REBECA ETA MAURICIO WILD

2017-04-01

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskurik. Rebeca eta Mauricio Wilden inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan laugarrena.

 
 

Alemanian jaio zen Rebeca, eta, haurtzaroan, Bigarren Mundu Gerra bizi izan zuen bere familiarekin, Berlinen. Mauricio, berriz, Ekuadorren jaio zen. Guraso suitzarren semea zen, eta, 12 urte zituela, Suitzara joan zen ikasketekin jarraitzera. Suitzan ongi egokitu ez zenez, Europan zehar bidaiatzeari ekin zion 18 urterekin, eta hizkuntzak ikasi zituen.

Rebeca eta Mauricio gazteek turismo-gidari lanetan ezagutu zuten elkar, Alemanian, eta bikote-harremanari ekin zioten, elkarrenganako erakarpenak eraginda. Bikote-harremana sendotzen joan zen, eta, 1961ean, elkarrekin Ekuadorrera joatea erabaki zuten, askatasun handiagoan bizitzeko ametsari jarraituz, norbera izaten ikasteko eta bizi-kalitatea bilatzeko.
Lehenengo semearen jaiotzak halako inflexio-puntu bat adierazi zuen; hainbat urtean beraien intereseko kontuetan ibili ondoren, etxeko txikia gai izan zen gurasoen ohiturak, eguneroko planak eta iritziak desegiteko, bikote gazte askori gertatzen zaien moduan. Egun batean, lagun batek Maria Montessoriren liburu bat eman zion Rebecari irakurtzeko, eta, hortik aurrera, aldatzen hasi ziren bikoteak haurtzaroari buruz zuen ikuspuntua eta bien haziera-estiloa: konturatu ziren gurasoek egokitu behar dutela seme-alaben beharretara, eta ez alderantziz; eta, haurraren garapenerako eta haurrak bere burua hezteko duen gaitasunerako, funtsezkoa dela helduek haurren benetako beharrak asetzea.
Aurkikuntzok bultzatuta, Maria Montessori hezkuntza-metodoaren arloko prestakuntza jaso zuen Rebecak.
Ildo horri jarraituz, semea egoki garatzeko giroa prestatu zuten
etxean, eta, herrian, haur hezkun-
tzako Montessori ereduko eskola txiki bat sortzen lagundu zuen Rebecak. Semeak sei urte bete zituenean, lehen hezkuntzako herri-eskolan hasi zen, Wild bikoteak garai hartan artean ez zuelako zalantzan jartzen hezkuntza-sistema.
Handik bi urtera, bigarren semea jaio zen, eta seme txikiaren garapen-beharrak asetzeko prestatu zuten etxeko giroa berriro; gainera, ateak zabaldu zizkieten hezkuntza mota horretan interesa zuten familiei. Horrelaxe sortu zen, 1977an, Haur Hezkuntzako Pestalozzi Eskola Alternatiboa. Oinarrian, Montessoriren ekarpenak erabiltzen zituzten, modu aske batean, metodoa baliatu gabe. Garai horretan, hezkuntza-sistema zalantzan jarri zuten bere osotasunean, bi semeen eskola-esperientziak erkatu ondoren; kontraste nabarmena zegoen seme txikiaren alaitasunaren eta aurkikuntzak egiteko grinaren eta seme nagusiaren interes-galtzearen artean. Gauzak horrela, eskola uzteko aukera proposatu zioten seme nagusiari, eta, hamabi urte zituelarik, deseskolatu egin zuten.
1977. urtean hasi zen PESTALOZZI Eskola Alternatiboa, eta 2005ra arte iraun zuen. Eskolako adin-tartea zabaltzen joan zen, 3 urtetik 18 urtera irits arte, haurren eta familien beharrei erantzuteko. Ekuadorko Hezkuntza Ministerioak 1989an legeztatu zuen, izenburu bitxi honekin: “eskolarik ematen ez den oinarrizko eskola ekuadortarra, bederatzi urtekoa”.

HEZKUNTZA AKTIBOA:

Bizi-prozesuak errespetatzen dituen hezkuntza
Gurasotasuna abiapuntu.
Semeen hazieran izandako esperientziak eraman zuen Wild bikotea beraien egiteko modua familia gehiagorekin partekatzera eta, gero, Pestalozzi eskola alternatiboa sortzera.

Familiaren eta eskola alternatiboaren arteko koherentzia
Ezinbestekoa iruditzen zitzaion Wild bikoteari bat etortzea eskola aktiboko bizi-prozesuekiko errespetuzko hezkuntza eta familia bakoitzak duen haziera-estiloa, haur eta gazteak modu koherentean egituratu ahal izateko. Gurasoen ardura nagusietako bat da seme-alaben hazieran konpromisoa hartzea. Irizpide horri jarraituz, Pestalozzi goizez soilik irekitzen zen, lau orduz besterik ez, gainerako denbora haurrek euren familiarekin igarotzeari ematen zioten garrantziagatik. Pestalozzin, prestakuntza-ikastaroak eta taldeko bilerak izaten zituzten familiek, seme-alabak ahalik eta koherentzia eta errespetu handienarekin hazi eta hezi ahal izateko.

Haurra errespetatzea haren beharrak asetzea da

Haur eta gazteen oinarrizko beharrak aldatzen doaz garapen-etapa bakoitzean, eta, kalitatezko bizi-esperientziarekin hazteko, ezinbestekoa da horiek identifikatzea, entzutea, errespetatzea eta asetzea. Hori oso lotuta dago jasotzen duten maitasunaren kalitateak jatorrizko beharrak asetzearekin. Asetzen ez diren neurrian, mina eta sufrimendu-egoeren bizipena ekarriko dizkio garatzen ari den organismoari, eta konpentsazio-egoeren bilaketa, berriz, helduari.
“Haurrekin bizitzeak behartu egiten gaitu guk ase gabe ditugun beharrei (iraganarekin lotzen gaituztenei) edota gure seme-alaben oraingo beharrei arreta handiagoa jarriko diegun erabakitzera, azken horiek ematen digutelako gure etorkizunerako gil-tzarria.” (Wild, 2007).
Beste idatzi baterako gaia litzateke argitzea hazierako etapa bakoitzean ezinbestez zein oinarrizko behar errespetatu behar diren.
Hezkuntza aktiboan, konpromisoa hartzen da hazten ari diren organismoen bizi-prozesuaren kalitatearekin, hau da, haien benetako beharrak aseko dituen errespetuzko ingurua sortzearekin, haur eta gazte bakoitzak berezko gaitasunak gara ditzan; eta hor sartzen da irakasle bidelagunen egoteko modua ere.
Baina nola errespetatu bizi-prozesuak? Lehenik eta behin, bizitzaren funtsa eta xedea ezagutu beharra zutela ikusi zuten wildarrek.
Zer da bizitza? Nola errespeta daitezke bizi-prozesuak eskolan?
Bizitza zen Wild bikotearen oinarrien muina. Ezagutza biologikoan ardazten zuten beren pedagogia teorikoa eta praktikoa: Lur planetaren eboluzioan, bizitzaren garapenean, jatorrizko zelularen funtzionamenduan. Zelula da organismo bizien oinarrizko egitura, eta gizakiok zelula anitzeko organismoak gara. Lege biologiko berek gobernatzen gaituzte.
Bizitzaren eboluzioan, jatorrizko zelularen barne-egitura konplexuak mintz erdi-iragazkor bat sortu zuen kanpoaldetik bereizteko, eta, horri esker, barrualdetik doitu dezakegu ingurunearekiko elkarrekintza.
Zelularen barruan, kanpoaldean dagoena hautemateko gaitasuna dago, bai eta ingurunetik zer hartu eta zeri utzi sartzen balioesteko eta erabakitzeko gaitasuna ere; organismoak iraun dezan eta gara dadin egokia dena soilik hartuko du horrela. Berezko adimen hori ez dator planifikatutako curriculum batetik; aitzitik, bizitza organikoaren hasieratik berez gauzatzen den prozesua da.
Bitzaren beste lege biologiko garrantzitsu bat Humberto Maturanak eta Francisco Varelak adierazitako autopoiesi kontzeptuari dagokiona da: bizirik dagoen organismoak bere burua garatzen du. Organismoak barrutik zuzendutako ekintza espontaneo guztiek (kanpotik zuzendu gabekoek) aktibatzen dute organismo horren autoegituratzea.
Zuzentzen ez duen pedagogia
Lege biologikoak kontuan hartuta, ondorioztatu zuten garatzen ari diren organismo bizientzat kaltegarriak izan daitezkeela kanpoko interferentziak, organismoaren barne-koherentzia eta egitura errespetatu gabe, kanpotik nahitaez zerbait sarrarazi nahi denean.
Haurrak garatzen dituen ekintza espontaneo guztiei esker, bitzaren zentzua aurki dezake haurrak, eta munduan kokatzen eta autoegitura-tzen lagunduko zaio, modu natural batean. Eta, aldi berean, benetako ulermena, autonomia eta autoestimua garatuko ditu barrutik, modu sortzaile batean.
Haurrak kanpotik gidatu eta motibatu ordez, pedagogia-paradigma berri bat proposatzen dute: barrutik zuzendutako ekintzek ingurunearekin duten elkarrekintza errespetatzea eta ahalbidetzea, eta horien garapenerako espazioa egokiak sortzea. Pestalozzin, irakasle bidelagunek giro egokia eta kalitatezko presentzia eskaintzen dituzte, haur bakoitzak duen ahalmen guztia gara dezan.

Barne-curriculuma

Kulturak iradokitzen duen curriculumaz gain, haurraren barne-curriculuma errespetatzea nahitaezkoa zela zioten wildarrek. Beraien praktika pedagogikoan, curriculum hirukoitza abiarazi zuten: oinarrian, umearen interes pertsonalaren curriculuma zegoen (barrutik gidatutako ekin-tzak ingurunearekin elkarrekintzan); bigarrenik, garapen-etapen curriculuma (ezinbestekoa etapa bakoitzean ulermena garatzeko eta ezagutzak asimilatzeko) eta, azkenik, kultura orokorrean progresiboki parte hartzeko curriculuma.
Giro prestatua PESTALOZZI eskola aktiboan
Pestalozzi eskolan ez da eskolarik ematen; ez dago ikasketa-programaziorik; ez da ikasgai zatikaturik ematen ordutegi finko batean; ez dago azterketarik edota kalifikaziorik, eta haur eta nerabeek ez dute aulkietan eserita egon behar mahai aurrean, heldu batek zer egin behar duten esaten dien bitartean. Irekita daude eskolako espazio guztietako ateak, haur eta gazteak nahi dutenean sartu eta irten daitezen. Haien barne-interes eta ekintza espontaneo eta autonomoek gidatuko dituzte beren bizi-esperientziak, jolasak, esperimentazioak, galderak, erritmo biologikoa, ikasketa operatiboa, pentsamendu interkonektatua eta egituratze intelektual zein afektiboa.
Barne-curriculuma eta kanpotik haurraren ekintzak zuzentzen ez dituen pedagogia kontuan hartuta, haurraren ekintza espontaneoak ahalbidetuko dituen espazioa eta giroa prestatzea da Pestalozzi eskola aktiboaren gakoetako bat, umeen benetako interesak piztuko dituzten espazio eta materialekin eta natura- eta kultura-elementuekin hornituta.
Giro prestatuaren kontzeptua Montessoriren ekarpena bada ere, wildarrek kontzeptu hori garatzen jarraitu zuten, sakon eta aske. Giroa prestatzerakoan, erreferentzia garrantzitsua izan zen haientzat Jean Piaget, garapen-etapa bakoitzean eta haurraren adimenaren ulermenean.
Ez ziren eskolak ematen, giro prestatuaren bidez ikaskuntza esperientzia autonomo eta aberasgarria izan zedin lortzen zutelako, haurrak ingurunearekin duen elkarrekintza sentsorial eta motorrak bultzatuta. Irakasleen eta ikasleen rol tradizionalak eraldatzea dakar horrek, eta, horretarako, irakasleek xehetasun handiz prestatu behar dituzte kanpoaldeko eta barrualdeko giroak.
Bizi-prozesuak errespetatzen hasteko modurik egokiena eskola natura-espazio zabal batean kokatzea da, umeak izaki naturalak direla kontuan hartuta, giro horixe delako garapenerako gutxien prestatuta dagoena, eta, gainera, giro horrek egiturarik ez duelako: lurra, belarra, landareak, loreak, zuhaitzak, fruta-arbolak, animaliak, basoa, baratzea eta abar dituzte. “Giro horretan, haur lotsatienak ere bizitzaz betetzen dira, eta agresiboak lasaitu egiten dira” (Wild, 2002). Horrekin batera, hortxe izango dute helduek kanpoaldeko giroan prestatzen dutena ere: hondartegia, urarekin jolasteko guneak, jolas sinbolikorako eta motrizitaterako egiturak, hala nola zabuak, zintzilikatzeko, igotzeko, jaisteko edota eskalatzeko egiturak, koltxoneta elastikoak, tirolinak, eta kirol askotarako jokalekuak (eskubaloia, futbola edota boleibola jolasteko aukerak eskaintzen dira Pestalozzin), aroztegia, eskulanetarako txokoa (josteko makina, ehungailuak), meteorologia-txokoa, etab.
Bestalde, espazio eta jolas-material egituratu erakargarriak dira barrualdeko giro prestatuak, heldu baten motibaziorik gabe eta modu autonomoan jolastera eta erabiltzera gonbidatzen dutenak; garapen-etaparen arabera sortzen diren beharrak aseko dituzte espazio eta material horiek.
Lehen Hezkuntzako haurrak behar unibertsal bat dauka: mundua nolakoa den jakin nahi du. Horretarako, espazio eta material operatibo eta manipulatibo askotarikoak sortu zituzten Pestalozzin: kalkulu matematiko espontaneorako, pentsamendu logikorako edota natura-zientzietarako guneak, laborategia (urarekin, suarekin, elektrizitatearekin, elek-tronikarekin eta abarrekin esperimentuak egiteko eta adin horretan esperimentatzeko duten berezko beharra asetzeko), hizkuntzak ikasteko guneak, arterako espazioa (margoak, musika, dantza), inprimategia... Gainera, igerilekura joateko aukera zuten, eta mota askotako irteerak egiten zituzten, astean behin gutxienez: museoetara bisitak, natura-ibilaldiak, lanpostu ugariren behaketak... Eskolan, lantegiak eskaintzen zitzaizkien, gainera, borondatezkoak. Nahitaezko ekintza bakarra astean behin egiten zen batzarrera joatea zen: haur, nerabe eta helduen arteko bizikide-tzarako erabakiak hartzeko eta arauak berrikusteko organoa zen batzarra.
Bigarren Hezkuntzan, nerabeak duen behar unibertsal nabarmenena identitatearen bilaketari lotutakoa da: mundu honetan nor den aurkitu eta jakin nahi du. Pestalozzi eskolako espazioak modu intimoagoan prestatu zituzten, elkarrekin hitz egiteko; aldi berean, ibilaldi luzeak egiten zituzten kanpoan, eta hilabeteak egiteko aukera zuten zenbait lanpostutan.
Giro prestatua da pedagogia horren zutabea: haur eta nerabeen behar eta interesekiko adi egon behar dute irakasle bidelagunek. Haurrarengan interesgune berri bat piztu dela antzematen dutenean, material operatiboak asmatzen eta sortzen dituzte, eta eskuragarri jartzen dizkiete, haurrek beraien kabuz ulermena zabaldu dezaten. Hortaz, umeen interesek gidatzen dute espazio eta materialen egituraketa. Etengabe eraldatzen eta berregiten den espazio bizi eta aktiboa da.

Irakaslearen rola aldatu egiten da, eta giro lasaia bermatzen du helduak

Haurrak dauden espazioetan, irakasle bidelagun batek egon behar du gutxienez; kalitatezko presentzia izan behar du, haurren benetako beharretara egokitzeko, besteak beste, haurrak material manipulatiboekin nola jolastuko den galdetzen duenean hari laguntzeko eta lantegiak eskaintzeko.
Giroaren kalitatearen beste ezaugarri bat lasaitasuna da: giroak lasaia izan behar du. Helduek bermatuko dute hori, haurren arteko elkarrekintzetan sor daitezkeen gatazketan afektuzko jarrera erakutsiz eta, behar denean, bizikidetza-arauak oroitaraziz, denen lasaitasunerako.

Askatasuna eta autonomia:erabakiak hartzea, eguneroko praktika

Pestalozzi eskola aktiboan, bakoi-tzak bere behar primitiboak asetzeko askatasuna dauka. Daukatenarekin zer egin nahi duten erabaki behar dute etengabe, eta zerekin, zeinekin eta zenbat denboraz ikasi nahi duten. Dituen aukeren artean, erabaki egin behar du haurrak, eta bere burua sentitzera eramango du horrek; hau da, garatzen duen ekintzarekin, zerbait sentituko edo lortuko du: lasaitasuna, nekea, asperdura, urduritasuna, alaitasuna, aurkikuntza bat bere kabuz egin ondorengo gogobetetasuna, etab.
Erabakitzeko askatasuna sentitzeko aukerarik izan ez duenarentzat esperientzia mingarria izan daitekeela diote wildarrek, haurrek beraien barrenean autonomia eta ziurtasun-eza aurki ditzaketelako, eta gertatzen denaren ondorioen arduradunak izango direlako.
Bizikidetza egokirako arauen esparruan kokatzen da askatasun-giroa.
CEPA: León Dormido proiektu integral eta komunitarioa
Pestalozzi eskola alternatiboak 2005ean itxi zituen ateak, Wild bikoteak ezinbestekotzat jo zuelako proiektu integralagoa sortzea. Haur eta gazteen beharrak errespetatzeaz gain, helduenak ere errespetatzen zituen komunitate-proiektua sortu zuten, Pestalozzin egondako familia batzuekin batera. León Dormidoko CEPA zentroan (Ekintza Autonomorako Zentroa), ekonomia eta pedagogia alternatiboa uztartu zituzten, eta elkarrekiko laguntza-sarea sortu. Gurasoek horrela eskolan beren seme-alabekin egoteko aukera zeukaten, hezkuntza beste inoren esku utzi gabe.
Egun, Ekuadorren etengabe gara-tzen eta eraldatzen ari den mundu-ikuskera baten testigantza bizia da Pestalozzi Hezkuntza Fundazioaren León Dormido proiektu integral eta komunitarioa.
2015ean zendu zen proiektu horren sortzaile nagusietako bat, Rebeca Wild. Haren senarrak han jarraitzen du gaur egun, lerro hauek idazten ditudan bitartean, komunitateko beste familia batzuekin batera munduko bazter askotan haien esperientzian interesa dutenei komunitateko ateak zabaltzen eta prestakuntza eskaintzen.