Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan

2023-03-30

Hainbat kultur eragilek eta kolektibok EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu, eta, euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, irakurketa kritikoa egin zuen iaz, baita irakurketa hori elkarrekin publiko egin ere (2022ko ekainaren 15ean eta abenduaren 10ean). Orain, Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute EAEko Hezkuntza Legeak kultur transmisioa berma dezan eskatzeko eta horren berri emateko bideo bat egin dute: “Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria apirilaren amaieran edo aurreraxeago erregistratuko da, eta Legebiltzarrean eztabaida abiatzen den garairako, kultur eragileon artean egin dugun irakurketa kritiko horren aldeko atxikimenduak bildu nahi ditugu, aipatu Legebiltzarreko eztabaida horretara euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auzia eraman ahal izateko, ahalik eta babes handienarekin. www.kulturgintzan.eus gunean dugu irakurketa kritiko hori, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen berri ere”

 
 
Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan

 

Kanpainaren berri emateko bideo labur bat ere sortu dute, euren kezka ahalik eta gehien hedatzeko, “eta batik bat euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren aldeko dinamikak biziberritzeko”.

Hik Hasik ere atxikimendu kanpaina sustatu eta babesten du, honako eragile hauekin batera:

 

 

  1. Ahotsenea
  2. Aiaraldea Ekintzen Faktoria
  3. Bertsozale Elkartea
  4. Dantzan
  5. Euskal Editoreen Elkartea (EE)
  6. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE)
  7. Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
  8. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
  9. Euskal Herriko Trikitixa elkartea
  10. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE)
  11. Euskaltzaleen Topagunea
  12. EuskalPEN
  13. Galtzagorri
  14. Ibaia
  15. Jakin
  16. Lanartea
  17. Musikari
  18. Musika Bulegoa
  19. Xabiroi

 

Hona hemen irakurketa kritikoa:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean eta curriculum berrian euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzea ezinbestekotzat dugun kultur eragileok, adierazi nahi dugu Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroa irakurri dugula, eta egiaztatu dugula ez dela bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza-eremu batzuetan ere. Gure irakurketa kritikoaren oinarrizko zutabeak honako hauek dira:

  • Kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa diziplina eta jardun eraginkorrenetariko bat da pentsamendu sortzailea elikatzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapenean laguntzeko, gizarte-kohesioan urratsak egiteko, kulturartekotasuna lantzeko, komunitatea(k) eraikitzeko, eta abar.
  • Euskara eta bere kultura bereiziezinak dira.
  • Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe.
  • Euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bizi dadin ezinbestekoa da euskararen normalizazioa.
  • Hezkuntza arautua euskarazko ekosistemaren ezinbesteko eragile da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardun behar duena, elkar elikatzeko (sortzaile, antolatzaile-bitartekari, hedabide, hezkuntza araututik kanpoko hezitzaile eta zaleekin batera).
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea.
  • Euskarazko kulturgintzaren transmisioa euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina irakastearekin batera, kultur adierazpide ugariren praktikan trebatzea da, eta euskaraz sortzeko grina transmititzea.

Oinarrizko abiapuntu horietatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroko hainbat alderdik kezka handia eragin digute:

  1. Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kokatzen kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko adartzat eta jakingaitzat.
  2. Hezkuntza Legearen zirriborroan, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik.
  3. Helburuetan ez dago euskal kulturari espresuki uztarturikorik.
  4. Ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik.

Gabezia horiek bete, eta euskararen eta bere kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak ezartzeko bidean, jakinarazi nahi dugu proposamen zehatzak egiteko asmoa dugula, jada dokumentu batean bildurik ditugunak, eta Hezkuntza Sailari igorri dizkiogunak.

Norabide horretan eragin ahal izateko, oinarri eta ikuspegi hauekin guztiekin bat egiten duten sortzaile, kultur eragile, irakasle, hezkuntza eragile eta herritarren atxikimenduak bildu nahi ditugu Hezkuntza Legearen zirriborroa Legebiltzarrean eztabaidatzen denean aldarrikapen hauek plazaratzeko ahalik eta babes handiena izan dezagun.