GURE IMAGINARIOA KANTAGINTZAREN BITARTEZ

2016-07-01

Euskal kantagintzak gure eskoletan leku erreferentziala izan behar luke

 Kantagintzaren bitartez eskoletan euskal imaginarioa, eta, bide batez, Euskal Herriaren bilakaera historikoa, soziologikoa, kulturala… nola landu daitekeen aztertuko dute Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda musikari eta kulturgileek Udako Topaketetan. Haien esanetan, idazle eta musikarien artean sortutako kantek eragin handia izan dute euskaldunon imaginarioan. Baina, salatzen dutenez, XXI. mendean sartuz geroztik, euskal kantagintzak, euskal kulturak bezalaxe, zentralitatea galdu du: “Egoera hori iraultzea dagokigu orain".

 
 

Euskal kantagintza XIX-XX. mendera arte ahoz aho transmititu zen nagusiki. Horren erakusle izan liteke koplakariaren figura. Joxe Mari Iparragirreren adibidea jartzen du Barandiaranek: “Herriz herri ibiltzen zen, jendea zegoen lekuetara joaten zen eta bateko eta besteko kronikak egiten zituen”. Hala, esate baterako karlistaden inguruko informazioa jakin nahi bada historia liburuetan agertzen denetik aparte, kantagin-tzara jo daiteke: “Kanten bidez jaso diren testuak aztertuz gero, ohartuko gara Euskal Herriaren historia osoa ezagutu dezakegula”, argitzen du Barandiaranek.

Beraz, XIX-XX. mendera arte kronikak egiteko eta ahozko transmisiorako erabiltzen zen kantagintza. XX. mendean, ostera, Aitzolek abiarazi zuen bizkunde sasoiko testuak izan ziren mugarri, kulturgilearen arabera, Lauaxetaren, Lizardiren, edota Orixeren testuek sekulako eragina izan baitute euskal idazle nahiz musikariengan: “Horren isla izan daitezke, esaterako, Antton Valverderen monografikoak, edota Pettik nahiz Eñaut Elorrietak kantatzen duten Mendigoxaliarena: ‘Dana emon bihar jako maite dan askatasunari’. Pentsa, zer nolako eragina izan duen lelo horrek”.
60ko hamarraldi amaieratik XXI. mendera arte, berriz, identitateari, hizkuntzari, lurraldetasunari, borrokari, lanari, turismoari... buruzko iruditeria eta diskurtso guztia kantagintzatik jaso dugu, kulturgilearen hitzei jarraiki. Aitzindariak izan ziren Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako letragileak. Manex Pagola eta Daniel Landart lehenik, eta gerora, Itxaro Borda edota Mixel Labéguerie.
Hori hala, Barandiaranek azaldutako eran, XXI. mendera arte izugarrizko eragina izan du idazleen eta musikarien artetik sortutako kantagintza horrek euskal jendartean. Bereziki, ezaugarri nagusi bat izan duelako oinarri: jarrera argia eska-tzen zioten irakurleari edo entzuleari, dei zuzena egiten zuten, “Hau ari da gertatzen. Horren aurrean zer egingo duzu zuk?”.
Baina XXI. mendetik aurrera, izaera horrek garapen bat izan du eta aldatu egin da. Hala, gutxi gorabehera 2000. urteaz geroztik euskal kantagintzaren funtzioa beste bat da: “Gaur egun ere badaude talde batzuk oso zuzen kantatzen dutenak, baina oro har, kantatzeko eta idazteko beste modu bat dago”. Kulturgilearen hitzetan, aldaketa nagusia da idazleak ez diola irakurleari edo entzuleari zuzenean ezer eskatzen. “Idazleak idatz dezake egoera sozial bati buruz, sentipenei buruz, identitatearen gainean edota harremanen inguruan, baina oso modu irekian egiten du, irakurketa askotarako bidea emanaz. Hartzaileari ahalegin bat eskatzen dio bere erara interpreta dezan”. Eta adibide zehatz bat jar-tzen du: “Ruper Ordorikak duela 10 urte baino gehiago egin zuen Zaindu maite duzun hori, eta oraindik ere kantatzen duen bakoitzean hitzen inguruko azalpenak ematen jarrai-tzen du”.
Kantagintza mota aldatu den bezalaxe aldatu da haren funtzioa ere. “Jada ez dauka lehen zeukan prestigioa, ez dauka lehen zeukan balioa”, dio Barandiaranek. Haren esanetan, gaur egun musikak pertsegitu egiten gaitu. Musikak hautatzen du har-tzailea eta ez alderantziz: “Tabernara zatoz eta musika hau daukazu, okindegian beste bat… ezin duzu alde egin. Lehen bestelakoak ziren kontuak. 60-70-80ko hamarraldietako sasoian musika entzun nahi bazenuen musika zegoen toki hartara joan behar zenuen. Eta, gainera, ekintza sozial batean hartzen zenuen parte, komunitate bateko kide egiten zinen. Gaur egun, kantagintza norbanakotu, indibidualizatu egin dela esango nuke”.
Zentzu horretan, Barandiaranek ohartarazten du argi izan behar genukeela gaur egun inolako ahaleginik egin gabe kultura espainolaren, frantsesaren eta ingelesaren kontsumitzaile garela. “Geure aldetik ezer egin gabe ere, kultura horien kon-
tsumitzaile pasibo gara”. Euskaraz-ko musika entzuteko, aldiz, bila joan behar izaten dela gaineratzen du, eta horrek ahalegin bat eskatzen duela. “Zer esan nahi du horrek? Musikaren arloan euskarazkoa ez dena oso erraz iristen zaigula. Hori gertatzen zaigu Euskal Herrian euskarazko kantagintza bigarren plano batean dagoelako. Ez dagoelako erdigunean. Hori irauli egin behar dugu. Euskal kantagintzak gure artean leku erreferentziala izan behar luke, lehentasunezko tokia”.

Euskal kantagintza erdigunean?

Zergatik izan behar luke, baina, lehentasunezko tokia euskal kantagintzak? Barandiaranek hainbat argudio ematen ditu. Hasteko eta behin, oso kontuan izan behar da “gure” artean bizi den jendeak sortutakoak direla, eta “gure hizkuntzan”. “Gure kantariek beraien eguneroko bizimoduari buruz kantatzen dute, inguruan gertatzen denari buruz… Hori baino hurbilagoko erreferenterik ez dago. Zu bizi zaren lekua, zu bizi zaren komunitatea, zu bizi zaren jendea... ondo ulertzeko, hemendik 8.000-10.000 kilometrora bizi den batek kontatzen dizuna baino askoz aberasgarriagoa izango da. Eta segur aski ulergarriago ere bai zure ondoan bizi den batek kontatzen dizuna”. Horrez gain, elkarbizitzarako ere baliagarri iruditzen zaio Barandiarani kantagintza erdigunean jartzea. Izan ere, bere hitzetan, elkarrekin bizi garen heinean, elkarri entzutea dagokigu, elkarren proposamenak eta elkarren sentimenduak ulertzen saiatzea, bestearen tokian jartzea, eztabaidatzea eta adostasunetara heltzea.

Zer toki du eskoletan?

Gaur egun euskal kantagintzaren transmisiorik ez dago ez hezkuntza arautuan ez arautu gabean, Barandiaranen aburuz. Tokatzen den irakaslearen arabera, gerta daiteke gehiago edo gutxiago lantzea, baina eskoletako hezkuntza-proiektuetan nahiz programetan sartu gabe dago. Kulturgilearen irudiko, ordea, oso aproposa izan liteke euskal kantagintza ikastetxeetan erabiltzeko. Izan ere, ikaslearen garapenerako eta eguneroko bizimodurako garrantzitsuak izan daitezkeen gai guztiak jorratzen ditu kantagintzak.  
Gaur egun gertatzen ari dena ulertzeko eta egoera honetara nola iritsi garen ulertzeko ere balio dezake kantagintzak sortzailearen iritziz. Bere esanetan, alde handia dago Historia liburuetan erakusten zaigunaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean. "Esate baterako, 36ko gerra ulertzeko, testuliburuek diotenetik aparte, hor daukagu Agur Itxorta maite Joseba Tapiarena”. Barandiaranek eransten duenez, gainera, kantari batek ez du zertan bete historiagile batek jarraitu beharrezko irizpide antologikoa, ahalik eta neutraltasun eta objektibotasun handiena gordez. Aitzitik, idazleak eta musikariak gertatu denaren interpretazio bat egin dezakete, sentipenetatik edo bizipenetatik. “Hori oso aberasgarria da. Gainontzean, datu hotz soil bilakatzen baita historian gertatutakoa”.
Gaur egun toki askotan entzuten den musika, “fondoko musika baino ez da kasu askotan, ezelango baliorik ez duena eta ezertarako balio ez duena”. Barandiaranen ustez, musika mota horrek pedagogikoki ez du inolako ekarpenik egiten. Aldiz, ikasleari esplikatuz gero letra jakin bat idazle batek zein testuingurutan idatzi duen, autore horren lanaren barruan non kokatzen den, zer esan nahi izan duen letra horrekin…  beste jarrera bat hartuko du ikasleak eta letra horri beste balio bat emango dio. Orduan esango du: “Hau ez da nik uneoro edozein lekutatik jasotzen dudan musika hori, hau beste gauza bat da”.
Barandiaranek argi dauka kultura eta sorkuntza gizarte hobe bat lor-tzeko ezinbesteko elementu direla, eta beraz, eskoletan toki zentrala eduki beharko lukeela. Izan ere, kulturgileak gaineratzen duenez, gaur egun ikasleengan halako “deserrotze” bat,  “indiferentzia” bat sumatzen da. “Gure ustez hori gertatzen da kulturarik gabeko pertsonak eraikitzen ari garelako. Eta kultura diodanean, jakintzaz ari naiz, sormenaz, begiruneaz, partekatzeaz, komunitateaz... Guk argi daukagu etorkizuneko Euskal Herria eraiki-tzeko euskarazko kultur sorkuntza ezinbestekoa dela”.