DEBA GARAIKO MANKOMUNITATEA: Kirol aukerak ezgaituentzat

1997-02-01
1995eko urritik 1996ko uztailera bitartean "Ezgaitasuna duten ikasleen gorputz eta kirol jarduerara hurbiltzeko programa" jarri zen martxan Deba Garaian. Programa honen helburua fisiko, psikiko edota zentzumen mailako ezgaitasuna zuten 6-16 urte bitarteko edozein ikasle eskolaz kanpoko gorputz eta kirol ekintzetara hurbiltzea izan zen. Harrera oso ona izan zuen programak eta aurten ere jarraipena eman diote. Iazko esperientziaren eta aurtengo asmoen berri Oskar Carrascalek eman digu. Anjel Zeziagarekin batera, Kirol Zerbitzuko arduraduna da Oskar.
 
 
Deba Garaiko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Diputazioak aurrera eraman zuten programa izan zen ezgaitasuna duten pertsonak kirol desberdinetara hurbiltzeko programa hau. Iazko ikasturtean zehar burutu zen, eta izandako arrakasta ikusirik, aurten ere lanean dihardute.

Oskar Carrascalek oraindik ere ondo gogoratzen du iazko hasiera hura: "programa bat garatzeari ekin genion ezgaitasunen bat zuten ikasleei kirol ekintzak egiteko aukera eskaintzeko asmoz. Horrela, egin genuen lehenengo gauza, datuak biltzea eta informazioa eskuratzea izan zen". Hiru motatako informazioa eskuratzea funtsezkoa zen. Lehenik, eskualde mailan jarduera fisikoa eta kirola praktikatzeko eskaintzari buruzkoa. Herrietako Eskola Kirola programen eskaintza ezezik, publikoa, elkarte eta klub-etakoa aztertu zuten. Bigarrenik, eskualdeko ikastetxeei buruzko informazioa bildu zuten: aniztasunari ematen zitzaion trataera, oztopo arkitektonikoen egokitzapenak, datu orokorrak e.a. Eta azkenik, ikasleei buruzko informazioa ere osatu zuten. Hau da, datuak, ezagaitasunaren eragina kirol mailan, eskolaratze prozesua e.a.

Bildutako informazio guzti horretatik ondorio batzuk atera zituzten. Horietako batzuk hurrengo taulan ikus daitezke.

"Ezgaitasuna duten ikasleak eskualdeko herrietan oso sakabanatuta daudela ohartu ginen" dio Oskarrek, "eta hori oztopo handia zen ikasleen ezaugarri eta beharretara egokitutako kirolak eta jarduera fisikoak eskaintzeko orduan, batez ere taldeak antolatzerakoan". Ezgaitasuna zuten ikasle horien %8ak ez zuen heziketa fisikoko jarduera edo ekintzetan parte hartzen; %78ak laguntza programaturik gabe parte hartzen zuten; eta %16ak laguntza programatuaz.

Eskolaz kanpoko jarduerei zegokienez, ikasleriaren %14ak soilik parte hartzen zuen Eskolaz Kanpoko Kirol programetan. "Hori dela eta, buruan generabilkien programa egitearen beharra ikusi eta baieztatu genuen".



Programaren gauzapena

Ikerketa eta datu bilketa honen ostean, hiru egiteko zehaztu zituzten:

1- Eskolaz Kanpoko Kirol programetan integraturik parte har zezaketen ikasleen partaidetza bideratzea.

2- Kirol begiraleei integrazio hori errazteko prestakuntza minimo bat ematea eta antolatu behar ziren kirol jardueretarako prestatzea.

3- Alderantzizko integraziozko jardunaldiak burutzea.

Oskarrek aipatu digunaren arabera, 80 begirale izan ziren ikastaroetan parte hartu zutenak. Ikastaro hauen helburua ezgaitasun ezberdinei buruzko oinarrizko ezagupenak ematea eta ezgaituek praktikatzen dituzten kirolak ezagutaraztea eta praktikatzeko aukera ematea zen. "Jendea oso interesatua agertu zen eta erantzuna oso oso ona izan zen. Beste kirol mota batzuk ezagutzeko aukera eman zien". Aurten ere, prestakuntza ikastaro horiek udaberri aldean burutuko direla iragarri digu Oskarrek.

Era berean, eta iazko asmoei jarraituz, ikastaro hauek ezgaitasuna duten ikasleei jarduera ezberdinak eskaintzeko helburuz egingo dira. Lehengo urtean hiru motatako jarduerak izan ziren eskainitakoak: Deba Garaiko Eskolarteko Olinpiadak, Denontzako Kirol Jaia eta Alderantzizko integraziozko jardunaldiak.

Oskarrek argitu digunaren arabera "Eskolarteko Olinpiada eskualdeko 5. eta 6. mailako ikasleentzat antolatzen den jaia da. Bertan kirol mota desberdinak praktikatzen dira, bakarka nahiz taldeka". Iazko olinpiadetan ezgaitasuna duten 11 ikaslek parte hartu zuten.

Denontzat Kirol Jaia mota ezberdinetako ezgaitasuna duten pertsonentzat bereziki antolatua dagoen jardunaldi berezia dela komentatu digu Oskarrek. Bereziki beraientzat antolatua izan zenez, ezgaitasun larria duten 10 ikasle gonbidatu zituzten bertara.

Hirugarrenik, alderantzizko integraziozko jardunaldiak burutu ziren. Jardunaldi hauetan ezgaitasuna duten eta ez duten ikasleek elkarrekin praktikatu zuten kirola. "Horixe helburua, denek batera parte hartzea. Ezgaitasunik gabea ezgaitasuna duen pertsonaren egoerara egokitzen da kirola praktikatzeko. Eta ezgaituari, aldiz, kirola praktikatzeko aukera ematen zaio". Horretarako, kirol egokitu eta berezi batzuk prestatu zituzte: goal-ball, boleibol eserita, saskibaloia gurpilezko aulkian eserita, slalom-a... Guztira OHOko 3., 4., 5. eta 6. mailako 500 ikaslek parte hartu zuten, hauetariko 8 ezgaituak zirelarik.

Aipatutako hiru jardunaldi mota hauez gain, saio berezi eta puntual batzuk ere egin ziren. Esaterako, eskolaz kanpoko kirol saioetan bost ikasleri zuzendutako egokitutako kirol praktikak burutu ziren. Eta bi ikaslerentzat igeriketa saio bereziak ere egin ziren.

Saio hauek guztiak lehenengo aldiz burutu ziren iaz Deba Garaian. Aintzineko esperientziak izan ziren, baina bere horretan gelditu ez direnak. Abiapuntu honen ondoren, kirol eta jarduera fisiko programa iraunkorrak jorratzeko asmo sendoa dago. Oskarrek garbi dauka programa honekin jarraitu behar dela, "baina beti ere helburu bat kontuan izanik; zerbitzu hauek integrazioa izan behar dutela helburu". Horregatik, antolatzeko garaian, ezgaitasun maila eta herri bakoitzaren zerbitzu aukerak kontuan izan behar dira. Izan ere, ezgaitasun maila bajua dutenek kirol programa ezberdinetan integratuta parte hartzeko aukera dute. Baina ezgaitasun maila altua dutenentzat jarduerak egokitu egin behar dira. Berezitasun hauek aintzat harturik, Oskar eta Angelek zenbait proposamen luzatu zituzten, eta aurten horiekin dabiltza lanean.

Ohiko eskola kiro saioetan integratzeko aukerak dituzten ikasleak, Eskola Kirola programetara ezezik, herrietako kirol eskaintza orokorretara hurbiltzeko ahaleginak egiten ari dira. Horretarako, ikasle, familia, ikastetxeetako irakasle eta begiraleen arteko koordinazioa lantzea ezinbestekoa da.

Eskola Kirola programako egutegian ezgaituentzako kirolak gehitzea komenigarria ikusten dute Oskarrek eta Angelek. Eta horrekin batera, uda eta neguko kirol kanpainetan ere bai. "Ekintza hauetan guztietan ezgaitasuna duten ikasle hauen partaidetza bultzatu behar da. Batzutan talde bereziak sortuz, bestetan kirol jarduera bereziak antolatuz eta beste batzutan eskaintza orokorretan integratuz".



Igeriketaren proiektua martxan

Programa honen barnean, Deba Garaiko ikasle ezgaituek aurten igeriketa zerbitzu egokitu bat izango dute. Saio hauetan pertsona ezinduen behar funtzional bereziei egokitutako ur ekintzak burutuko dira. "Helburu nagusia zerbitzu integralak eskaintzea da, eta adin guztietako pertsonei zuzendua dago" dio Oskarrek. Programa desberdinak izango dira bertan: ur programa funtzional egokituak, heziketarako ur programa egokituak eta kirol errendimendua lantzeko programa egokituak.

Otsailean hasi eta hiru hilabetetan Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Oñatiko 40 ezgaitu inguru animatu dira ikastaro berri hauetan parte hartzera. Kopuru hau kontuan harturik, Arrasate, Bergara eta Aretxabaletan osatuko dira taldeak. Herri bakoitzean bi edo hiru talde antolatzeko adina jende animatu dela dio Oskarrek, eta bainujantzia eta txapela hartu, eta uretara salto egitea soilik falta dela orain.

Aurrerapausu garrantzitsua da Deba Garaian ematen ari den hau. Ikusi dugunez, iaz oso harrera ona izan zuen, eta aurten ere hainbat ekintza desberdinen antolaketan murgildurik dabiltza erabat. Kolektibo hauen integrazio sozialerako urrats garrantzitsua da, beraien bizi kalitatea hobetzeko lan oso eskertua.