ZERGATIK DA INTERESGARRIA URMAELAK EGITEA IKASTETXEETAN? ZEIN AUKERA ESKAINTZEN DITUZTE?

2019-04-01

IÑAKI SANZ-AZKUE. Irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea

 
 

Irakurri ondoren datorren galdera, eta erantzun zeure buruari: zer da putzu edo urmael bat? Pentsatu pixka batean. Zer da burura etortzen zaizun aurreneko gauza? Ura, ezta? Ados. Ura zulo baten barruan. Bai; hori da. Ez zabiltza gaizki. Izan ere, herritar askorentzat, uste duzun horixe bera da urmael bat: urez beteriko zulo bat.

Behin hausnarketa eginda, baina, erreportaje hau irakurtzeko txanda iritsi zaizu. Izan ere, pentsatzen denaren oso kontrako aldera, urmaelak ez dira zulo baten eta uraren arteko konbinazio soila. Urmaelak oso gune aberatsak dira. Fauna- eta flora-aniztasun handiko ekosistema bereziki interesgarriak dira. Horren jakitun, azken urteotan ez dira gutxi eskolen inguruan putzuak sortzeko aukeraren alde egin duten ikastetxeak. Izan ere, askotariko esperientziek erakutsi dutenaren arabera, urmaelak ikasleak naturara gerturatzeko eremu aproposak ere izan daitezke: erabilera didaktikorako laborategi natural ederrak.

2011ko uztaila. Tubbingen herriko (Alemania) auzo batean, ikasle talde bat eta irakaslea eskolatik irteten ikusi ditugu. Katiuskak oinetan eta salabardoak eskuan dituztela, irribarrez doaz aurrera. “Nora doaz?”, galdetu diogu hango lagun bati. “Putzura, urmaelera”, erantzun digu. “Eskola-inguruan, urmael bat dago, eta sarri joaten dira hara.” Geroztik jakin genuen eskola hark putzua inguruan edukitzea kasualitatea baino ez zela, baina, dudarik gabe, ideia bikaina zen Euskal Herrira ekartzeko. Eskola inguruko baratzak, basoak edota errekak erabiltzen diren bezala, zergatik ez sortu urmaelak erabilera didaktikorako? Zergatik ez eraiki putzuak ikasleak hemengo ingurumenera, faunara eta florara gerturatzeko? Esan, eta egin. 2013an, ikasle, irakasle, guraso eta auzotarrekin elkarlanean, auzolana egin genuen Zepadiko putzuak (Hernani) sortzeko. Ordutik, ez dira gutxi euren eskola inguruan urmaela egiteko hautua egin dutenak. 

 

Zergatik umaelak?

Iñaki Mezquita irakasleak eta odonatuetan (burruntzietan) adituak adierazi zuenez, “hezeguneak sortzea ingurumenarekin justizia egitea da”. Izan ere, urmaelak, putzuak, zingirak eta antzeko hezegune asko lehortu eta suntsitu dira XX. mendean zehar, zelai, baratze edota soroak zabaltzeko, edota azken hamarkadetan batez ere, herri eta hirien handitzea ahalbidetzeko. Horren karietara, egun, bai administrazio aldetik, bai elkarte eta herri-mugimenduetatik ere, hezeguneak sortu eta berreskuratzeko mugimendua hasi da, eta, horrela, Mezquitak zioen bezala, “ingurumenarekin justizia egiteko” hautua egin du gizarteak.

Justizia kontuak alde batera utzita, ordea, urmaelak sortzeak inguratzen gaituen paisaiari aberastasuna ematea eta eremu bateko bioaniztasuna handitzea ere badakar. Hori dela eta, ingurumenaren aldeko neurri egokia izan daiteke eremu berri horiek eraikitzea, baldin eta behar bezala egiten badira gauzak. Izan ere, urmaelak gune hauskorrak ez ezik, gizakiarentzako funtzio ekosistemiko garrantzitsuak betetzen dituzten guneak ere badira. Tartean dira, esaterako, karbonoaren zikloan edota uraren zikloan betetzen duten zeregin garrantzitsua. 

Urmaelek sortzen duen paisaia-aniztasunak, era berean, onura dakarkie fauna- eta flora-espezie askori. Batetik, bizitzeko edota ugaltzeko ur geldoen beharra duten hainbat espezierentzat bizileku berri bat sor-tzen delako, eta, bestetik, ekosistema berriak erakartzen dituen faunak eta florak espezie gehiago ere hurbilaraziko dituelako putzuaren ingurura. Esan daiteke, beraz, eskola inguruan urmaela sortzen dugun unean, hainbat animalia- eta landare-espezie ikastetxe ingurura gerturatu daitezen ahalbide-tzen ari garela; horrek, noski, ingurumen-hezkuntzaren alorra lantzeko gune egoki bihurtzen du.

Esan bezala, hezegune berrien sorrerak oso positiboki eragingo die animalia eta landare talde jakin batzuei. Izen propioak jartzen hasita, esaterako, anfibioak dira horietako bat, egun mundu-mailan dagoen ornodun talde mehatxatuena. Anfibio-espezie askok ur geldoak behar izaten dituzte ugaltzeko, eta beste askok ia bizi osoa igarotzen dute uretan; beraz, dudarik gabe, animalia talde horrek izango lituzkeen onurak oso nabarmenak lirateke. Baina anfibioak ez ezik, hegaztiak, ugaztunak eta narrastiak ere gerturatuko lirateke bai janagatik, bai uragatik, bai beste hainbat arrazoirengatik. Ezin ditugu ahaztu, ordea, urmaelen inguruan sortzen diren landare bereziak, lur heze eta kasu batzuetan bustien beharra dutenak, eta hezegunerik ezean desagertzeko arriskua luketenak; edota ur azpian ikusezin baina mikroskopioarekin horren ikusgarri diren mikroorganismo urtarrak, zeinak ur-masarik gabe ezingo liratekeen bizi. Antzeko zerbait gerta daiteke hainbat intsektu eta ornogaberekin. Tartean dira, noski, odonatuak edo burruntziak, arrautzak uretan jarri eta euren bizitzaren fase bat uretan igarotzen dutenak. 

Urmaelak, beraz, fauna- eta flora-aniztasun handiko eremu ederrak dira, eskola inguruetan behaketa, esperimentazioa eta bilaketa lantzeko eremu aproposak. Izan ere, azken urteotan EHUko eta Aranzadiko ikertzaileek ondorioztatu duten moduan, ikasleek naturarekiko eta bereziki animaliekiko duten interesa oso handia da. 

 

Urmaelak eskoletan

Adinaren edota irakasleak erakutsi nahi dituen konpetentzien edo edukien arabera, urmaelaren inguruan landu daitezkeen kontzeptuak oso ezberdinak dira; baina, egundaino buruturiko esperientziek erakutsi diguten moduan, laborategi natural moduan funtziona dezakete eskoletan. Izan ere, gune horien potentzialtasunak curriculumean dauden hainbat eduki emateko eta ikusteko balio du, bai eta konpetentzietan oinarrituta dauden hainbat proiektu diseinatzeko ere.

Beste arlo askotan egiten den moduan, kasu honetan ere adituen beharra izaten da urmaela sortzeko garaian; izan ere, eskola kokatua dagoen inguruneak, eremua sortuko den guneak berak eta urmaelari ematen zaion formak erabakiko du hara zein espezie gerturatuko diren. Horrela, egundaino sortu diren gune heze gehienak Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailaren eta eskolen arteko elkarlanaren bidez sortu dira.

Sortzeko prozesuak ere garrantzi handia izan ohi du. Hori dela eta, gaur arte sorturiko gehientsuenak auzolanean egin dira, edota ikasleek berek sortu dituzte. Horrela egiteak helburu garbi bat du: eskola-komunitatearen inplikazioa eta urmaelarekiko lotura sortzea. Aitzurrak eta palak erabilita, gurasoen, irakasleen eta ikasleen arteko elkarlanak ekosistema berri bat sortzeko balio duela ikusteak eta sortu den eremu berriaren eboluzioaren behaketa zuzena egiteak ikasleen motibazioa eta gunearekiko atxikimendua handitzen dituzte. Horrek, noski, asko errazten du ikasleak beren inguruan sortuko diren proiektuen ikasketa-prozesuan barneratzea. 

Behin urmaela sortuta, abantaila handiak ematen ditu eremuak. Izan ere, baratzeen aldean, esaterako, urmaelek ez dute mantentze-lan handirik behar. Bere horretan utzita, naturalki eralda-tzen joaten da, gizakiaren parte-hartzerik gabe. Urez beteriko zuloa izatetik, pixkanaka, faunaz eta floraz inguraturiko gunea bihurtzen joango da, eta ikasleak izango dira aldaketa horien testigu zuzenak. Konturatu gabe, ekosistema berri bat sortzeak dakar-tzan abantailak barneratuko dituzte, eta horiek, naturalki, denboran zehar aldatzen doazela ere ikusiko dute. Behaketa bidez, segida ekologikoa, bioaniztasuna, habitata eta hango fauna eta floraren ezagutza lantzen joango dira. Izan ere, urmaelak berak izango duen eboluzioak eta inguruan sortuko diren hainbat elementuk osatuko dute laborategi natural berriaren oinarria. Horri helduta, askotarikoak izango dira urmaelaren inguruan sortu ahal izango diren proiektuak eta unitate didaktikoak.

 

Urmaelak herri edo auzo txikietan

Arestian aipatu bezala, Hernaniko Ereñotzu auzoan sorturiko Zepadiko putzuak izan ziren gure lehen esperientzia hezkuntzan, 2013an. Han urmaela sortzeaz gain, Zepadiko faunari (zehazki anfibioei) loturiko unitate didaktikoa, 3 hilabeteko iraupena zuena, burutu zen Ereñotzuko Txirrita Eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Putzua eta anfibioak aitzakiatzat harturik, asko izan ziren landu ziren gaiak (eta konpetentziak): natura, gizartea, matematika, euskara, arte-hezkuntza, musika… landu ziren, gai beraren bueltan. 

Hiru hilabetetan zehar egindako ekintzen zerrenda zabala ezin azalduko dugu ondoren, baina, batzuk aipatzearren, hona hemen horietako bat:

 

Baso-igel gorria: metamorfosia eta bizilekuaren ikerketa

Ereñotzuko ikasleek anfibioen metamorfosia lantzeko aukera bikaina izan zuten. Arrautzak jartzeko unetik anfibioak zapaburu bihurtu eta heldu bilakatu arteko eraldaketa anatomiko guztia aztertu zuten. Behaketa soiletik harago, alabaina, ekintza bera baliatu zuten, esaterako, jendaurrean aurkezpenak egiteko. LHko koskorrenek PowerPoint bidezko aurkezpenak prestatu zituzten moduan, txikiagoek gelako hormaren zati handi bat hartzen zuen poster bat egin zuten talde-lanean. Poster horrekin, Zepadiko putzuan ugaltzen diren baso-igel gorriaren metamorfosiaren aurkezpena egin zieten txikiagoei. Asko izan ziren landuriko konpetentziak, urmaelean gertatzen den prozesu soil batekin: behaketa eta informazioa bilatzea eta sailkatzea, talde-lanaren bidezko posterrak sortzea, adin desberdinetako ikasleei aurkezpenak egiteko komunikazioa landu beharra… 

Baso-igel gorriak, ordea, gehiagorako eman zuen, eta, Aranzadiko teknikarien laguntzarekin, mendi-irteerak ere antolatu zituzten. Klima-aldaketak eduki ditzakeen ondorioak baloratu nahian, eta baso-igel gorriaren bizilekua eta bizi-zikloa ezagutzeko aitzakian, eskola inguruko mendi-pista bat aukeratu zen bisita jarraituak egin eta ikerketa txiki bat burutzeko. Horrela, mendi-pistan zeuden putzu-zulo guztiak bilatu ziren, eta baso-igel gorria ugaltzeko modukoak ziren ala ez baloratu. Era berean, putzu horien neurriak hartu, eta azalerak kalkulatu ziren, edo sistema metrikoak landu ziren, bai eta putzuen inguruan zegoen paisaia ikertu ere: basoa, zelaia, errekastoa, iralekua… zegoen apuntatu zuten ikasleek, taldeek espresuki irteera horietarako diseinaturiko fitxetan. Konpetentzia zientifikoa lantzeko aukera bikaina izan zen, eremuetako datu-bilketa eta laginketak nola egin ikasiz. 

Hiru hilabetetan zehar, asko izan ziren egindako ekintzak. Batzuk gela barruan egin beharrekoak; besteak, gelatik kanpoko egitekoak, putzuan bertan, edota putzuaren aitzakian, inguruko eremuetan. Abestiak, anfibioen anatomiari buruzko horma-irudiak, marrazketaren eta arteen zientzietan trebatzeko eskulanak, anfibioei buruzko kondairen bilketa eta aitona-amonekin egindako elkarrizketak… Eta, askotan, horren zaila egiten zaigun konpetentzia zientifikoa ere landu zen.

Putzuetan, laginketa zientifikoak egin ziren Aranzadiko adituen gidari-tzapean. Horietan, inguruko habitatak eta espezieak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, eta laginketak nola egin eta datuak nola bildu ere landu zuten. Era berean, ikasleek barneratu zuten ezagutza-mailaren adierazle ona da honako hau: gurasoekin eta etxe inguruan egiten zituzten irteeretan ikusitako animalien aipuak egin zizkieten Aranzadiko ikertzaileei, hango anfibioen inbentariatze-lanean. Aitzakia ederra, espezieak ikasteko ez ezik, datuak emateko moduak lantzeko eta bildutako aipuak euren herriko mapan kokatu ahal izateko. 

 

Hiri handietako esperientzia aberasgarria

Ingurumenaz hitz egiten dugunean, errazagoa gertatzen zaigu herri txikietan egin daitezkeen proiektuetan pentsatzea. Halaber, hiriek ere bete ditzakete baldintzak, urmaelei erabilera didaktiko egokiak emateko. Duela gutxi Gasteizko Hezkuntza Fakultateko ikasleekin Gasteiz erdigunean egindako urmaela izan daiteke horren eredu. Une honetan, hitzaldi teoriko bat jaso ostean, putzua sortzeko auzolanean aritu ziren ikasleak hezegunearen jarraipena egiten ari dira. Etorkizunari begira ere badituzte proiektuak buruan: burruntziak, hegaztiak, landaredia, anfibio-populazio urbanoak… gai asko dago jorratzeko. 

Baina, hiri batean egindako adibide bat kontuan hartu beharko bagenu, agian Irungo Plaiaundi institutuko batxilergoko ikasleekin egindakoari heldu beharko genioke, han, eskola barruan ikasleekin hiru urmael eraikitzeko ideia sortu baitzen Batxilergoko Lur eta Ingurumen Zientziak izeneko ikasgaiaren inguruan. 2018. urte hasieran sortu ziren hezeguneak ikasturte osoan zehar erabili ziren hainbat kontzeptu lantzeko, eta, egun, STEAM proiektuen barnean, urmaelen proiektuak aurrera jarraitzen du institutuan.

Ikasleek egoera arazotsu bati eman behar izan zioten erantzuna, putzuak sortu aurretik. Eskola inguruan bizi zen anfibio-komunitateak gero eta urmael gutxiago zituen ugaldu ahal izateko; beraz, institutu moduan zer egin zitekeen pentsatzea izan zen aurreneko lana. Eraikitako hiru urmaelek forma eta baldintza jakin batzuk eduki behar zituzten, inguruan zeuden espezieek erabili zitzaten, baina hori bezain garrantzitsua zen putzuak non sortu erabakitzea. Beraz, egindako hiru urmaelak eskolako hiru eremutan kokatu ziren, ingurune desberdinarekin eta orientazio desberdinekin. 

Sortzeak berak aukera eman zuen ekosistema berri bat egiteak ekar di-tzakeen abantailak azaleratzeko. Ikasleek urmael bakoitzaren ezaugarriei buruzko jarraipen-fitxa bat bete zuten, eta hausnarketa egin zuten eguzki-tasaz, inguruneaz eta putzuaren ezaugarriez, zein espezie erakar zitzaketen ikusteko. Horrek, noski, inguruan zeuden espezieak ezagutzeko esfor-tzua egin beharra ekarri zuen, bai eta animalia horien beharrizanak ezagu-tzekoa ere. Aitzakia horrekin, Plaiaundi inguruko anfibioak, hegaztiak eta landare inbaditzaileak landu eta ezagutu ziren, eta behaketa zuzenak bultzatu ziren horiek ikusteko. 

Ekosistemen gaia izan zen batez ere landu zena. Kate trofikoen, segida ekologikoen edota ekosistemen funtzionamendua urmaelen bueltan landu zen. Hango espezieak eta adibideak kontuan izanik, betiere. Astero, ikasleek aurretik erabakitako 1x1 m2-ko karratu baten jarraipena egin zuten udaberrian zehar. Karratu horretan, urmaelen kokapenaren eta orientazioaren arabera landare-espezie-kopurua aztertu zen, eta zein espezie dauden eta bakoitzaren loraketaren garaia nola aldatzen den landu zen. Habitata, espezieak, nitxoak, fenologia eta horrelako gaiak, beraz, gelatik kanpo ikusi eta bizitzeko aukera izan zuten. 

Esan beharrik ez dago: gerturatze-prozesu horrek guztiak urmaelaren jarraipena egitea ekarri zuen, konturatu ere egin gabe. Ikasleak berak izan ziren eurek eraikitako putzuetan zapaburuak zeudela ikusten aurrenak. Ondoren, etorri ziren burruntziak ere, eta ugaztun txikien arrastoak eta narrasti espezieak: ziraunak eta horma-sugandila, esaterako. 

 

Potentzialitate handiko proiektu berritzaileak

Arestian aipatu diren bi proiektuak egundaino landuriko proiektuen arteko bi baino ez dira. Etorkizunari begira, aurrera joko du urmaelak eskola inguruetan sortzeko ideiak. Aurten, dagoeneko, Gipuzkoako Goierriko eskola batek eta Berrizko Umerri Eskolak azaldu dute interesa. Aurretik aipatu den moduan, Gasteizko Hezkuntza Fakultatera ere iritsi da, eta etorkizuneko ikasleek gogoz jaso dituzte proposamen berriak. Eskola berrietan sortzen ari garen esperientziek ikasleen eta ingurumenaren arteko kontaktua sustatzeko eta proiektuak egiteko urmaelak gune aproposak direla erakusten digute. Etorkizunari begira, proiektu eta ekintzetan sakon-tzeko asmotan jarraitzen dugu, asko baitira oraindik ere urmaelen erabilera didaktikoan jorratzeko dauden bideak.