LASARTE-ORIAN GAZTEEKIN EGINDAKO EUSKARALDIAK ZER EMAITZA IZAN DITU? NOLAKO ESPERIENTZIA IZAN DA?

2020-01-01
 
 

E

sperientzia honetan, honako galdera hauei erantzun nahi genien: nerabeekin Euskaraldia moduko ekimenak egitea egokia al da? Izan al dezake eraginik haien hizkuntza-ohituretan? Hori ikusi nahi izan genuen Oriarte institutuan egindako ekimenean

Erantzuna baiezkoa da, eta oso emaitza eta ondorio interesgarriak ikusi ditugu. Baina ezinbestekoa da lanketa behar bezala egitea: ez du balio besterik gabe helduei begirako Euskaraldian parte har dezaten gonbidapena egiteak. Kontuan hartu behar dira adin-tarte horren eta testuinguruaren ezaugarriak. Izan ere, emaitzak lor daitezen, ondo landu behar da gaia.

 

Belarriprest aktiboak,
ahobizi eraginkorrak

Ekimena hau Lasarte-Orian egin da, Oriarte institutuko ikasleekin, zehazki, 12 urtetik 18ra bitarteko nerabeekin (DBHkoak eta Batxilergokoak). Batxilergoko ikasleek Euskal Herri mailako ekimenean parte har zezaketen, eta hori sustatu da; baina, horretaz gain, ekimenean parte hartzeko aukera eman zaie DBHkoei ere. Horretarako, ekimena beraien ezaugarrietara egokitu da, eta hasteko, debekuaren ideiarekin jokatu da: Zuek ezin duzue Euskaraldian parte hartu. Zer iruditzen zaizue? Planteamendu lagungarria izan da gogoa pizteko eta ekimena abian jartzeko.

Hortik abiatuta, hiru ekimen antolatu ditu Lasarte-Oriak: gazte eragileen batzordeak antolatzea, sentsibilizazio-saioak egitea eta ekimena nerabeen ezaugarrietara egokitzea.

Behar-beharrezkoa iruditzen zitzaigun ekimena egokitzea: gaur egun, Lasarte-Orian, nerabe batek ahobizi izatea hautatuko balu, euskaraz beti egin beharko luke inguruko gazte guztiekin, guztiek ulertzen baitute euskara. Baina, testuinguru soziolinguistikoa eta gaztelaniak gizartean duen indarra kontuan hartzen baditugu, hori “ezinezkoa” dela esan genezake, eta ardura hori presio handiegia da nerabeentzat. Beraz, ahobiziek beren rola betetzea eta arrakasta izatea oso zaila izango litzatekeela aurreikusi zen. Horren aurrean, zenbait neurri hartu ziren

 

Batetik, parte hartu nahi zuten guztiei belarriprest izateko aukera eman zitzaien. Beraz, ahobizi izan nahi zutenek ere, lehendabizi, belarriprest moduan eman behar zuten izena. Gainera, Euskaraldiaren aurretik egin ziren sentsibilizazio-saioetan, belarriprest izateak zer esan nahi zuen landu zen, eta jarrera aktiboa proposatu zitzaien nerabeei: nik nahiko nuke hainbatek niri euskaraz gehiago egitea, eta hainbatek nahi dute nik haiei euskaraz gehiago egitea. Eroso sentitzen naizen neurrian, horretan ahaleginduko naiz.

Ahobizi izateko aukera Euskaraldia hasi baino egun batzuk lehenago eman zitzaien. Beraz, nahi zutenek belarriprest eta ahobizi izateko aukera izan zuten. Baina, ahobizien presioa arintzeari begira, gertuko harremanetan jarri genuen arreta. Harreman handia zuten kide batzuen izenak jarri zituzten, eta kide horiekin ez zuten erabat euskaraz egin behar. Horrela, ahobiziak beti euskaraz egiteko rola ez zen albo batera uzten, baina gazteei arreta biko harremanetan jartzeko aukera eman zitzaien. Bete-betean asmatu da horrekin, eta argi ikusi da emaitzetan eta ondorioetan horrela proposatzeak erantzun positiboak izan dituela.

Azkenik, ahobiziei ardura egun batzuetara mugatzeko ahalegina egin nahi izan genuen. Hala, ardura 11 egunean izan beharrean, egun gutxiagoan izatea eta guztien artean txanda moduko batzuk antolatzea erabaki zen. Ezin izan genuen hori behar bezala bideratu, denbora eta baliabide aldetik ezin izan zelako gauzatu, baina, aurrera begira, kontuan hartzeko gai bat dela uste dugu.

Ekimena egokitu egin zenez, izen eta irudi berriak sortu ziren. Hau da: gazteen Euskaraldiak bere izena eta bere irudia izan ditu, bai eta txapa ere.  

 

Sentsibilizazio-saioak eta gazte eragileen batzordeak

Oriarte institutuan Euskaraldian egindako ekimen honek argi utzi duen ondorioetako bat hauxe da: hainbat gazte gogoz daude, edo prest behintzat, euskara gehiago erabiltzeko, giroa egokia bada. Eta, are gehiago, hainbat gazte prest daude hizkuntza-ohituren inguruan modu aktiboan eragiteko.

Oriarte institutuan, 750 ikasle inguruk ikasten dute, eta horietatik % 60k eman zuen izena ekimenean.  Gainera, bi batzorde osatu ziren gazte eragileekin, eta 70 nerabek eman zuten izena ekimenean laguntzeko. Bi datu horiek esanguratsuak dira, eta poztekoa da hainbat gazte prest egotea eragile izateko. Gazte horiek izan dira ekimena landu dutenak: girotze-lana egin, izen-ematea sustatu, eta abar. 

Euskaraldiak arrakasta izateko, ezinbestekoa izan da gazte eragileen batzordeek egindako lana. Baina, horretaz gain, ikusi dugu gazteek hizkuntza-ohituren inguruan hausnartu dutela eta haiek duten edo izan dezaketen eraginaz konturatu direla. 

Bestalde, sentsibilizazio-saioak egin dira institutuan Euskaraldiaren aurretik eta ondoren. Talde bakoitzean, lau saio egin dira: hiru Euskaraldiaren aurretik, eta bat ondoren. Guztira, 100 saio baino gehiago izan dira. Saio horiek beharrezkoak iruditzen zaizkigu gaia kokatzeko, izen-ematea sustatzeko, belarripresten rol aktiboa azpimarratzeko eta abarretarako. 

 

Emaitzak eta ondorioak

Emaitzei dagokienez, argi ikusi da Euskaraldiak eragina izan duela eta eragin hori bereziki biko harremanetan izan duela. Hau da: ahobizi moduan parte hartu dutenek esan dute Euskaraldian euskaraz asko egin dutela beste ahobizi eta belarriprestekin; baina bereziki deigarriak dira datu hauek::

Euskara ohi baino askoz gehiago erabili dutenak % 30 izan dira. Gehiengoak erantzun du gehiago erabili duela, baina esanguratsua da askoz gehiago erabili duela diotenen kopurua..

Biko harremanetan, % 15ek lortu du urrats bat baino gehiago egitea. Hainbat kideren izenak jarri zituzten, eta horietako bakoitzarekin euskara zenbat erabiltzen zuten zehaztu zuten. Guztira, 800 erantzun inguru bildu dira, eta horietatik 100 baino gehiagotan urratsak esanguratsuak izan dira: “ez dut eskaraz egiten” edo “euskaraz pixka bat egiten dut” egoeretatik “gehiena euskaraz egiten dut” edo “beti euskaraz egiten dut” egoeretara iragan dira.

Gainera, ekimena amaitu eta berehala galdetu zitzaienean,
% 90ek uste zuen aldaketa horiei eustea lortuko zutela, eta, galdetegia handik hiru hilabetera pasatu ondoren, % 70ek erantzun zuen lortuko zela eustea. Beraz, aldaketak iraunkorrak dira.

Soilik belarriprest moduan aritu direnen datuak ere antzeko norabidekoak dira, apalagoak izan arren.

Emaitza horiez gain, hainbat ondorio interesgarri eta baliagarri jaso dira. Besteak beste:

Gustura agertu dira lorpenekin: hainbatek urratsak egin dituzte, eta gustura daude egin izanarekin. Euskara gehiago erabili ahal izateko giro egokia aurkitu dute batzuek, eta gustura aritu dira Euskaraldian: hizkuntza-ohituretan aldaketak izan dituztela ere ikusi dute, eta oso balorazio positiboa egin dute ekimenaz. Baina bi hutsune azpimarratu dituzte: batetik, ongi egin zen girotze-lana Euskaraldiaren aurretik, baina ez zen ezer egin Euskaraldian, eta horrek eragina izan duela diote. Beraz, girotze-lana hobeto egin izan balitz, emaitzak hobeak izango ziren. Bestetik, ekimenari jarraipena eman behar litzaiokeela uste dute: ikasturtean zehar gehiagotan eginez, edota Euskaraldia bera luzatuz -

Helduen antzeko ondorioetara iritsi dira: 2016an, ahobizi eta belarriprest dinamika egin zen Lasarte-Orian helduekin, eta orduan ere, ikerketa-ekintza moduan bideratu zen. Helduek atera zituzten antzeko ondorioetara iritsi dira oraingoan nerabeak ere, besteak beste: gogoa esnatzeko balio izan die, talde sentitu dira, euskarari eusteak ematen duen indarra bizi izan dute eta abar. Beraz: argi ikusten da nerabeak ere gai direla ekimenari behar bezala heltzeko, eta baliagarria dela haientzat.

Zailtasunak nork bere azalean bizi izan ditu: konturatu dira norbaitek beti gaztelaniaz egiten badie zaila dela euskarari eustea, baina posible dela; halaber, ikusi dute errazagoa dela euskarari eustea biko harremanetan talde-harremanetan baino, eta abar. Zailtasun horien aurrean, baliabide falta ere sumatu dute. 

Hizkuntza-ohituren inguruan hausnartu dute: ekimen praktikoa izan den arren, hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko eta hainbat ondoriotara iristen laguntzeko balio izan die.

 

Herriko eragileen elkarlana eta 

testuinguru soziolinguistikoa

Nerabeen Euskaraldia ikerketa-ekintza moduan bideratu da Lasarte-Orian. Uste genuen Euskaraldia eraginkorra izan zitekeela nerabeen hizkuntza-ohiturei begira, baina ikusi genuen garrantzitsua zela lanketa hori ondo egitea eta informazioa behar bezala jasotzea ere.

Hori guztia bideratu ahal izateko, oso kontuan izan behar da Lasarte-Orian lehendik ere herriko eragileak elkarlanean ari direla: Oriarte institutuaren, Lasarte-Oriako Udalaren eta Ttakun Kultur Elkartearen arteko elkarlana aspalditik dator, eta hainbat egitasmotan gauzatzen da. Elkarlan hori behar-beharrezkoa da modu honetako ekimen bat bideratu ahal izateko: Institutua proiektuan inplikatu da, eta beste eragileei hainbat erraztasun eman behar izan dizkie ekimenak; Ttakuneko dinamizatzaileek gidatu dituzte sentsibilizazio-saioak eta gazte eragileen batzordeak, eta Udalak zuzenean parte hartu du erabakietan eta finantzazioan. Horretaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu dute, ekimena ikerketa-ekintza moduan egin ahal izateko eta landutako guztia argitaratu ahal izateko. 

Bestalde, lanketa ondo egiteaz gain, uste dugu testuinguru soziolinguistikoa ere kontuan hartu behar dela, emaitzei eta ondorioei begira: testuingurua Lasarte-Oriakoa baino euskaldunagoa edo erdaldunagoa izateak eragina izango luke prozesuan eta emaitzetan. Ekimena egokitzean eta helburuak zehaztean, kontuan hartu beharko litzateke testuinguru hori. Adibidez, zonaldea soziolinguistikoki euskaldunagoa denean, hizkuntza-ohituren bilakaeran urrats gutxiago egingo lirateke beharbada, baina gehiena edo guztia euskaraz egiten dutenen kopurua handiagoa izango litzateke. Hau da: bilakaera txikiagoa dela eman dezake, baina, berez, eraginkorragoa izan daiteke hizkuntza-ohiturak finkatzeari begira. Aldiz, zonaldea soziolinguistikoki erdaldunagoa bada, zailagoa izan daiteke ekimenak arrakasta handia izatea, eta are zailagoa hizkuntza-ohituretan benetako aldaketa esanguratsuak egitea. Baina, aldaketak txikiagoak izan arren, oso lorpen interesgarriak izan daitezke. Besteak beste: hainbat nerabe euskarara gehiago hurbiltzea, eta euskararekiko jarreretan eragitea bereziki; alegia, gazteak euskal komunitatera hurbiltzen dira, euskara asko erabili duten sentsazioa dute, eta euskara erabiltzeko ahalegina sentipen positiboekin lotzen dute. Beharbada, mereziko luke lorpen horiek neurtzea eta behar bezala baloratzea, benetako hizkuntza-ohituretan aldaketak esanguratsuak ez direnean ere.

 

Landutakoa argitaratzea eta aurrera begiratzea

Euskaraldian landutako hau guztia bi dokumentutan argitaratuko da: batean, oinarriak, emaitzak eta ondorioak jasoko dira, eta, bestean, ekimenerako landutako tresna guztiak jasoko dira, ekimena beste institutu edo herri batzuetan garatu nahi bada erabili ahal izateko. 

Aurrera begira, ekimen honekin jarraituko dugu Lasarte-Orian, eta garapena izango du. Beste hainbat institutu eta herritan ere egin ziren ekimenak nerabeekin, eta Oriarte institutuan egindako ekimen honetan landutakoa lagungarria izan daiteke beharbada beste hainbatentzat aurrera begira; baina, hasieran esan bezala, uste dugu behar-beharrezkoa dela gauza bat oso kontuan izatea: Euskaraldia eraginkorra izan daiteke nerabeen hizkuntza-ohituretan eragiteko, baina, emaitzak lortu nahi badira, ondo egin behar da lanketa.