‘Gaztarri’ erakusketa Mailopean: Juan Gorritiren erakusketa berriak ekainaren 8an irekiko ditu ateak

2019-06-01

Mundua ekarri nahi izan du naturara Gorritik, ‘Gaztarri’ bere azken lanarekin. Egurrezko ehun pieza baino gehiagoz osatutako obra da, Cromlech gisara aterik gabeko galeria batean aurkeztua. 

 
 

Ekainaren 8an irekiko ditu ateak Juan Gorriti artistaren erakusketa berriak. “Gaztarri” izenburupean, gazta eta harria elkartuz; gaztarekin Aralarko artzaina irudikatuz eta harriarekin Aralarko mendilerroa. Horrela, mundua ekarri nahi izan du naturara. Beti izan du abiapuntu Aralar. Hor daude, esaterako, Aralar-Oihan Beltza (Alemania), Aralar-Itsasmira (Donostia, 2016) edota Galesen eta Londresen egindako erakusketak. Ibilbide horietan zehar beti Aralar eraman du mundura. Oraingoan, ordea, bestelako proposamen batekin dator: ikuslea Aralarrera bertara eraman nahi du. Mundua ekarri nahi izan du naturara, eta ikusleari leihoa ireki eta bertatik begiratzeko gonbita egin dio, “leihoa ireki behar baita mundua irekitzeko”. 

Egurrezko ehun pieza baino gehiago bildu ditu Cromlech moduan, eta orain dela milaka urte gure arbasoek egin zuten lanaren jarraipenaren erakusle, zirkulu batean aurkeztu ditu, ikusleari ere zirkulu horretara batzeko deia eginez; artistak dioen moduan, “denok garelako bat”. 

Cromlecharen ideiatik abiatuta, sasoi hartako pertsonaiak nolakoak ziren amestu, sentitu eta irudikatu du: Mailopetik ateratako izaki mitologikoen esanahiarekin sortuak izan diren zazpi lan aurkeztu ditu, pertsonaia gisara emana beroietako bakoitza. Aterik gabeko espazio batean jarri du erakusketa. Gaizka Zubizarreta irakasleak erakusketaren gainean idatzi duen legez, “dena Mailopean, aterik gabeko espazio batean kokaturik, ama lurrak sortzen duen guztiari omenaldi eginez; maisuari, Mailoei, gu garen haiei”.

Ekainaren 8an hasi eta 23ra bitartean, hainbat kultur ekitaldi izango dira erakusketaren bueltan, Azkue mendi-gainean, Araizko bailaran. Bertan izango dira bertsolariak, pailazoak edota kantariak. Beraz, eskolatik bisitan joateko nahiz familian egun-pasa egiteko leku aproposa izan daiteke, erakusketa ikusi eta Gorriti artistaren munduan sartu eta gozatzeaz gainera, aukera ematen baitu naturaz ere disfrutatzeko.

 

Biografia apur bat

Juan Gorriti Goldazarena Oderitzen (Nafarroa) jaio zen, 1942an. Baina Zubizarretak dioen legez, batez ere, mendian jaio zen, ama naturaren magalean, eta “mendiko haur baten historia da berea”.

Gorritirentzat natura da irakaslerik handiena, irakasle guztien irakaslea. Araitz bailarako airea, haizea, euri langarra, neguko goiz izoztuak eta udako beroak, euri ondorengo lurruna, suaren garrak sortutako usain gozoa... arnasten ditu artistak. Finean, natura arnasten du eta naturatik hats hartu.

Zubizarretak gogoratzen duen eran, “ikusi, sentitu eta egin” da Gorritiren leloa eta beti du leiho txiki bat bizitzari eta bizitzara irekia, “ireki, ikusi eta ikasi” egin behar delako. Naturak bere indarrez eta denboraren poderioz sortu duenaren jarraipena egiten du Gorritik bere obrarekin. Izan ere, bere lanetan naturak parte hartzen du, denborari igarotzen uzten dio; eta, hortaz, bere lana besteek egindakoaren segida bilakatzen da.