Juul: artea eta hezkuntza uztartuz

2001-01-01
Ipuin kontaketa berezi baterako gonbitea luzatu ziguten Nafarroako Ikastolen Elkartetik, eta horrela, Iruñeko Planetariora gerturatu ginen. Urdina nagusi zen aretoan Juul pertsonaiaren eskulturak zeuden; lurrean Elizondoko Baztan ikastolako haurrak adi-adi eserita; eta zutik, Paco Abril ipuin kontalari gijondarra. Juul ipuina kontatzera zihoan, baina aurretik galderak egin zizkien baztandarrei: nori gustatzen zaio iraintzea? Nork ez du inoiz inor iraindu? Nola sentitzen zarete iraintzen zaituztenean? Zer sentitzen duzue barruan? Zer egiteko gogoa sortzen zaizue? Garbi ikusi genuen ez gindoazela ohiko ipuin kontaketa bat entzutera.
 
 
Haurren erantzunak aditu ondoren hasi zen Paco Abril Juul-en ipuina kontatzen. Horretarako, aretoan zeuden eskulturez baliatu zen. Ipuina kontatzearekin batera, haurrei galderak egiten jarraitzen zuen, eta oharkabean, ipuinean murgildu ziren denak.

Juulek haur bat irudikatzen du, guztiek iraintzen duten haur bat. Ile kizkurra duenez denek iraindu egiten dute, eta ilea mozten du. Burusoil gelditu ondoren, denek belarri handiak dituela esaten diote, eta belarriak mozten ditu. Ondorioz, txanoa erori egiten zaio eta begiak estaltzen dizkio. Itsuka ibiltzen hasten da eta begiak zabal-zabal irekitzen ditu ez erortzeko. Betokerra deitzen diote, eta begiak kentzen ditu. Urduri jartzen da eta hitz-totelka hasten da. Horregatik ere iseka egiten diote eta mihia erretzen du entxufean sartuta. Gero hankak mozten ditu eta gurpildun aulkian gelditzen da. Besteengandik alde egiteko besoez mugitzen zuen aulkia, eta erabat zikindu zitzaion. Horregatik, besoak ur irakinetan sartu zituen garbitzeko, baina erre egin zitzaizkion. Juuli soina baizik ez zitzaion gelditzen. Beste haurrek burua kentzen diote eta futbolean jolasten hasten dira. Baina guztiz biribila ez zenez, berehala uzten dute bazterrean. Orduan, Nora agertzen da, bere panpinaren aulkian jartzen du eta Juuli zer gertatu zaion galdetzen dio. Arkatz bat ematen dio eta Juul bere istorioa idazten hasten da.



Ipuina kontatu bitartean haurrek iseka, trufa eta irainen inguruko burutazioak adierazi zituzten. Paco Abrilek, erakusketako eskulturekin eta haurrekin arituz, norberaren estimak duen garrantzia agerin utzi zuen.



ABRIL, Paco: "Ipuinak ikasketaren etengabeko iturri dira"

Paco Abril gijondarrak 20 urte daramatza batean eta bestean ipuinak kontatzen. Haatik, ipuinak kontatu ez ezik, horietako bakoitzarekin landuta daukan hezkuntza proiektua praktikan jartzen du. Koadroez eta eskulturez baliatzen da horretarako.

Momentu honetan haurrentzako ipuinen hamabi erakusketa ditu prestaturik. Horietako bat, Juul izenekoa, Iruñean eta Lizarran egon da ikusgai. Nafarroako Ikastolen Elkarteak Gregie de Maeyer-en Juul ipuina euskaratu du, eta argitalpen honen aurkezpenera gerturatu zen Paco Abril Iruñera eta Lizarrara bere erakusketarekin, ipuinarekin eta hezkuntza proiektuarekin.




Juul ipuinaren kontaketa entzun duten irakasleek ipuin gogorra dela esan dute. Zer uste duzu zuk?

Egia da ipuin gogorra eta krudela dela, baina helduok literalki irakurtzen dugu, eta ez metaforikoki.

Niretzat Juul hezkuntza proiektu oso gogorra da, baina haurrak berehala indentifikatzen dira berarekin, benetako ispilua da beraientzat. Juul egunero gertatzen den zerbait da.

Horrelako ipuin beldugarria entzutean, helduok pentsatzen dugu haurrek imitatu egingo dutela, eta nik uste dut ez dela hori gertatzen. Haurrek guztiz kontrakoa ikusten dute. Badirudi ezetz, baina haurrek ondo bereizten dituzte ipuina eta errealitatea. Zergatik ez dituzte sorginak imitatzen? Apoak ikustean zergatik ez dituzte musukatzen printze bihurtuko diren esperantzan? Badakite metafora bat dela.

Ipuina homeopatikoa izatera irist daiteke. Homeopatia zure gaixotasunetik pixkat bat ematen dizun sendagaia da. Haurrei Juulekin eta beste ipuinekin beren gaixotasunaren zatitxo bat ematen zaie, antidoto bat izan dadin eta beren gorputzak horren aurka erreakziona dezan.

Nik ez dut Juul dogmatikoki defendatzen, ezta gutxiagorik ere. Nik ipuin honekin egin dudan hezkuntza proiektua etahorrekin lortzen dudana defendatzen dut.



Zer da, bada, Juul ipuinarekin lortu nahi izaten duzuna?

Helburua haurrak Juulen arazoaz konturatzea eta kontziente izatea da. Izan ere, etengabe ikaskideen arteko harremana ongarritu edo sostengatzen ari da arazo hori, barneko indarkeriaren arazoa da, berdinen arteko indarkeriarena. Askotan irakasleak eta gurasoak ez dira konturatzen. Horregatik, helburua beraiek kontzientziatzea eta beraien arteko liskarrak gutxitzea da.



Azpimarratzekoa da ez duzula ipuina kontatu soilik egiten, horren azpian zerbait gehiago dagoela.

Ipuin bakoitza hezkuntza proiektu bat da, ez da narrazio hutsa. Ipuina ardatza da eta bere inguruan hezkuntza proiektu bat garatzen da.



Zergatik garatzen duzu proiektu hori ipuinen bitartez?

Ipuinak haurtzaroko mapa afektiboa direlako. Ipuinak haurrentzat errealitatea ulertzeko bide dira, beste modu batera ulertzen ez dituzten gauzak ulertzen dituzte ipuinen bitartez, eta batez ere sentimenduak. Izan ere, sentimenduak haurren gehienezko adierazpenak dira; haurrek txikitatik sentitzen dute, baina ez dakite sentitzen duten hori adierazten. Helduok ere zailtasun handiak izaten ditugu sentitzen duguna adierazteko. Sarritan esaten dugu sentitzen duguna adierazteko hitzik ez dugula aurkitzen. Helduok zailtasun hori baldin badaukagu, haurrek ere nola adieraziko dituzte beren sentimenduak oraindik garatu eta egituratu gabeko hizkuntza baldin badute?

Horregatik nioen ipuinak haurtzaroko mapa afektiboak direla, beren portaera propioaren klabeak ematen dizkielako. Ipuinak ispiluak dira, eta ipuineko pertsonaiei gertatzen zaiena beraiei pasatzen zaiela ikusten dute. Adibidez, haur batek beldurrezko egoeran dagoen protagonistari gertatzen zaiona berari pasatzen zaiola ikusten badu, identifikatuta sentituko da. Eta horixe da ipuinek eskaintzen duten dohaietako bat, identifikatzeko dohaia. Pertsonaiekin eta haiek bizitzen dituzten egoerekin identifikatzen dira. Ondorioz, sentimenduen mapa afektibori hori egiten joaten dira eta beraien sentimendu propioak gainditzen eta ulertzen ikasten dute ipuinen bidez.



Ipuinekin batera, ilustrazioaren indarra ere nabarmena da. Lan hauek arte plastikoa eta literarioa batzen dituzte.

Bai, hala da. Ipuinen erakusketak diren bezala erakusten dira, hots, artelanak bezala. Zeren, haurrentzako liburu askotako ilustrazioak benetako artelanak dira. Gertatzen dena da oharkabean pasatzen ditugula.

Nik egin ditudan erakusketetan testua eta irudiak biak erakusten dira, eta haurren altueran kokatuta egoten dira, gainera. Erakusketa guztiak koadroekin egindakoak dira, eta Juulena da eskulturekin egindako bakarra. Erakusketa bakoitzetik hezkuntza proiektu bat egiten da



Zein da honen guztiaren atzean dagoen filosofia?

Lehen esan bezala, hezkuntza proiektu bat da, proiektu globala. Gizakia bere osotasunean hartzen duen proiektua da.

Proiektu hauetan zera nahi dut: haurra bere osotasunean inplikatzea. Haurrak gauza asko irakaskuntzarik gabe ikasten ditu: mugitzen, hitz egiten... Ez dugu ahaztu behar gizakion ikasketarik garrantzitsuena irakaskuntza araututik at egiten dela.

Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte etengabe ikasten ari gara, bai gauza onak eta bai txarrak. Hori ikasketa da. Baina irakaskuntza bizitzako momentu zehatz batean egiten den interbentzioa da. Orduan, gizakiok batez ere gure portaeraren bitartez ikasten dugu. Horregatik esan zuen batek hezkuntzaren definizio egokiena zera izango litzatekeela: ikasketa mesedetzen duen hura da hezkuntza. Beraz, haurrei ikasten laguntzen ez badiegu , ez dute ikasiko. Ez da gauzak sartzea, baizik eta beraiek beren nia eratzen joatea.



Zer eragin dute ipuinek ikasketa horretan

Ipuinek izugarrizko garrantzia dute haurrentzat, ipuinen bitartez gauza pila bat ikasten baitituzte. Ipuinak ikasketaren etengabeko iturri dira. Ipuinen bitartez besteekin erlazionatzen ikasten dute, oharkabean alde egiten diguten errealitateri buruzko galderak egiten dituzte... Kontraesana dirudi, baina fikzioaren bitartez iristen dira errealitatera haurrak. Errealitatean ez daude ipuinetako sorginak, mamuak, ankerrak... baina bai beldurrak. Eta ipuinen bitartez haurrak berak ere bere beldurrak gaindi ditzakeela ikasten du.





Zer iritzi duzu irakurketaren dinamizazioari buruz?

Zer ulertzen dugu irakurketaren dinamizazioa bezala? Hori da lehendabizi argitu behar duguna.

Normalean neska-mutilek ez dutela irakurtzen esaten da. Eta zergatik ez dute irakurtzen? Zer egin behar dugu haurrek irakur dezaten?

Nik uste dut alderantziz hasi beharko genukeela: nola ez egin haurrak irakurle? Ez gara ez-irakurle jaiotzen, baizik eta irakurle egiten gaituzte jaiotzen garen unetik beretik. Oztopo izugarri jartzen zaizkigu irakur ez dezagun. Lehen oztopoa familia da; oso haur gutxik ikusten dituzte gurasoak irakurtzen. Eta haurrek helduek egiten dutena imitatzen dute. Beraz, irakurtzen ikusten ez badituzte, ez dira irakurketan zaletzen.

Oso guraso gutxik irakurtzen edokontatzen dizkiete ipuinak seme-alabei. Beraz, hori ere ez dute ikasten.

Eskolan, irakurketaren plazerra garatu beharrean, irakurketa inposatu egiten da. Eta hori kontraesana da; haurrak ez du irakurtzeko plazerra garatuko irakurketa hori inposatu egiten bazaio.

Eskolak irakurtzen irakatsi behar du, ados. Eskolak haurrek irakur dezaten lortu behar du, ados. Baina inposaketak irakurtzeko desioa errotik kentzen du. Beraz, beste zer egin dezakegun pentsatu behar da. Eta hori Piagetek orain dela urte asko esaten zuen: "Gauza ez da haurrek nahi dutena egitea, baina bai egiten dutena nahi izatea".



Gela barruko hezkuntza gizartera eramatearen aldekoa zara.

Ni horretan ari naiz lanean Gijongo Udaleko Kultura eta Hezkuntza Munizipaletako Fundaziotik. Jende asko ari da konturatzen eskola ez dela nahikoa haurrek jaiotzen direnetik hiltzen diren arte egiten duten ikasketaren prozesurako. Heziketa hori baino gehiago da. Eskola bakarrik ez da hezitzailea, gizarte osoa baizik. Horregatik, gizarteak hezkuntza sistemaren korrespontsal izan behar du.

Guk Gijongo Udalean Heziketa Programen Saila eratu dugu, eta eskolarekin estuki lotuta dago. Sail honetatik eskolari berak eman ezin dituen ikasketa aukera guztiak eskaintzen dizkiogu. Adibidez, hiru hilabetetik behin ikuskizunen programa bat egiten dugu, eta hirian egin daitezkeen hainbat gauza jartzen diegu aukeran: antzerkia, erakusketak, herriko monumentuak, naturaren inguruko ibilbideak... Eta ikasleei ez ezik, gurasoei zuzendutako eskaintzak ere prestatzen ditugu.