ZIENTZIA TXIKITATIK. Haurtzarotik fenomeno naturalekin esperimentatzen

2019-05-01

Zientzia gizartearen aldaketarako eta aurrerapenerako motor bat dela kontuan izanda, herritar orok izan beharko luke zientziarako interesa. Horregatik, hasierako urteetan proposamen zientifikoak eskaintzea da, Montserrat Pedreira irakasle eta ikerlari kataluniarraren ustez, lehenengo urratsa. ‘Zientzia espazioak aukera askean’ izenburupean, formazioa eskaini berri du Azkoitiko Bizilore eskola aktiboan eta hik hasik bertan aipatutako ideiak eta gakoak jaso ditu erreportaje honetan.

 
 

Ingurunean dituzten objektu naturalak behatzea, esploratzea eta horiekin esperimentatzea oso berezkoa dute haur txikiek. Montserrat Pedreira Manresa-Uvic Universitat Central de Catalunyako Gizarte Zientzien fakultateko irakaslearentzat haurtzarotik bertatik joan daitezke pixkanaka eboluzionatzen ingurune naturaleko fenomeno horiek “begiratzeko moduak”, zientziatik gertuago egongo diren “begiratzeko moduetara”. Izan ere, ikastea, gizakiak jaiotzetik duen berezko behar bat da, eta Antonio Damasio neurologoaren definizioa dakar gogora: “Pertsona guztien instintu edo motibazio nagusiak dira gosea, egarria, kuriositatea eta esplorazioa, jolasa eta sexua”. 

Ideia horietatik abiatuta, Katalunian zientzia ezagutzak haurtzarora hurbiltzeko hainbat proiektu abian jartzearekin batera, espazio horietan haurren funtzionatzeko moduak ikertzen dihardute. Pedreirak ere jardun horretan dihardu eta Lab 0-6 zientzia espazioko arduraduna da. Manresako unibertsitatean kokatuta dago Lab 0-6 proiektua eta oraingoz aukera askean oinarritzen den zientzia espazioa da. Alta, lankidetzan ari dira Tarrasako Zientzia Museoaren barneko Explora 0-6 espazioan, Bartzelonako Els Encants eta Manresako Itaca eskolekin. Guztiak 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat prestatuak. Euskal Herrian izan berri da ikerlari kataluniarra, eta ‘Zientzia espazioak aukera askean’ izenburupean, Azkoitiko Bizilore eskola aktiboan formazioa eskaini die hainbat irakasle eta hezitzaileri. 

Pedreirak azaltzen duenez, fenomenoekin, materialekin, objektuekin eta, oro har, naturako elementuekin harreman zuzena izatea ahalbidetzen die zientzia espazio batek haurrei, eta gaur egungo gizartean oso beharrezkoa dugu hori: “Jolasteko aukera izatea, mugitzekoa, material desberdinak probatzekoa, eta ekintza horiekin norbere ideiak lantzen joatea izango litzateke ardatza. Propio esperientzia horiek bizi nahi dituenak aurkituko ditu, baina nahiko ohikoa bihurtu da, gaur egun, larunbat arratsaldetan hipermerkatura joatea eta igandetan etxean gelditzea telebista ikusten, eta horrek objektuekin zuzeneko oso esperientzia eskasa ahalbidetzen du”. 

Ildo beretik, eskolan ere gutxi jolastu dugula aipatzen du: “Ikusi ditugu heziketa zikloetako gazteak, 18-19 urtekoak, aireari buruzko jarduerak eta material desberdinak eskuragarri jarri, eta geldirik geratzen, zer egin jakin gabe, norbaitek soluzio bat emateko edo zer egin behar zuten esateko zain, materiala probatzeko iniziatibarik hartu gabe. Eta hori munduarekin gutxi jolastu dugulako gertatzen da, oro har. Funtzionatzeko modu horrek ez du laguntzen mundua ondo ulertzen, ez ikaskuntzan, eta ezta bizitza ondo bizitzeko moduan ere. Beti besteen mende gaudelako soluzioak bilatzeko momentuan”. 

 

Zer ezaugarri ditu aukera askeko zientzia espazio batek?

Zientzia espazio bat definitzeko garaian, honako definizioa erabiltzen du irakasleak: “Nagusiki material naturalekin osatutako espazioa da, identitate propiodun proposamen iradokitzailez hornitua, haurrei sarbide askea bermatuko diena, eta helduaren esku-hartze sotil batek ezaugarritzen duena, normalean bakarka edota talde txikian”. Zehatzago esanda, honako ezaugarriak izan behar ditu aukera askeko zientzia espazio batek Pedreiraren arabera:

Aukera askean funtzionatzea.

Moldaerraztasuna: proposamen desberdinak egitea eta proposamen horiek ahalik eta praktikoenak izatea. 

Materiala naturala, egunerokoa eta kalitatezkoa izatea. 

Giro erosoa eta kontzentrazioa errazten duena.

Ikasleei ekimena, autonomia eta erabakiak hartzea ahalbidetuko diena.

 

Pedreiraren esanetan, garrantzitsua da adin horri zuzendutako espazio bat egokitzerako garaian, hasieratik adin horretan pentsatuta aritzea: “Ez du balio zientzia arloko handiagoen espazio bat hartu eta txikiei egokitzea. Hasieratik izan behar du adin horrekin pentsatua”. 

Haurtzaroa, zientzia eta ikaskuntza uztartu ahal izateko, Pedreirak haurraren ongizatea aipatzen du ikaskuntzari lotuta. “Proposamenak egiten dizkiegunean haurrak esplora-tzen hasten dira, jolasten hasten dira. Haurrek jolas bezala bizi dute prozesu hori eta garrantzitsua da hori. Esplorazioa eta jolasa egotea beharrezkoa da ongizatea egoteko, gure oinarrizko behar bat delako ikasteko beharra”. Zentzu horretan, haurrentzako jolasa den neurrian, helduek proposamen desberdinek ikaskuntzarako duten balioa kontrolatu dezakete. 

Aukera askeko zientzia espazio bat diseinatu edo aurrera eramateko honako irizpideak lirateke Pedreirarentzat kontuan hartu beharrekoak: “Hasteko eta behin, zientziari lotutako ekintzak gertatu behar dira zientzia espazio batean. Bigarrenik, proposamenek haurrentzako zentzuzkoak izan behar dute; alegia, haurrak espaziora iritsi eta esploratzen hasteko modukoak, heldu baten presentzia beharrik gabe. Hirugarrenik, proposamenek ongi definitutako intentzionalitate argi bat izan behar dute, baina, aldi berean, irekiak ere izan behar dute hein batean, ustekabeko fenomenoak gertatzeko aukera ere izateko. Eta azkenik, proposamenetan erronka txikiak, sorpresak, galderak… egotea ere kontuan hartu beharrekoa izango litzateke”. 

 

Esperientzia, adierazpena eta eboluzioa 0-6 urte artean

Arlo honetan ebidentzietan oinarritutako ikerkuntzaren gabezia ikusita, aukera askeko zientzia espazioek haurren ongizatean eta ikaskuntza prozesuan eskaintzen dituzten aukerak eta mugak ikertu ditu Pedreirak, eta horretarako baliatu du bere doktore tesia. Hiru fasetan oinarritzen dira unibertsitateko irakasleak espazio honi lotuta ikertu dituen ikaskuntzarako prozesuak: esperientzia, ideien adierazpena eta eboluzioa. Ikerketaren arabera, aukera askeko zientzia espazio batek esperientzia zuzenak bizitzeko aukera asko eskaintzen ditu, ideiak adierazteko garaian ere lagungarria da, batez ere hizkuntzaren bidez, eta galdera berriak sortaraztea ahalbidetzen du, eboluziorako abiapuntua finkatzearekin batera. 

Esperientziaren arloan egongo lirateke, esaterako, hurbilpen sentsoriala eta esploratzeko ekintzak. Horiek ahalbidetzeko tresna desberdinak erabiltzea proposatzen du Pedreirak: “Adibidez, barazkiak tresna desberdinekin zanpatuz ura kolorez tindatu daiteke, eta gero, ateratzen diren tinta desberdinak koloreen erruberarekin alderatu daitezke, edota iragazkitik pasa daitezke ontzietan sartzeko; dinamometroak erabili daitezke pisuen arteko alderaketak egiteko; sukaldetxoan ere jolas sinbolikoaz gain, zientifikoa ere ahalbidetu daiteke, barazki desberdinak sartuta edo  lekaleak, adibidez, beratzen utzita. Ugariak eta askotarikoak izan daitezke aukera askeko zientzia espazio batek haurrari eskaini diezaizkiokeen esperientzia zuzenak”. 

Ideiak azaltzeko edo argi adierazteko gaitasuna lantzeko, berriz, erlazioak egiten laguntzen die gisa honetako zientzia espazio batek, eta objektuak ordenatzen dituzte, multzoetan. Zentzu honetan, Pedreirak ikasgela komunikaziorako espazio gisa erabiltzea aldarrikatzen du. Bere ustez, azalpenak ematen dituen irakasletik, haurrekin elkarrizketan aritzen den irakaslera pasatzea garrantzitsua da espazio honek benetako zentzua hartzeko. Eta azkenik, zerbait probokatu behar da, sorpresa ikaskuntzarako aktibo gisa erabiliz, galderak sorrarazi eta esperimentazioa sustatuz. 

Hirugarrenik, ideien eboluzioa kuriositatea sortzen den abiapuntutik hasiko litzateke. Fase honetan, interesgarria da ideien kontrastea egitea: errealitatearekin, adituekin, berdinen artean... informazioaren kontsulta iturri desberdinen bidez egitea, alegia. Eboluzioaren aldian atentzio berezia jartzen dio Pedreirak helduaren rolari. Izan ere, helduaren zereginak izango dira proposamenak intentzionalitatez prestatzea, giro atsegin eta seguru bat bermatzea, haurren ekintzak balioan jartzea eta haurra ulertzen saia-tzea esku-hartzearen beharra baloratu ahal izateko. 

 

Ezagutza zientifikora hurbilpena

Esperientzia desberdinen bidez ezagutza zientifikora hurbiltzen joatea izango litzateke gakoa adituarentzat: “Esperientzia gehiago duzunez, ideia desberdinak dituzten beste kideekin harremanetan jartzen zarelako, eta beste hainbat faktore tarteko, zure ideiak eboluzionatzen joango dira. Horrek ez du esan nahi, halere, egia zientifikora iritsi behar dugunik, edota komunitate zientifikoak pentsatzen duen bezala pentsatzera heldu behar dugunik. Eta hori izaten da askotan irakasleen kezka. Baina gogora ekarri behar dugu esperientzia hauekin prozesu batean murgilduta gaudela, gauzak pertzibitzen ditugun bezala adierazten ditugula askotan, baina era berean, ezagutza zientifikora hurbilpen bat egiten ari garela”. Esploratzearen eta esperimentatzearen arteko aldea aipatzen du Pedreirak ideia horri lotuta. Izan ere, bere ustez “esploratu guztiok egiten dugu, mugitu, ukitu eta probatu. Baina iristen da momentu bat egiten duzun froga edo mugimendu hori intentzionalitatez egiten duzuna. Horri deitzen zaio esperimentatzea. Eta nola lor-tzen da? Aukera anitzak izanda, eta horretan guk lagundu diezaiekegu, erronka txikiak ipiniz. Haur txikiek, hain garapen bizkorreko etapa horretan egonik, denbora behar dute helduek pentsatzen duten bezala pentsatzera iristeko”.

 

Aukera askea taldeko dinamikekin osatuz

Lab 0-6 espazioak oraingoz aukera askeko eskaintza egiten du. Espazio honen arduradun gisa, Pedreirak dio horrek ongizatea eskaintzen diola haurrari: “Haur bakoitzak aukeratzen du zer egin nahi duen, zeinekin, zenbat denbora pasatu nahi duen proposamen bakoitzean, eta berari irudi-tzen zaiona egiten du”. Bere atentzioa bereganatzen duen eta errealitatearekin esku-hartzeko gogoa sorrarazten dion material iradokitzailea dauka haurrak espazio honetan, eta beretzako denbora pertsonala izango da hori, trebatzeko, esperientzia hartzeko, elkarrizketarako. 

Edonola ere, horrek ez du esan nahi hori eskaintzearekin dena egina dagoenik: “Ezin dugu pentsatu edo ondorioztatu haur bat baratzean zerbait landatzen ari delako fotosintesia edo haztearen zikloa ikasiko duenik, hori ezinezkoa da. Laguntzarik gabe ez da hori jakitera iritsiko”. Horregatik, aukera askeko denbora taldeko dinamikarekin konbinatzea proposatzen du irakasleak: “Nik uste dut polita dela denbora pertsonala, erlaxatua eta zuk nahi duzun hori egitea ahalbidetzen dizuna uztartzea konpartitua den denborarekin, talde osoak helburu komun baten inguruan lan egin eta heldu batek gidatuko duen denborarekin, beti ere haurren ideietan eta ekarpenetan oinarritua bada. Hori ere erlaxatua eta lasaia izan daiteke, eta gainera, konpromisoa dago. Helburu komun bat daukazunean taldearekiko, eta batek egiten duenak besteak egiten duenari laguntzen dionean, prozesu hori oso aberatsa eta emankorra izango da”. 

Zentzu horretan, abian duten Lab 0-6 proiektua ideia horretatik abiatuta osatzea litzateke Pedreirarentzat hurrengo erronka. “Oraingoz, aukera askean soilik eskaintzen da, baina gustatuko litzaiguke espazio honetan abiatzen denak, gero ikasgeletan nolako jarraipena duen jakitea, eta horietan laguntza eskaini eta elkarreraginean aritzea”. 

 

Haurrak unibertsitatean

Manresako Unibertsitatean bertan dago kokatuta Lab 0-6 espazioa eta egunero zabaltzen ditu ateak. Esan daiteke, beraz, ohikoa ez den arren, unibertsitate honetan haur txikiek badutela beren lekua. Haurrak unibertsitatean bertan egoteak ikerkuntzarako aukerak errazten dizkiela aipatzen du Pedreirak: “Unibertsitate gisa, gure helburuetako bat da haurrek nola ikasten duten ikertzea eta horretarako haurrak gure ondoan izateak asko errazten du praktika hori”. 

Horrez gain, interesgarria iruditzen zaio unibertsitatean ikertzen denaren eta eskoletan gertatzen denaren artean hurbilpen bat egitea, “bakoitza bere aldetik ibili beharrean”. “Horrekin batera, gure helburuen artean dago, baita ere, jakintza erdiestea, baina jakintza ez geratzea gutxi ba-tzuen eskuetan, baizik eta inguruko hezkuntza komunitate osora zabaltzea. Eta azkenik, Haur Hezkuntzako irakasleen formatzaile garenez, oso baliagarri zaigu espazioa gure ikasleek Haur Hezkuntzako haurrekin harreman zuzena izateko”. 

 

Proposamenak

Ugariak izan daitezke aukera askeko zientzia espazio batean egin daitezkeen proposamenak. Gaur egungo haurrak lehengoak baino hiritarragoak direla kontuan izanda, esperientzia birtual ugari izaten dituzte. Baina ez da berdina hondar-mahai batean haur batek eduki dezakeen esperientzia eta birtualki hondarra nola jaisten den ikustea. Pedreiraren arabera, zientzia guneetako esperientziak “ez dira hain erosoak, eta esfortzu handiagoa egin behar da esperientzia hauek eskaintzeko. Material naturalak izorratu egiten dira, esaterako, eta maiztasun handiagoz berritu behar izaten dira. Baina familiek gero eta bizitza estilo hiritarragoa duten honetan, haur txikiek inguruneko fenomeno naturalekin harreman zuzena eskainiko dien esperientziak bizitzea behar dute, inoiz baino gehiago, eta horretarako, askotariko proposamenak egin ditzakegu aukera askeko zientzia espazioetan”. 

Gredos argitaletxearekin 50 propuestas para un espacio de ciencia en libre elección (Aukera askeko zientzia espazio baterako 50 proposamen) liburua argitaratzear da Pedreiraren lan-taldea eta izenburuak iradokitzen duen moduan, txikiekin zientzia arloko esperientziak bizitzeko proposamenen azalpenak eskainiko dituzte liburuaren bidez. Pedreirak zenbait proposamen zehatzen aipamena egin zuen Azkoitian eskainitako formazioan. Honakoak izan ziren:

Zuloen modulua: tamaina desberdinetako zuloak eta horietan sartzeko material desberdinez osatutako baliabideak (handiak, txikiak, bigunak, gogorrak…)

Hondarrezko gurpilak: sokekin lotutako gurpilak. Gurpil bat mugitzean, guztiak mugitzen dira. Akzio-erreakzioaren printzipioa lantzen du proposamenak. 

Bizidunak: esperientzia interesgarria izan daiteke, besteak beste, behaketaren bidez bizitzaren zikloa ulertzeko. Ikasgelarako baliagarri izan daitezkeen bi proposamen zehatzen aipamena egin zuen irakasleak: arrainontzia eta intsektu makilak. 

Piloten kanala: xesto batean pisu desberdinetako pilotak jartzen dira eta haizea egiteko instrumentu desberdinen bidez pilotak kanalean aurrera eraman behar dituzte haurrek. 

Hondar-mahaia: hondarrarekin esperimentatzeko aukera eskaintzen da proposamen honekin. 

Zibotak: mota desberdinetakoak jarriko dira, elkarren artean konparagarriak, eta saiatu behar dute ulertzen nola jiratzen den zibota.

Argiarekin jolasak: argi-mahaiak, esaterako, argiarekin esperientzia desberdinak izateko aukera ahalbidetzen du.

Uraren zirkuitu itxia: urarekin esperimentatzeko aukera eskaintzen du. 

Lupa: aukera askean komenigarria litzateke kopuru egokian eskaintzea. 

Balantzak: pisu desberdineko objektuekin erlazioak egiteko aukera ematen dute balantzek. 

Hazien putzua: artoaren edota babaren haziak izan daitezke, adibidez, eta iragazki desberdinak eskaini ditzakegu tresna gisa. 

Imanezko horma eta giltzak: magnetismoa lantzeko baliagarria izan daiteke proposamen hau. 

Palankak: indarra eta erresistentzia bezalako ideietara hurbiltzeko aukera eskaintzen dute palankek. 

Maldak eta auto txikiak: inklinazioa eta abiadura lan-tzeko proposamena da; zenbat eta malda handiagoa, orduan eta azkarrago jaitsiko dira autoak.

Proposamenak egiterako orduan, gai bat oinarri hartzea gomendatzen du Pedreirak, eta gai horren barneko bideetatik jarraitzea, gai desberdin ugari ukitzen ibili beharrean. Gaiak asko eta asko izan daitezke, batzuk aipatzearren, honakoak adierazi ditu: airea, argia, magnetismoa, flotagarritasuna, espazioa eta materia, mugimendua...

 

Zientzia espazioak ebaluatzen

Espazio bidezko antolaketarako ebaluazio irizpideez ere hitz egin zuen Montserrat Pedreirak Azkoitian eskainitako formazioan. Bere ustez, lau printzipio hartu behar dira kontuan gisa honetako espazio baten ebaluazioa egiterako orduan: espazioa, batetik; egindako proposamenak, bestetik; helduaren rola, hirugarrenik; eta azkenik, haurrei egiten zaien behaketa. 

Espazioa ebaluatzerako orduan, honako ideiak izango lirateke ardatzak adituaren arabera: 

Estetika: espaziora sartzean, atsegina al da lehendabiziko sentsazioa? Espazioaren estetika zaindua al dago? Arreta desbideratzen duten elementuak badira (kolore biziak, beharrezkoak ez diren elementu edo irudiak)?

Ordena: espazioa ordenatuta al dago? Objektuak logika baten arabera al daude antolatuta? Materialak edukiontzi egokietan kokatuta al daude?

Estresik gabeko giroa: zarataren mailak kontzentrazioa ahalbidetzen al du? Haurren mugimendua lasaia al da?

Ongizatea: haurrengan ongizateari lotutako espresioak nagusitzen dira edo ez? Haurrengan emoziorik nabari da? 

Materialak: aberastasun eta dibertsitate sentsoriala bermatzen al da? Material naturalari garrantzia ematen al zaio? Materialaren erabilpen arriskutsuak edo ezegokiak antzematen al dira?

Elkarreraginak: kolaborazio eta konplizitate jarrerak gertatzen al dira (imitazioa, behaketa, laguntza…). Gatazkak gertatzen al dira? Gatazkak identifikatzeak baldintzak eraldatzea ahalbidetzen du egoera horiek gutxiagotzeko. 

Komunikazioa: espazioaren antolaketak berdinen arteko komunikazioan laguntzen al du?

Heldua: heldua lasai al dago? Bere esku-hartzeak erlaxatuak al dira? Modu lasaian mugitzen al da espazioan zehar?

Proposamenak ebaluatzeko orduan, berriz, kontuan hartu beharrekoa da proposamenak haurrentzako zentzuzkoak izatea, helduaren presentzia beharrik gabekoak. Horrekin batera, proposamenek intentzionalitate argia eta ondo definitua eduki behar dute Pedreiraren ustez, baina aldi berean, irekiak izan behar dute, ustekabeko gertaerek ere lekua izateko. Ondorengoak izango lirateke proposamenen ebaluaziorako galderak: Haurrei erabaki ezberdinak har-tzea ahalbidetzen al zaie? Iniziatiba propioz ekintza berriak asmatzeko aukerarik ba al daukate? Materialak eta antolamenduak kuriositatea sortzen laguntzen al die? Haurren galderek epe luzeagorako bide ematen duten jakintzetara eramaten al gaituzte?

Irakasleak aipatzen duenez, “garrantzitsua da definitzea zer  gertatzea nahi dugun. Horretarako kontzeptu eta prozesu zientifikoetan oinarritu daiteke proposamena. Eta horrekin batera honako galderak gehitu daitezke: gertatzea nahi genuena gertatzen al da? Beste zerbait interesgarria gertatzen al da?”

Helduaren rola izango litzateke aukera askeko zientzia espazio baten ebaluaziorako kontuan hartu beharreko hirugarren puntua Pedreirarentzat. Kasu honetan, helduaren rola definitzerako orduan, Goldschmied-en definizioa erabiltzen du: “esku-hartu bai, baina ez oztopatu”. Irakaslearen ustez, haurrekiko elkarrizketan oinarritu beharko luke helduaren esku-hartzeak, izan ere, horren araberakoa izango da haurraren erantzuna ere: “Zenbat eta elkarrizketa gehiago proposamenaren barnean, eta zenbat eta iniziatiba gehiago ahalbidetu haurrengan, jasoko den erantzuna aktiboagoa izango da eta horrek ikaskuntza prozesuari mesede egingo dio”. 

Ildo beretik, galderak egiteko moduaren inguruan ere gogoeta egitea proposatzen du irakasleak. Galdera irekiak egitea proposatzen du galdera itxien aurrean, besteak beste: erantzun askotarikoak ahalbidetzen dituztelako, haurren pentsamendu dinamikoa garatzen laguntzen dutelako, haurren aurrezagutzak jasotzen laguntzen dutelako, eta jasotako erantzunen artean eztabaida eta alderaketak eragiten dituztelako. Era berean, galdera emankorrak lehenestea aldarrikatzen du, erantzun zehatzetan oinarritutakoen aldean: “Modu horretan erantzun kreatiboagoak, konplexuagoak, anitzagoak eta bere kriterioz justifikatuagoak lortuko dira”. Ildo beretik, maila kognitibo altuko galderak plazaratzearen aldekoa da, memorizazioan oinarritutako erantzunak bilatu beharrean. “Maila kognitibo altuko galderek ezagu-tzeko, ulertzeko, justifikatzeko eta arrazoitzeko gaitasuna garatzen laguntzen dute, baita pentsamendu kritikoa eta kreatiboa lantzen ere, eta erantzunak bilatzerako garaian, haurrak beraien ideiak azaltzeko modutik abiatzen direnez, ideia berriak txertatzeko lehen zituztenak berrikusi eta konexio berriak egin ditzakete”. Azkenik, pertsonetan oinarritutako galderak egitera animatu nahi ditu irakasleak, edukietan zentratutakoen aurrean, “modu horretan, parte-hartzeari eta ikaskuntzarako inplikazioari bidea irekitzen zaiolako”. 

Bukatzeko, haurrak ebaluatzeko orduan, hiru alderdi nabarmentzen ditu Pedreirak: dimentsio metodologikoa izango litzateke bata, eta prozesu esperimentalen diseinuari eta aplikazioari egiten dio erreferentzia; bigarrena, jarrerazko dimentsioa, eta zientziarekiko haurrak duen jarrera hartzen du kontuan; eta hirugarrenik, dimentsio kontzeptuala, kontzeptu eta eredu zientifiko eta teknikoen erabilpena, fenomenoak deskribatu, azaldu eta aurreikusteko.