Oinherri: 10 urte eta gehiago betetzeko ilusio eta indarrez

2022-10-03

Irailaren 30ean Garaionen (Ozaeta) elkartu ginen Oinherriren 10. urteurrena ospatzeko, Euska Herri hezitzaile baten ametsa sortu zenetik 10 urteko ibilbidea egin dugula ospatzeko. Bertan izan ginen Hik Hasiko kideok, Oinherriren parte baikara sorreratik. Ospakizunetan murgiltzeko egun osoko egitaraua prestatu zuten baina ekintzak, helburu izan beharrean, elkar topatzeko, harremanak eraikitzeko eta ospatzeko bitarteko gisa proposatu ziren. Egun osoan zehar, Garaiongo ingurune ederrean, Oinherri osatzen dugun elkarteko kideak, herri hezitzaileen sareko udaletako ordezkariak, Barruandiako haurrak eta familiak elkartu ginen, komunitate giro goxoan.

 
 
Oinherri: 10 urte eta gehiago betetzeko ilusio eta indarrez

Goizean goiz, Garaioneko freskurarekin batera, Herri Hezitzaileen Sareko eta Oinherri osatzen duten herri zein eragileentzako, esperientzien truke azoka burutu genuen. Bertan Elizondoko eskolako Kukuline proiektua, Segurako Aisialdi Taldearen sortze prozesua eta Durangoko Hezkuntza Foroaren ezaugarritzea ezagutzeko aukera izan genuen, beraien protagonisten ahotik. Eskola Herritarra, Tokian tokiko aisialdi hezitzailea eta herriko hezkuntza komunitatea saretzeko esperientziak, hurrenez hurren.

Goizeko bigarren zatian, herri hezitzaileen sareko azken urteetako ibilbidearen balorazio kolektiboa burutu genuen eta aurrera begira, herri hezitzailea helburu izanik jorratu beharreko lan ildoak marrazten hasi ginen.

Arratsaldean berriz, bazkari ederra jan eta tertulian aritu ondoren, auzolanari eta naturan jolasteari ekin genion, Garaionek eskaintzen duen natur eremua baliatuz. Porrotx ere gure artean izan zen kantu eta dantzan, Ozaetako eskolako haur eta familiekin batera. Elkarrekin kantu, irri, dantza eta ametsen arbola landaketa burutu zuten.

Egunari amaiera emateko, Beira taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuez gozatzeko aukera paregabea izan genuen. Beirako lagunek, Oairtzungo haurrekin batera, Oinherrirentzat kanta eder bat egin ziguten, urteurren oparirik hunkigarriena!

Ospakizun egunean konturatu ginen, asko daukagula ospatzeko eta eskertzeko! Eskerrak Garaioni, Barrundiako herritarrei, Herri hezitzaileen sareko kideei eta baita gurekin amets honetan ekarpena egiten duzuen guztiei ere.