Akademiaren okupazioa bertan behera utzi du Seaskak, Euskal Elkargoak bermatuko duelako brebetako azterketak zuzentzea

2022-06-21

Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren Baionako egoitzaren okupatu zuen Seaskak pasa den asteko asteazkenean, eta Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura bat lortu arte ez zirela mugituko iragarria zuten. Ministroaren erantzunik ez dute jaso, baina bai Euskal Hirigune Elkargoarena, brebetako zientzietako proba euskaraz egiten duten ikasleen azterketak zuzendu egingo direla bermatuko du Ipar Euskal Herriko erakundeak, eta ondorioz, Seaskak bertan behera utzi du okupazioa.

 
 
Akademiaren okupazioa bertan behera utzi du Seaskak, Euskal Elkargoak bermatuko duelako brebetako azterketak zuzentzea

Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean iragatekoak dira brebetako azterketak Iparraldean. Seaskako 250 ikaslek euskaraz eginen dituzte zientzietako azterketak, eta, uztailaren 5ean, Euskal Elkargoak egoitza publiko bat ezarriko du Seaskaren esku, Berria egunkariak jakinarazi duenez, euskarazko azterketak Seaskakoak ez diren irakasle aditu eta euskaldunek zuzendu ditzaten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak zuzenketa ofizialak egiten dituen baldintza beretan iraganen da. Uztailaren 12an zeremonia ofiziala eginen dute bakoitzari dagokion nota emateko.

Berez, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ematen ditu diplomak; Euskal Hirigune Elkargoarena ez da funtsezko aterabide bat, baina indar handiko keinua da. «Ez du brebetaren balio bera izanen, baina erakunde ofizial batek babestutako agiri bat izanen da. Ez da frantses diploma nazional bat izanen, baina agiri ofizial bat izanen da, eta hori urrats handia da», adierazi zuen atzo Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.