Lanbide Heziketa eta euskalduntze prozesua

2000-11-01
Irakaskuntzan euskararen normalkuntza aurreratua baldin badago ere, gizarteko hainbat arlotan oraindik hutsune nabariak daude. Lan mundua dugu horietako bat. Arlo hori euskalduntzeko lana hasia dago: Lanbide Heziketa ikasle euskaldunak prestatzen ari da, eta enpresak euren funtzionamendua euskalduntzeko plangintzak martxan jartzen ari dira.
 
 
Lanbide Heziketa berria martxan jartzearekin batera, familiak, heziketa zikloak eta tituluak ugaritu egin ziren. Merkatuaren beharretara eta eskaeretara egokitutako Lanbide Heziketa daukagu gaur egun. Lantegiek dituzten premien arabera heziketa ziklo batzuk edo beste batzuk eskaintzen dira.

Horrek mugikortasun handia dakar eta prestakuntza aldetik lan handia eskatzen du. Besteak beste, ikasmaterialen premia nabaria da, eta zer esanik ez euskarazko materialena.

Horretaz ohartuta daude Lanbide Heziketako irakasleak, administrazioa eta zenbait argitaletxe, eta esparru hori jorratzen ari dira, hots, euskarazko ikasmaterialak sortzen.

Elhuyarrek 25 urtetik gora daramatza liburugintzan, eta bere esparruetako bat Lanbide Heziketa izan da. Hutsune handienak zituen esparrua zela ikusirik hasi ziren liburuak kaleratzen. Dena dela, Lurdes Ansa arduradunak esan digunez"erreformaren ondoren dena aldatu egin zen. Lehendik daukagun materiala eduki aldetik baliagarria izan badaiteke ere, planteamendu aldetik, gai banaketa aldetik eta abar ezberdina da. Hori dela eta, materiala berritzeari ekin behar izan diogu. Berriz ere zerotik abiatu gara. Hutsunea erabatekoa da eta premia izugarria".

Xabier Aramendi, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako ikasmaterialen koordinatzailea ere bat dator premia handia dela esaterakoan. Horregatik, duela hiru urte Hezkuntza Saila ere arlo horretako hutsuneak betetzeko ikasmateriala prestatzen hasi zen.



Abiapuntua

Heziketa zikloak hainbeste izanik eta testugintzaren hutsunea guztietan egonik, lehentasunak jarri behar dira, ezin baita material guztia aldi berean sortu eta kaleratu. Nonbaitetik hasi behar izaten da, eta Xabier Aramendik dioskunez, hasieran irizpide kuantitabo hutsa erabili zuten beraiek."Familia hedatuenak zein ziren ikusi genuen eta haietarako materiala prestatu genuen. Iaz, aldiz, irizpide kuantitatiboa eta kualitatiboa biak erabili ziren. Fabrikazio Mekanikoa, Administrazioa eta Elektrizitatea eta Elektronika dira hemen hedatuenak, baina horrez gain euskararen normalkuntza aldetik garrantzitsuak diren beste familia batzuk daude: Osasungintza, Gizarte eta Kultur zerbitzuak, Nekazaritza... Familia txikiak dira, baina lantegiak eta gizartea euskaldunduko badira, behar-beharrezkoa da esparru horietako profesionalak euskalduntzea". Arrazoi horregatik erabaki zuten familia horietako materiala ere prestatzea.

Elhuyarreko Lurdes Ansak esan digu bi bide jarraitzen dituztela zein material prestatu erabakitzeko."Batetik, irakasle sare bat daukagu, lanbide eskoletan lan egiten dute eta gurekin harremana dute. Horiek esaten digute zein gai izango den garrantzitsua, zer premia dagoen, zer falta den eta abar. Horrela, arlo horietan zer egin dezakegun ikusten dugu. Bestetik, guk geuk ere ikusten dugu zer material dagoen, zer ez dagoen eta horren arabera erabakitzen dugu".

Zein material egin erabaki ondoren, sortu egin behar da eta lan horretarako ere antolatu egin behar da. Ansak dioenez,"irakasle sare horrekin harremanetan jarraitzen dugu eta haiek bilduta dauzkaten apunteak hartzen ditugu. Apunte horiek osatu, egituratu, ariketak sartu eta curriculumera egokitzen ditugu". Ikasmaterialaren ehuneko handi bat irakasleek sortua da beraz, eta hori osatu egiten dute beste liburuak begiratuz eta kontsultatuz.

Administrazioak prestatzen dituen materialak ere irakasleek egindakoak dira. Aramendik azaldu digunez, " IRALEren bidez iaz Lanbide Heziketako 11 irakasle egon ziren honetara dedikatuta eta aurten 15 daude. Irakasle horiek 15 eguneko prestakuntza ikastaro bat jasotzen dute, eta ondoren lau hilabetez jarduten dira ikasmaterialak sortzen. Premiak handiak badira ere, zehar lerroko modulu guztietarako testuliburuak edukitzea lortu da".



Liburuak eta Internet

Lanbide Heziketarako euskarazko materiala sortzeak lan asko eskatzen badu, merkaturatzeak ere baditu bere oztopoak. Ezen, ikasle taldeak txikiak eta sakabanatuak izanik, eta ikasgai asko hautazkoak eta espezifikoak direnez, argitaletxeentzat ez da errentagarria liburu horiek saltzea."Administrazioak laguntzak ematen ditu, baina beste mailetan bezala"irizten du Ansak."Lanbide Heziketak arazo bereziak dituenez, planteamendu eta laguntza bereziak egon beharko luketela uste dut".

Liburuez gain, badago beste aukera edo bitarteko bat Lanbide Heziketako materiala eskuratzeko: Internet. Aipatutako aniztasunaren eta sakabanaketaren aurrean Internetek liburuek ematen ez duten aukera eta malgutasuna eskaintzen ditu, eta bide batez kostuak murrizteko aukera ematen du."Talde oso txikientzat egokia da daukagun materiala Interneten jartzea edonork erabiltzeko moduan. Horrela, hutsune hori betetzen dugu" dio Ansak. Lehendabiziko urtea da Elhuyarrek material hori Interneten jarri duela. Emaitza onak ematen baditu eta positiboa dela ikusten bada, bide hori ere jorratzen jarraituko dutela adierazi digu.

Lanbide Heziketan euskarazko materiala egiteak bi helburu dituela esan genezake. Bata, irakaskuntza bera euskaraz emateko materiala egon dadin bermatzea. Eta bestea, ikasketak bukatu eta lan mundura igaro ondoren, euskaraz lan egiteko trebatua egotea. Horrek, noski, enpresak euskaraz ikasi duen langilea hartzeko prest egotea eskatzen du. Hor dago apustua.





Enpresak euskalduntzeko plangintzak

Irakaskuntzan D eredua gero eta zabalduagoa egon arren, Lanbide Heziketako proportzioa beste etapetakoa baino txikiagoa da. Horrek gizartean oraindik guztiz jabetu ez garen alderdia islatzen du; zenbat eta gehiago hurbildu lan mundura, orduan eta garrantzi gutxiago ematen zaio euskarari. Guraso, irakasle eta ikasleen aldetik euskararen alorra lantzeko egon den presioa edo nahia txikiagoa izan da lan mundutik gertuago dauden adarretan.



Horrek, halaber, lantegietan gertatzen dena esplikatzen du. Enpresa batean langile euskaldunen portzentaia altua izan arren eta ahozko harremanak euskarazkoak izanagatik, horrek oso isla txikia du enpresaren komunikazio harreman formaletan, laneko prozeduretan, bileretan eta abar.

Nolanahi ere, gizartea gero eta kontzienteago da oinarrizko heziketa euskalduntzeak ez duela etorkizunik horrek gizartean islarik ez badu. Ez da nahikoa ikasleak euskalduntzea. Gazteak banan-banan sartzen dira lantegietan eta hango egituretan integratu behar dute. Hango hizkuntza ohitura, egitura eta funtzionamendua gaztelaniazkoa bada, gazte horiek gaztelaniaz funtzionatuko dute eskolaurretik hasita ikasketa guztiak euskaraz eginak eduki arren. Euskaraz ikasitako belaunaldi berriak ez du lan mundua euskaldunduko, alderantziz baizik.

Euskararen normalkuntzak beste urrats bat eman behar du lan munduan, eta badago horren kontzientzia administrazioaren aldetik, euskalgintzan dabiltzanen aldetik eta gero eta lantegi gehiagoren aldetik. Horregatik, gero eta enpresa gehiago dira euskalduntzeko plangintza martxan jartzen ari direnak. Plangintza hauek enpresaren ezaugarri eta premietara egokitutako prozesu planifikatuak dira, eta beren helburu nagusiak euskararen erabilera areagotzea eta enpresa euskararen gestioaz jabetzea dira.

Gaur egun era guztietako 50 enpresa inguru dabiltza plan horietan: industrialak, zerbitzuetakoak, kooperatibak, elkarte anonimoak, euskaldun portzentaia altukoak, baxukoak... Horrelako plan integralak dituzten gehienak Bizkaia eta Gipuzkoakoak dira. Dena den, Araba eta Nafarroan enpresako batzordeak edo zuzendaritzak bultzatuta arlo hori jorratzen ari diren lantegiak ere badaude. Elhuyar, Emun eta Artez aholkularitza enpresak eta zenbait euskaltegiren laguntza eta zerbitzua jasotzen dute enpresa horiek planak abian jartzeko eta aurrera eramateko.

Emun kooperatiba elkartea orain dela hiru urte hasi zen lan eremua euskalduntzeko zerbitzuak eskaintzen. Gaur egun 25 enpresarekin ari da lanean, gehienak Debagoiena bailarakoak eta kooperatibak direlarik. Emunek euskararen erabilera areagotzeko planak eskaintzen ditu, eta baita euskarazko aholkularitza teknikoa eta kalitatezko zerbitzu osagarriak ere. Euskalduntze planen helburu nagusia euskara zerbitzu hizkuntza izateko pausoak ematea da. Euskara erabiltzea bai idatziz eta bai ahoz, barneko nahiz kanpoko harremanetan, maila informalean zein formalean, betiere gauza eraginkor eta errealetatik hasita.

Horretarako, plan bat egin behar izaten da eta horrek bi etapa nagusi ditu: azterketa fasea eta diseinua, eta planaren garapena edo ezarpena. Lehenengo fasean enpresaren egoera aztertzen da: zenbat langile dauden, zenbat diren finkoak, adina, euskaldunen kopurua, jarrera... Argazki horrekin diseinua egiten da, hots, enpresa zein langileak ezagutu: enpresaren jarduera, organigrama, langileen datuak, bezero eta hornitzaileak eta planarekiko duten jarrera. Datu orokor hauek bildu ondoren, diseinua egiten da eta bertan zehazten dira helburuak, bitartekoak, egutegia eta ebaluazio mekanismoak. Normalean hiru urteko planak izaten dira."Oso garrantzitsua da lan hau guztia enpresarekin batera egitea eta adostasuna lortzea hurrengo fasera pasa ahal izateko" dio Dani Larrea Emun kooperatiba elkarteko kideak.

Planaren garapenak osatzen du bigarren fasea, eta hori martxan jartzeko hiru tresna erabiltzen dira bereziki: euskalduntze-alfabetatze taldeak, erabilera taldeak eta euskara batzordea. Euskalduntze taldeen bidez euskara eskolak eskaintzen zaizkie euskaraz ez dakitenei. Erabilera taldeak, berriz, euskaldun hiztunek osatzen dituzte. Lan esparru bereko 8-10 langile biltzen dira euren harremanetako hizkuntza ohitura aldatzeko. Beraien jarduerak identifikatu, aztertu eta garatzen dituzte. Eurak dira beren helburuak ezartzen dituztenak eta horiek lortzeko zer egin behar duten zehazten dutenak. Talde hauek planaren ardatza dira, langileak motibatzea, trebatzea eta inplikatzea bideratzen dute.

Talde hauek koordinatzen dituena euskara batzordea da. Plangintzaren jarraipen orokorraz arduratzen da. Erabilera taldeetako ordezkariek eta zuzendaritzaren zein langileriaren ordezkariek osatzen dute."Garrantzitsua da zuzendaritzako ordezkaria euskararen aldeko jarrera ona daukana izatea. Izan ere, euskara batzordean hartzen diren erabakiak zuzendaritzak onartzeko modukoak izatea komeni da" dio Juan Luis Arexolaleiba Emuneko kideak"Euskara batzordea enpresaren eguneroko martxan euskarari tartea modu eta erritmo egokienean txertatzeko tresna eta bultzatzaile nagusiena da".

Ebaluazioak ere garrantzia du, hau da, ematen diren pausoak neurtu egin behar dira; bai planaren diseinua, bai inplikazioa eta bai hizkuntza normalkuntzaren emaitzak. Elhuyarreko euskara plangintzen tenikari den Tere Barrenetxearen ustetan planaren bukaeran enpresak autonomiaz jarraitzeko ahalmena eduki behar du"Jabetze prozesu bat gertatu behar da. Hau da, hasieran planteatutako helburuek eutsigarriak izan behar dute enpresaren baitan. Gu ez gaudenean euskararen presentzia eta erabilera maila horrek enpresak berak bere kabuz eusteko modukoa izan behar du, ez du izan behar beti kanpotik bultzatzen jardun behar dugun zerbait".

Horregatik, helburuak bi mailatan neurtu behar direla dio Barrenetxeak"Batetik, helburua euskararen erabilera eta presentzia altuagoa izatea nahi denez, hori neurtzeko indizeak jarri behar dira hasieran nahiz bukaeran. Eta bestetik, prozesu horren ardura enpresak hartu behar du; hots, enpresak euskararen erabilera kudeatzeko behar dituen jakintza eta tresnak eduki behar ditu".

Dena dela, euskararen erabilera areagotzeko hartutako neurriak lantegietan txertatuta geldi daitezen lortu behar da. Hasieran euskarako plana enpresako arlo guztiak ukitzen dituen zerbait da, baina gero enpresan txertatuta gelditu behar du. Esaterako, kalitateko dokumentazioaz euskara batzordea ardura daiteke hasieran, baina gero kalitate departamentuaren esku gelditu behar du, bere lanean txertaturik.

Orain arteko esperientziak ikusita bai Elhuyarrekoak eta bai Emunekoak pozik daude."Lantegi guztietan dago euskararen erabilera gehitzeko aukera ongi planifikatuz gero. Kasu batzuetan gehiago lortzen da eta beste batzuetan gutxiago. Nik uste du emaitzak oso onak izan direla orain arte" dio Barrenetxeak."Gure kasuan MCC kooperatibak hiru urteko plana bukatu du eta hurrengo hiru urterako beste plangintza bat egin du"gehitu du Larreak."Hasieratik garbi zeukan jarraitu egingo zuela. Beste lantegi batzuek ere laster bukatzen dute plana eta dagoeneko batzuek esan digute segitu egingo dutela. Beraz, seinale ona da hori".

Arexolaleibak beste faktore garrantzitsu bat aipatu du: ugalketa"Gero eta lantegi gehiago dira honetan dabiltzanak eta horrek era badu bere eragina. Ez da gauza bera irlak bezala han-hemenka batzuk topatzea edo inguruko beste batzuk ere horretan dabiltzala jakitea. Konfidantza eta indarra ematen du horrek". Ugalketa horren arrazoia gizarteko egoeraren bultzada izan da. Azken urteotan euskararen aldeko jarrera eta bere normalizaziorako dinamika areagotu dira; Kontseiluaren "Bai euskarari" kanpaina, 23 giza sektoretan landutako plan estrategikoak... Lan munduko eragileek gizartearen bultzada hori behar dute, eta badu eragina gizarteko beste arloetan egiten denak.

Hemendik aurrera ugalketa joera horrek jarraitu egingo duelakoan daude aditu hauek. Larreak dio enpresetako jendea ez dagoela gaur egungoari begira soilik, etorkizuneko planak eta asmoak bideratzen ari dela."Aipagarria da, adibidez, Fagor taldeak Euskara Fundazioa sortu duela. Enpresaren irabazietatik ehuneko jakin bat fundazio horretara bideratzen dute. Horrela, bihar edo etzi enpresaren egoera ekonomikoa okertzen bada, fundazioko dirua edukiko dute euskararen plangintzarekin jarraitzeko". MCC korporazioak ere orain dela hiru urte 15 milioi pezeta bideratu zituen euskara planetarako, duela bi urte 18 milioi eta aurten 20 milioi.

Askok usteko dute enpresek aurpegia garbitzeagatik egiten dutela hau guztia, marketin hutsagatik. Nahiz eta puntu eztabaidagarria izan, Barrenetxearen ustez hori ez da egia."Aurpegia garbitze kontua izango balitz, euskararen erabilera kanpo harremanetan areagotzea izango litzateke lehen helburua, eta ez da horrela izaten. Lehen proiektuak beti barrura begirakoak izaten dira; barruko bilerak, dokumentazioa, zirkularrak, langileen arteko harremanak... Barruan gauzak erosotasun minimo batez egin arte ez dira ausartzen bezeroekin euskarazko harremanak izatera, hornitzaileei zerbitzuak euskaraz eskatzera, trebakuntza jarraia euskaraz eskatzera...



Planak martxan jartzeko baldintzak

Horrelako plan bat martxan jartzeko bi baldintza behar dira, euskararen aldeko ardura izateaz gain:



1-Egoera ekonomiko onean egotea . Egoera ekonomiko txarrean egonda zailagoa da horrelako prozesuan sartzea, beste gauza batzuei emango baitzaie lehentasuna.



2- Kudeaketa aurreratua izatea . Enpresa batek antolaketa klasikoa eta egitura zaharkitua badu, ez da sartzen horrelako prozesu batean. Izan ere, euskararen gaia ez da epe motzera ikusteko moduko etekinak dituen inbertsioa. Epe luzera beste balio batzuk lantzen ari den enpresa izan ohi da horrelako planetan sartzen dena. Balio horiek bere giza taldea trinkotzea, inguruan bizirik dauden kezkei erantzutea eta abar izan daitezke. Horri deitzen zaio kudeaketa aurreratua izatea.



Planak arrakasta izan dezan bete behar diren baldintzak

1- Langileen konpromisoa :

- Euskara Batzordeak eragile gisa eginkizun garrantzitsua du, guztiaren motor eta bultzatzaile izan behar du.

- Langile euskaldunek prozesuarekiko jarrera gogotsua izatea.

- Euskara ez dakiten langileek euskara borondatez ikastea.



2- Enpresaren konpromisoa:

- Baliabideak jartzea eta plangintza abian jartzeko erabakiak hartzea.



3- Aholkularitza enpresaren konpromisoa (Emun, Elhuyar, Artez...):

-Planifikazioa eta metodologia egoki aplikatzea.





Elay Taldearen zortzi urteko esperientzia

Antzuolako Elay taldeak orain dela zortzi urte jarri zuen abian enpresa euskalduntzeko plana. Bera izan zen aitzindaria eta gaur egun esperientzia gehien duena da. Zer esan eta zer erakutsia badu, beraz. Anaje Narbaiza Euskara batzordeko kidea, prest agertu da azalpen horiek emateko.



Hasteko, esango al diguzu nolako enpresa den Elay taldea?

Negozio Unitate ezberdinak dituen enpresa taldea da; Ebaketa Zehatza eta Gain Moldaketa Antzuolan dagoen Elay Industrial SAn eta Mexikoko Celay SA de CVn lantzen dira; Estaldura Extragogorretan partaidetza duten enpresak aritzen dira, hots, Balzers-Elay SA Antzuolan eta Bartzelonan, eta Balzers SA de CV Mexikon; eta azkenik, talderako aritzen diren zerbitzu enpresak daude, Elay SA Antzuolan eta Elay-Deutschland GMBH Alemanian.

Euskara Plana Antzuolan dauden bost enpresetan (Balzers-Elay, Seytra, Elay industrial, Trokelay eta Elay SA) ari da garatzen, eta egun 279 langile ari dira lanean.

Euskara Plana garatzeko dauden giza baliabide zuzenak honako hauek dira: hiru Euskara Batzorde, Euskara Batzordeetako hiru koordinatzaile-idazkari, ni neu, Ioseba Otaño eta Aitor Rementeria, eta plana ebaluatzeko Kalitate Segurtasuneko arduradun diren Xabier Telleria eta Ketxus Amasorrain. Denon eginkizuna euskararen erabilera areagotzeko neurriak bidean ipintzea da.



Enpresa euskalduntzeko planarekin hasi zineten lehenengoak zarete, orain dela zortzi urte, hain zuzen ere. Zerk bultzata abiatu zineten? Zein arrazoirengatik?

Alde batetik, garbi zegoen inguruko eskoletan denak euskaraz ikasten zihardutela. Bagenekien hezkuntza sistemak eskaintzen zigun pertsonaren osotasuna garatu nahi bagenuen, euskaraz funtzionatu behar genuela. Hori izan zen hasierako pausoa ematen lagundu zigun hausnarketa.

Bestetik, enpresa honek betidanik eduki du euskararekiko sentsibilitatea eta euskararen plana gauza zedin beharrezko hedadura eman zion.

Orain dela zortzi urte %65 euskaldunak ginen. Era berean, inguruak ere asko lagundu zigun. Antzuolan herritar gehienak euskaraz bizi dira.

Gauzak horrela, euskaraz funtzionatzeko plana, enpresaren aldetik eta langileen aldetik, nahi osoz onartu zen.



Euskaraz ikasitako gazteak aipatu dituzu. Enpresa euskalduntzen laguntzen al du gazte horiek edukitzeak?

Bai, baina horrek tranpa buelta bat dauka. Gazteak euskaraz ikasitakoak dira, baina lanean hasten direnean eta beren inguruak gaztelaniaz funtzionatzen duela ikusten dutenean, beraiek ere gaztelaniaz hasten dira inori ezer galdetzeke, eta ez dira gauza euskaraz lan egiteko. Tresna eta agiri guztiak gaztelaniaz baldin badaude, nahiz eta langile berria euskaraz ikasitakoa izan, ezingo du euskaraz lanik egin.

Horregatik, ez da nahikoa gazteak euskaraz ikasita etortzea. Lantegian euskaraz lan egiteko baliabideak jarri behar dira. Hori ezinbestekoa da. Are gehiago, ausartzen naiz esatera, enpresan gauza guztiek euskaraz funtzionatuko balute eta erdaldun bat etorriko balitz, laster asko jarriko litzatekeela lana euskaraz betetzera. Lehenengo egunean galdetu egingo luke, bigarren egunean ere bai, eta hirugarren egunerako autonomia osoz beteko luke bere zeregina.



Zein egoeratan zeundeten orain dela zortzi urte?

Hasi ginenean, beste enpresek bezalaxe gureak ere gaztelaniaz funtzionatzen zuen.

Zein urrats eman zenituzten egoera hori aldatzen hasteko?

1992an Elhuyarrekin harremanetan jarri ginen, eta beraien laguntzarekin ezarri genuen plana, beraiek egin ziguten hasierako diseinua. Nahiz eta orain guk geuk jarraitu planarekin, oraindik ere behar dugun laguntza teknikoa beraiengandik jasotzen jarraitzen dugu.

Plana hasi aurretik eta bideragarritasun txostenaren datuak eskuan edukita, Enpresako Zuzendaritza Kontseiluak babesa eman zion planari baldin eta langileak onartzen bazuten. Izan ere, enpresak babesa eman ezean ezinezkoa zen horrelako plan batek zekarren gastuei eta buruhausteei aurre egitea. Gauza bera gertatzen da langileek nahi ez badute ere. Beraz, langile guztiei, 10-12ko talde txikitan banatuta, planak zer eskaintzen zuen azaldu zitzaien, beraiek zer lortuko zuten, zein esfortzu egin beharko zuten eta zenbat denborarako izango zen.

Azken helburua euskaraz funtzionatzea izango zela jakinda, Batzar Orokor bat burutu zen 1992ko otsailaren 2an, eta %99k baiezkoa eman zion planari.Garai hartan 150 langile ginen.



Beraz, euskaraz funtzionatzeko lehenengo urrats sendoa emanda zegoen.

Zein erabaki edo neurri hartu izan dituzue?


Bi etapa bereiztuko nituzke: lehenengo lau urteak eta azken lau urteak.

Hasierako lau urteetan batez ere bi neurri hartu genituen. Bata erdaldunentzako klaseak jartzea. 50 lagunetik gorak hartu zuten parte, batzuek zekitena osatzeko, beste batzuek alfabetatzeko eta beste batzuek ikasteko. Ikaste prozesuan langileen %35ak parte hartu bazuen, momentu honetan horietatik %25ek bukatu du.

Beste neurria komunikazio zirkuluak ezartzea izan zen. Hau da, euskaldun zaharrek euren lana euskaraz betetzeko zein oztopo zituzten aztertu zuten eta zein irtenbide izan zezakeen proposatu. Adibidez, agiri bat euskaratzeko prozesuan erdaldun bat baldin bazegoen, zer neurri har zitezkeen aztertzen zen agiri hori euskaratua izan zedin langile erdaldunaren hizkuntza eskubideak urratu gabe.

Komunikazio zirkuluen bidez egindako azterketa hauetatik euskara areagotzeko proposamenak eta neurriak ateratzen ziren. Ondoren, zuzendaritzak onartzen bazituen, martxan jartzen ziren. Esaterako, makinen errotuluak, eskuz betetzeko zenbait agiri...

Komunikazio zirkuluek lau urte iraun zuten. Bosgarren urtetik aurrera laga egin genuen eta Euskara Batzordea sortu genuen. Ordutik aurrera batzorde honek aztertzen du edozein premia edo zalantza. Hori da momentu honetan daukagun tresna. Bertan enpresako departamentu guztietako buruak eta zuzendaritzakoak daude.

Horrez gain, seigarren urtetik aurrera euskararen prozedurak martxan jarri ziren eta dagoeneko bi auditoria egin ditugu urtean zehar hartutako neurriak betetzen diren ala ez ikusteko.



Auditoriak egiteaz aparte, zer jarraipen eskatzen du lan honek?

Sekula amaitzen ez den lana da. Nahiz eta errotuluak aldatu, egunero-egunero gauza berriak sortzen dira eta euskararen erabilpena ziurtatu egin behar da beti. Oraindik normalizatu gabe dago euskara, eta horrek jarraipena eskatzen du, gainean egotea.

Erdaldunen hizkuntza eskubideak zapaldu gabe areagotzen ari zarete euskararen erabilera. Zein da hori bermatzeko hartu duzuen jarrera edo jokaera?

Hasiera-hasieratik Zuzendari Orokorra den Santiago Zabaletak bermatu zuen erdaldunen hizkuntza eskubideak ez zirela urratuko eta bera izango zela horren bermatzailea. Beraz, helburua ez da errotulazioa, agiriak eta abar euskaraz jartzea soilik, baizik eta denok elkar ulertuko dugula bermatzea. Euskara ez dugu erabili behar berari gertatu zaiona gaztelaniari gerta dakion, hots, zapaltzeko. Ea gauza garen gaztelania zapaldu gabe euskarari dagokion lekua eta maila emateko, hori izango da euskara planaren lorpenik handiena. Egun 279 langile gara eta horietatik 13k ez dakite euskaraz. Inork ez du zalantzan jartzen Elay Taldean dauden artean beraien hizkuntza eskubideak errespetatu egingo zaizkiela.



Barne eta kanpo komunikazioa bereiztu al dituzue planean?

Bai, bereiztu ditugu. Barne komunikazioari dagokionez, geure esku dago eta guk nahi dugun neurrian lana euskaraz beteko dugu.

Kanpora begira hornitzaileak eta bezeroak daude. Balzers Elayn Euskal Herriko bezeroei informazioa elebiduna bidaltzen zaie. Taldeko gainerako enpresetan, bezeroak atzerrikoak dira eta horiekin ez daukagu arazorik, ez da ezer aldatu-eta. Hornitzaileak, aldiz, Euskal Herrikoak dira, eta hauekin dugun harremana ez dago batere normalizatua. Ahozko harremana euskarazkoa dugun hornitzaileekin euskaraz funtzionatzen dugu, baina besteekin ez. Askotan beldurra atzematen dugu euskaraz egiteko, ez baitakigu zein den euren errealitatea eta sentsibilitatea. Beste enpresa horietan euskaratzeko planak ezartzen ez diren bitartean ezin da bermatu euskaraz normaltasunez funtzionatuko dugunik. Hori ere gainditu egin beharko dugu, noski. Eta horretarako denbora beharko da.



Nola aztertzen edo ebaluatzen duzue plana?

Aztertzeko erabiltzen dugun metodoa beste edozein produktu kontrolatzeko erabiltzen dugun berdina da, hau da, prozeduren bitartez. Esaterako, kalitateko prozedurek daukaten ekinbide eta jarraipen bera dauka euskararen prozedurak ere. Kalitateko Prozeduretan aurreikusita dago produktua nola atera behar dugun, eta produktua ateratzeko barneko betebehar guztiak euskaraz burutu behar ditugula. Beraz, ez da produktuaren kalitatea soilik ziurtatzen, baita produktua ateratzeko ezarrita dagoen euskara politika erabiliko dela pauso guztietan.



Zenbateko kostua du horrelako plan batek?

Hori enpresaren araberakoa izango da. Guk hasierako 4 urteetan 10-15 milioi pezeta inguru gastatu genituen urtean, eta gaur egun 5 milioi inguru gastatzen ditugu. Pauso bat aurrera jo behar den bakoitzean gastu ekonomiko bat egin behar izaten da. Gastu horiek premien araberakoak izaten dira. Horregatik, agian datorren urtean gehiago gastatu beharko dugu, edo gutxiago. Gorabeherak egon daitezke, baina garbi eduki behar da planaren ezarpenak gastuak sortuko dituela. Baita esan, hasiera-hasieratik Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso izan ditugula euskararen plana garatzen joateko. Dirulaguntza horiek gastuaren %20 ingurukoak izan dir.



Merezi al du horrelako plana martxan jartzeak?

Bai, noski. Orain dela zortzi urte gaztelaniaz soilik aritzen ginen, eta urte hauetan zalaparta handi barik eta gauzak nahiko normal joanda, pauso garrantzitsuak eman dira. Hori guztia jendeak eduki duen borondateari esker, ikasteko egin duten esfortzuari esker eta komunikazio zirkuluetan egindako lanari esker izan da. Beraz, nahi orokor horri esker lortu da. Enpresan bizi garen komunitate txikiak nahi izan duelako iritsi gara gauden lekuraino.

Merezi izan du, eta oraindik hasiera besterik ez da izan. Denbora beharko da inork atzetik kontrolatu gabe euskaraz funtzionatzeko, baina etorriko da.

Aipatzekoa da, gainera, planak dakarren hizkuntza azterketa ez dela hizkuntza aztertzeko soilik, enpresa osoa aztertzen laguntzen duen tresna baizik. Azken batean, hizkuntzaren bitartez harremanak, zirkuituak eta barruko ohitura guztiak aztertzen dira. Hankaz gora jartzen da ezarrita dagoen sistema osoa, dena aztertu behar da zerotik hasita eta enpresa guztiak parte hartuko duela bermatzen da. Oso gai interesgarria da eta langileen parte-hartzea areagotzeko bide aproposa. Are gehiago, gizartean integrazioa bideratzeko egokia iruditzen zait, oso.