Ikasle Mugimenduak

1998-11-01
Ikastetxeetako funtsezko lehengaia ikasleria da, gelak betetzen dituzten neska-mutilak. Ikastera etortzen dira eskolara, baina ez ardiak bezala buru makur eta mutu. Garai eta toki desberdinetan dinamikoa eta eraldatzailea izan den kolektiboa da ikasleria, ertainetan eta unibertsitatean batez ere. Ikasle mugimenduari errepaso bat ematearekin batera, Euskal Herria osoan zabalpena duen Ikasle Abertzaleak erakundea gertutik ezagutuko dugu bere 10. urteurrena aitzaki harturik.
 
 
Ikasle mugimenduaren bilakaera aztertzen hasita, nahiko nahasia dela konturatu gara. Konplexua da ikasle mugimendu guztiak maila berean jartzea, bakoitzaren hedapena eta lan esparrua ez baitira berdinak. Gaur egun Euskal Herri mailan eta ikastetxe eta fakultate guztietan zabalduta dauden taldeak lau direla esan daiteke: Ikasle Abertzaleak, Duina ikasle koordinadora, Jarrai irakaskuntza eta Euskal Adarra. Hauez gain talde konkretuak eta lokalak daude: Abarrots euskara taldea Opuseko unibertsitatean, 7 Baietz! Leioako unibertsitatean, Emanagaitz emakume taldea, Lurgorri EHUko hiru kanpusetan, presoen aldeko taldeak, ikastetxeetako aldizkariak...





Hasierako erroak hartuz


Gaur egungo egoera eta ikasle mugimendua hobeto ulertzeko atzera joko dugu, mugimenduaren sorrera garaietara.


Ikasle mugimenduaren erronka nagusiak gizarte mailako arazoak eta irakaskuntza ereduen inguruko borrokak izan dira. II. Mundu Gerrako Txekoslovakiatik guda osteko Hego Amerikara bitartean, eta 68ko Parisetik pasaz, borroka horietan murgildurik egon da. Euskal Herria ez da salbuespena izan. Hemen ere ikasleria Euskal Herriko subiranotasunaren aldeko mugimenduetan murgildurik egon baita Errepublika garaian zein Frankismo gordinenean.


80ko hamarkadan borroka ezberdinak piztu ziren ikasle mugimendu jendetsua sortuz. Euskal Herrikoek izaera propioa izango dute. 1985etik 88ra ikasle abertzaleen talde autonomoak sortzen dira eta ikasle arazoak ikuspegi nazional eta aurrerakoi batetik jorratzeko asmoz jaiotzen dira.


1987. urtean ikasle erakunde baten beharra zabaltzen doa eta OMEV (Organización de Masas de Estudiantes Vasca) sortzen da antolakuntza nahi horren lehenengo adierazpen bezala. Erakunde honetan aurreko urteetako borroketan egondako jende ezberdina biltzen da (Ikasle Abertzaleak taldeak, koordinadorak, ezker abertzaleko jendea...). OMEVen ardatz nagusienak bi ziren:


a) Erakunde antolatu eta iraunkor baten beharra.


b) Proiektu propio eta estratejiko baten beharra (euskal eskola publikoa).


1988an OMEVen baitan ematen den eztabaiden ondorioz eta Gazte Mugimenduko aportazioekin, Ikasle Abertzaleak erakundea jaio zen.


IA bezala ezagutzen den Ikasle Abertzaleak koordinadora ikasle erakunde nazional abertzale, aurrerakoi eta masen erakunde bezala sortzen da. Bere asmoa proiektu propio bat eraikitzearen alde eta ikasleen defentsan lan egitea da. Gaur egun Hego Euskal Herri osoan zabaldurik dago, bai ertainetan eta bai unibertsitatean.


10 urteotako ibilbideak gora-behera handiak izan ditu. Duela hiru urte II. Kongresua ospatu zuen IAk eta etapa berri bati hasiera eman zitzaion. Azken urteotako lan ildoak ezarri ziren bertan eta irakaskuntza eredu ezberdin baten aldeko apustua egin zen.


Gaur egun IAren helburu eta eginkizunak II. Kongresu horretan finkaturiko norabidean kokatzen dira, Euskal Eskola Publiko eta Nazionalaren garapenean, alegia. Eguneroko lanaren oinarrian daude euskaraz ikasteko eskubidea, euskal izaera nazionala bermatuko duen irakaskuntza, euskal edukien garapena, lurraldetasuna, funtzionamendu demokratikoa eta ikasleen eskubideen bermatzea eta denona izango den irakaskuntza.





Ikasle Abertzaleak:


10. urteurrenean indarberriturik dator






ARROYO, Igor. IAko bozeramalea.


Zein abiapuntu hartu zenuten orain dela hiru urte ospatu zenuten kongresuan?


IA noraezean zegoela ikusi, proiektu orokorra lan ildoetan garatzeko beharra zegoela, bestela fetxismoan erortzen baikinen. Beraz, horri amaiera eman behar geniola oharturik, benetan IA tresna erabilkor bihurtu behar genuela erabaki genuen. Irakaskuntza proiektuaz teorizazioak egiteaz gain, helburuak lortzeko ekintzak finkatu behar genituen.





Zein helburu eta ekintza finkatu zenituzten?


Lehenengo eta behin, ikasleria mugitzea eta astintzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Helburu nagusia irakaskuntza proiektu propio bat egitea izanik, ikasleria osoaren lana zela argi geneukan. Baina, hori lortzeko milaka ekintza eta lan daudenez, taktikoki aukeraketa bat egin genuen. Horrela bi esparru finkatu genituen: autoritarismoa eta euskara eta edukiak. Bakoitza ikasturte batean lantzeko plangintza egin genuen. Horrela, orain dela hiru urte autoritarismoa landu genuen, duela bi urte euskara eta edukia, iaz ikastetxe bakoitzeko lana eta dinamika bultzatu genituen eta aurten horrekin jarraitu arren indarrak bateratzeko ahalegina egingo dugu.





Hasieratik abiatu eta autoritarismoaren gaiari helduz, zergatik hau lehenengoa?


Lehenengo eta behin egoeraren larritasunagatik. Ikasleok muga asko genituela ohartu ginen: irakasleen aldetik izugarrizko kontrola egindako guztia gurasoei esaten zietelarik, grebarako eskubiderik eza, kartelak jartzeko eskubiderik eza, asanbladak egiteko ukapena eta abar.


Horrela, ikasle kontzientzia pizteko autoritarismoak hainbat erraztasun ematen zizkigun, ikastetxe guztietan hedatutako zerbait zelako. Ikasle guztiek ikusten zuten zerbait zen, zuzenean eragiten ziena eta egoera hori aldatzeko aukerak ematen zituena.





Zer egin zenuten, orduan, "Autoritarismoari kaña" emateko?


Ikasle fronte oso bat ireki genuen arazoaz eta egoeraz kontzientziatzea lortuz. Fronte horren barruko tresna garrantzitsu bat taula errebindikatiboa izan zen. Ikastetxeetan ematen ziren ekintza eta jarrera autoritarioak zerrendatu genituen taula horretan, eta horien aurrean geure oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko zer egin genezakeen azaldu. Horrela, taulako edukiak lantzen hasi ginen zentro bakoitzean.





Nolako ondorioak eman zituen?


Lehenengo ondorioa ikasleriaren berpiztea izan zen. Autoritarismoaren aurrean kontzientzia hartzeak eta besteak ere antzeko egoeran zeudela ikusteak ikasleria mugi arazi egin zuen.


Honen ondotik, garaipen konkretuak lortu genituen, hots, autoritarismoaren inguruko hainbat borrokaren ondorioz fruituak lortu genituen. Adibidez, UPVko hiru espediente politiko kendu egin ziren egindako mobilizazioei esker, NUPen errektoreak egutegi berria antidemokratikoki ezarri zuen eta ikasleen mobilizazioen ondorioz kendu egin zen eta ikastetxe bakoitzean ere lorpen batzuk egin ziren.


Honek guztiak kontraesanak sortzeko ere balio izan zuen. Irakaskuntzarekiko konpromezua zutenengan kontraesanak sortu zituen eta hori positiboa dela uste dugu, azken finean jarrera autoritarioak birplanteatzen baitira.





Gutxinaka, autoritarismoa borroka nagusi izatetik euskara eta edukiek hartu zuten nagusitasuna. Zergatik?


Autoritarismoarekin txokeak sortu genituen, baina beste maila bateko eraikuntza nahi genuen. Euskara eta edukien gaiari adarretatik heldu behar geniola ikusi genuelako, bere garaian autoritarismoarekin egin bezala. Ikuspegi horretatik, euskara beti hor egon zela konturatu ginen, baina ez zela benetako aurrerapausorik ematen. Badirudi euskara normalizaturik dagoela irakaskuntzan, zerbait polita eta atsegina dela. Baina hori irudia da, benetan ez baitago normalizaturik. Euskara borroka bezala planteatu behar genuen, eta ez eskaera bezala.


Ondorioz, tentsionatu egin behar genuela ikusi genuen. Ezin dugu onartu UPVn euskal adar gutxi egotea, Lanbide Heziketan ia D eredurik ez egotea, Nafarroako Euskararen legea, euskararen erabilpena eta kalitatea... Egoera hau aldatzeko hainbat ekintza eta lan burutu genituen eta garbiena unibertsitatean Euskal Adarrak eramandako borroka da.





Eta edukiei dagokionez, zer aztertu zenuten?


Edukien arloan ordura arte kontrainformazioa landu genuen hitzaldiak eta abar eginez. Baina hori baino lan sakonagoa egin behar zela ikusi genuen. Horrela, egungo irakaskuntzaren edukiak aztertu genituen: zer-nolako edukiak irakasten dizkiguten, nora bideratuta dauden, zer-nolako pedagogiarekin irakasten zaizkigun, zer-nolako pertsonak sortu nahi dituzten eta abar. Azterketa hau egin ostean, LOGSEn aipatzen diren hitz potoloak (kritikotasuna lantzea...) eta errealitatea bat ez zetozela ikusi genuen.





Nolako edukiak direla esango zenuke?


Bi arlotan banatzen ditugu edukiak. Alde batetik, egungo sistema kapitalistari lotutako baloreak gailentzen dira: lehiakortasuna, produktibitatea... Eta bestetik, Espainiari lotutako edukiak dira, helburua Euskal Herria integratzea eta homogeneizatzea delarik. Horretarako irakaskuntza erabili nahi dute, belaunaldi berriak espainolizatzeko eta kate hori sustraitik apurtzeko.





Zein neurri proposatzen dituzue honen aurrean?


Hiru bide daudela deritzogu:


1- Erantzuna. Ikastetxe eta irakasle batzuk sekulakoak esaten dituzte, eta badirudi normala dela. Zentro euskaldunen aurkako erasoaldi mediatikoa ere hor dago. Honen aurrean erantzuna ematea da eginkizun bat.


2- Barrutik lan egitea. Klaseko edukiak, testuliburuak eta abar alda daitezen proposatzea.


3- Autogestioa. Irakaskuntza markoa aldatzeko ikasleok gaurdanik hasia behar dugu geure buruak hezitzeko tresna propioak autogestionatzen, Euskal Herrian eta Euskal Herrirako ikasteko, hain zuzen ere.





Orain dela bi urteko hausnarketak dira hauek. Iaz jarraipenik izan al zuten?


Bai, baina iaz beste zabalpen bat eman genien. Gauza asko definituta zeudela ikusi genuen, baina hori aurrera eramatea falta zen. Horretarako ikasleria guztiarengana zabaldu beharra zegoen eta hori izan zen iazko lana. Irakaskuntzako markoa aldatzeko ikastetxe eta fakultate bakoitzean egin behar da lana, bakoitzaren egoera errealaren arabera. Guk definitzen dugun irakaskuntza eredura heltzeko modu bakarra ikastetxe bakoitzean urratsak ematea da.





Aurtengo erronkak, berriz, nondik nora bideratuko dira?


Pasa den urtean lan esparrua zabaldu egin genuen eta ikastetxe bakoitzaren lana azpimarratu. Ondorioz, zentro bakoitza bere kasa ibili zen. Esparrua ez dugula hainbeste zabaldu behar pentsatu dugu aurten. Hau da, nahiz eta zentro bakoitzak bere ikastetxean egin lana, guztiok koordinatuta egon behar dugula, norabide berean mugitu behar dugula. Beraz, aurtengo lehentasuna uholde bat sortzea da, euskara eta edukietan zentratutako uholdea.





Nolako ura ekarriko du uholde horrek? Zein da osatu duzuen plagintza?


Uholde honen barruan lau klabe aipatzen ditugu:


1- Ikasle Abertzaleak-en harrotasuna (ez harrokeria) eta antolatzeko beharra piztea.


2- Espainolizazioari kaña ematea. Eta horren barruan agente espainolisten aurkako dinamika piztea, eduki espainolak murrizten joatea...


3- Eraikuntza klabe batean lan egitea euskara eta edukien edo curriculumaren inguruan fruituak lortzeko.


4- Elkarlana. Lan handiena ikasleok egin behar badugu ere, irakaskuntzako eta gizarteko beste taldeak ere inplikatu behar ditugu lan honetan.





Azken puntu honi heldurik, nolako harremana duzue beste taldeekin?


Maila nazionalean nahiko jorratzen ari gara irakaskuntzako beste sektoreekiko harremana. Dena dela guk beti esan ohi dugu harreman horiek gauza konkretuen inguruan garatu behar direla. Esaterako, A ereduaren alde gaude edo ez, Lanbide Heziketa euskalduntzearen alde inplikatuko gara edo ez...





10. urteurrena


Ikasle Abertzaleak erakundea 1988. urtean sortua izanik, aurten 10 urte betetzen ditu. Hamar urteko ibilbidea egin ondoren, hori gogoratu eta aurrera ekiteko indarrez daude bertako kideak. Ez dute, ordea, ospakizun handirik egiteko asmorik, ez baitira nostalgia zaleak. 10. urteurrena gaur egun IAren apustua berritzeko prozesuan tresna bat bezala ulertu dute, sinbologia bat duen tresna, baina tresna, azken finean.


Egindako lana aldarrikatzeko asmoa dute, azken batean 10 urteotan ikasleria ilusioz beterik lanean aritu delako. Lan horrek ondorio garbiak eman ditu praktikan eta horrek borrokan aritzearen zilegitasuna ematen duela irizten diote IAko kideek. Orain artekoa aldarrikatu beharra dagoela uste dute, beraz, baina beti aurrera begira, hori argi daukate. Eta noski, euskal gizartean egun bizi den egoera itxaropentsura moldatuz. Eraikuntza, elkarlana eta erantzuna izango dira IAren lanaren zutabe.


Horrela, 10. urteurrenaren muina ikasturte honetako plangintza izango da. Bertan uztarturik garatuko da, urteko lanari loturik. Horren aritik, hiru helburu nagusi izango ditu:


1- Ikasle abertzaleen kontzientzia suspertzea.


2- Ikasle Abertzaleak tresna erabilgarria eta eraginkorra dela aldarrikatzea.


3- Egungo egoerari buelta eman beharra dagoela azpimarratzea ikastetxe bakoitzeko lan konkretua indartuz, batez ere edukien eta euskararen arloan.


Helburu hauek gogoan izanez ideia batzuk garatu eta azpimarratu nahi izan dituzte, horiek izango direlarik 10. urteurren honen ardatz. Honoko hauek dira aipatu ideiak:





Ikasle abertzaleak gara


Ikasle hauek argi daukate inoiz baino harrotasun gehiagoz esan behar dutela ikasle abertzaleak direla. Espainolizazio saiakeren aurrean beraien borondatea tinkoa da, ikasle abertzaleak izaten jarraituko dute guztiaren gainetik. Nahi, behar, asmo eta ilusio batzuk dituzte, eta kolektibo bezala antolatuta jarraituko dute horiei erantzun ahal izateko. Era berean, gizarteko auzietan zein euskal irakaskuntza eraikitzeko ahaleginetan parte hartzen jarraituko dute. Argi daukate euren beharrak asetuko dituen euskal eskola publikoa, edo nazionala, edo dena delakoa nahi dutela.





Dagoenak ez digu balio


"Egungo irakaskuntza estatu espainiar eta frantziarren tresna da Euskal Herriko beunaldi berriak desnazionalizatu eta frantses eta espainol futbolzale-zintzo-langile-prestuak bihurtzeko. Ez digute inoiz galdetu zer nahi dugun eta jada ez zaigu axola. 10 urtetan zehar erakutsi dugu ez garela limosna eske ibiliko". Badakite egungo markoak ez diela balio eta berau kolokan jartzeko indarra daukatela.





Egungo markoa gainditzeko beharra dugu eta baita grinak ere


Egungo markoa gainditu eta irakaskuntza eredu euskaldun, aurrerakoi eta demokratikorantz urratsak eman behar dituztela berbaieztatzen dute. Orain dela 10 urte ekindako bideari jarraituz ikastetxe eta fakultate guztietan euskara, autoritarismoa edota edukien inguruko lanarekin segitzeko asmo tinkoa daukate.


Horrekin batera, espainolizazioari kaña eman behar zaiola diote. Espainolizazio bezala zera ulertzen dute: euskara eta euskal nortasunaren aurka bideratutako ahalegin antolatua, irakaskuntzan kasu honetan, belaunaldi berriak desnazionalizatzeko helburua daukana. Espainolizazioaren agente bezala, berriz, euskararen eta euskal nortasunaren ukapena suposatzen duten auziak ulertzen dituzte. Maila ezberdineko agenteak eta egoerak daude, eta bakoitzari bere neurriko erantzuna eman behar zaio.





Ikastetxeak irauli eta eraiki egin behar ditugu


Erantzunik hoberena eraikitzea da. IAk bere ildoak definituak ditu (bost orain arte: euskara, edukia, atuoritarismoa, lurraldetasuna eta sozioekonomia) eta bere tresnak ere baditu. Beraz, euskal irakaskuntza eraikitzen jarraitu behar dutela azpimarratu nahi dute, batez ere euskara eta edukiei garrantzia emanez. Eraikuntza hori bi mailatan definitu dute. Batetik, egungo irakaskuntzan garaipenak lortuz: euskaraz ikasteko eskubidea errespetatua izan dadin lortuz, ikastetxeak euskaraz funtziona dezaten lortuz, ematen diren edukiak Euskal Herriaren ingurukoak izan daitezen lortuz... Eta bestetik, euren behar propioak autogestionatuz.


Hori guztia ikastetxeetan eraman behar da aurrera. Eta daukagun arma ikasturteko plangintza da.





Ikasle Abertzaleak da ikasle abertzaleon tresna


Argi utzi nahi dute Ikasle Abertzaleak euskal ikasleria abertzale eta aurrerakoiak bere beharrak asetu eta eredu propio bat garatzeko eraturiko tresna dela. Eraginkorra, baliogarria eta guztiena den tresna. 10 urte eta gero egunerokotasun osoa duen tresna eta mahai gainean erronka berriak dituena.





Ideietatik praktikara


Urteko plangintza eta zeregina ez da ideietan soilik gelditzen. Garrantzitsuena eta emankorrena praktikak eta eguneroko lanak ekartzen du eta hori ere bideratu du IAk. Aipatu ideiak ikastetxeetan eta fakultateetan garatu behar dira, bakoitzean nahi eta behar den ikastetxe eredurantz urratsak emanez.


IAko kideen hitzetan, asko dira egin daitezkeen lanak, baina euskara eta euskal nortasuna dira oraingo apustu taktikoak. Euskara eta edukien inguruan bildu behar dira indarrak eta horretarako ikastetxe eta fakultate bakoitzean jorra daitezkeen alderdiak aurreikusi dituzte. Hauek dira euren buruei ezarri dizkien lan ildoak:





1- Euskaraz bizi. Ikasleon hitzarmena


Ikastetxe eta fakultateetan ikasleok euskaraz bizitzeko konpromezua jaso eta praktikan jarri behar dugu. Horretarako zentro bakoitzean diseinu bat egin behar da. Bertan hainbat gauza jaso behar dira: euskararen erabilpenaren azterketa, ikastetxean eztaida zabaldu, ikasleen sentsibilitatea eta konpromezua bilatu, giro euskalduna sortu, aldizkari euskaldunak bultzatu eta abar.





2- Euskaraz bizitzeko eskubidea


Euskaraz bizitzeko erabaki hori urratua izan ez dadin bermatu behar dugu. Horretarako, ikastetxeen funtzionamendua eta barne-harreman guztiak euskaraz garatu daitezen bermatu behar dugu: barne ohar eta iragarki guztiak euskaraz, ikasleekin harremanak dituzten langileak euskaldunak, unibertsitatean zerbitzu guztiak euskaraz egon daitezen eskatu eta abar.





3- Euskaraz ikasteko eskubidea


Euskaraz ikasteko eskubidea toki guztietan berma dadin eskatzen dugu: lanbide heziketan eta unibertsitatean eta eskaria dagoen auzo eta herri guztietan. Era berean, eskaria dagoen zentro guztietan DBH D ereduan eskaintzen den bezala DOBHrekin berdin jokatzea eskatzen dugu.





4- Euskara kalitatez ikasteko eskubidea


Euskaraz ikastea gauza bat da, eta baldintza onetan egitea beste bat. Euskaraz ikasteaz gain, kalitatez ikasi nahi dugu. Euskara ondo ez dakien irakaslerik ez dugu onartzen, euskarazko testugintza suspertzea eskatzen dugu eta euskarazko material egokia egotea.





5- Euskal Herria ikasi: autogestionatuz


Gure bitarteko propioak autogestionatu behar ditugu Euskal Herriak izango dituen beharrei irtenbidea emateko. Zer egin dezakegu? Liburutegi alternatiboak osatu, lantaldeak osatu, intereseko gaiak bilatu, Euskal Herriako errealitatea, historia eta kulturarekin erlazionatuta dauden gaidak jorratu eta abar.





6- Euskal Herria ikasi: testuliburu espainolik ez


Ezin ditugu testuliburu espainolak edo frantsesak onartu. Horiek identifikatu eta sentsibilizazio lan bat egin behar dugu horiek erabiltzeak zer suposatzen duen azalduz. Irakasle eta ikastetxeen aurrean liburu horiekiko intsumisio jarrera agertu behar dugu. Liburuez gain, Espainiako eta Frantziako mapak, sinboloak eta bestelakoak ere ikastetxeetatik at egotea lortu behar dugu. EAEko, Nafarroako eta Biarnoko maparik ez dugu onartu behar.





7- Euskal Herria ikasi: klaseko edukiak Euskal Herriaren ingurukoak


Irakasle jatorrekin elkarlana plantea dezakegu Euskal Herriko edukia lantzeko. Adibidez, Historian, Literaturan, Geografian... Etika eta Filosofiako klaseak ere aprobetxagarriak dira intereseko gaiak jorratzeko.


Edukiak aldatzearekin batera, klasean aktiboak izan behar dugu ikasleok.





8- Ikastetxe eta irakasle espainolei kaña


Irakasle eta ikastetxe faxisten aurrean beraien jarrerak dohainik ez ateratzea lortu behar dugu.





Ospakizunak eta ekintzak


Ekimen desberdinak antolatu dituzte ikastetxe eta fakultateetan 10 urte hauetako historia berreskuratu asmoz eta aurrera begirako erronkak mahai gainean jarriz. Horrela, azaroaren 14ean Diman ekitaldi nazionala burutuko du IAk. Ospakizuna izateaz gain, aurrera begirako berbaieztapen bat izango da. Ilusioa eta indarrak batzeko gune garrantzitsua bilakatuko da.