10 urteak ospatuta, indaberrituta jarraituko du HAZI HEZI-k

2022-05-30

Giro ederrean ospatu genuen HAZI HEZI aldizkariaren hamargarren urteurrena Adunan. Haziera eta heziketa aldizkari bati dagokion eran, ume, heldu zein adinekoak, familia osoak, elkarrekin ospatu genuen jaia. Seme-alabak, gurasoak eta aitona-amonak aritu ziren Alazne Ugartetxea irakaslearekin eskulanak egiten Alaia Martinen agurreko bertsoen ondoren, edota egunerokotasunean familietan sortzen diren gatazkei aurre egiteko pilulak hatzen Nerea Mendizabalen eskutik, eta jarraian, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaz gozatzen. Harpidetza egiteko aukera ere izan zen. Hona hemen festako argazki galeria eta 28 kanalak egin duen erreportajea. 

 
 
10 urteak ospatuta, indaberrituta jarraituko du HAZI HEZI-k

Familia argazkiaren ondoren, Porrotx eta Marimototsek oparitutako gereziondo bat landatu genuen denon artean, inguruan norberak margotutako harriak ipiniz. Gereziondoak denon koloretako ametsak irudikatuko ditu aurrerantzean eta HAZI HEZI aldizkariaren inguruaren ametsak errealitate bihurtzen jarraituko dute familiek elkarrekin.