Zerrendatik fakturara eta e-mailetik menura

2019-10-01

Joan zen udaldiaren 

hasieran, “Zerrendatik fakturara eta e-mailetik menura, testu-generoetan 

oinarritutako 

metodologiaren abentura” izeneko ikastaroa eskaini genuen Hik Hasiren Udako Topaketan, eta hainbat 

hizkuntza-irakasle (DBHkoak, helduen 

hizkuntza-irakaskuntzako askotariko erakundeetakoak…) elkartu ginen hiru saiotan, testu-generoetan oinarritutako 

metodologiaren gakoak aztertzeko eta praktikan jartzeko.

 
 

T

estu-generoak egokiak dira komunikazio-egoera jakinetan testuinguruak, testu-egiturak, eduki tematiko zein linguistikoak… lantzeko, baina oraindik ez dira behar beste eta behar bezala erabiltzen hizkuntza-geletan. Egungo hezkuntza-markoari ondo baino hobeto lotzen zaion metodologia da testu-generoetan oinarritutako metodologia, eta horregatik izan genuen hizpide Donostiako saioetan. Metodologiaren inguruko gogoeta ez genuen maila teorikoan soilik landu, oinarri eta irizpideak praktikan jar-tzeko aukera izan genuen: metodologia hori berori hautatu genuen saioak antolatzeko, eta egoerari lotutako genero diskurtsibo jakin batzuk sortu zituzten ikastaroko partaideek. Hain zuzen ere, metodologiaren oinarriei buruzko dekalogo bat, abstract bat eta podcast-saio bat ekoitzi zituzten, euren lanetan aurki ditzaketen egoera komunikatiboei erantzuteko; horrez gain, ikastaroko partaideek euren eskoletara eramateko sekuentzia didaktikoak diseinatu zituzten taldeka, eta horien berri eman zuten azken saioan.

Ikastarora joan ezin izan zirenek han ikusi, irakurri eta entzundakoen inguruko pilula txiki bat eskura izan dezaten, testu-generoetan oinarritutako metodologiaren gakoak azal-tzeko saioa egingo dugu, hik hasi aldizkariak eskaini digun tarte honetan. Batetik, oinarrizko kontzeptuak kokatzeko azalpenak emango ditugu: batez ere, metodologiaren jatorriaz, genero diskurtsiboak eta tipologiak bereizi beharraz, eta genero diskur-tsiboaren definizioaz eta lanketaz ariko gara. Bestetik, hizpide dugun metodologiaren nolakotasunak ekarriko ditugu, eta EAEko gaur egungo hezkuntza-markoarekin bat egiten dutela ikusteko arrazoiak emango ditugu.

 

Genero diskurtsiboak eta testu-

generoetan oinarritutako 

irakaskuntza, zer ote?

Testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzaren ardatza genero diskurtsiboak dira. Eskola askok jarrai-tzen diote ildo horri, besteak beste, Sydneyko eskolak, Genevako eskolak edo ikasketa erretorikoek (Rhetorical Genre Studies). Eskola guztien garrantzia aitortu arren, Sydneyko eskolaren premisak hartuko ditugu hizpide eta oinarri, hemen. 

Tradizioz, genero diskurtsiboen eta testu-tipologien arteko ezberdintasunak ez dira argi zehaztu, eta gaiari buruzko bibliografian erabilitako terminologia aldatzen joan da (Corbacho, 2006). Gauzak horrela, metodologiaren muina ulertzeko, ezinbestekoa da, ezer baino lehen, testu-genero hitzaren esanahia ezagutzea.

Oro har, genero zein testu-genero terminoak erabili izan dira eta erabil-tzen dira genero diskurtsiboei buruz hitz egiteko (genero, testu-genero zein genero diskurtsibo terminoak erabiliko ditugu, baina jakin bedi termino zehatzena genero diskurtsiboa dela). Generoa antzinatik erabilitako hitza den arren, gaur egun erabil-tzen dugun esanahia ez zen 1979. urtera arte eraiki. Bakhtin formalista errusiarrari zor diogu termino hori ulertzeko modu berritzailea; izan ere, Bakhtinek bere ikerketetan plantea-tzen du generoak hiztunen komunitate bakoitzeko “gizarte-jarduerarako esferak” direla. Bestela esanik, Bakhtinek dio erabilera-esparru bakoitzean (akademikoa, lagunartekoa, etab.) genero-errepertorio mugagabe bat dagoela komunikazio-egoeren mende.

Ekarpen horrek aldatu egin zuen ordura arteko testuak ulertzeko ikuspegia, eta jarraitzaile asko izan zituen. Urte batzuk geroago, Swales-ek (1990) Bakhtinen planteamendua hartu zuen berriro, eta generoen izaera historikoa eta kulturala azpimarratu nahi izan zuen: genero berriak sortzen direla agertu, eta hizkuntza ezberdinetan ekoitzitako genero berdinen arteko aldeak ulertzeko bideak ireki zituen.

Planteamendu hori bat dator Hallyday-k (1978) defendatutakoarekin, hark uste baitzuen testuinguru soziala ahozko eta idatzizko testuak sortzen dituen espazioa dela. Hallydayen esanetan, hizkuntzak hiru funtzio nagusi ditu: hiztunen arteko harremanak onartzea, haien esperientzia soziala eraikitzea eta diskurtso esanguratsuak eraikitzea.

Generoei buruz ari garenean, beraz, forma diskurtsibo estereotipatuei buruz ari gara. Genero diskurtsiboak testu idatziak (e-maila, kontratua, faktura…), ahozkoak (podcasta, ahozko elkarrizketa, etab.) edo multimodalak (mistoak: powerpoint audioduna...) izan daitezke. Erabilerak finkatzen ditu generoak, eta egonkor mantentzen dira egoera komunikatibo beretan (iragarkiak, albisteak, etab.). Genero diskurtsibo bereko testuak hiztunen komunitate jakin batean garatu dira, esparru sozial edo profesionalean. Horrekin batera, funtsezkoa da komunitatearen garrantzia azpimarratzea, komunitateko partaideek generoak identifikatzen eta ekoizten baitituzte. Beraz, gizabanakoak hizkuntzaren erabiltzaile gisa duen ideiatik harago doa genero diskurtsiboa: gizarte osoak partekatutako portaera-eredua da (Cervantes Institutua, 2019).

Generoak aldatu eta garatu egiten dira, gizarte-aldaketei erantzuteko. Horregatik, genero berriak ager-tzen dira (berriki agertutakoak dira, adibidez, txatak, foroak edo mezu elektronikoak). Denborari ez eze, kulturari ere badagokio aldakortasuna: pentsa dezagun, adibidez, abstract zientifikoetan; bada, genero horren ezaugarriak aldatu egiten dira kultura zientifiko baten hizkuntza batetik bestera. Hala, abstracta ingelesez idatzi edo gaztelaniaz idatzi, adibidez, aldatu egiten da, ez soilik hizkuntzari dagokionez, baita testuaren egiturari dagokionez ere. Beraz, hizkuntza menperatzeaz gain, genero horren berezitasunak ere ikasi beharko ditugu (Martín, 2002, beste askoren artean). 

Era berean, genero bereko testuek informazioa eta hizkuntza-baliabideen multzo bera (erregistroa, fraseologia, etab.) partekatzen dituzte. Hala, genero bereko testuak ekoizten ditugunean, ohikoa da generoari buruzko ezagutza linguistikoak eta ezagutza diskurtsibo tipikoak erabiltzea; alegia, generoa estandarizatzen duten ezaugarriak, tradizioak ezarritakoak, erabiltzea. Izan ere, genero bereko testuek helburuak eta gaiak partekatzen dituzte, eta egitura, gramatika eta hiztegi espezifikoen arabera idazten dira.

Esate baterako, pertsona batek, kexa-eskutitz bat idaztean, kontuan izango ditu honako hauek: a) Noren-tzat da eskutitza?, b) Zer helburu du eskutitzak?, c) Zein dira mota horretako testuen ezaugarri prototipikoak?, d) Zer errepertorio linguistiko erabili behar dut? 

Laburbilduz, esan daiteke genero diskurtsiboak identifikatu egin daitezkeela, baina, aldi berean, idazle edo hiztunaren arabera eta egoeraren, une historikoaren eta ingurune sozialaren eta instituzionalaren arabera aldatzen direla (Navarro, 2018). Hori dela eta, generoak sailkatu izan direnean, sailkapenak aldakortasuna eragiten duten elementuen arabera eraiki dira, eta, adibidez, kultura jakin batean erabilera-esparruaren arabera antolatutako generoen taulak eskaini izan dira.

Baina, esan bezala, genero diskur-tsiboak tradizionalki tipologiekin nahastu izan dira. Aitzitik, tipologia edo testu-tipo deritzegu testuak sailkatzeko moduei. Ugariak dira testu-tipologietan egin diren sailkapenak. Werlichek (1976), adibidez, bost testu mota aipatu zituen: deskribatzaileak, narratiboak, azalpenezkoak, argudiozkoak eta instrukziozkoak. Generoak ez bezala, kultura batetik bestera aldaezinak dira testu-tipoak, eta egonkor mantentzen dira denboraren joanean. Gainera, genero bakar batean, testu tipologia bat baino gehiago azaldu daiteke; esate baterako, ipuin batean, pasarte deskriptiboak, narratiboak eta bestelakoak ager daitezke. 

 

Testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza: metodologiaren muina

Sydneyko eskolan, dagokion ikuspegi sozialetik ulertzen da generoa, eta ez dagokion dimentsio linguistiko edo kognitibotik. Hylandek (2007) dioenez, horrek erraztu egiten du generoaren ikuspegia hizkuntzen pedagogiaren esparrura eramatea eta irakaskuntzako estrategia ugari sortzen laguntzea.

Sydneyko eskolak generoetan oinarritutako eredu pedagogiko bat proposatzen du, hiru fasetan antolatutakoa (Rose eta Martin, 2012):

Dekonstrukzioa: fase honetan, irakasleak genero jakin baten ereduak eskaintzen dizkie ikasleei, eta egoerak sortzen ditu genero horren askotariko mailetako ezaugarriak identifikatzeko.

Elkarren arteko eraikuntza: fase honetan, era kooperatiboan eta irakaslearen gidaritzarekin, ikasleek aurreko fasean ikasitakoa aplikatu behar dute, behar komunikatibo bati aurre egiteko.

Eraikuntza independentea: ikasleak jada eskuratu dituen erremintak baliatzen ditu, eta jakintza berriak martxan jartzen ditu, erronka bati aurre egiteko eta horretarako genero jakin bat sortzeko.

Begi-bistakoa da Sydneyko eskolaren eredu horrek bat egiten duela Vygotsky-ren (1978) aldamioen nozioekin eta Garapen Hurbileko Eremuarekin.

Fase horiek guztiak gauzatzeko, irakasleak aldez aurretik aztertu behar ditu landu nahi dituen generoak, testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzaren arabera: ezaugarri konbentzionalak, diskurtsoaren berezitasunak, bestelako ezaugarri bereizgarriak eta egoera komunikatiboaren xehetasun guztiak. Hizkuntza gehigarriak irakasteko orduan, beharrezkoa izango da kulturak zehazten dituen nolakotasunak ere kontuan hartzea . 

 

Testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza, gaur egungo 

hezkuntza-ikuspegiekin bat

Testu-generoetan oinarritutako metodologiak funtsezko zenbait ezaugarri integratzeko aukera ematen du; esan genezake esanguratsua, artikulatua, soziokonstruktibista, parte-hartzailea, kritikoa eta esplizitua dela (Navarro, 2018). 

Metodologia honen bidez ikasketa esanguratsua gertatzen dela esaten dugu, ez edukiak eta trebetasunak lantzea ahalbidetzen duelako soilik; hori diogu, halaber, testuinguru jakinei lotutako helburuetara eta egokitasunetara bideratuta dagoelako. Izan ere, zentzua duten egoerak proposatzen zaizkie ikasleei irakaskuntzarako: irakasleek aukeratzen dituzten generoak ikasleen beharrekin lotuta daude, eta errealak dira sortzen diren testuinguruan. Beraz, ikasleak trebatu egiten ditu beharrizan komunikatiboei aurre egiteko, eta ikasleek erraz egin ditzakete loturak ingurunearekin. Dolz-ek aldizkari honetako elkarrizketa batean (1998) esan zuenez: 

Zergatik dira garrantzitsuak generoak hizkuntza baten irakaskuntzan?

Ikasleentzat esanahia duen irakaskuntza errazten duen lan-unitatea delako. Komunikazio-egoera adierazten du, testua bere osotasunean lantzen da, eta funtzio baten arabera. Horregatik ematen diot garrantzia hasiera-hasieratik. Ahozko eta idatzizko adierazpena lantzean tresnatzat hartzen dugun lan-unitatea generoa da. Zergatik? Haurrek berehala ezagutzen dituztelako generoak. Testuak izendatzerakoan, generoen izenak erabiltzen ditu gizarteak, eta haurrek ere ikasi egiten dituzte. Hau eztabaida, ipuina, eleberria, olerkia edota elkarrizketa da, esaten da gizarte mailan.

 

Esanguratsutasunak metodologiaren oinarri soziokonstruktibistan du abiapuntua, eta testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza soziokonstruktibista dela diogu irakaskuntza-eredu honetan ez zaiolako ikasleari agin-tzen, adibidez, behar bezala idazteko txantiloi itxi bat. Aitzitik, ikasleari estrategiak irakasten zaizkio, egoeren arabera beti aldakorrak diren har-tzaile, testuinguru eta helburuak ulertzeko. Modu horretan, ikasleak genero jakin baten ezaugarriak identifikatzen, eztabaidatzen, lantzen eta barneratzen ditu.

Hori guztia dela eta, esan dezakegu metodologia esplizitua dela. Irakasleak ikaskuntza-prozesuak bultza-tzen, gidatzen eta modelatzen ditu une oro, teorikoki sendoak diren proposamen pedagogikoen bidez. Horrekin batera, esan dezakegu metodologia artikulatua dela, esplizituki adierazten baita nolako harremanak dauden generoak definitzen dituzten berariazko ezaugarrien eta orokorren artean, eta zer-nolako aldeak dauden generoen artean. Horrek erraztu egiten du jakintzen transferentzia. 

Era berean, metodologia parte-har-tzailea dela esan dezakegu, ikasleek erakundearen, prestakuntzaren eta diziplinaren berezko praktikak eta ekimenak egitea sustatzen delako; esaterako, irakasleekin elkarrizketak egitea edo ikaslearen inguruko errealitatea ikertzea. Horrez gain, metodologia honen sekuentziazio-faseetan proposatzen diren jarduerak zein ekoizpen independenteak modu kooperatiboan egiteko aukera dago. Errealitatearekin sortzen den harremanak ahalbidetzen du metodologiaren ikuspegi kritikoa Bakhtinek proposatutako esferen komunikazio-praktikek erakusten dutelako generoak naturalak eta aldakorrak direla, ez dagoela nagusitasunik euren artean eta tentsioan, aldakor eta batzuetan kontraesanean daudela. Testuinguru horretan, irakaslearen rola irakaskuntza gidatzea da, eta ikaslea da bere ikaskuntza-prozesuaren funtsezko pieza. 

 

Generoetan oinarritutako metodologia EAEko hezkuntza-testuinguruan

Orain arteko horiek guztiak kontuan harturik, genero diskurtsiboetan oinarritutako irakaskuntza bat dator gaur egungo hezkuntza-markoak ezartzen dituen jarraibideekin. Izan ere, bat egiten du 236/2015 Dekretuan eta 237/2015 Dekretuan zehazten diren Hizkuntzen Trataera Bateratuaren printzipioekin. Hauexek dira printzipiook: inklusioa (soziala eta linguistikoa), hizkuntza-aniztasunarekiko eta beste hizkuntza batzuetako hiztunekiko balio eta jarrera positiboa, komunikazioa lehenestea, eta hizkuntzak modu errealean erabiltzeko espazioak sortzea eta sustatzea.

Inklusiorako tresna da testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza. Urteetan zehar egindako ikerketek erakutsi dutenez (Rose, 2018), testu-generoetan oinarritutako irakaskun-tzaren bidez, ikasgela bereko haur guztiek egiten dute aurrera, zailtasunak dituzten ikasleek barne, eta, gainera, hezkuntzan lorpen mailen arteko aldea gutxitzea ahalbidetzen du metodologia honek. Halaber, inklusiboa da ikasle guztien parte-hartzea sustatzen delako eta metodologia honi jarraituta ikasgelan lantzeko proposatzen diren genero diskur-tsiboak eta horiek lantzeko egoera komunikatiboak ikasleen beharrizanetatik abiatzen direlako.

Hizkuntza-aniztasuna balioesteko eta hari buruzko gogoeta egiteko zein kudeatzeko baliagarria da, oso, testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza. Hizkuntzen Trataera Bateratuaren oinarrietako bat da jakintzen transferentzia modu eraginkorrean eta onuragarrian baliatzea, bai eta gogoeta metalinguistikoa sustatzea ere. Bada, horretarako bidea ematen du, zalantzarik gabe, metodologia honek, lehenago esan dugun moduan. Testu-generoen ezaugarri batzuk kultura batzuetatik besteetara transferi daitezke; beste batzuk, ostera, kultura jakin bati lotzen zaizkio. Bada, berariazko lanketak posible egiten du ikasleek hizkuntzen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak ikustea (Sagasta eta Sainz, 2003). Ildo horretan, ikastetxeetako hizkun-tza-aniztasunaren planifikazioaren ikuspegitik, askoz ekonomikoagoa da beste hizkuntzetan egindakoa erabil-tzea hizkuntza berri bateko edukiak ikasteko. Baina ez hori bakarrik, ezin baita ahaztu edukiak eta hizkuntzak era berean lantzeak ere transferentzia ahalbidetzen duela: hala, testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzaren ikuspegia hizkuntzako irakasgaietatik kanpokoetara ere eramaten bada, hizkuntzazko edukiak eta eduki tematikoak landuko ditugu era berean. Hain zuzen ere, horixe nabarmentzen du ikastetxeko hizkuntza-proiektuak egiteko EAEko gidak, testu-generoen bidezko metodologiak ez diola eragiten soilik hizkuntza-arloei azaltzen duenean, bestelako ikasgaietan berariaz erabiltzen direlako testu-genero jakin batzuk, eta hori horrela, hezitzaile guztiak direla hizkuntza-irakasle. Zehazki, hauxe dio, gainera: “arlo edo ikasgaietan jorratzen diren testuen ulermen eta ekoizpenen irakaskuntza eta haien ebaluazioa modu integratuan egiteak hobetu egiten du ikasleen konpetentzia maila arlo horietan” (Eusko Jaurlaritza, 2016: 152). Horretarako, noski, berebizikoa da koordinazioa eta metodologia bateratua erabiltzea, bai ikasgai batetik bestera, bai etapaz etapa (Sagasta eta Etxeberria, 2008). Bada, ezagun da testu-generoetan oinarritutako irakaskuntza aplikagarri dela Haur Hezkuntzatik Unibertsitatera arteko irakaskuntzan, eta horren froga dira Euskal Herrian bertan egin diren hainbat eta hainbat ikerketa eta inplementazio-saio. Izan ere, lehenago esan bezala, testu-generoak ikasleen beharrizanen arabera hauta-tzen dira, eta Haur Hezkuntzan etxera eramateko oharra zein ipuina izan daiteke langai, eta unibertsitatean, txosten zientifiko bat, esaterako. 

Komunikazioa du ardatz testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzak. Hain zuzen ere, egoera komunikatiboa du ardatz, eta komunikazioan oinarritzen dira sekuentzian zehar egiten diren gainerako jarduerak ere. Ildo horretan, gaur egungo hezkuntza-markoarekin bat, egokia da konpetentziak lantzeko. Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza hobetzeko planak (Heziberri 2020 planak, alegia) konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-eredua du oinarri, eta, hizkuntza-konpetentziari dagokionez, Europako Kontseiluak emandako Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoaren bidetik jotzen du. Marko horren arabera, hizkuntza bat ikastea hizkuntza horretan komunikatzen ikastea da, eta, hortaz, ikuspegi horren arabera antolatu beharrekoak dira hizkuntzaren irakaskuntza-prozesua, materialak, azterketak etab. komunikatzeko estrategiak arian-arian gara ditzan ikasleak. Ekintzara bideratutako hezkuntza-ikuspegia du oinarrian Europako Erreferentzia Markoak, eta hizkuntza-erabiltzaileek garatu beharreko eduki edo tresna linguistiko-komunikatiboak zehazten ditu, hizkuntza-edukiei dagozkienak, soziolinguistikari dagozkionak eta pragmatikari dagozkionak.

Beraz, hizkuntza-edukiak ez eze, tokian tokiko hizkuntzaren egoerari buruzko komunikazioa egokia izan dadin moldatu beharreko ezaugarri diskurtsiboei buruzkoak ere kontuan hartu behar dira hizkuntzen irakaskuntzan. Bada, horrekin guztiarekin bat egiten du testu-generoetan oinarritutako metodologiak, eta gurean inplementatzeko modukoa da, hain zuzen ere, egoera komunikatibotik abiatzen delako (dagokion gizartean eta beharren arabera kokatzen da beti testua), egoera komunikatibo bati erantzun behar zaiolako eduki jakin batzuk baliatuta (ikasleek, beraz, komunikatzeko darabilte ekoizten duten oro), testuaren egitura eta paratestua aztertzeko bidea ematen duelako eta testuaren baitako hizkuntza edukiak ere landu daitezkeelako. Boillosek ondo laburbiltzen duenez, testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzaren azken xedea da ikasleek euren jakintzak modu estrategikoan baliatzea genero diskurtsiboetatik abiatuta zeharkako hizkuntza-jakintzak eskura-tzeko (Boillos, 2017). 

Hain zuzen ere, hizkuntzaren erabilera bermatzeko egiten dira metodologia honetan oinarritutako sekuentzia didaktikoak, dagozkien dekonstrukzio eta eraikuntza gidatu eta independenteko jardueren bidez. Hala, hizkuntza-jarduerak modu horretan planteatzeak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren Hizkun-tza Proiektuaren Gidan zehazten denarekin, eskolako jardunek komunikazio-proiektu bihurtu behar dutela zehazten delako gidan (Eusko Jaurlaritza, 2016). Komunikazio-proiektuen errealizazioa testu-genero jakin batzuk direla ulertuta, hortaz, “hizkuntza-trebetasun guztiak lantzeko jarduerak proposatzen dira; beraz, proiektuek ahozko eta idatzizko hizkuntza lantzeko aukera ematen dute, eta edozein testu proposa daiteke azken ekoizpen gisa”. Halaber, “ulermen- eta ekoizpen-prozesuei lotutako lan koherentea ahalbidetzen dute proiektuek, ulermena hobetzeak ekoizpena hobetzea dakarrelako, eta alderantziz”, eta, horrez gain, prozedurazko, kontzeptuzko zein jarrerazko edukiak lantzen dira. Berariaz aipatzen dira testu-generoak hizkun-tza-proiektua egiteko gidan, nahiz eta artikulu honen hasieran aipatutako termino-dantza ere ageri den: “Testu-tipologiak honetan laguntzen du: testu-generoen aniztasuna hizkuntza guztietan antolatzen, sailkatzen eta hautatzen. Testu-generoak sail-katzeko eta hautatzeko, ikasleen komunikazio-beharrei eta generoen erabilera-eremuei erreparatuko zaie” (Eusko Jaurlaritza, 2016: 147-148). 

Hizkuntzen Trataera Bateratuaren azken printzipioa hizkuntzak lan-tzeko egoera errealak baliatzea da. Lehenago ere azaldu dugu testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzarako ikaslearen testuingurua hartzen dela kontuan, eta ez zaiola txantiloi itxirik ematen, ez ekoizpenerako, ez eta testu-generoaren inguruko ikerketa egiteko ere. Ildo horretan, inguruan eskura dituen testu-errealak baliatuko ditu ikasleak. Horrez gainera, ikasleari dagokion garaiko eta gizarteko testu-generoak emango zaizkio lantzera. Horri dagokionez ere, testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzak bat egiten du gaur egun indarrean dugun irakaskuntza-markoarekin. 

Labur esanik, beraz, komunikazio-egoera jakin bat da ikasteko jardueren ardatza testu-generoetan oinarritutako irakaskuntzan; testua da langaia, eta testuaren askotariko ezaugarriak lantzen dira, betiere ikaslearen beharrei lotutako helburuei aurre egiteko. Sekuentzian zehar ikasitako eduki tematiko zein hizkun-tzazkoak artikulatu eta aplikatu egiten dituzte ikasleek, irakaslea gidari dutela, eta hori da, azken batean, gaur egungo hezkuntza-markoak komunikazio-konpetentzia eta hizkuntza-konpetentzia lantzeko eskatzen duena (ikusi, antzeko laburpen baterako, Euskal Herriko Ikastolen Federazioa, 2009).

 

Azken hitzak

Metodologia honen aplikazio-onuren inguruko hainbat ikerketa badira gurean, (Genevako eskolari jarraikiz egindako lanak dira gehientsuenak; ikusi, esaterako, EHUko Elebilab ikerketa-taldearenak, edota M. Sainzek eta M. Bilbatuak egindako lanak, gutxi batzuk aipatzearren), eta hasi dira Berritzeguneetatik zein testuliburuen argitaletxe batzuetatik proposamen didaktikoak plazaratzen. Alabaina, agerikoa da zabalkunde eta trebakuntza gehiago behar direla irakasleak metodologia honen onurez jabetzeko. Hala adierazi zuten, esaterako, Hik Hasiren topaketetan bidelagun izan genituen ikastaroko partaideek: metodologia hau zertan den jakinik, gehiago trebatu nahiko luketela sekuentzien sorkuntzan eta inplementazio-estrategietan; horixe adierazi zuten haietako askok. 

Bada, ikastaroko partaideen hitzak ekarri nahi genituzke berriz ere, hemen esandako guztiak ixteko. Ikastaroa hasi baino lehen “Testu-generoetan oinarritutako metodologia” entzutean burura etorritako hitzak botatzeko proposamenari honela erantzun zioten partaideek: “jakin nahia”, “irakurketa”, “idazketa”, “doitasuna”, “koordinazioa”, “testuen ugaritasuna”, “funtzio-aniztasuna”, “errealitatea”, “testuingurua”, “praktikotasuna”, “berrikuntza”, “erabilgarritasuna”, “komunikazio-egoerak”, “komunikazio-beharrak”, “arloetan eta hizkuntzetan sakontzea”, “hezkuntza integrala”, “hezkuntza integratua”. Hasierako ideietan intuizio oso onez ari ziren irakasleak (eta seguru gaude hala dabiltzala hor zehar beste hainbat eta hainbat irakasle ere). 

Trebatze-saioak bukatutakoan ariketa bera egiteko eskatuta, intuiziotik esperientziarako bidean zehaztasunera egin zutelakoan gaude: “eraginkortasuna”, “baliabide ona”, “sekuentzia didaktikoak diseinatzeko malgutasuna”, “ikasketa esanguratsua”, “talde-lana”, “etengabeko ebaluazioa”, “ikasitakoa beste gai batzuetara transferitzea”, “planifikazioa”, “komunikazio-gaitasuna garatzea”, “irakaslearen planifikazioa”, “sistematizazioa”, “ikaslearen beharrak”, “ataza” eta “sekuentzia didaktikoa” agertu baitziren, besteak beste. Horiek guztiak, hasierako zein bukaerako, mintzagai darabilgun metodologiaren gakoak dira, eta, hortaz, ikastarora etorritako irakasleen ideia-jasak laburbiltzen du hiru saiotan testu-generoetan oinarritutako metodologiaren inguruan irakats eta ikas daitekeena. 

 

Erreferentziak

- BAKHTIN, M.: “El problema de los géneros discursivos”, in Estética de la creación verbal, Siglo X, Mexiko, 1979.

- CORBACHO, A.: “Textos, tipos de texto y textos especializados”, in Revista de Filología, 24, (2006), 77-90.

- DOLZ, J.: “Bizitzan zehar oso garrantzitsua da generoak menperatzea”, in Hik Hasi, 1998-04-01. http://www.hikhasi.eus/Artikuluak/19980401/dolz-joaquim-generoak-eta-sekuentziazioa-hizkuntza-arloko-curriculumean

- EUROPAKO KONTSEILUA: Hizkun-tzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa, 2001. http://www.habe.euskadi.eus/contenidos/informacion/oinarriak/eu_9716/adjuntos/europako_markoa.pdf

- EUSKAL HERRIKO IKASTOLEN KONFEDERAZIOA: Ikastolen Hizkuntz Proiektua. Ikastolen Konfederazioa, 2009 https://www.ikastola.eus/sites/default/files/page/5167/file/Ikastolen%20Hizkuntz%20Proiektua.pdf 

- EUSKO JAURLARITZA, HEZKUN-TZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA: Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua egiteko gida, 2016, https://www.berrigasteiz.com/monografikoak/hizkun-tza_proiektua/5002016001e_Pub_EJ_gida_hizpro_e.pdf 

- HALLIDAY, M. A. K.: Language as Social Semiotic. The Social Interpretation of Language and Meaning, Edward Arnold, Londres, 1978.

- HYLAND, K.: “Genre pedagogy: Language, literacy and L2 writing instruction”, in Journal of Second Language Writing, 16, (2007), 148-164.

- INSTITUTO CERVANTES: Diccionario de términos clave de ELE, 2019, https://cvc.cervantes.es/ENSENANZA/biblioteca_ele/diccio_ele/default.htm 

- MARTÍN, P. A.: “A genre-based investigation of abstract writing in English and Spanish”, in Revista Canaria de Estudios Ingleses, 44, (2002), 47-67. 

- NAVARRO, F.: “Didáctica basada en géneros discursivos para la lectura, escritura y oralidad disciplinares”, in F. Navarro eta L. Mari (arg.), Manual de lectura, escritura y oralidad en economía y administración (11-21 or.). Bernal, Universidad Nacional de Quilmes, 2018.

- ROSE, D.: “Languages of Schooling: embedding literacy learning with genre-based pedagogy”, in EuJAl, 6(1), (2018), 59-89.

- ROSE, D., eta MARTÍN, J. R.: Learning to write, reading to learn: genre, knowledge and pedagogy in the Sydney School, Equinox, UTH Yorkshire, Bristol, 2012.

- SAGASTA ERRASTI, M. P., eta SAINZ OSINAGA, M.: “La gestión del proyecto lingüístico de centro desde una perspectiva ecológica”, in Perera, J. (arg.). Plurilingüisme i educació: els reptes del segle XXI,  ICE, Bartzelona, 2003.

- SAGASTA ERRASTI, M. P., eta ETXEBERRIA AZKARRETAZABALA, L.: “¿Qué transfieren los alumnos al castellano cuando el aprendizaje lo realizan en euskara?”, in Monroy Casas, R. et al. (koord.) 25 años de lingüística en España: hítos y retos (2008) 171-178, https://www.um.es/lacell/aesla/contenido/pdf/1/sagasta.pdf

- SWALES, J.: Genre Analysis. English in Academic and Research Settings. Cambridge University Press, Cambridge, 1996.

- VYGOTSKY, L.: Pensamiento y lenguaje, Paidós Madril, 1978.

- WERLICH, E.: Typologie der Texte, Fink, Munich, 1975.

- 236/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2016/01/1600141e.pdf

- 237/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2016/01/1600142e.shtml