Euskal Nazionalismoa eta <br />Hezkuntza Publikoa: Ikastolen publifikazioa

1999-05-01
EAEko ikastolen azken publifikazioa gertatu zenetik sei urte iragan dira. Zeresan ugari eman zuen prozesua izan zen eta Txoli Mateos EHUko Soziologiako irakasleari tesia egiteko aitzakia eman diona. Euskal nazionalismoa, abertzaletasuna, hezkuntza publikoa eta ikastola aztertu ditu lan honetan.
 
 
Azal dezadan, lehenik eta behin, zein diren tesiaren aztergaiaren jatorria eta haren kokapen metodologikoa.

Gauza jakina da Euskal Autonomia Erkidegoan 1993an ebatzi zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak hautsak erabat harrotu zituela. Momentu hartan, lurralde horretako ikastolek sare publikora biltzeko edo sare pribatuan geratzeko erabakia hartu behar izan zuten. Ordura arteko egoera atipikoari amaiera eman gura izan zitzaion lege harekin, ondorio praktiko guztietan, ikastolek sare bereizi bat osatzen baitzuten. Eta jakina da ere berean zelango tirabira mikatzak gertatu ziren non-nahi, eta nolako zatiketa giroa indartu zen mundu abertzalean. Horrez gain, deigarria izan zen, itxuraz behintzat, lerro politiko eta ideologiko antzetsu batean kokatzen ziren abertzaleek ere, batzuetan, oso ikuspuntu kontrajarriak adierazten zituztela auzi hartan. Eta are deigarriagoa, abertzale guzti-guztiek esaten zutela euren proposamena euskal gizarteak -alegia, euskal nazioak- behar zuen hezkuntza ereduaren mesedean zihoala. Baina, denak abertzale izanik, zergatik zen batzuentzat publiko berba sakratua, besteentzat ikastola zen bitartean? Egoera konplexu hura ulertu nahian aurkitzen da tesi honen aztergaiaren jatorria.

Ikus dezagun, segituan, nola kokatu dudan aipatu aztergaia. Argi ikusi nuen arazoa ezin zitekeela aztertu nazionalismoaren eta hezkuntzaren arteko harremanen markoan, besterik gabe. Dudaezina zen abertzale guztiak zeudela hezkuntzaren norabideaz kezkaturik. Baina gehiago zorroztu behar zen, zeren bazirudien auzian zegoela hezkuntza publikoaren ulerkera. Publiko eta pribatu kontzeptuak, horrela, behin eta berriz agertzen ziren eztabaida guztietan, eta ez adiera berarekin, noski. Horrez gain, ikastolarekin zer egin behar zen proposatzearekin batera, eskola publikoari buruzko jarrera jakin bat zetorren, eta biek banaezinak ziruditen. Aztergaiak, beraz, euskal nazionalismoa eta hezkuntza publikoa izan behar zuen, eta hipotesi bezala hartu nuen harreman hartatik ondorioztatu behar zela ikastolari eman nahi zitzaion irtenbidea. Irtenbide hari buruzko eztabaida aipatu legearen ebazpenaren testuinguruan agertu bazen ere, une hura prozesu baten emaitza modukoa zela aurreikusi nuen, eta handik etorri zen legearen ebazpenera heldu aurretik gertatutakoa aztertzeko egokitasuna. Prozesu hari ikastolen publifikazioa deitu nion. Izen horrekin azaldu gura nuen eraketa aurreautonomikoa ezarri zenez geroztik eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea ebatzi arte, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastolak sare publikora biltzeko jaso zuen ekimen multzoa.

Hartarako, abertzaleen arteko batasuna eta banaketa eragiten duten aldeen analisia hartu nuen tesiaren hari eroale bezala, jarrera diferenteak eta, aldi berean, komuntasuna azalarazi gura nituen eta. Baina abertzaleek ikastolaz edo eskola publikoaz berba egiten zutenean, hezkuntza sistemaren egoeraren irakurketa jakin bat egiten zuten. Hortaz, euskal gizartean zegoen hezkuntza sistemaren analisiari ekin behar zitzaion, baina, interesgune nagusia eskola publikoan eta ikastolan jarririk, errealitate bi horiek baitziren etengabeko erkaketa eragin zutenak.

Idazlanean zehar, nazionalismoari eman diot protagonismoa; nolabait esatearren, aldaera independente bezala hartu dut, eta hezkuntza, aldiz, nazionalismoak eragin nahi duen esparru bezala ulertu dut. Horrekin zehaztu gura dut tesiaren aztergai nagusia abertzaleen diskurtsoa izan dela, eta ez gizartean, edo hezkuntza sare ezberdinetan gertatu zena deskribatzea. Abertzaleek auzi hartaz esandakoa eta proposatukoa aztertu gura izan dudan neurrian, nazionalismoari entzuten saiatu naiz, baina esaten duenaren azpian egon litezkeen zioak aurkitzen ere ahalegindu naiz. Hau da, testua eta testuingurua aztertu ditut. Testua nazionalismoaren diskurtsoak osatzen du; eta, hartarako, erakunde eta gogaide abertzaleen idazki publikoak erabili ditut ikertze material gisa. Testuingurua, berriz, mugimendu nazionalistaren ikuspegi politiko eta ideologikoak, batetik, eta abagune soziopolitikoak eta hezkuntza sistemaren ezaugarriek, bestetik. Begira diezaiegun, bada, idazlanean zehar atera ditudan ondorio nagusiei.



Nazionalismoa eta hezkuntza publikoa

Logikoa denez, aldez aurretiko zeregina euskal mugimendu abertzalea egokiro kokatzea zen eta, horretarako, Mendebaldeko estaturik gabeko nazionalismoari buruzko gogoeta teorikoari ekin behar zitzaion. Azterketa horretatik eratorri ziren hiru ondorioak funtsezkoak iruditu zitzaizkidan azterketa burutzeko. Lehenengoa izan zen aldarrikapen nazionalisten baitara biltzen den mugimenduaren jite politikoa eta horrekin batera datorren guztia. Horrela, mugimendu nazionalistek nazio-estatuarekin lehia politikoa garatzen dute, baina eremu politikoan diharduten neurrian, era askotako baldintzapenak jasotzen dituzte, eta egoera soziopolitikora egokitzen dituzte euren jokaerak. Bigarrena izan zen mugimendu nazionalistek nazio identitateari buruz egiten duten definizioa aldakorra izan daitekeela, eta, beraz, tokian tokiko bilakaera historikoaren arabera ulertu behar dela. Eta hirugarrena, azkenik, mugimendu nazionalistak ez direla monolitikoak; aitzitik, barne ugaritasuna izaten da euren bereizgarrietako bat. Bestela esanda, mugimendu nazionalistaren baitako taldeek ez dute berdin irudikatzen nazioa, eta zenbait jokaera politikori eutsi ahal diote; eta, horrez gain, hainbat gizarte eredu etiko edota ekonomiko, besteak beste, defendatu ahal dituzte.

Baina mugimendu nazionalistek, hezkuntzaz ari direlarik, ez dihardute hezkuntza abstraktuaz, sistema jakin bati begira baizik. Hortaz, Mendebaleko gizarteetan hezkuntza sistemek eduki duten sorrera eta bilakaeraren esangura soziologikoan sakontzea izan zen hurrengo urratsa. Gai horren inguruan dagoen ikuspegi teoriko sortari begiratu bat eman eta gero, hezkuntza sistemaren sorrera nazio-estatuaren finkapenari eta berarekin batera datozen nazioari buruzko uste berriei lotzen diena hautatu nuen, gai honetarako ikertze lerro emankorrena zelakoan. Horrez gain, kontuan hartzekoa zen hezkuntza sistemen garapena ez dela beretsua izan herrialde guztietan, eta aldaera hori aintzat hartzeari baitezpadakoa iritzi nion. Hezkuntza, prisma bikoitz horren arabera aztertuz gero, ulergarri suertatzen da mugimendu nazionalistak hartaz egin lezakeen erabilera egokiro kokatzeko. Ildo horretatik joanda, uste hedatu samarra da mugimendu nazionalistek beti jotzen dutela euren eraginpeko eskola sareak sortzera. Baina mugimendu nazionalista guztiek? Mugimendu nazionalistaren baitako talde guztiek? Edozein hezkuntza sistemaren baitan? Edozein egoera sozial edota politikotan? Horiexek ziren erantzun behar ziren galderak.

Alabaina, aldez aurretik argitu beharreko arazo bat zegoen: zeri deitu hezkuntza publikoa. Hartarako, arlo publikoaren ulerkeraz edo publikotasunaz hausnartu beharra zegoen. Estatua eta gizarte zibilaren arteko harremanak aztergai duten analisi multzoari erreparatuz gero, hiru ondorio nagusi atera zitezkeen: batetik, arlo publiko eta pribatuaren arteko mugak egungo gizarteetan ez daudela bat ere zehazturik; bestetik, publikotasunari buruzko ulerkera ikuspegi politiko eta batez ere ideologikoak zeharo baldintzatua datorrela; eta, azkenik, posible dela lerro ideologiko antzetsutik abiaturik, arlo publikoari buruzko zenbait irakurketa ezberdin garatzea. Gogoeta horiek hezkuntza arlora eramanez gero, esan daiteke hezkuntzak publiko izan behar duen ala ez eta horrek zer ekarri behar duen, eztabaida normatiboa dela, inola ere teoria hutsaren mailan jar daitekeena. Horrela, liberalismoak gizarte zibilaren protagonismoa nabarmentzen du giza askatasunaren mesedean doalakoan, eta hezkuntza ekimenen arteko lehiakortasuna hobesten du. Baina, ezkerraren kasuan, publikotasun kontzeptu gogorra eta publikotasun kontzeptu biguna deitu ditudanak garatu dira. Lehenak administrazioari eransten dio gizarte ezberdintasunak apaltzeko ahalmena, eta bigarrenak gizarte zibilari eman nahi dio protagonismoa, baina merkatu lehia saihestuz. Iritzi sorta hori kontuan hartuta, hezkuntza publikoa administrazioaren kudeantza zuzenaren pean dagoen hezkuntza bezala ulertzea erabaki nuen, jakinik ere egungo hezkuntza mota guztiek dutela estatuaren babes eta kontrol handia.

Nola edo hala, beraz, marrazturik utzi nituen mugimendu nazionalista jakin batek sare publikoa edo pribatua hobesteko eduki litzakeen baldintzapenak:

1) Mugimenduaren jokaera politikoa eta eskuratutako botere instituzional maila.

2) Arlo publikoaren, eta beraz, hezkuntza publikoaren ulerkera ideologikoa.

3) Tokian tokiko hezkuntza sistemaren ezaugarriak.

Hiru aldaera horietan oinarriturik, aurreikusi nituen mugimendu nazionalista batek hezkuntza publikoari begira gara lezakeen jokaerarako hipotesi posibleak, argi utzirik ezinezkoa dela ildo orokorrik aurkeztea. Tokian tokiko egoerak kontuan hartu beharra argiro ikus daiteke Katalunia eta Ipar Irlandako nazionalismoaren hezkuntza jokaera ezberdinetan. Lehenengoaren kasuan, hezkuntza publikoaren ardura hartzeko prestutasuna erakutsi du, betiere eskuratu duen botere instituzionalaz jabeturik. Bigarrenak, aldiz, aldaera kultural, politiko eta sozial askoren harira, babes handia aurkitu du hezkuntza pribatu katolikoan.

Hortik abiaturik ekin nion euskal nazionalismoaren sorreratik, Ipar eta Hego Euskal Herrian abertzaleek hezkuntzari begira hobetsi duten jardunaren deskribapen historiko xume bat egiteari.



Euskal nazionalismoa eta hezkuntza: begiratu historiko bat

Euskal nazionalismoak, bere sorreratik bertatik, oso abagune ezberdinak ezagutu ditu, bai hedapen sozialean, bai arrakasta politikoan. Horrez gain, bilakaera nabarmena jaso du nazio identitatearen definizioari eta nazio lurraldearen egituraketa politikorako hobetsi dituen helburuei begiratzen badiegu. Horiek guztiek isla ukaezina eduki dute mugimendu abertzaleak hezkuntzari begira erabili duen diskurtsoan eta proposatu dituen alternatibetan.

Larregi ez luzatzearren, azterketa historiko horretatik momentu bi nabarmendu gura ditut oraingoan, esanguratsuak irizten baitiet hezkuntza publikoari begira abertzaleek ez dutela beti era berean jokatu frogatzeko. Bata, XX. mendeko bigarren hamarkadari dagokio. Garai hartan, mugimendu autonomizaleak, Komunio alderdi nazionalistan bildurik, hezkuntza publikoaren norabidearen ardura hartzeko prestutasuna erakutsi zuen estrainekoz. Mugimenduak euskal gizartearen nazionalizazioari eman zion lehentasunak eta hartan hezkuntzak bete zezakeen zereginarekiko fede irmoak bultzatu zituzten Landeta, Eleizalde eta Belaustegigoitia bezalako abertzaleak udal eta estatu eskolen okerrak bideratzeko neurri zehatzak proposatzera, eta, horrez gain, eskuratu zuen botere instituzionalaz baliaturik, Bizkaiko Diputazioaren menpe jardun zuten Auzo Eskolak eratzera, hezkuntza publikoaren kontrola proiektu politiko autonomistaren zutabe bezala erabiliz.

Bigarren momentua frankismoaren garaiko nazionalismo eraberrituari dagokio, besteak beste, nazio identitatean euskarak hartu zuen garrantziaren harira. Orduan nagusitu zen jokaera ikastola sortzea eta eustea izan zen, eta, ondorioz, eskola publikoa abertzaleen lan politikotik zokoraturik geratu zen. Giro politiko erasokorraren kariaz, eskola publikoa ezin sartuzko eremu bilakatu zen, eta, arian-arian, ikastola euskal nazionalismoaren oldarraren erakusle bihurtu zen, mugimenduak botere politikorik ez zuen arren, nazionalismoarekiko atxikimendua gizartearen sektore zabaletara hedatu zen eta. Ikastola sarea finkatu ahala, gero eta nabariagoak izan ziren mugimendu nazionalistaren baitako desadostasun ideologikoak, zeintzuek istilu ugari eragin baitzuten; hala ere, nazionalismo kontserbadoreak zein iraultzaileak gogoz eutsi zion ikastolaren defentsari, gero eta kontzienteago baitzen hura estatuari irabazitako eremua zela. Ezinbestean, uste horrek ondorioak ekarriko zituen frankismoa amaituta sortu zen egoera politiko berrian.



Abertzaleak eta hezkuntza publikoa aurrez aurre

Gainerako herrialdeetan bezalaxe, Iparraldean eta Nafarroan ere ikastolak egon dira -eta daude- jardunean, baina arrazoi politiko, sozial eta linguistiko multzo baten kariaz, lurralde bi horietan euskaraz diharduen eskola publikoa eta ikastola ez dira bilakatu benetako lehiakide abertzaleen diskurtsoan, oraingoz behintzat. Nazionalismoaren ahuldadeak, batetik, eta euskarazko irakaskuntzak dituen zailtasunak, bestetik, har daitezke abertzaleen gutxieneko batasunaren azalpen bezala.

Besterik gertatu zen, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastolen publifikazio prozesuan zehar. Euskal nazionalismoak auzi hartaz proposatutakoa ulertzeko, hiru arlo hartu behar dira kontuan.

a) Lehenik, eraketa politiko berria eta handik etorritako euskal nazionalismoaren barne ugaritasuna. Abertzaleen arteko ezberdintasunen islarik onena alderdi politikoak izan ziren, nabarmenak baitira jokaera politikoari eta ikusmolde ideologikoari begira dituzten aldeak. Oro har, bloke bitan banatu zen nazionalismoa: nazionalismo moderatua eta erradikala, bai jokaera politikoan eta bai ikusmolde ideologikoetan.

b) Bigarrenik, diferentzia horietatik haratago, abertzaleen arteko batasuna eragin duten balizko aldeak ere aintzat hartu behar dira. Oro har, mugimendu abertzalearen baitan nazio identitateari buruzko definizio antzetsu samarra egiten dela esan daiteke. Bertan, lurraldeari emaniko garrantzia gero eta gehiago gailendu da; baina euskarak zama sinboliko eskerga dauka oraindik ere. Nolabaiteko tentsioa soma daiteke, horrela, euskarari eta lurraldeari emaniko garrantziaren harira; baina, euskarak abertzale guztiak batzen ditu, eta euskarari buruzko jarrera ezberdinak proiektu politikoen ondorio bezala ulertu behar dira.

c) Eta hirugarrena, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaren garapenari dagokio. Abertzaleek etengabe erkatzen zituzten errealitate biak, eskola publikoa eta ikastola, aldaketa nabarmenak jaso zituzten eraketa politiko berrian. Batetik, eskola publikoa neurri handi batez eraberritu egin zen, batez ere -baina ez bakarrik- euskarak erdietsi zuen lekuaren kariaz. Eta, bestetik, ikastolak onespen instituzional eskerga eskuratu zuen, eta arian-arian, aparteko eskola izateko zeukan kutsua desagertu zen. Hori horrela, eskola publikoa eta ikastola lehiakide bilakatu ziren, eta, zenbaiten ustez, bata ala bestea aukeratu beharra zegoen; alegia, frankismoan egindako hautua birpentsatu beharra etorri zen, eta, handik, iritzi ezberdintasuna eta ondorengo gatazka.

Hiru aldeak azterturik, hezkuntzaren eztabaidaren protagonista nagusitzat alderdi politiko abertzaleak hartu nituen, eurak izan baitziren prozesua bideratzeko erabaki ahalmen nabaria eduki zutenak; baina, eurekin batera, ikusi nuen sindikatu abertzaleek, Ikastolen Elkarteak eta politikoki eratu gabeko gogaide abertzaleek esandakoa ere kontuan hartzekoa zela, eztabaida edo gatazka, jakina denez, ez baitzen mugatu indar politikoetara.

Prozesuaren aurkezpena zati bitan dago banaturik: batean, diskurtsoen analisia; eta, bestean, proposamen jakinak eta proposamenen inguruan sortu ziren mota askotako aliantzak eta aurkakotasunak.

Lehenengo zatiari helduz, erakunde eta gogaide abertzaleek arlo publikoaz iragarri zituzten diskurtsoen nondik norakoak, funtsean, ikusmolde ideologikoaren arabera sailkatu behar dira, baina hala ere, zaila da continuum ideologiko huts baten arabera jartzea, abagune politikoak eta talde bakoitzaren jokaerak neurri handi batez baldintzatzen baitzituzten publikotasunari buruzko diskurtso horiek. Den-denek uko egiten zioten, adibidez, eskola publikoa eta estatu eskola parekidetzeari. Hala ere, ezkerreko ikuskerak joera nabarmena erakusten zuen jarrera pribatuzaleak gaitzesteko, eta publikotasun kontzeptu gogorra edota biguna garatzeko. Nazionalismo moderatuak, aldiz, gizarte zibilaren erantzukizuna edota gurasoen askatasuna gailendu beharra defendatzen zuen.

Arlo publikoari buruzko diskurtsoarekin batera, eta diskurtsoa bera baldintzaturik, eskola publikoak eta ikastolak ezaugarripen berria jaso zuten. Nazioa ulertzeko abertzaleek zuten moduek ideia ugaritasuna ekarri zuten ikastolaz eta eskola publikoaz berba egiteko orduan; eta islaturik agertu ziren, esate baterako, lurraldeari, herritarren integrazioari, edota euskarari ematen zitzaien garrantzi ezberdina. Hala ere, esan daiteke abertzaleen ikuspegi politikoek neurri handi batez baldintzatu zituztela ikuspegiok. Adibide bakarra jarrita, nazionalismoaren zenbait sektoretan eraketa autonomikoak eskuratu zuen zilegitasunak ahalbidetu zuen ikastolaren zeregina, nola edo hala, bukatutzat ematea eta, ondorioz, eskola publikoa hobestea Euskal Herriko berezko eskola bezala. Hala eta guztiz ere, publikotasunari buruzko diskurtsoekin gertatzen zen modu berean, abertzale guztiak baturik agertzen ziren hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren aldarrikapenean.

Horraino azaldutako ikuspegi guztiek funtsezko galdera bat zekarten eurekin: dikurtsoetatik harago, zeren arabera ulertu behar ziren ikastolen publifikazioan hobetsi ziren irtenbideak eta gauzatu ziren aliantzak? Abertzaleen diskurtsoetan nabarmendu ziren diferentzia nagusiak hizkuntzari, politikari eta ideologiari bazegozkien, gatazka linguistiko, gatazka ideologiko, ala gatazka politiko bat garatu zen? Ikusteko zegoen, hortaz, nola kokatu ziren erakunde abertzaleak hiru ardatz horien arabera.

Nire iritziz, ardatz linguistikoak ez du azalpen nahikorik eskaintzen jarrera ezberdinak ulertzeko, euskara gai aipatuena izan bazen ere. Izatez, euskararen izenean, eta batzuetan ikuspegi erradikaletatik abiaturik, topa zitekeen eskola sare publikora biltzea argi eta garbi defendatzen zuenik. Horrez gain, Euskal Herriko hezkuntza sistemak haur euskaldunak egin behar dituenaz inolako zalantzarik ez zegoen abertzale guztien aldetik. Aldiz, tirabira bat baino gehiago sortu zen indar politiko ez-abertzaleekin, batez ere, PSE-PSOErekin, euskarari muzin egitea egozten baitzion euskal nazionalismoak. Ardatz linguistikoak, beraz, euskal nazionalismoa eta ez-abertzaleak banatu zituen, batik bat; baina, diodan berriro, banaketa hori diskurtso mailan baizik ez zen garatu.

Bigarren ardatza ikuskera ideologikoak ezarri zuen. Horren arabera, ezkerreko abertzaleak nolabait baturik agertu ziren EAJri egindako kritikan, 80ko hamarkadaren erdialdera arte, batez ere. Eskola publikoarekiko utzikeria egozten zioten, eta ikastola sektore pribilegiatuentzako eskola bihurtu nahi zuela salatu. Ardatz ideologiko horren barruan sar daitekeen ardatz sindikalak Ikastolen Elkartearen eta sindikatu abertzaleen arteko harreman onak oztopatu zituen prozesu osoan zehar. Sindikatuok Ikastolen Elkarteari aurpegiratzen zioten joera pribatuzalea edukitzea, irakasleen eskubideei muzin egitea eta eskola publikoa desprestigiatzea. Ñabardura asko egin behar dira, dena dela, LAB sindikatuaren kasuan, esate baterako, pisu handiagoa eduki baitzuen ardatz politikoak.

Izan ere, prozesu osoan zehar abertzaleen artean gauzatu ziren aliantzak eta aurkakotasunak ulertzeko, baita proposatu ziren irtenbideez jabetzeko ere, ardatz politikoa nabarmendu behar da, ardatz ideologikoak eta sindikalak sekula garrantzirik galdu ez zuten arren. Beste era batera esanda, ikastolen publifikazioa batik bat auzi politikoa izan zela esaten ari naiz. Aldi bi bereiz daitezke prozesu hartan, abagune politikoak jasotako ezaugarrien arabera. Lehenengo aldian, botere instituzionalaren jabe zen nazionalismoa eta oposizioko abertzaleak jarri ziren aurrez aurre. EAJk, prozesu autonomikoa amaitugabetzat jotzen zuen neurrian, ikastola sareari eustea defendatu zuen, EIKEren bitartez; eta haren asmoekin bat etorri ziren, neurri handi batez, Ikastolen Elkartea eta ELA sindikatua. EAJrekiko areriotasunak, berriz, EE eta HB bildu zituen, oso helmuga politiko ezberdinak eduki bazituzten ere. Ikastolaren balizko ghettizazioaren aurka jarri ziren, eta Euskal Eskola Publiko Bakarra aldarrikatu zuten biek.

Bigarren aldian -alegia, EAJk eta PSE-PSOEk gobernu koalizioa osatu zuten momentutik aurrera- askoz konplexuagoak izan ziren adostasunak eta ezadostasunak. Nagusiki -baina ez bakarrik- erakunde abertzaleak normalizazioa versus borroka eztabaidaren inguruan kokatu ditut, eta hiru halamoduzko bloke gauzatu ziren.

A) EAJ, aipatu itun politikoaren kariaz, hezkuntza sistema normalizatzearen alde jarri zen, eta ikastolen erabakiari zama politikoa kentzen saiatu zen. Euskadiko Ezkerrak, Alderdi Sozialistarengana hurbiltzen zen neurrian, ikastola sarearen desagerpena gizartearen normalizazio politikoaren baldintzatzat jo zuen.

B) Eusko Alkartasuna erdibide batean geratu zen. EAJrekin zeukan lehiak eraginda batik bat, Euskal Eskola Publikoaren Legea hezkuntza sistema propioaren eraikuntzarako oztopotzat jo zuen, baina ez zuen jarrera argirik erakutsi ikastola sare bereizi bezala mantentzeari begira. ELA ere erdibide batean geratu zen, baina alde sindikalak eraginda, ikastola sare publikora biltzea hobetsi zuen.

C) Herri Batasuna eta LAB, aldiz, nabarmen jarri ziren normalizazioa versus borroka eztabaida horren beste muturrean. Ikastolari esangura politiko eskerga eman zioten, eta hura sare publikora biltzea administrazio autonomikoaren -eta, batez ere, Alderdi Sozialistaren- arrakasta bezala atzeman zuten. Beldur hori zela eta, nahiz eta saihestu gura izan zuten eskola publikoa eta ikastola lehiakide gisa aurkeztea, ikastola sare pribatuan geratzea defendatu zuten indar handiz. Eurekin bat egin zuen Ikastolen Elkarteak, EAJrekin harreman onak zituen arren, ikastola sarearen biziraupena ziurtatu nahi izan baitzuen. Eta, azkenik, EILAS sindikatuak -batik bat alde ideologikoak eraginda- gogoz defendatu zuen ikastola sare publikora biltzea, PSE-PSOEren asmoen kontra agertu bazen ere. Bigarren maila batean utzi zuen, horrela, liskarrak eduki zezakeen esangura politikoa.

Dena dela, aliantza eta aurkakotasun horien guztien konplexutasunaren erakusletzat har daiteke, adibidez, Euskal Eskola Publikoaren Legea ebatzi aurretik sortu zen Denon Artean plataforman, prozesu osoan buruz buru elkarren aurka ibili ziren EILAS sindikatua eta Ikastolen Elkartea batera agertu zirela, legeari uko eginez.

Arestian esan bezala, zatiketa giroa indartu zen, eta prozesuak eragindako zauri asko sendatu gabe daudela esan daiteke. Baina, diskurtso eta jokaera ofizialetatik harago, Ezker Abertzalearen inguruko taldeak eta norbanakoak izan ziren jarrera ugaritasun handiena erakutsi zutenak eta, ondorioz, barne urradura sakonena nozitu zutenak. Horrela, esparru hartan bildu ziren, batetik, herritar guztientzako eta euskaldun atzematen zen eskola publikoaren aldeko militante sutsuak; eta, bestetik, ikastola sareak ustez islatzen zuen nazio proiektuaren