LUR ETA AMETS. Euskal Herriaren historian zehar bidaide

2016-01-01

Euskal Herriko historia, Euskal Herritik kontatua, haur eta gaztetxoentzat. Horixe da Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak aurkeztu berri duten ‘Lur eta Amets’ proiektuaren funtsa. Hainbat euskarrik osatzen dute egitasmoa, ipuinak, testuliburuak eta jolasak tarteko, eta Lur eta Amets izeneko anai-arreba bikiak dira guztietan protagonista. Era horretan, gazteenei modu ludiko eta erakargarrian euskal historian zehar bidaia bat egitea proposatzen diete, hasi Historiaurretik eta gaur egun arte.

 
 

L urraren sorrerarekin hasi, eta ETAren jardun armatuaren amaieraraino, Euskal Herriaren orain arteko historia osoa biltzea du asmo Lur eta Amets egitasmoak, haurrei eta gaztetxoei kontatzeko; Euskal Herritik bertatik kontatua, eta bertako ikuspegiarekin. Erronka horri heldu diote Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak. 4 urtez egosi dute, eta udazken honetan aurkeztu dute emaitza. Eta badirudi oraindik ere uzta horrek baduela alerik emateko, Elkar argitaletxeko zuzendari Olatz Osaren esanetan, “aurkeztutakoa abianpuntua baita”. Halaxe adierazi zuen proiektu honetan lan egin duten egile eta eragileekin batera San Telmo museoan eginiko aurkezpen-ekitaldian.

Hamaika irizpide, hamaika euskarritan

Orain arte, hainbat euskarri argitaratu dute haurrei eta gaztetxoei Euskal Herriko historian barrena bidaia proposa-tzeko: 200 orri inguruko ezagutza-liburua, ilustrazio bizi eta handiz hornitua; ipuin-sorta; mahai-jolasa; webgunea; ikus-entzunezkoa eta abestia. Hainbat irizpide izan dute kontuan horietan guztietan, egitasmoaren koordinatzaile lanak egiten dituen Elkar argitaletxeko Aintzine Mendizabalek azaldu bezala. Alde batetik, zorroztasuna izan dute iparrorratz eduki historikoak lantzerakoan. “Historia dibulgazio-liburua da proiektu guztiaren oinarria, eta liburu zorrotz eta zehatza egin dugu, oinarri zientifikoekin”. Gainera, historiaren ikuspegi integrala izaten saiatu dira, hau da, historia politikoaz harago joateko bokazioa izan dute. Izan ere, Mendizabalen esanetan, “edozein herri ez dago eraikia bakarrik bere erakunde, lege, eskubide eta gerren gainean. Herriak eraikitzen dira, baita ere, bere hizkuntzen gainean; bizimoduak, bizitokiak, ofizioak, jolasak, arteak, literaturak, musikak, aisialdiak... definitzen ditu”.

Horrekin lotuta, “herri xeheak eguneroko bizimoduan eraikitzen duen historia hori ere” aintzat hartu dute, eta ez soilik “letra larriz idazten den historia”. Izan ere, uste dute Euskal Herria eredugarri izan dela horretan, antolatzeko, erabakiak hartzeko nahiz “botereari aurre egiteko” alternatiba propioak eraiki dituelako. Herritarren bizimodua jasotzeko desira horren bidetik, ohiko historia liburuetan bigarren mailan agertu izan diren emakumeak argitara ateratzeko borondatea izan du egitasmoak. Horren adibide, mulier sapiens delakoaren presentzia ezagutza-liburuaren hasiera-hasieran. “Gure arbaso zaharrak gaia lantzen hasi eta marrazki bat egiteko unea iristean, nahi gabe guztioi etorri zitzaigun burura homo sapiens gizonezko baten eboluzioa irudikatzea. Eta berehala konturatu ginen horrela ez gindoazela ondo”. Irudia aldatu zuten, emakumezko homo sapiens baten bidez irudikatuz giza-eboluzioa, eta hortik aurrera lantaldearentzat premisa bat izan da atal nahiz argazki guztietan emakumearen presentzia bermatzea.

Horretaz gain, helburu izan dute historiaren kontakizun dinamikoa egitea, historia irakurle berri bakoitzarekin berridazten delakoan. “Ez dugu kronika hau oinarri zurrun baten gainean eraiki nahi izan, baizik eta malgua eta parte-hartzailea izatea nahi izan dugu”. Ildo horretatik, proiektuari berari izaera dinamikoa eta parte-hartzailea eman nahi izan diote; eta, partaidetza hori, webgunearen bidez lortu nahi dute, batez ere.

Azken irizpide gisa, irudimena, umorea eta jolasa egitasmoaren osagai bihurtzea izan dute xede. Batetik, “irudimena beharrezkoa delako zientzia iristen ez den lekuetara iristeko, irudikatzeko eta interpretazio berriak egiteko”. Bigarrenik, jolasa baliabide egokia delako edukiak nahiz balioak barneratzeko. Eta, azkenik, umoreak “ez esatekoak zeharka esateko, edo egia borobilak zalantzan jartzeko” abagunea sortzen duelako.

Bidelagunak historian barrena

Eta, jolas horren baitan, Lur eta Amets anai-arreba bikiak dira protagonista nagusiak, “proiektuaren bihotza”, eta liburu eta ipuinek historian murgiltzeko proposatzen duten bidaia horretan irakurlearen bidaide nagusi izango dira. “Hasieratik pentsatzen genuen fikzioaren beharra izango genuela haurren eta gazteen konplizitatea lortzeko, eta, gainera, historia barrutik biziarazteko. Izan ere, amonaren pertsonaiak ere aholkatzen die askotan: ez sinetsi esandako guztia, ikusi zuen begiekin, bizi. Ariketa hori egiten dute Lur eta Ametsek historiaren barruan”, dio Mendizabalek. Gainera, irudikatzen dute “proiektu honen muina: lurra eta ametsak, gure ametsak betetzeko lurra”.

Mendizabalek aipaturiko amona Andere da beste pertsonaia esanguratsuetako bat. Ezagutza irudikatzen du; “asko daki, asko bizi izan delako”. Pertsonaia honek bultzatuko ditu Lur eta Amets historian barrena bidaiatzera.

Abentura horietan, beti izango dute Baltaxar katua alboan. Pertsonaiarik umoretsuena da hori, mesfidatia eta mokofina, baita zenbaitetan “deseroso samarra ere, gertaera historiko batzuen lekuko xaxatia izango delako”.  

Ilustrazioak, fikziorako ate

Pertsonaiak dira, beraz, irakurlea historiara erakartzeko amua den fikzioaren muina. Eta, bai pertsonaiak bai fikzioa bera, ilustrazioen bidez txertatzen dira historian. Beraz, alde grafikoak garrantzia handia izan du egitasmo honetan. Hain zuzen, marrazki handiz eta erakargarriz lagunduta daude bai ezagutza-liburuko bai ipuinetako testu guztiak.

Juanba Berasategik koordinaturiko ilustratzaile-taldeak egin ditu marrazki horiek. Esku asko aritu arren Lur eta Amets nahiz gainerakoak gorpuzten, argi izan dute “gero ezin zirela hamaika esku ikusi, bakarra baizik”. Lantaldearekin adostu zituzten egoera historiko bakoitzerako eszena errepresentatiboak, eta dokumentazio lan sakona egin dute eszena horiek osatzeko. Berasategik koordinaturiko talde horretan, Dei Gaztelumendik eta Patxi Pelaezek izan dute pertsonaiak sortzeko ardura.

Marrazki horiek lagunduriko testuak, aldiz, Manu Arregik eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-k idatzi dituzte ezagutza-libururako, eta Uxue Alberdik eta Unai Elorriagak ipuinetarako.

Elkarlanaren miraria

“Zergatik guk? Zergatik orain?”, galdera horiek jarri zituen mahai gainean Elkarreko zuzendari Olatz Osak egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Bilera baten hondarrean norbaitek “erdi brometan erdi serio” botatako ordagoaren atzean, “bestelako arrazoi sendo eta sakonak” dituela nabarmendu zuen.

Izan ere, hezkuntzan Ikastolen Elkarteak, aisialdian Katxiporretak eta edizio-lanetan Elkarrek gogoeta antzekoa egin izan dutela aitortu zuen: Euskal Herriaren historia Euskal Herriko ikuspegitik berreraiki eta eskuragarri jartzearen garrantzia. “Beharrezkoa da haurrei eta gaztetxoei Euskal Herriaren historia modu atsegin eta erraz batean aurkeztea, memoria bildu eta ezagutza hori gure ondorengoei transmititzea”, Osaren esanetan.

Dena dela, aitortu zuenez, bakarka arituta nekez lortuko zuen hiru eragileetako inork horrelako egitasmo bat abia-tzerik. Baina 4 urteko ibilbideak erakutsi die “bakarka ezinezkoak diren bideak urratu daitezkeela elkarlanean”.

Hain zuzen, hiru eragileek bakoitzak bere esparrutik, baina guztiek norabide berean, Euskal Herriko curriculum propioa osatzeko egin duten lanaren testuinguruan kokatu zuen Lur eta Amets egitasmoa. “Proiektu hau ibilbide hori osatzera, aberastera eta sendotzera dator”.

Historiak istorioak metatzen jarraitzen du

Lau urte daramate lanean proiektu honetan Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek, eta lanerako gogoz diraute. Izan ere, hasieran Osak esan bezala, aurkezturikoa egitasmoaren abiapuntua izatea nahi lukete. Historiak istorioak metatzen jarraitzen du, eta horiek kontatzeko gogoz daude.

Eta, etorkizunean ere aleak ematen jarraitzeko, elkarlanera eta egitasmora batzera deitu zituen Osak eragileak, eta bidelagun izatera gonbidatu. Izan ere, “konbentzituta gaude indarrak metatuz datozen belaunaldientzat, hezkun-tza komunitatearentzat, eta, oro har, euskal gizartearentzat baliagarria den ekarpena egingo dugula”.

Gainera, Osaren ustez, abagune egokia da egitasmo honentzako, baita urrats gehiago egiteko ere. Besteak beste, telebistarako haur eta gazteentzako telesail bat egiteko gogoa adierazi zuten, Eneko Olasagastik eginiko spot moduko ikus-entzunezko laburretik abiatuta: “Aurrera begira egin nahiko genukeenaren adibidetxo bat da, orain formatu laburrean dagoen hori benetan nahiko genuke luzatu eta luzemetraia edo telesail bilakatu”. Gainerako euskarriek bezala, aurkezpen ekitaldira hurbildutakoen artean harrera beroa izan zuen ikus-entzunezkoak, baina asmoa gauzatzeko, ezinbestean behar dituzte egitasmoa finantzatzen lagunduko duten bidelagun berriak. 

 

Historia esku artean

 A skotariko euskarriak aukeratu dituzte Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Lur eta Ametsen eskutik historia kontatzeko. Horien artean batzuk esku artean hartzeko modukoak, paperaren xarmadunak: ezagutza-liburua eta ipuin-bilduma, hain zuzen ere.

Ezagutza-liburuko testuak Manu Arregik eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-k osatu dituzte, “izan ginena ezagutzera eman, oraina sortu eta etorkizuna irudikatzeko”. Egitasmo osoan edukietan zorroztasun zientifikoa mantentzea izan dute xede, eta bereziki historiaren dibulgazioa egitea

helburu duen ezagutza-liburuan. Dena dela, “ziurtzat jo-
tzen zaizkigun gauzak zalantzan jartzeko borondatearekin” uztartu dute zorroztasun hori Arregik eta Olaizolak. Hori guztia izan dute kontuan liburua osatzen duten 8 gai edo arloetan; horietako bakoitzak, ardatz kronologikoari jarraitzen dio, eta, beraz, “historiaren gurpilari 8 bira ematen dizkio liburuak”, aurkezle lanak egin zituen Maddalen Iriarte kazetariaren arabera. Honakoak dira arlo horiek:

Gure antzeko gizakia Euskal Herrira iritsi arte

Euskal Herriko gizakien bizimodua
Hizkuntzak Euskal Herrian
Bizitokiak eta bizimoduak gaur arte
Lanbideak, ekonomia, zientzia eta industria
Ohiturak, mitologia eta erlijioa Euskal Herrian
Euskal Herriko jolasak, jokoak eta kirolak
Artea: musika, pintura, literatura, zinema...

Fikzioari eta pertsonaiei bide egiteko, orrialde guztiak marrazki handiz eta koloretsuz jantzita daude. Ilustratzaile-lantalde batek egin ditu marrazkiok, Juanba Berasategiren koordinaziopean; hain zuzen, Jose Anjel Lopetegi, Inaki G. Holgado, Angel Gomez Espinosa eta Jorge Madejon aritu dira horretan.

Beste 6 ipuinen esperoan

Ezagutza-liburuarekin batera, ipuin-bilduma da esku artean hartu eta paperean irakur daitekeen beste euskarrietako bat. Hauetan ere ilustrazioek protagonismo handia hartzen dute edukietan. Kasu honetan, Patxi Pelaezen eskua dago ilustrazioen atzean. Testuak, aldiz, nagusiki Uxue Alberdik idatziak dira, bat izan ezik, bildumako bigarrena Unai Elorriagak egina baita.

Uxue Alberdik aurkeztu zuen ipuin-bilduma San Telmoko ekitaldian. Bildumako lehen 3 ipuinak izan zituen esku artean, horiek baitira orain arte argia ikusi duten bakarrak. Dena dela, dagoeneko beste 3 “labean” daude, eta horietaz gain beste 3 etorriko direla argitu zuen. Alberdi saiatu da Lur, Amets, Andere eta Baltaxar pertsonaiei nortasuna ematen, “izaera bat markatzen eta hori mantentzen ipuin guztietan barrena”. Bestetik, egitasmo guztian zehar egin beharreko uztarketa gauzatzea egokitu zaio berari ere; hau da, zorroztasun historikoa kalitatearekin eta erakargarritasunarekin lotzea, alegia: “Ipuin bakoitza gaur egun identifikagarria den espazio batean kokatzen saiatu naiz, pentsatuz ume eta gaztetxoentzat polita izan daitekeela benetan toki horietara joan eta irakurri eta imaginatu duten hori gaur ikusten dutenarekin kontrastatzea”.

1.- ‘Memoriaren ehiza’

Historiaurrean gertatzen da lehen liburu hau. Alberdiren esanetan, hau da liburu guztietan “agian aurreikusgarriena, edo tipikoena”. Ekaingo    kobazuloan kokatzen da eta ehizaldi bat kontatzen du. Lur, Amets, Andere eta Baltaxar pertsonaiak aurkezteko baliatu du Alberdik lehen ipuin hau; “hemen ezagutuko ditugu akzioan”.

2.- ‘Atzaparra zubian’

Bigarren hau da Unai Elorriagak bildumarako idatziriko alea. Erromatarren garaian kokatzen da, Antzina Aroan, alegia, Nafarroako Baztan bailaran. Erromatarren eta euskaldunen arteko bizikidetza kontatzen du. Errromatarrek preso hartuko dituzte Lur eta Amets, eta lan behartuetara kondenatu. Hala, zubi bat eraiki beharko dute.

3.- ‘Haizeak eraman zuen mapa’

Hirugarren honetan, Behe Erdi Aroan gertatzen da kontakizuna, 824. urtean, Nafarroan. Tutera musulmanera bidaiatuko dute Lurrek eta Ametsek, eta Eneko Aritza ezagutuko dute, baskoien buruzagia. Honek ordurako asmoak ditu Iruñeko Erresuma osatzeko, eta, horretarako, oso lagungarria izango zitzaion mapa bat...

4.- ‘Gurarien harria’

Goi Erdi Arora egiten dute jauzi pertsonaiek ipuin honetan,   zehazki 1300. urte inguruko gremioen Gasteizera. Amona Andere galdu egingo da eta ginkana moduko bat osatu beharko dute Lurrek eta Ametsek amonarengana iristeko, kaleetan barrena artistak batuz. Modu horretan, hainbat gremiotako maisuen bidez, hiriko bizimoduaren eta ohituren berri izango dute.

5.- ‘Laurogei amonen altxorra’

Aro Modernoan jada, Zugarramurdin kokatzen da kontakizuna, inkisizio garaian. Magia, ezagutza naturala, herritarren arteko elkartasuna... ezagutuko dute Lurrek eta Ametsek, baita sorgintzat hartu zituzten emakumezkoen maitasun istorio ederrak ere.

6.- ‘Baiona Ttipiko piratak’

1600. urtean kokatzen da, hau ere Aro Modernoan. Parisko Gorteko dama batzuen istorioak eta pirata abenturazale batzuenak gurutzatuko dira ipuin honetan, dantzaldi batera joateko soineko baten aitzakian. Izan ere, dantzaldia antolatu dute hirian, eta, dotore jantzita joan ezean, ez dute sartzen uzten. Beraz, Lurrek eta Ametsek oihal garestiak lortu beharko dituzte, dantzaldira joan eta txokolatea probatu ahal izateko.

Gainerako hiru liburuek oraindik ez dute izenik, horietatik bi idatziak dauden arren. 7go liburua izango denean, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako Bilbo bor-borka ezagutuko dute pertsonaiek: langile-borroka, emakumeen borroka, abertzaletasunaren sorrera... 8go liburuan, aldiz, frankismo garaiko Donostiara bidaiatuko dute. Elvira Zipitria maistraren alter ego bilakatuko da Amona Andere, eta, bere bidez, etxean martxan jarritako ikastolak eta klandestinitatea ezagutuko dute. Azkenik, 9go liburuan, XX. mendeko 80ko hamarraldira egingo dute jauzi pertsonaiek.

 

 Historiarekin jolasean

 E zpainetan eztia bezala izan zen aurkezpen-ekitaldian erakutsiriko ikus-entzunezko laburra. Lur, Amets eta gainerako pertsonaiak mugimenduan ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek, ilustrazioan haragituak, ahots eta guzti. Historian zehar proposaturiko bidaia hori beraien azalean biziz, Amona Anderek eskatu bezala. Harrera beroa izan zuen San Telmon bildutako eragileen artean, baina, eztia ahoratzeko tarterik egongo al da?

Lur eta Amets proiektua abian jarri dutenek luzemetraia edo telebistarako saio bilakatu nahi dute 3 minutuko spot hori, haur eta gaztetxoei zuzendua, baina argi dute horretarako bestelako eragileen laguntza beharko dutela, orain arteko kideen artean aurrera eramatea zaila izango baita, besteak beste ikuspegi ekonomikotik. Eztiaren zain gelditu beharko, beraz, momentuz.

Ikus-entzunezko laburraren gidoia Eneko Olasagastik egina da, telesailetan eta zineman zuzendari nahiz gidoilari gisa eskarmentu handiko pertsona. Spotari laguntzen dion musika, berriz, proiekturako espreski sorturiko Gure ametsaren lurra abestikoa da. Abestia Xabier Zabalak sortu du, eta Eñaut Elorrieta eta Uxue Alberdik jarri diote ahotsa. Bideoa ikusgai dago proiektuaren ingurukoak bil-tzen dituen www.luretaametshistorian.eus webgunean.

Sarean jolasteko eta ikasteko

Webgune horretako sarrera-orrian dago bideoa, pertsonaien aurkezpenarekin batera. Webguneko bigarren atalak Jolastu eta ikasi izena darama, eta, izenaren jabe, horretarako da, alegia, jolastuz ikasteko. Bi joko proposatzen ditu horretarako. Haitzulo harrigarria izenekoa da bata, eta, bakarka ere jolastu daitekeen arren, taldean aritzeko aukera ere ematen du, binaka, hirunaka edo launaka. Dadoa bota eta kutxatilategian barrena aurrera egin behar dute jokalariek haitzulora iritsi arte, historiaren inguruko galderei aurre eginez. Erantzun zuzena emanez gero, txanda mantenduko dute jokalariak.

Antzeko dinamika du Historian barrena jauzika jolasak ere. Hemen ere banaka edo taldean jolastu daiteke. Galderari erantzun beharrean kasu honetan, gertaera historikoak garai zehatz batean kokatu beharko dituzte jokalariek, Baltaxar katuari aurrera egiten laguntzeko. Baltaxar Amona Andereren besoetara lehenen eramaten duenak irabaziko du.

Webguneko hirugarren atalari Zu ere historialari izena eman diote, eta, hain zuzen, parte hartzeko aukera ematen du. Selfie historikoak egitea proposatzen dute bertan: leku historiko batean argazkia atera eta gune honetara igotzea, alegia. Ondoren argazki gustukoena bozkatzeko aukera izango dute webgunearen erabiltzaileek, baita argazki horiek sare-sozialetan partekatzekoa ere.

Horretaz gain, webguneak Lur eta Amets proiektuko euskarriak erosteko aukera ematen du; ezagutza-liburua, ipuinak eta mahai-jokoa.

Mahaiaren bueltan jolasean

Galdera-erantzunen jolasa da mahai-jokoa, Trivial ezagunaren estilokoa, eta 12 urtetik aurrerako gaztetxoentzat eta helduentzat pentsatua dago. 1.500 galdera dakartza mahai-jokoak, eta horiek historiako bost arotan banatuta daude: Historiaurrea, Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea. Galdera gehienak erantzuteko hiru aukera daude, eta horien artean erantzun zuzena aukeratu beharko du jokalariak, dadoa berriz bota eta jolasean jarraitzeko.

Adibidez, Antzinaroarekin loturiko galderen artean, honakoa aurki daiteke: “Zerk bultzatu zuen Neanderthal gizakia kobazuloetan bizitzera? a) Paretetan margolanak egiteko nahiak b) Piztia arriskutsuek c) Eguraldi hotzak”; edo, Aro Modernoarekin loturiko beste honetan irakur daiteke: “Konkista ondoren Nafarroako erregeen mendeko erresumako lurrak gutxitu egin ziren. Zer eremu hartzen zuten? a) Lapurdi b) Nafarroa Behera c) Zuberoa”.

Jolasean ikasiz, heziketa eta ludikotasuna lotu ditu Lur eta Amets egitasmoak, hain zuzen eguneroko jardunean Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak egiten duten lanaren erakusgarri. Euskal Herriko historian bidaiatzeko aitzakiarik ez da falta oraingoan, beraz.