EBALUAZIOA. Ikasitakoa ebaluatzeaz gain, ikasteko ebaluatzea xede Lehen eta Bigarren Hezkuntzan paradigma aldaketa

2018-12-01

Erpin asko dituen gaia da ebaluazioarena. Duen konplexutasunagatik irakasleen kezka iturri izan ohi da eta azken urteotan ikuspegi anitzetatik aztertu izan da. Produktuaren emaitzen ebaluazioa egiten ohituago gauden arren, prozesuen ebaluaziora pasatzeko erronka mahai-gainean dago gaur egun, eta gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari da ebaluazioaren ikuspegi osoago baten aldeko hausnarketa. hik hasi-k, batez ere, Lehen Hezkuntzatik aurrera egiten den ebaluazioaren inguruan sakondu du Lasarte-Oriako Berritzeguneko zuzendari Oskar Viguerarekin. Horrekin batera, Ikastolen Elkartean abian jarri duten Ebaluazio Integralerako ereduaren nondik norakoak jaso ditu eta Arrankudiagako eskolan gai honen inguruan egindako ibilbidea plazaratu du. 

 
 

Lehen Hezkuntzatik aurrera eta, batez ere, Bigarren Hezkuntzan, ebaluazioaz pentsatzen jartzen garenean, oro har, gisa honetako hitzak etortzen zaizkigu gogora: azterketa, froga, nota, tentsioa, urduritasuna… Esan daiteke tradizio pedagogiko baten ondorio izan daitekeela hori. Izan ere, ebaluazioaren ikuspegi bat gailendu izan da orain arte; hain zuzen, ebaluazio egiazta-tzailea, sailkatzailea eta estandarizatua izan da nagusi. Baina ebaluazioa ez da hori bakarrik, ebaluazioaren barnean ulertu behar ditugu honakoak ere: behaketa jarraitua, ebidentziak jasotzea, ikasle-irakasle feedback-a, autoebaluazioa eta autorregulazioa...

Testuinguru horretan, gaur egun, irakasleen kezka handia ere bada ebaluazioa. Izan ere, ebaluazioak ikasteko era baldintzatzen duela gauza nabaria da, baina konplexua ere bada, eta horregatik, ikuspegi anitzetatik aztertu izan da. Oskar Viguera Lasarte-Oriako Berritzeguneko zuzendariarentzat ere “beharrezkoa” da ebaluazioaren ikuspegia zabaltzea. Hiru gida-lerro azpimarratzen ditu ebaluazio esanguratsu bat eraiki ahal izateko: “Ingelesez, preposizioa aldatuta, oso ondo adierazten dira hiru alderdiak eta intuitiboki ulertzen dira; Evaluation for, of and as learning. Euskaraz esanda, ikaskuntzaren ebaluazioa, ikaskuntzarako ebaluazioa, eta ebaluazioa ikaskuntza bezala”. 

Ikaskuntzaren ebaluazioaz Viguerak dio profesionalek jakin behar dutela ikaskuntza hori ikasleengan noraino iristen ari den eta hori oso inportantea dela gaineratzen du: “Ikaskuntzaren ebaluazioak balio behar digu curriculumeko helburuak eta bestelakoak lortu diren edo ez jakiteko. Gero hori nola egin behar den eztabaida daiteke, baina lortu denaren gaineko informazio horri ezin zaio garrantzia kendu”. 

Ikaskuntzarako ebaluazioa izango litzateke bigarren alderdia Vigueraren hitzetan: “Ebaluazioarekin prozesua bera ere hobetzea lortu nahi dugu. Izan ere, ebaluazioa ez da bakarrik ikasleek zer ikasi duten eta noraino iritsi diren esatea. Baizik eta prozesu osoa hartu behar dugu kontuan eta eragile desberdinen parte-hartzearekin, ikaskuntzarako ebaluaziotik aterako ditugu prozesua emankorrago egiteko gakoak”. 

Eta hirugarrenik, ebaluazioa ikaskuntza bezala ulertu beharko genuke Vigueraren iritziz: “Ikasleak noraino iritsi diren ebaluatzeaz gain, eta ikaskuntza-prozesua ebalua-tzearekin batera, oso inportantea da ebaluazioa ikaskuntza konpetentzia bezala ikustea. Eta ikasleak izango dira protagonista. Zergatik? Lortu nahi dugulako ikasleek ikastea nola ebaluatzen den, irizpideak zeinen inportanteak diren, ebidentziak nola jasotzen diren, zein diren indarguneak eta zein ahulguneak, nola ikasten duten hobeto, zer den gehien kostatzen zaiena… Eta hori nola egiten da? Praktikarekin. Norbere buruarekin lan eginda, baina baita besteekin ere”. Zentzu horretan, autoebaluazioa eta kideen arteko ebaluazioa aipatu ditu Berritzeguneko zuzendariak ebaluazioa ikaskuntza bezala praktikan jartzeko alderdi nabarmen gisa.

Hortik abiatuta, Viguerak dio pixkanaka gero eta protagonismo gehiago hartzen ari direla ikaskuntza prozesuko alderdi ugariren gaineko hausnarketa ebaluazioa: “Tradizio batetik gatoz, eta egia da nagusiki ikasleek zer ikasi duten jakiteko ebaluatu izan dugula. Eta horretan zentratu izan gara. Baina ikaskuntza eraginkorra izatea bada helburua, garrantzitsua da egiten duguna nola egiten dugun eta zergatik eta zertarako ere hausnartzea”.

 

Konpetentziak eta ebaluazioa

Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntza abian jarri zenetik, Viguerak aipatzen du eztabaida ugari izan dela ebaluatu beharreko konpetentzien inguruan: “Konpetentziak gaur egun bi motatakoak dira; diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eta zehar-konpetentziak. Diziplina baitako konpetentziek nolabait inertziaz lehen bezala ebaluatzen jarraitu dutela esan dezakegu. Aldiz, zehar-konpetentziek ez zuten tradizio hori eta hor kokatzen da benetako erronka. Izan ere, haurrek konpetentzia guztiak garatzea nahi dugu, baina egituran arloekin jarraitzen dugu, irakasleak arloetakoak izaten jarraitzen dute, ez konpetentziaz-koak. Horregatik, erronka handia da zehar-konpetentziena, ikaskuntza eta ebaluazioaren ikuspuntutik”. 

Konpetentziekin ebaluazioaren sofistikazio maila asko igotzen dela dio. Edukiak erreferentzia zirenean, ebaluazioa horietan zentratzen zen. “Orain edukiak ezagutzea, datuak, gertaerak, edota printzipioak gogoratzearekin ez da nahikoa. Konpetenteak izateak ezagutza horiek testuinguru ezberdinetan erabiltzen jakitea eskatzen du. Beraz, ez da nahikoa ezagutza bat duela egiaztatzea. Ezagutza hori testuingu esanguratsuetan eraginkortasunez erabiltzeko gai dela ere baieztatu behar da”. 

 

Kanpotik egiten den ebaluazioa

Berritzeguneko zuzendariak azpimarratzen du tresnak ere asko baldintzatzen duela ebaluatu daitekeena, eta zentzu horretan, kritika egin izan zaie ebaluatzeko modu jakinei, batez ere kanpo-ebaluazio estandarizatuetarako erabili izan direnei: “Azterketa partzialak direla kritika egin zaie. Konpetentzia guztiak ez dituztela neurtzen; hain zuzen ere, nolabait neurgarriagoak izan daitezkeen konpetentziak bakarrik neurtzen dituztela; Matematika, Zientziak eta Hizkuntzak. Eta oso modu konkretuan neurtzen dituzte, gainera, item idatzi batzuen bidez. Haatik, badira tresna horren bidez baloratzea oso zaila diren konpetentzia oso garrantzitsuak: haurraren sormena, kritikotasuna, autonomia edota kolaboratzeko gaitasuna, batzuk aipatzearren”. 

Vigueraren ustez, tresna guztiek dituzte beren mugak, eta ez dago tresna perfekturik. Horren aurrean, tresna desberdinak erabiltzera animatu nahi ditu eragileak: “Kontuan izan behar dugu kanpo-ebaluazioak behar konkretu bati erantzuten diola, baina ebaluazioa hori baino gehiago da. Hala ere, protagonismo handia hartzen ari da, eta zenbait momentutan arriskua egon daiteke, ikaskuntzaren gida bihurtzeraino. Eta hor erredukzionismoa dago, eta ikaskuntza prozesu osoa baldintzatzen du”. 

Baina kanpo-ebaluazioak baditu helburu onak ere Vigueraren iritziz: “Ebaluazio diagnostikoak ez ditu neurtzen alderdi guztiak baina, hala ere, neurtzen dituen horiek baliotsuak izan daitezke kontrasterako. Adibidez, gure ikastetxean proiektu batekin oso gustura egon arren, behar ditugu froga estandarizatu baten pareko emaitza kontrastagarriak ere. Helburua ez da ikaslea ebaluatzea, baina bai jakitea gure metodologiak zein ahulezia dituen edo zein indargune. Ebaluazio diagnostikoak egin beharko luke ikaskuntzaren ebaluazioa”. 

Zentzu horretan, Berritzeguneko zuzendariak dio kanpo-ebaluazioaren inguruan eztabaida sortu izan dela eta zenbait momentutan egon izan dela froga horiekiko “arbuioa”. Eta askotariko arrazoiak aipatzen ditu: “Adibidez, galdetu izan da zer egiten duen Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak (KGEE) hezkuntza arloan, eta horri lotuta zer dagoen froga horien atzean. Edota kritikatu izan da zenbait konpetentziari balio handiagoa ematen zaiola beste batzueri baino. Baina kontuan izan behar dugu konpetentziak ez direla kontrajarriak. Zentzu horretan, ikuspegi osoa bilatu behar dugu, pertsona osoak hezi behar ditugulako. Horretarako, kanpo-ebaluazioak ematen dizkigun datuak ere baliatu behar ditugu”. 

 

Ebaluazioaren ikuspegi ideologikoa

Ebaluazioak erpin asko dituela azpimarratzen du Viguerak eta alderdi profesionalari lotutako ebaluaziotik haratago, bada adituek aipatzen dutenez, ideologikoagoa den beste alderdi bat: “Guztiaren gainetik errealistak izan behar dugu, eta kontuan izan behar dugu gure gizartean klasifikatzeko joera oso zabalduta dagoela. Pertsonak klasifikatzeko eta mailakatzeko joera horrekin ohitu gara eta nolabait ‘naturalizatu’ egin dugu; normaltzat hartzen dugu, ia konturatu gabe. Egile eta aditu ugarik adierazi du ebaluazioa, edo kalifikazioa, kasu askotan kontrol tresna gisa erabili izan dela. Baina ikaskuntza barne prozesua da, ikasleengan garatzen dena eta ezin da kanpotik inposatu kontrolaren bidez. Kalifikazioaren erabilpen kontrolatzaile edo sailkatzaile hori ‘ideologikoa’ dela esan daiteke. Ez du berez justifikaziorik ikaskuntzaren ikuspuntutik. Aditu batzuk azpimarratzen dute hor botere-harremanak daudela inplikatuta. Kontrolean eta boterean oinarritutako harremanak nagusitzen badira gela giroan, ikasleentzat ikaskuntza bigarren edo hirugarren planora pasatzen da. Lehenengo planoan klasifikazio honetan ondo ateratzea dago”. 

Zentzu horretan, konpetitibitate hori oso barneratuta daukagula aipatzen du Viguerak eta zenbait ebaluazio eredutan horixe dela oinarrian dagoena: “Izan dira garaiak non, kalifikazioak eta ebaluazioaren alderdi sailkatzaileek, protagonismoa hartu duten. Egun, ezin dugu esan erabat gainditu dugunik. Urtero gelako ikasleak sailkatzerakoan ‘distribuzio normaltzat’ hartzen dugu kalifikazioaren arabera sailkatzea ikasleak. Eta berdin gertatuko zaigu hurrengo ikasturtean, nahiz eta taldeak erabat ezberdinak izan. Edozein talde hartuta, beti bilatuko dugu Gauss kanpai ezagunaren banaketa eredua ateratzea, alegia, ikasle batzuk onak, beste batzuk txarrak eta tartean, batezbestekoan gehienak. Eta hori oso barneratua daukagu. Zenbait gurasok ere, ez guztiek, baina zenbaitek jakin nahi dute eskema horretan non kokatzen den euren haurra”. 

Konpetentziekin, hori aldatu egin beharko litzatekeela dio Viguerak. Izan ere, azpimarratzen du oinarrizko konpetentziak herritarrentzat direla, eta suposatzen da guztiok konpetenteak izan behar dugula behin derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren. Orduan, zenbait testuingurutan galdera hau egin daiteke: “Zer zentzu du derrigorrezko hezkuntzan esateak haur bat hoberenen artean, edo txarren artean edota batezbestekoan dagoela? Denok lortu beharko genuke konpetenteak izatea. Urritasunengatik edo gaixotasunengatik premia bereziak dituzten ikasleek izan ezik, beste guztiek derrigorrezko hezkuntza bukatzean konpetentziak garatuta izan beharko lituzkete”.

Zentzu horretan, apurtu egiten da egitura sailkatzaile horrekin. Berritzeguneko zuzendariaren esanetan, “derrigorrezko hezkuntzan tresnak eman behar dizkiegu hiritar gisa garatzeko eta beren bidea egiteko, eta ulertu behar dugu etapa honetan ez garela profesionalizatzen ari”. Baina horra iristeko aurretik bidea dago egiteko: “Hainbat kasutan, konpetentziekin gertatzen zaiguna da eskema sailkatzaile hori erreproduzitzen ari garela. Eta derrigorrezko hezkun-tzan zentzurik ez badu, beste etapetan ere ez, eta adi egon behar dugu Haur Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ikastetxe askotan hausnarketa hori hasi dira egiten, eta beren praktiketan islatzen”. 

Testuinguru horretan ulertu behar dugu ikastetxe batzuetan horren kontra jokatzea eta esatea ez dutela ebaluazio sailkatzaile hori egingo. Viguerak dioenez beraien argudio ideologikoa zera da: “Euren haurrek ez dutela behar sailkatuak izatea; umeak direla eta ume izateko eskubidea dutela, sailkatuak edota besteekin konparatuak izan gabe, eta ez dute ikusten ikasleak sailkatzeko beharrik”. Berri-tzeguneko zuzendariak jarrera honen aurrean ondorengoa gogorarazten du: “Ez dugu ahaztu behar, hala ere, profesional bezala informazioa behar dugula; ebidentziak behar ditugu gure ikasleen ikaskuntza gidatzeko, zailtasunak izan baditu alboan egoteko, eta tresna desberdinen bidez bidea egiten jarraitzen laguntzeko”.

 

IKASKUNTZARAKO EBALUAZIOAREN GAKOAK

Ikaskuntzarako ebaluazioan, eraginkortasunez aritzeko honako gakoak aipatu ditu Berritzeguneko zuzendariak:

Espektatibak partekatzea: ikaskuntzaren espektatibak askotan inplizituak izaten dira, eta ebaluazioan oso garrantzitsua da ikaskuntzarekin lortu nahi diren helburu zehatzak ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin eta gainerako profesionalekin partekatzea.

Kalitatezko ebidentziak lortzea: ebaluazioa ebidentzien joko bat da, eta ebidentziak oso inportanteak dira. Baina zenbaitetan ebaluatzen dugun ikaskuntza oso maila baxukoa, memoristikoa edo intuizioan oinarritutakoa da. Kalitate altuko ebidentziak lortzen Saiatu behar dugu.

Ikasle-irakasle feedback-a: oso garrantzitsua da ebaluazio hezitzailea garatzeko, eta definizioz esan nahi du egindako lanaren gainean hitz egitea, bueltatzea, ondo egin duena aipatuz, eta hobetu beharreko alderdiak izendatuz. Gainera, feedback-a oso garrantzitsua da irakaslearentzako, irakaskuntza ereduaren ahuleziak eta indarguneak ulertzeko balio diolako. 

Autoebaluazioa: batetik, ikasi duenaz eta noraino ikasi duen jabetzeko estrategiak, eta bestetik, autoezagutza sustatzeko eta ikaskuntza estiloa identifikatzeko. 

Kideen arteko ebaluazioa: ikasleen arteko ebaluazioa laguntza moduan ulertu behar dugu eta ikerketa desberdinek erakutsi dute ikasleak onurak lortzen dituela. 

 

Ebaluazio Integralerako eredua

Ikastolen Elkartean ebaluazioaren gaia sakonean azter-tzen dihardute azken urteetan. Zigor Ibarzabal Elkarteko Hezkuntza arduradunaren arabera, “ebaluazioak irakasleak izan dezakeen esku-hartzea eta ikasleak jaso ditzakeen mezu inplizituak baldintzatzen ditu eta, horregatik, duen garrantzia izugarria da”. Azken urteetan egindako hainbat hausnarketaren ondorioetatik abiatuta, ebaluazio eredu berri bat garatzen ari dira Ikastolen Elkartean eta dagoeneko 33 ikastola ari dira Ebaluazio Integrala deitu dioten eredu berri honen ezarpenean trebatzen; 17 ikastola hastapeneko taldean ari dira lanean eta 16 ikastola jada ezarpen fasean daude. 

Zentzu horretan, eta eskola aldi guztian zehar jarraikortasuna izan behar duten irizpideak identifikatzeko, ebaluazioaren gaia ikaskuntza aldiko etapa desberdinetan dute aztergai. Aipatzen duenez, helburu bikoitza jarri diote euren buruari: “Alde batetik, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko ebaluazio eredu berri eta koherente bat sortzea izan da helburua. Eta bestetik, irakasleak ebaluazio osoago bat egiteko prestatzea”. 

Hainbat hausnarketatan oinarritu dute eredu berri honen abiapuntua, Ibarzabalen arabera: “Lehen Hezkuntzan egin genuen lehen hausnarketa Maria Galdeanoren eskutik. Irakaslearen praktika erreflexiboan eta ebaluazio hezigarrian oinarritu zen ekimena. Aldi berean, Mikele Aldasorok EKI proiektuaren ebaluazioaren oinarriak aztertu eta garatu zituen. Eta ildo beretik, iazko ikasturtean Haur Hezkun-tzako hIZAN proiektuaren barruan egin genuen 8 ikastolarekin ebaluazioaren inguruko lanketa”. 

Ibarzabalek aipatzen duenez, “ikasleei esanguratsuak diren balorazioak egiteko, hobetzeko laguntza emango dien mezuak adierazteko eta egiten ari diren hori balorean jartzen duen ebaluazioa egiteko, tresna eta estrategiak behar dituzte hezitzaileek”. Zentzu horretan, eredu berri hau ondorengoan oinarritzen da: “Lehenengo eta behin, zer eta zertarako ebaluatuko dugunaren gaineko planifikazioa dago, eta horrekin batera ebidentziak noiz eta nola jasoko ditugun zehazten da. Abiapuntu horretatik, jarduera tipologia ezberdinekin konpetentziak baloratzen dira eta horien ebidentzien erregistroak egiteko bitarteko digitalak eskaintzen zaizkie irakasleei. Horrez gain, ebaluazio hezigarria praktikatzeko baliabideak eskaintzen dira, eta ildo beretik, metakognizioaren garrantzia eta praktika lantzen da; ikaslearen autoebaluazioan, autoezagutzan eta ekitean, betiere sormenean begirada jarriz”. 

 

Autoebaluazioaren garrantzia

Autoebaluazioaren gaiari garrantzi berezia ematen diote eredu berrian ere. Izan ere, Ibarzabalen arabera, “ikaskun-tzaren garapena irakaslearen ikuspegitik ez ezik, ikaslearen erreflexiotik ere baloratu behar da, autoebaluazioak bere prozesua autogestionatzeko eta bideratzeko aukera ematen baitio ikasleari”. Horrekin batera, irakaslearen feedback hezigarriaren garrantzia azpimarratzen du. Eta zentzu berean, honakoa gaineratzen du: “Autoebaluazioak, eta kideen arteko ebaluazioak ikasleen jarrera eta motibazioan izan dezakeen garrantzia azpimarratu behar dugu”. Autoebaluazioaren prozesua borobiltzeko, metakognizioaren praktika ezinbestekotzat jotzen du: “Ikaslea erronka, egoera, proiektu eta abarrei aurre egiten hastean, gaiaren gainean aurretik zuen ezagutzaren aktibazioa gertatzen da (zer dakit?), prozesuan zehar jasotzen ari denaren gaineko hausnarketa (nola ari naiz? motibazioa? zailtasunak?) eta bukatzean, dakienaren gaineko balorazioa egiten du (zer, nola eta zertarako ikasi dut?). 

 

Ezagutzak ebaluatzetik, konpetentziak ebaluatzera 

Ikastolen Elkartean Ebaluazio Integralerako eredua ezar-tzeko abiatu duten prozesuarekin, ezagutzak ebaluatzetik urrats bat eman eta konpetentziak ebaluatzera pasa direla aipatzen du Ibarzabalek: “Ebaluazioa borobildu egin dugu, ikasleek bizitzarako behar dituzten trebeziak landu eta baloratzeko”. Zentzu horretan, konpetentziak ebaluatzeko garatu dituzten estrategiek ondorengo lan-ildoak jarraitzen dituzte: 

- Egoera desberdinei erantzuteko ikasleak informazioa jaso, ulertu eta baloratu beharko du, taldean erabakiak hartu eta horretarako norbere iritziak adierazi, besteen proposamenak entzun, solasean aritu, azken adierazpen bat sortu, etab. 

- Irakasleei egiteko horietan ikasleak nola moldatzen diren behatzeko jarduera gakoak eta ebaluaziorako irizpideak eskaintzen zaizkie. 

- Ikasleak irizpide horietaz jabetzeko ahalegina egiten da, haiekin zehaztuz edota partekatuz egiteko horiek arrakastaz betetzeko behar dituzten ezaugarriak eta jarrerak. 

- Ikasleak bere ikasteko eraren, ikaskuntzaren eta ikasteko duenaren kontzientzia hartzeko autorregulazio-jarduerak eskaintzen dira. 

- Ikasleen autorregulazioan irakasleen betekizuna oso garrantzitsua da: helburuen irudikapen edo errepresentazio egokia egiten lagunduz, huts egiteak hautematen eta haien arrazoiak ulertzen lagunduz, beraien autoebaluazioa ardatz hartuta, gogoeta egitera eta erabakiak hartzera bideratuz.

- Ikaskuntza prozesuko etapa bakoitzak berariazko ezaugarriak dituela kontuan izatearekin batera, ebaluazioak Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko irizpide bateratu batzuk izan behar ditu.

Elkarteko Hezkuntza arduradunaren arabera, “hezkuntzaren paradigma aldaketa ezin da gertatu ia bere osotasunean ebaluazio kuantitatiboan oinarritzen bagara. Ebaluazioa ikaskuntza prozesuaren osagai banaezina da eta hasieratik bukaeraraino eraman behar da”. Ildo horretatik, aipatzen du ebaluazioaren ikuspegia zabaldu egin behar dela. Urte askotan zehar, ikaslearen ebaluazioan zentratu garela gaineratzen du, baina ikuspegi oso bat izateko hiru eremu hauek ebaluatu beharko genituzke Ibarzabalen iritziz: erakundearen ebaluazioa, irakaslearen ebaluazioa eta ikaslearen ebaluazioa. Zentzu horretan, hiru arloetan urratsak ematen ari dira Ikastolen Elkartean: “Ikaslearen ebaluazioaren eremuan daukagu esperientzia gehien, baina konpetentzietan lan egiteak ebaluazioan ere aldaketa handiak eskatzen ditu; irakasleen ebaluazioan ere aditu desberdinen ekarpenetatik abiatuta, galdetegi bat osatu dugu; eta hirugarrenik, erakundearen ebaluazioan trebatzeko hainbat ikastoletan abian jarri dugu Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra deitutako proiektua”.  

Prozesu hori guztia modu koherente batean egiteko ebaluazio boletin eredu bat diseinatu dute eta ebaluazio eredu hori gaia lantzen ari diren ikastoletan erabiliko dute. Zentzu horretan, “prozesu bizia” izaten ari dela gainera-tzen du Ikastolen Elkarteko ordezkariak: “Egin ditugun proposamenak ezartzen, frogatzen eta hobetzen ari gara. Etengabeko hobekuntza eskatuko digun gaia izanik, urrats kualitatibo handiak ematen ari gara”. Horri lotuta, eta gaiaren garrantzia ikusita, egiten ari diren lana hezkuntza komunitatearekin eta gizartearekin partekatzeko, ikasturte honetarako Ikastolen Elkarteak antolatuko dituen jardunaldi pedagogikoak ebaluazioaren inguruan izatea aurreikusten dutela aipatu du pedagogia zuzendariak. 

 

Kanpo-ebaluazioa ikaskuntzaren hobekuntzarako 

Kanpo-ebaluazioaz galdetuta, Ibarzabalek aipatzen du “duten garrantzia” eman behar zaiela: “Gure ustez, ikaslearen ikasketa-prozesuaren ebaluazioa irakasleak eta ikastolak egiten du, hau da, pertsonarekin lanean ari den profesionalak garatzen du. Hala ere, sistemaren hobekuntzak proposatzeko, ikastetxe ezberdinetan eragin eta hobekuntza proiektuak gauzatzeko, gure ikastolako datuak beste ba-tzuekin alderatzeko… beharrezkoak direla uste dugu. Gure estrategian beti azaldu dugu kanpo-ebaluazioak ikastetxearen eta sistemaren diagnostikorako baliatu behar ditugula eta inoiz ez ikaslearen ebaluazio bat egiteko”. 

 

Arrankudiagako ibilbidea

Hezkuntza arloan ibilbide luzea egin du Nekane Otsoak. 1987an hasi zen Arrankudiagako eskolan irakasle lanetan, eta zuzendaritzan daramatza 20 urte inguru, “kontua galduta” duela barre egiten du. Ebaluazioaz hitz egiterako orduan, helburuak argi dituztela aipatzen du: “Ikaslearen ongizatea eta ikaslearen arrakasta bilatzen dugu guk, bai maila akademikoan eta baita maila afektiboan ere. Ongizatea ikuspuntu afektibo batetik begiratuta, edo harremanen ikuspegitik. Eta gero, zer esanik ez, arrakasta akademikoa bilatzen dugu. Hori da ebaluazioa eginez lortu nahi duguna, eta horretarako ebaluatzen dugu”. Otsoaren hitzetan, bi alderdiak elkarreraginean daude eta horregatik garrantzitsua da bi aldeak kontuan izatea. Izan ere, arlo afektiboan arazoak baldin badaude, horrek zuzenean eragingo du arlo akademikoan eta kontuan izan behar dugu Otsoak aipatzen duenez, alderdi ugarik eragiten dutela maila afektiboan: “Demostratuta dago, alderdi afektiboa txarto badabil, nahiz eta kabriolak edo mila gauza egin, ume bat ondo ez badago bere buruarekin eta albokoekin, irakurketan seguruenera arrakastarik ez duela izango. Horregatik ikuspegi hori oinarri-oinarriz-koa da gure eskolan”. 

Zentzu horretan, haurraren testuinguru guztia kontuan har-tzen saiatzen dira: gurasoak, neba-arrebak, haurra bera… Azaltzen duenez, “nolabait esateko, gu semaforo gorriak detektatzen ibiltzen gara eta semaforo gorri gehienak normalean arlo afektiboan agertzen dira. Horrek ematen digu denbora gehien, baina guretzat inportantea da taldea ondo kohesionatuta egotea, taldean denak ondo egotea, harremanak sendoak izatea, arazorik ez egotea euren artean…”. Eta horren jarraipena egiten dute irakasle-taldean, astero egiten dituzten zikloko bileretan.

Hori oinarri hartuta egiten dituzte ebaluazio kuantitatiboa “ezinbestean” eta ebaluazio kualitatiboa, Otsoak aipatzen duenez: “Ebaluazio kuantitatiboa egiten dugu eta notak ipintzen ditugu derrigorrez ipini behar direlako. Baina aspalditik egiten dugu ebaluazio kualitatiboa eta guretzat horrek dauka garrantzia”. 

Ebaluazio kualitatibo horren oinarrian, prozesua da Arrankudiagan ebaluatzen dutena: “Guretzat prozesua da inportantea. Non hasi den ikaslea, noraino heldu den, bidean zer gertatu zaion, nola lagundu diogun, non joan den bera bakarrik, non aurkitu dituen oztopoak, oztopo horietan noren laguntza jaso duen, laguntza hori ondo etorri zaion edo ez, nik irakasle bezala pentsatu edo egin dudan horrek arrakasta izan duen… Eta modu horretan ikaslearen ebaluazioaz gain, ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa ere egiten dugu, eta hori irakasle taldean egiten dugu”. Eskolako zuzendariak azpimarratzen duenez, taldearen ikuspuntua beti da inportantea eta egingo dutenaren gaineko hausnarketa beti irakasle taldean egiten dutela gaineratzen du. 

 

Prozesuaren etengabeko behaketa

Ebaluazioaren ikuspegi oso bat jaso ahal izateko, etengabeko behaketa egiten dute Arrankudiagako eskolan. Ez dago azterketarik, eta zentzu horretan, bat datoz beraien metodologia eta ebaluazioa, Otsoak aipatzen duenez, “guztiak zentzua hartuko badu, bi alderdiak bata bestearen atzetik doazelako”. Horregatik, eta batik bat maila akademikoan, garrantzi berezia ematen diote Arrankudiagan edozein prozesu hastean, ikasleek dituzten aurreiritzi eta aurrezagutzak identifikatzeari: “Guretzat ezinbestekoak dira eta saiatzen gara beti era positibo batean baloratzen; zer dakien egiten, zer maila daukan… eta ez hainbeste zer falta zaion edo zer oztopo dituen. Dakienetik abiatuko gara, eta orain dakien hori garatzen joango gara. Eta hor kokatzen da gure hurrengo zeregina”. Prozesuaren garapena eraginkorra izateko, behin aurrezagutzak jakin ostean, planifikatu egiten dute prozesu guztia nola garatuko duten, eta amaieran noraino heldu diren ikusiko dute. Baina bideari arreta berezia ipintzen diotela gaineratzen du: “Bidean sortuko diren oztopoak eta arazoak —beti era positibo batean ikusita—, presente ditugu prozesuan bertan, eta horiek gainditzen laguntzeko esku-hartze bat prestatzea izaten da gure helburu nagusietako bat. Ziklo bileretan egiten den lana izaten da hori”. 

Ildo beretik, arlo desberdinetako ebaluazio adierazleak identifikatzeko lan handia egin dutela aipatzen du zuzendariak: “Guk ebaluatzen dugunean, jakin behar dugu zeren arabera ebaluatzen dugun. Ikasle honek arazoak dituenean, edo ikasle hark honetan aurreratu duenean, zeren arabera ebaluatzen dugu? Ez dugu egiten umea zigortzeko, eta ezta gainditu gabe geratzeko ere, baizik eta jakiteko umea non dagoen eta nola lagundu behar diodan nik leku horretatik aurrera egiten. Hori da ebaluazio adierazleen izpiritua eta horiek identifikatzeko lan handia egin dugu eskolan”. 

 

Metaezagutza eta autoebaluazioa lantzen 

Arrankudiagako eskolan ikasleen metaezagutza lantzeari garrantzi berezia ematen diotela aipatzen du eskolako zuzendariak: “Lan handia egin dugu metaezagutza lan-tzeko ekintzetan, alegia, ikasleak jarraitu duen prozesuaren inguruan pentsatu eta hori berbalizatzeko gaitasuna lantzean; zer egin duen lehenengo, zer gero, non eduki dituen arazoak…”  Eta ikasleekin hori lantzeko erabiltzen dituzte, batez ere, ikasleen lanak eta lan horien erregistroak. Otsoak dioenez, lan hori egiteko ebidentziak behar dituzte eta saiatzen dira ebidentzia horiek arlo guztietakoak izaten. Modu horretan, jaso egiten dituzte ikasleen lanak, materialak, elementuak, ikaslearen mailaren adierazle direnak. Gero, bitarteko horiek erabiltzen dituzte ikasleari prozesuan zehar eman duen bilakaera erakusteko eta hor haurra konturatu egiten da, Otsoaren esanetan, “gai dela, egin dezakeela”. Autoebaluaziorako dinamikak ere egiten dituztela aipatzen du zuzendariak, eta alderdi hori indartzeko, ikasturte honetarako bi saio dituzte programatuta Neus Sanmartí autoebaluazioan adituarekin. 

Eta ebaluazioaren gaian hausnarketa betean jarraitzen dute. Otsoak azaltzen duenez, badaramatzate bi urte formazio proiektu batean murgilduta Areatzako eta Zeberioko eskolekin batera. Konpetentzien eta ebaluazioaren gaineko hausnarketa egiten ari dira eta proiektu honekin honako gogoetak egiten ari dira: “Konpetentziak ebaluatzeak zer suposatzen du? Orain arte egin dugun bezala egiten jarraitu behar al dugu? Zerbait aldatu behar al dugu? Konturatu gara gauza asko bat datozela egiten dugun moduarekin, baina gogoeta fase horretan murgilduta gaude”. 

 

Kanpo-ebaluazioa

Otsoarentzat kanpo-ebaluazioa behar-beharrezkoa da, kontraste lana egiten laguntzen duelako. Baina gaur egungo ebaluazio diagnostikoak lan hori egiten ez duela laguntzen aipatzen du Arrankudiagako eskolako zuzendariak, eta honela argudiatzen du: “Lehenengo eta behin, oso partzela konkretuak ebaluatzen ditu eta, nire ustez, eskola hori baino gehiago da. Eta gero, gainera, partzela konkretu horiek baloratzeko orduan ere, tresna konkretu bakar bat erabiltzen du: azterketa. Eta gure ikasleek ez dute azterketarik egiten, ez daude azterketak egitera ohituta. Orduan, bi irtenbide geratzen zaizkizu: bata, emaitzak berdin zaizkit esatea; eta bestea, azterketak egiten trebatzea. Eta azkenean, zertan bihurtzen da ebaluazio diagnostiko hori? Guretzako ez dira fidagarrriak %100ean, ispilu horretako irudia ez datorrelako bat errealitatearekin”. Horregatik, zuzendariak dio kanpo-ebaluazioa bai, baina egiteko beste modu bat eskatzen du.