NOLA LAGUN DIEZAIOKE AUTOEZAGUTZAK IRAKASLEARI, BERE EGUNEROKO JARDUNEAN?

2015-12-01
 
 

Autoezagutzak aurrean daukan taldera hurbiltzen lagunduko dio irakasleari, eta beraren eta ikasleen artean zubiak eraikitzen ere bai.

Ezin diogu inori eman geugan ez daukaguna. Horrexegatik, norberak bere izatea bere konplexutasun osoan ezagutzen duenean, errazago bihur-tzen da bestea ulertzea eta ezagutzea. Ezagutza horrek aldaketak ekarriko dizkio jarduera pedagogikoari, irakaslea kokatzen den barne-lekua desberdina delako, eta zabaldu egingo da haren begirada.

Harremana, ikastearen funtsa

Atea ireki eta gelan sartu. Eguneroko gauza, ia konturatu gabe egiten duguna; baina ez da pauso txikia. Sarritan, ez gara ohartzen zenbat eskatzen duen pauso horrek gugandik. Ate hori gurutzatzerakoan, hor, gure aurrean, zer erronka agertzen den: 20 edo 25en bat pertsona; bakoitza bere historiarekin, bakoitza bere mundu txikiaren barnean, zirrarak dantzan, geugan dakargun guztia pil-pilean..... Eta guztiok elkarren artean talde hori osatzen dugu; pertsonen artean, harreman eta joan-etorri ezkutuak sortzen dira, eta gizaki izatearen konplexutasun osoa dugu aurrez aurre.
Irakaskuntza, maiz, artelan bihur-tzen da. Zer egin dezakegu esateko daukagun hori, irakasteko dakarguna, besteengana irits dadin? Non dago taldearen arreta pizteko gakoa? Zergatik talde bat ondo moldatzen da irakasle batekin, eta beste batekin, berriz, arazoak besterik ez dago? Non dago hori guztia kudeatzeko jakituria?
Gizakion funtsa harremana da: gizaki sozialak gara, bizitza lotura kontu bat delako.
Bizitzan, harremanetan gaude une oro, hiru norabidetan: norbera bere izatearekin, beste pertsonekin eta gure inguruarekin, harremanetan gaude etengabe. Lehenik eta behin, horixe da irakaskuntza: harremana sortzeko bidea. Une oro, bi aldeetan jartzen gaitu hezkuntzak; irakaslea beti izango da ikasle: aurrean duen egoeraren ikasle, eta egun bakoitzak aurkezten dion erronkaren ikasle. Baina jarrera kontu bat da leku bikoitz horretan kokatzea, irakasle-ikasle funtzioetan kokatzea, alegia. Bertute dezente eskatzen dituen jokaera bat da: kemena, onarpena, apaltasuna, pazientzia, bihotz zabala... Gizarte honek erakusten ez dizkigun barne-dohainak dira, norberak bere buruarengan aurkitu eta landu beharko dituen indarrak; autoezagutzaren bidetik landu ahal izango ditugun haziak dira.
Pertsona guztion lehenengo harremana norberagan eta norberarekin hasten da. Bestea ulertzeko, ni neu zer naizen ulertu beharra daukat lehenengo. “Nor naiz ni?”, horixe da autoezagutzak zabaltzen digun lehenengo galdera. Mendebaldeko filosofiaren aita izan zenak, Sokratesek, aurkeztu zigun printzipioari jaramon eskasa egin diogu: “ezagutu zeure burua”. Agian, horrexegatik gaude horren galduak gaur egungo mundu honetan, ez dakigulako nor garen, ez dakigulako nora goazen, ez eta non gauden ere.

Izatearen konplexutasuna

Ilustrazioaren garaiaz geroztik, arrazoia bilakatu zen Mendebaldeko kulturan jakituriaren iturri nagusi, eta iturri bakar ere bai gehienetan . Modernitateak arrazoiaren iraultza ekarri zuen.
Claudio Naranjo psikiatrak irakasleen autoezagutzara bideratutako SAT programa (Searchers After Truth) eratu zuen, hezkuntzaren aldaketa irakasleen eraldaketatik etorriko dela sinetsita. Claudio Naranjok dio gure garunaren funtzionamenduak izugarrizko garrantzia duela bizi dugun gizarte patriarkala azaltzeko, arrazoiaren indarra beste mailen gainetik ezartzen delako: “Hiru garuneko izakiak gara −seres tricerebrados−. Hizkuntza anatomikoan, hiru garun hauek dauzkagu: senezko garuna, instintuzkoa, narrasti guztiekin partekatzen duguna; emozionala, gainerako ugaztunek ere badutena; eta arrazoizkoa, garatu den azkena eta, hala ere, beste biei inposatzen zaiena. Gure barnean hiru pertsona izango bagenitu bezala da: bat intelektual arauemailea da, aita izango litzatekeena; bigarrena pertsona emozionala da, maitasunaren printzipioak dauzkana, amarekin parekatzen dudana; eta senezkoa da hirugarrena, haurra izango litzatekeena. Bada, gaurko gizartean, arrazoizko garuna nagusitzen da, eta arrazoiaren inperialismoa zirraren eta senaren gainean inposatzen da”.
Gure gizarteak pertsonaren inguruan daukan ideia adimenak sorturiko harresiekin eraikita dago: gorputza, zirrarak, pentsamenduak, egitea..., bakoitza bere aldetik joango balira bezala. Beste maila guztien gainetik jartzen da norbera bere buruarengandik urruntzen duen adimenaren nagusitasuna. Ni neure barnetik urruti banago, nola ulertuko dut aurrean dudana? Nire izatetik horren urruti egoteak bestearengandik urruntzen nau. Adimena, arrazoia gara, baina ez hori bakarrik. Bagara zerbait gehiago ere. Eta horixe da ahaztua daukaguna, gure barne-errealitatea existituko ez balitz legez.

Begirada-aldaketa

Esan dezakegu nahikoa despistatuta gabiltzala gaur egun, maila global batean. Krisi orokor batean sartuta gaude: ekologian, ekonomian, giza harremanetan... Sortu dugun gizarte-ereduari ezin zaiola eutsi bere horretan ikusarazi nahi digu nolabait krisiak. Agian, horren guztiaren arrazoietako bat guztiaren gain arrazoia jartzea izan daiteke, eta gure izate osoak biltzen dituen bestelako mailak ahaztea.
Pertsona eta gizadi gisa aurrera jarraitu ahal izateko, geldialdi bat egin behar dugu lehenengo, eraiki ditugun sinesmenak zalantzan jartzeko: garrantzitsuagoa da edukitzea senti-
tzea baino, itxurak egitea garena izatea baino, eta lorpena gauza materialak edukitzean dagoela sinetsi dugu.
Autoezagutzak barne-mundurantz begira jartzen gaitu, eta 180 graduko norabide-aldaketa ezartzen du gure begiradan: kanporantz begira egotetik barne-mundura irekita egotera igaro-tzen gara.
Autoezagutza hori ez dugu ulertu behar nor bere barnean bakartuta gelditzea dela. Autoezagutza horrek bestearengana hurbiltzeko balio behar digu. Ni neu naizena ezagutzeko, onartzeko eta maitatzeko; bestea den hori hobeto ulertzeko, onartzeko eta maitatzeko. Era berean, gure inguruarekin, ekologiarekin edota bizitzaren misterioarekin dugun harremana ere eraldatu egingo du autoezagutzak; guztiaren parte garela ulertuko baitugu, osotasun batean bat egiten dugula guztiarekin.
Irakaskuntzak erabat jaso ditu gaur egungo gizartearen despiste eta krisi horiek. Jarduera bizia delako irakaskuntza, pertsonekin lan egiten duelako; eta gure konplexutasun osoa jokoan sartzen da hor. Irakasleak ezin du errezeta magikoekin funtzionatu; ez dago gela bat nola kudeatu eraku-tsiko dion teknika miragarririk.
Egoera horretan, irakasleak gehien behar duen ezagutza barne-errealitatearen ulermena da. Norberak bere burua ulertzen duenean, bestearen izaera uler dezake. Autoezagutza da ezagutza guztien oinarria, jakintza guztien iturria. Ni naizen hori ikusteko itsu banago, ezin izango dut bestea ikusi; begien aurrean egongo da, baina ez dut ikusiko.
Ardura kontu bat da autoezagutza. Ingelesezko ardura hitza −responsability− hitz-joko polita da: the ability to respond (erantzuteko trebezia). Horixe da irakasleak behar duena, egoera bakoitzaren aurrean erantzuteko trebezia; hortxe dago irakaslearen arduraren koxka.
Garapen pertsonalarekin konprometitu den irakasleak bere jakituria bizipenean oinarritzen du; aurrean aurkezten zaion errealitatetik ikastera bideratzen du barne-kontzientziak. Taldean gertatzen den horretan dago eguneroko ikasgaia, ikasle bakoitzak planteatzen dizkion zailtasun eta erronketan.
Harrigarria da irakasleen prestakun-tzan autoezagutzara zuzendutako gairik ez jorratzea. Aldiz, hezkuntza formalaz kanpo, garapen pertsonalari buruzko ikastaro dezente irakaslez osatuta egon ohi dira. Beharra daukatelako, beraien lana maite dutelako, eta badakitelako beraien barne-lanak onura ekarriko diela maila pertsonalean, eta hori euren eguneroko jardunean islatuko dela.
Pertsonaren garapenera zuzendutako hezkuntzak, autoezagutzak, gure izatea osatzen duten askotariko mailak jorratuko ditu: gorputza, zirrarak, adimena, alderdi transpertsonala.

Gorputza

Gure garapen pertsonalaren funtsezko parte bat da gorputza berreskuratzea. Gorputza da gure lehenengo etxea, norberaren bizitza, esperientzia guztiak gertatzen diren lurraldea. Baina erabat ahaztua izan dugu gorputza; arlo horretan ere, urruti, kanporantz begira kokatu gara, gorputzaren kontsumoan eta neurrigabeko kultuan, itxuran. Gorputzaren kontzientzia izateak sakondu egingo du neure buruarekiko harremana; biziago egingo nau; eta sentsibilitatea findu dezakegu, gorputzaren kontzientzia landuz. Neure gorputza sentitzen dudanean, errazago izango da aurrean dudan horren gorputza irakurtzea. Gorputzaren kontzientzia lantzea sen-tsibilitatea esnatzea da, samurtasuna trebatzea, mundu honek agian gehien behar duen gauzetariko bat.
Gorputzaren kontzientzia lantzea maitasuna garatzen joateko bide bat da. Soilik ezagutzen dugun hori maita dezakegu, eta autoezagutzaren benetako muina maitasuna garatzea izango da. Horixe da eta gure esentzia, H. Maturana biologoak Sistema Autopoietikoen Teoria eratzean azaldu zuen moduan: “Izaki biziduna sortzeko eta harreman sozialak era-tzeko beharrezko oinarri biologikoa maitasuna da. Maitasunik gabe, ez dago sormenik” dio El árbol del conocimiento liburuan.

Zirrarak

Daniel Golemanek Hezkuntza Emozionala ezagutzera eman zuenetik, zirraren garrantziaz jabetzen joan gara. Agerikoa da, gaur egun, zirrarek erabateko eragina dutela gure eguneroko bizitzan, baina, sarritan, zirrarak ikasleak landu beharreko zerbait dela onartzen dugu, eta, berriz ere, kanpoan kokatzen dugu fokua, besteengan.
Gure zirrarek eta egoak gugan nola jokatzen duten ulertarazi beharko digu autoezagutzak, eta maila psikologiko horretan barneratu beharko dugu lan sakon bat egiteko.
Golemanek Adimen Emozionalaren inguruan egindako hainbat ikerketaren ondorioak ematen ditu ezagutzera Liderazgo, el poder de la inteligencia emocional liburuan. Besteak beste, badakigu orain gaitasun emozionalak erabakigarriak direla lidergo-lana aurrera eramateko, koefiziente intelektuala edo trebezia teknikoak baino are erabakigarriagoak. Ikerketek agerian jarri dute zirrarek duten garrantziaren jabe direla lider balioetsienak. Horren arrazoia gure garunaren funtzionamenduan dagoela erakutsi dute Golemanek egindako ikerketek. Sistema linbikoa, zirrarak kudeatzen dituen arlo hori, zirkuitu irekia da. Horrek esan nahi du kanpoko estimuluek erabateko eragina dutela zirkuitu ireki horretan. Gure oreka emozionalak zerikusia du beste pertsona batzuekin sortzen den harremanarekin. Sistema linbikoa zirkuitu irekia dela aurkitzeari esker, egiaztatu da zirrarak kutsatu egiten direla. Besteen egoera mentalean erabateko eragina dugula.
Hori begi-bistakoa da bere jarduerari arreta jartzen dion irakaslearentzat. Badaki gelako giro emozionala kutsakorra dela.
Berriro diogu: gure zirrarak ezagutzen ez baditugu, horien jabe ez bagara, ezingo ditugu besteen zirrarak ikusi, ulertu eta kudeatu.

Adimena

Ekintza pedagogikoa orainean gertatzen da. Baina, askotan, ikastalde baten aurrean gaudenean, gure burua ez dago han, ez gaude presente: iraganean edo etorkizunean galduak gaude gure pentsamenduan. Ez dugu antzematen une horretan zer gertatzen den, eta ez gaude orain horretan esna, gure pentsamenduen joan-etorrien nahaspilan gaudelako. Hor galtzen gara, eta areago ari gara gure aurreiritzietatik abiatuta, aurrean gertatzen den errealitatea ulertzetik abiatuta baino.
Horrexegatik, ezinbestekoa da adimena baretzea, ikuspegi argi bat izateko. Horixe da meditazioaren helburua, antzinako tradizio askok, hala nola Budismoak, landu dutena, eta gaur egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dena, besteak beste, Mindfulness teknikaren bitartez. Adimena garatzeko bidea da meditazioa, eta, gaur egun, ebidentzia zientifikoek froga dezakete meditazioaren bitartez adimena entrena-tzeak aldaketa fisiologikoak sortzen dituela garunean. Meditatzaileek onura psikologikoak ere bizi dituzte: azkarrago erantzuten diete estimuluei, eta baliabide gehiago dituzte estresa kudeatzeko, besteak beste.

Maila transpertsonala

Modernitateak ekarri zuen ezaugarri nagusia munduaren ikuspegi metafisiko-erlijioso bateratuaren haustura izan zen. Gizakia naturatik at eta guztiaren gainetik kokatu zen, bizi-tzaren ikuspegi erabat desakralizatua eta materialista egia bakartzat hartuta. Garaia da, orain, gure maila transper-tsonala ikertzeko. Gure sinesmenak eta gure egiak kolokan jartzeko, eta identitatearen zentzua pertsonaren mailatik harago hedatzen duten esperientzietara irekitzeko, gizadia, bizitza eta kosmosaren kontzientziara zabaltzeko.
Nik neuregan egiten dudan bide bat da autoezagutza: askatasun-bide bat. Norberaren sufrimendutik askatzeko bide bat. Hauxe erakusten digu autoezagutzak: gugan libre izan gaitezkeela bestea jaso ahal izateko; bestearen egoera antzemateko, ulertzeko, maitatzeko.
Teknologiaren eta komunikazioaren arloko modu berriek sare bakar batean konektatzen gaituzten une honetan, autoezagutzaren barne-teknologia garatu beharko dugu, izatetik izatera konektatu ahal izateko. Hezkuntza parte-hartzaile bat sortzeko, unekoa, bizia.