ERENTZUN ikastola, Biana: Proiektuz eta ilusioz betetako eraikina

1999-06-01
"Lingua vasconum,

lingua navarrorum,

ze arraroa

euskararik gabe,

Nafarroa!"
.

Lelo hau guztiok gogoratuko dugu seguruenik, eta Nafarroa Oinezko oroitzapenak ekarriko dizkigu. Baina non ospatu zen Nafarroa Oinez hura? Euskal Herriko hegoaldeko mugako herri batean, Bianan. Erentzun ikastolak antolatu zuen jai hura 1992. urtean. Zazpi urte beranduago, bertara hurbildu gara eraikuntza berriaren barruan egosten dena ikustera.
 
 
Biana 3.600 biztanle dituen herria da, Lizarratik 40 kilometro ingurura dago, Oiondik 8 kilometrora eta Logroñotik 9 kilometrora. Gaur egun bi eskola daude herrian: publikoa eta ikastola.

Erentzun ikastola orain dela 20 urte inguru sortu zen gurasoek bultzata. Irakasle bakar batekin eta 20-30 haurrekin hasi zen funtzionatzen euskara hutsezko eskola hura. Udalak utzitako lokal batzuk osatu zuten lehendabiziko egoitza. Bi urteren buruan beste irakasle bat etorri zen, Irune Martinez de Goñi arellanoarra. "Mertxe, hasieratik zegoen irakaslea, eta ni bi gelarekin egon ginen hurrengo sei urtetan. Lekuari dagokionez, aldaketa ugari jasan genituen. Udalak hasieran emandako lokaletik etxabe batzuetara pasa ginen. Lokal txarrak eta bitartekorik gabeak ziren". Handik, gurasoek erositako etxabe hobe batzuetara pasa ziren, baina hura txiki geratu zitzaien eta "txerritoki" batera igaro behar izan zuten.

Hasierako urte haietan denetarik entzun eta ikusi behar izan zutela dio Irunek. "Batzuk pozik zeuden ikastolaren sorrerarekin, beste batzuk ez, eta batzuk Bianan ikastola zegoenik ere ez zekiten. Kontrako jendea ere bazegoen, bai ikastolaren aurkakoa eta bai gau-eskolaren aurkakoa. Baina denborarekin gauzak aldatzen joan dira eta orain onartzen gaituzte".

Onarpen hori, ordea, egin duten lanaren ondorioz etorri da, ez besterik gabe, huts-hutsean. Guraso eta irakasleen lan eta esfortzuaren ondorioz, Haur Hezkuntza ez ezik, Lehen Hezkuntza ere eskaintzen hasi ziren. Eta 1992. urtean ospatu zen Nafarroa Oinezen ondoren eraikuntza berria egiteko aukera izan zuten. Fultxo Crespo irakasle eta zuzendariaren hitzetan, "Nafarroa Oinez inflexio puntua izan zen guretzat, gehienbat azpiegitura aldetik. Horrekin lortu genuen eraikuntza, nahiz eta legalizazioa oraindik eskuratzeke izan". Azken auzi honi dagokionez, Bianako ikastolako ikasleen eskolaritate liburuak Lizarrako ikastolan daude.

Gaur egun 90 ikasle daude Bianako ikastolan, 2 urtetik Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino. Irakasleak, berriz, zortzi dira momentu honetan.

Haur taldeak txikiak dira, adin ezberdinetakoak elkarrekin egoten direlarik, baina hori positibotzat jotzen dute ikastolako irakasle eta zuzendari diren Fultxo Crespo eta Maite Oterok. "Ez dugu uste gela bateratuak izatea arazo denik. Lan gehiago eskatzen du, baina gelan dagoen aniztasuna bateratzen eta metodologia aldetik egoera horri aterabideak bilatzen saiatzen gara. Oso talde txikiak ditugu, baina horrek abantaila handia suposatzen du ongi ezagutzen dugulako elkar eta giro oso ona daukagulako".

Gela txikiak izatearen abantailez gain, ikastola txikia izateak ere badituela diote. "Irakasleren batek proposamen bat baldin badu, adibidez antzerki bat egitea, eta horrek ikastolako dinamika hautsi egiten badu, ez dago inolako arazorik behar diren aldaketak egiteko. Beste batek inkesta bat egin nahi badu, lasai-lasai egin dezake. Ez dago inolako burokraziarik jarraitu beharrik. Ikastetxe handietan, berriz, dena ongi koordinatu behar da eta askotan horretan galtzen da intentsitate osoa".



Kalitatezko hezkuntza

Ikastolak euskara hutsean ikasteko aukera eskaintzen die bianarrei, baina zer gehiago? Berehala erantzuten dio galdera honi Funtxo Crespo irakasle eta zuzendariak. "Euskara eta kalitatezko hezkuntza eskaintzen du ikastolak. Jendeak ez du ikastola euskaragatik soilik aukeratzen. Gure apustua ez da euskara soilik. Euskara gure baitan dago, baina gure apustua kalitatezko hezkuntzaren aldekoa izan da. Horren baitan euskara nahitaez sartzen da, baina ez hori soilik, baita informatika, ingelesa, irakurketa, estraeskolarrak, ikus-entzunezkoak eta abar ere".

Hauetako arlo bakoitzean zer eskaintzen duten jakiteko une aproposa dugu eta hasteko, informatikaz galdetu diegu. "Duela lau urte hasi ginen informatika proiektu batekin Haur eta Lehen Hezkuntzan". Proiektu hau Nafarroako ikastoletako lehenengoa izan zen eta Bianako esperientziaren ondoren gainontzekoetan ere ezarri da. Erentzun eta Nafarroako beste ikastoletan erabiltzen ari diren proiektuak bi dira: "Sagu: Informatika Haur Hezkuntzan" eta "Azti: Informatikaren aplikapena Lehen Hezkuntzan".

Erentzunen informatika modu serioan lantzea erabaki zuten. "Izan ere, ordura arte informatika arloko esperientziak isolatuak ziren. Interesa zuten irakasleak jo eta ke ibiltzen ziren, eta interesik ez zutenak ordenagailurik ukitu ere ez zuten egiten. Eta bitartean haurrak irakaslearen arabera". Horregatik, planteamendua guztiz aldatu zuten eta programa orokorra osatu irakasle eta ikasle guztientzat.

Haur Hezkuntzako programa Sagu da. Informatika, txoko bat balitz bezala planteatzen da. Beraz, gela hainbat txokotan banaturik dagoelarik, informatika beste txoko bat gehiago da. "Txoko horretan ordenagailua dago. Programa ezberdin ugari ditu eta irakasleak badaki haur bakoitzari zer dagokion. Guk uste baino lehenago ikasten dute ordenagailua erabiltzen, bai!".

Baina ordenagailua ez dela mirari bat diote, bideoa eta marrazkia bezala, beste errekurtso bat gehiago dela. "Ez ditu arazo guztiak konpontzen. Berez daukan abantaila motibazioarena da. Haurrak oso motibatuta joaten dira ordenagailura".

Baina haurrak ez ezik, gurasoak ere oso motibatuta daudela esan behar da, informatikako programa hauek beraiei esker atera baitira aurrera. Gurasoak izan ziren bultzatzaileak eta ordenagailuak erosteko milioi bat pezeta jarri zutenak.

Informatikarekin batera ingelesa izan da betidanik egin duten apustua. Beste ikastoletan bezala, 3-4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten eta udan ingelesezko kanpaldiak antolatu izan dituzte. Ikastolan egiten den esfortzuarekin eta kanpaldiekin emaitza oso onak jaso dituztela diote Crespok eta Oterok.

Ikus-entzunezkoei ere arreta berezia eskaintzen diete eta hori ikasturtean zehar burutzen dituzten ekintzetan ikus daiteke. Adibidez, irrati txiki bat dute ikastolan. Crespok azaldu digunez, "Aste Santuko oporren ondoren muntatzen dugu eta astean behin gela batek irratsaioa prestatzen du, ordu erdikoa edo ordu betekoa. Saio hori zuzenean emititzen da Biana osoan".

Irratiaz gain, laburmetraiak ere egiten dituzte bi urtean behin. "Proiektu polita da, gauza bat baino gehiago egiteko aukera ematen baitizu" dio Crespok. "Haurrak izaten dira aktoreak eta guk gaia apropos aukeratzen dugu, horrela zerbait zehatza lantzen dugularik. Gurasoek ere parte hartzen dute eta, azken finean, dokumentazio lan bat burutzen dugu, hemendik aurrera erabiltzeko moduko zerbait delarik". Iaz "Galdutako aztiak" izeneko laburmetraia filmatu zuten. Aztien inguruko bideoa egin zuten eta irakasleek apropos aukeratutako gaia izan zen. "Pixka bat ahaztuta zegoen eta haurrek ezagutzen ez zuten pertsonaia historiko bat aukeratu genuen, bideoaren bidez haurrek pertsonaia hori ezagut zezaten".

Irakurketak ere arreta berezia hartu du aurten. Ikasleen irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz Madrilgo Nederland-eko eskolako eredua jarri dute martxan. Hau da, liburutegia eskolako bihotza edo birika bihurtu dute eta ekintza ugari antolatzen dituzte liburutegiaren inguruan. Esaterako, jolas garaian liburuak har ditzakete, etxera eraman ditzakete bai beraiek irakurtzeko eta baita gurasoek irakurtzeko ere, lehiaketak antolatzen dituzte (txiste, olerki, kontalari, asmakizun eta abarren lehiaketak) eta kanpoko kortxoan, erositako liburu berriak eta hilabetez hilabete gehien irakurri diren liburuak zein izan diren jartzen da, horren berri ere izan dezaten haurrek. "Liburu berriak erosi ondoren gelaz gela aurkezten ditugu eta hainbat gauza komentatzen dira: zein den idazlea, idazle horren beste libururik irakurri duten, gustatu zaien ala ez..." dio Oterok. "Hasieran haurrek ez zutela irakurtzen, irakurtzea ez zitzaiela gustatzen eta horrelakoak entzuten genituen. Baina kanpaina egin ondoren, erantzuten dutela ikusi da. Arreta berezia ematen baldin badiozu zerbaiti, azkenean erantzuna egoten da".

Ekintza hauek guztiak kalitatezko hezkuntza eskaintzeko helburuarekin burutzen dituzte, eta nola ez, guztiaren jarraipena egiten dute ikasle bakoitzarekin. "Klaseak 4:30ean bukatzen ditugu, baina ordu erdi gehiago gelditzen gara laguntza behar duten ikasleekin. Lana aurreratu eta ulertu ez dutena esplikatzen diegu banaka eta oso baliagarria da haurrentzat. Atentzio pertsonalizatua eskaintzen diozu haur bakoitzari eta besteekin parekatzea lortzen da, beti atzetik eta ezinean ibil ez dadin".



Gurasoen inplikazioa: erabatekoa

Bi irakasle-zuzendari hauek erabat ados daude ikastolan gurasoek ikaragarrizko garrantzia dutela esaten dutenean. Ikastola kooperatiba bat da eta gurasoak dira bertako bazkideak. Arlo pedagogikoaz irakasleak arduratzen dira, baina gainontzekoa gurasoen esku dago: dirua zertan gastatu behar den erabakitzea, irakasleren bat kontratatu behar den ala ez erabakitzea, nor izango den... Erabakiez gain, ikastolan egin behar diren lanak (mahaiak jarri, hormak margotu, ordenagailuak ezarri...) ere gurasoek egiten dituzte. Eta ikastolako ekintzetan ere parte hartzen dute. "4:30ean bukatzen ditugu klaseak eta normalean ondoren etxera joaten dira. Bada, duela gutxi guraso talde batek etxera joan ordez haurrak beraiekin ikastolan gelditzea proposatu zuten. Etxera joan eta telebista ikusten egon ordez, hemen askaria jan eta beste haurrekin egotea nahiago zuten gurasoek. Eta horrela egiten dute orain, hainbat ekintza antolatzen dituztelarik hemen geldituta" kontatzen digu Oterok.



Bianatik Oionera

Bianako ikastolan Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino egon daitezke eta ondoren bi aukera dituzte: herriko eskola publikora joatea edo ikastolan jarraitu nahi badute, Oiongo ikastolara joatea. Baina nolatan Oionera, Arabara, eta ez Lizarrara? "Lehenengo arrazoia hurbiltasunarena da" dio Crespok. "Lizarrara 30 minutu luze daude Bianatik, eta Oionera, aldiz, hamar minutu. Beraz, alde horretatik egokiagoa da Oionera joatea. Gainera, klaseak bukatu ostean, hamar minututan Bianan daude eta lehen egiten zituzten gauzak egiten jarrai dezakete (kirola, musika, dantza...)". Erentzungo haurrek Lizarrako ikastolan dauzkate eskolaritate liburuak eta hainbat proiektu egiten dituzte elkarrekin, baina egunerokotasunean Oiondik gertuago sentitzen dira.

"Gure matrikulazio kanpainan ez dugu esaten Haur eta Lehen Hezkuntza soilik daukagunik, Bigarrena ere bai, baina ez Bianako eraikuntzan, Oiongoan baizik" azaltzen digu Oterok. Honek agerian uzten du bi ikastolen artean dagoen harremana eta lankidetza. "Badakigu gure ikasleak zein irakaslerekin jarraituko duten Oionen, bakadigu zer irakasten duten, nola irakasten duten, zein libururekin, zenbat ordu... Koordinatu egiten gara".

Ikasleak Oionera joan aurretik, hainbat ekintza egiten dira elkar ezagutzeko eta tutore biak ere elkartzen dira ikasleen berri emateko. "Guri oso garrantzitsua iruditzen zaigu Oiongo tutoreari gure ikasleen berri ematea. Adibidez, dislexikoa dela edo harroputza dela esatea" dio Crespok. "Batzuk hori ez dela egin behar pentsatzen dute, ikasleak klasifikatu egiten ditugulako eta irakasle berriak berak konturatu behar duelako gauza horietaz. Baina gure ustez beharrezkoa da informazio hori aldez aurretik ematea, bestela milaka arazo sor daiteke kasu bakoitzean: integrazio arazoak...".

Ikasleak Oiongo ikastolara joaten direnean, ikasleekiko erlazioa ez dute eteten. "Adibidez, informatika ikastaro bat antolatu dugu Bianan, eta ikasle ohi batzuek izena eman dute. Denbora libreko ekintzetara ere gurekin etortzen dira...".

Datorren ikasturtean 5. promozioa joango da Oionera DBHko ikasketak egitera.

Erentzun ikastolako irakasleria gaztea da, gogotsua eta bizia. "Gu ikastolatik pasatakoak gara. Gure irakasleak gutaz arduratu ziren eta hori besteei eskaini nahi diegu orain". Horregatik, nahiz eta tunel batean egon eta oraindik bide luzea gelditu, norabiderik galdu gabe darraite aurrera. Funtzionamendu eta pedagogia aldetik finkatuta daude eta etorkizun oparoa antzematen dute tunel horren amaieran.