitzeko ematen badiegu, edo aspertu direlako, urduri daudelako… Ohitura onak hartu behar dituzten eguneroko bizitzako momentu horietan guztietan pantailak ematen badizkiegu, hor egongo da arazoa, jaten, mahai tresnak erabiltzen edota emozioak kudeatzen ikasi behar dute. Uste dut 6 urte bitarteko burmuinaren garapenaren aberastasuna zaindu beharko genukeela, ikasketa-aukerak ugarituz, pantailarik erabili gabe. Aukerak eman behar dizkiegu haurrei.

 

Zer-nolako ondorioak dituzte pantailek haur txikiengan?

Anna Ramis: Liburuan 2019an Kanadan egindako ikerketa baten berri eman dut, egunean, batez beste bi ordu eta erdi pantailen aurrean igarotzen dituzten haurrengan izandako ondorioak jasotzen dira. Pantailekiko gehiegizko kontaktuak guztian eragiten du: ikasketa emozionalean, hizkuntzan, ikusmenean, atsedenean, giharren tonuan, motrizitatean… Ni gaiaz arduratzen hasi nintzen Haur Hezkuntzako hezitzaileak larriturik ikusten nituelako haur txikiak nola ari ziren etortzen motrizitateari eta hizkuntzari dagokionez. Gero eta pantaila ordu gehiago, orduan eta denbora gutxiago helduekiko eta beste haurrekiko harremanetarako.

 

Aipatu duzu haurrei sakelakoa edo tableta ematen diegula lasaitu daitezen.

Anna Ramis: Lasaitzen ikastea oso baliagarria da bizitza osorako. Txikia zarenean emozioek zure gorputz osoa harrapatzen dute. Helduak dira hori ikusten laguntzen dizutenak, kanpoko ahotsa da zer gertatzen ari den esaten duena, eta pixkanaka-pixkanaka haurra ahots hori bereganatzen joango da. Horrelako momentuetan pantaila bat ematen badiozu haurrari, sentitzeko gaitasuna eta emozioak bizitzako gaitasuna bahitzen dizkiozu. Haurrak erregulatzen ikasteko hainbeste behar duen “kanpoko ahots” hori izateari uzten dio helduak.

 

Pantailek haurren bizitzak inbaditu badituzte, egin al daiteke atzera?

Anna Ramis: Inoiz ez da beranduegi, eta are gutxiago haur txikiei buruz ari garenean. Praxis txar bati buelta emateko, lehenik eta behin, informazioz jantzi behar gara eta ondoren pantailen alternatibak pila jaso behar dugu, haurrei eskaini ahal izateko. Desintoxikazio baten antzekoa da: pantailen alternatiba izango diren estimulu baikorrak batu beharko ditugu eta oso sendo mantendu geure erabakian.

Jatorrizko elkarrizketa: El Pais.

Egitaraua:

HITZALDIA. “Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan?”

ANNA RAMIS, hezitzaile, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua. -Gaur egun pantailek 5 urtetik beherako haurrengan duten eraginari buruz dakiguna. -Topikoak eta mito teknologikoak, eta familia- eta haur-kontsumo digitalaren gaineko presio komertzial eta soziala. -Familia-errealitate post-pandemikoa: Familia eta lana telelanarekin uztartzea? Pobrezia endemikoa eta haurtzaro txikia. -Familiek haur-hezkuntzako ikastetxeei egiten dizkieten eskaeren egungo joera bikoitza -Haur-eskola zentzuzko bidegurutze berri batean: Ikastetxeetako pedagogia- eta antolaketa-erabakiak. Familiekiko elkarrizketa.