ULERMENA Errealitatea interpretatzeko eta elkarbizitzeko oinarria

2020-02-01

Ulermenaren gaia hezkuntza komunitateak duen erronka handienetako bat dela uste dute zenbait adituk. Baina zer da ulertzea? Erreportaje honetan ulermenaren gaian sakontzeko asmoz hainbat adituren ekarpenak bildu dira. Ekintza kognitibo konplexuen bidez eraikitzen den prozesu hau ulertzea ez baita erraza duen konplexutasun guztiagatik. Espiritu kritikoaren garapenarekin lotzen du Abel Camacho irakasle eta hizkuntzalariak ulermena, “errealitatea ulertzen ez duenak nekez hartuko baitu erabaki egokirik beretzako zein besteentzako”. Ainhoa Ezeiza EHUko irakasle eta ikertzaileak, berriz, kultur aniztasunean lan egitearen garrantzia azpimarratzen du. ‘Ulermenaren Etika’ proposamenari erreferentzia egiten dio Ezeizak, “hezkuntzan ulerkeraren etika bat eraiki behar da, ez ulermenarena, baizik eta elkar ulertzearena”.

 
 

U

rte gutxian gizartean, zentzu zabalean, aldaketa asko gertatu direla gauza nabaria da. Harreman moduetan, bizitzaren erritmoetan, ikasketa prozesuetan, zein bizitzaren beste hainbat arlotan aldaketa ugari bizitzen ari gara, eta horrek guztiak ere eragina dauka pertsonon prozesu kognitiboetan. Testuinguru horretan, ulermenaren gaia hezkuntza komunitateak duen erronka edo problematika handienetako bat dela uste dute zenbait adituk. 

 

Abel Camacho irakaslea eta hizkuntzalaritzan aditua ere uste horretakoa da. Defendatzen duenez, “hezkuntza prozesu guztietan beti egon da erdi-erdian ulermenaren lanketa, ulermenaren garapena. Baina gizartea nola ari den aldatzen ikusita, biderkatu egin da ulermenaren lanketaren garrantzia”. Camachoren ustez, “gezurra sistematikoki esaten den gizarte batean bizi gara, non gezurra asmo politiko, ekonomiko eta sozial jakin batzuetarako erabiltzen den. Horrek ondorio batzuk ditu. Eskoletan eta institutuetan gazteek datuak eta iritziak bereizteko zailtasunak dituztela ikusten ari gara. Eta zer ari gara lortzen? Edo zer ari dira lortzen? Gezurrez beteriko gizarte batean bizita, erakunde edo lobby jakinek lortzea etekina”. Infantilizazioaren fenomenoa aipatzen du horren guztiaren atzean: “Gaur egun, badirudi dena dela posible, dena sinesten dugu, dena da magikoa. Baina dena ez da posible. Eta ikasle gazteek ikaragarrizko arazoak dituzte posible dena eta ez dena ezberdintzeko”. Horregatik, ulermenak beti izan badu ere errekonozimendu edo arreta handia, momentu hauetan ulermenaren lanketaren beharra askozaz ere handiagoa dela aipatzen du.

 

Espiritu kritikoaren garapenarekin lotzen du Camachok ulermenean trebatzearen behar hori, izan ere, biek elkarren artean “ikarazgarriko lotura” dutela uste du. “Espiritu kritikoa da landu behar duguna eta horrek izan beharko luke hezkuntzaren helburua, baita misioa ere. Eta zer da pertsona kritikoa izatea? Kritikoa izatea da errealitatea ikusi, atzeman, atzertu, norbere filtroa pasa eta hainbat irizpideren arabera, ondorio jakin batzuetara iritsi ahal izatea”. Norberaren begirada egongo litzateke amaieran, baina horren aurretik kokatzen du ulermenaren funtzioa. Horregatik, espiritu kritikoaren garapenari eragiteko funtsezkoa iruditzen zaio ikasleek ulermenean behar besteko prestakuntza edo trebakuntza izatea. Bere ustez, “ez dago ulermen garapen eraginkorrik gabeko pertsona askerik, pertsona kritikorik”, izan ere, “errealitatea ulertzen ez duenak nekez hartuko du erabaki egokirik beretzako, zein besteontzako”. 

Hizkuntzalariak trantze moduko batean ikusten du gaur egungo paradigma. Errealitate horretan faktore askok eragiten dutela aipatzen du, eta maila akademikoan, esaterako, nahiko proposamen argiak egin direla ere bai. Baina ulermena oso prozesu aktiboa dela azpimarratu nahi du, azken urteetan bestela ulertu bada ere: “Ulermena beti lotu izan da zerbait pasiboarekin. Entzuten duenak ez du hitz egiten, irakurlea irakurtzera mugatzen da… Beraz, pasiboa da. Baina guztiz kontrakoa da ulermena, zeharo aktiboa da. Izan ere, ahozko esapide bat zein idatzizko testu bat aurrean daukagunean, norberak dakien guztiari, entzun edo irakurri duenak ematen diona gehitzen zaio, eta interpretatu egin behar du. Alegia, inoiz ez gara hutsetik abiatzen”. Zentzu horretan, testuingurua ezagutzearen garrantzia azpimarratzen du: “Zenbat eta ezagutza gehiago eduki errealitateaz, orduan eta errazagoa izango da ulertzea errealitate hori”. Horregatik, ulermenaren prozesua “oso konplexua” dela aipatzen du, eta ondorioz, ulermenaren garrantzia azpimarratu behar dela dio, konplexutasuna baloratu egin behar dela. 

 

Ikasleei laguntzeko gakoak

 

Ulertzea eta interpretatzea esku beretik ikusten ditu Camachok eta komenigarria ikusten du aipatzea zer den interpretatzea: “Interpretatzea izango litzateke datu batzuk izan –idatziz zein ahoz–, informazioaren ikuspuntik aztertu, ematen diren ideiak identifikatu, eta gero ideia horiek norberaren eguneroko bizitzan nolako eragina duten jabetzea. Gako horiek argi izatea garrantzitsua da”. Horrez gain, ulermenaren garapenean eta espiritu kritikoaren garapenean ikasleei laguntzeko honako irizpideak aipatzen ditu: “Batetik, ulermena hizkuntza ikasgaira soilik ez da mugatu behar. Oso polita geratzen da ulermena zehar-lerro gisa landuko dela esatea, baina benetan sinestu behar dute irakasleek horretan. Jakina da, adibidez, gaur egun gure ikasleak ezin direla zientifikoki analfabetoak izan, eta zientzia ikasgaietan ulermenaren garrantzia erabatekoa da. Nik ulertzen dut, adibidez, zientzia arloko irakasle batek curriculumeko eduki hori landu nahi izatea, eta horretara bideratzea bere indarrak. Baina kontuan izan behar du eduki curricular hori gehienetan gauzapen lingustiko baten bitartez gertatzen dela. Eta hor erronka handia daukagu; curricularki ustez erlazio zuzenik ez duten ikasgaietan ere gauzapen lingustiko horri zentzu pixka bat eman behar diogu”.

 

Horrekin batera, garrantzitsua deritzo aurrean dugun esapide edo testu horrek gure eguneroko bizitzan duen eraginari erreparatzea, eta hori ideologiari lotuta ikusten du: “Bizitzan zehar guztia da politika –amodioa bera ere politikoa dela irakurri berri dugu Jakin aldizkarian–. Politika pertsonek elkarrekin aurrera egiteko, atzera egiteko, egoteko, bizitzeko dugun modua da. Eta zerumuga ideologiko hori gero eta garrantzitsuagoa da, errealitatean gertatzen denari zentzu bat ematen zaiolako. Balio bat eta balore bat. Eta hori ulertzen ez badugu, aurkezten zaigun testu, whatsapp bidezko audio, bideo eta testu genero aniztasun berri horri ez badiogu erantzuten zentzu zabal batean, askotan aurkituko gara erdi-bidean eta erdi-galduta. Eta engainua hortxe edukiko dugu gainean”. 

 

Ainhoa Ezeiza Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika arloko irakasle eta ikertzaileak eta Ilusionista Sozialen mugimenduko kideak gaur egungo testuinguruan paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela aipatzen du, eta paradigma horretan konplexutasunaren teoriatik lan egitearen ideia azpimarratzen du: “Zientzia esperimentaletan aditu direnek esaten dute mundua konplexua dela, eta horregatik ezin dugula ikertu edota lan egin modu enpirikoan. Alegia, modu enpirikoan egiten duzuna oso sinplea dela. Eta, aldiz, jendearekin lan egiten duzuenean ikasi behar duzula konplexutasunean lan egiten, konplexutasuna ulertzen”. Ideia horretatik abiatuta ari dira lantzen ikerketa taldean konplexutasunaren teoria hezkuntzaren ikuspegitik eta doktore tesi bat ari dira garatzen ideia horretan oinarrituta.

 

Ulermen motak eta ikuspegiak

 

Edgar Morin soziologo eta filosofo frantsesa izan da konplexutasunaren teoria hezkuntzan landu duen autoreetako bat. Morinek bi ulermen mota bereizten ditu. Bata ulermen intelektuala edo objektiboa eta bestea pertsonen arteko ulermen intersubjektiboa. Ulertzeak intelektualki taldean jasotzea esan nahi du, taldeari atxikitzea –testua eta bere testuingurua, zatiak eta guztia, askotarikoa eta norbanakoarena–. Zentzu horretan, autore horren arabera, “azaltzea, objektu bati buruz ezagutu beharreko guztia kontuan hartzea da, eta, jakintza objektiborako tresna guztiak ezartzea da. Pertsonen arteko ulermena azalpenetik harago doa. Azaltzea nahikoa da gauza ezezagun edo materialen ulermen intelektual eta objektiborako. Ez da nahikoa, ordea, pertsonen arteko ulermenerako. Elkar ulertzeak ezinbestean enpatiarako, identifikatzeko eta proiekziorako prozesu bat du bere baitan. Beti intersubjektibotasunez; ulertzeak irekitzea, sinpatia eta eskuzabaltasuna behar ditu”. 

 

Ulertzea zer den azaltzeko Ainhoa Ezeiza irakasle eta ikertzaileak hiru ikuspegi nagusi aipatzen ditu. Bata gutxi gorabehera 50eko hamarkadan abiatu zen ikuspegi konputazionala da. Ikuspegi horren arabera, kanpotik datozkigun inputak gure burmuinaren eremu ezberdinetan kokatzen dira. “Input horiekin egiten duzun analisiaren arabera aurretik daukazun ezagutza deuseztatu egiten duzu edo berri bat sortzen duzu. Hori dio ikuspegi konputazionalak, eta ez da gezurra baina ikuspegi hori mugatua da”. 70eko hamarkadatik aurrera beste ikuspegi bat joan zen garatzen hizkuntzen irakaskuntzari begira. Ikuspegi horren arabera, “ulermenean hizkuntzak garrantzia handia du, eta hizkuntzak ezagutzeak laguntzen du, baina ez da ez nahikoa eta ez ezinbestekoa. Hau da, agian hizkuntza jakin gabe ulertu dezakezu edota agian hizkuntza jakinda ez duzu ulertuko. Zergatik? Gaitasun diskurtsiboa deitzen zaiona ere kontuan hartu behar delako. Horren atzean dago jendeak ez duela bere esana hutsetik sortzen”. Horri lotuta ikusten ditu hizkuntzaren egituraren aldetik komunikazio jarduera ezberdinak lantzeko moduak: “Esaterako, ipuinak sortzeko modu batzuk daude, edo deskribapenak sortzeko, edo eztabaidak sortzeko. Eta modu horiek ez dira itxiak, nahiz eta eskolan askotan modu itxian planteatzen diren”. Horregatik defendatzen du “gaitasun estrategikoaren beharra”, alegia, ikustea zein estrategia komunikatibo dauden egoera konkretu batean zer mezu ari zaizun iristen hobeto ulertzeko, eta zein testuinguru sozialetan.  Ikuspegi hori hobeto ulertzeko honako adibidea jartzen du: “Adibidez, batzuetan ikasgelan hizkuntza irakasteko esaten dugunean ‘laguna iritsi da’, hori ez da komunikatiboa eta hori ezin da ulertu. Linguistikoki badakigu zerbait; badakigu pertsona bat badagoela, gurekin afinitatea daukana, gertaera bukatu dela badakigu, eta ez dela izan duela hainbeste. Hori da hizkuntzak esaten diguna. Ados. Baina zein da laguna? Zertara iritsi da? Zer egin behar dut nik berarekin? Zer harreman mota daukat nik berarekin? Hori da konplexutasunak planteatzen duena; ezin dugula hizkuntza isolatu, ez delako existitzen hizkuntza isolatua, eta zentzu horretan, komunikazio gaitasunaren ikuspegia ideia hori aberastera joan da. Hirugarrenik Vigotsky-k parte hartu zuen ikuspegi soziokonstruktibista aipatzen du irakasleak. Horren arabera, esanahiak sozialki eraikitzen dira: “Pertsona bat bestearekin ari da komunikazioa eraikitzen eta hortaz, batak besteari ulertzen ez dionean batak estrategia aldatu dezake besteari ulerrarazteko. Ikuspegi horren arabera, elkarrekin ikasi behar ditugu gauzak, eta ez soilik irakasleak ematen duen diskurtsotik. Hori zailagoa da irakaslearentzat, ikasleek elkarrekin nola ikas dezaketen jakin behar duelako”.

 

Kultur aniztasunean lan egitearen onurak

 

Ezeiza eta haren ikerketa taldearentzat, ulermen konplexua lantzera begira kultur aniztasuna oinarri hartuta lan egitea da bide egokia. “Ikuspegi horren arabera, uste da zuk ezin duzula pertsona bat ulertu ez baldin badituzu berekiko gutxieneko identifikazio batzuk. Agian hizkuntza berdina da, baina adibidez nik ‘laguna’ hitza esaten badut eta nahiz eta linguistikoki hitz berdina izan biontzat, adiskidetasunari zuk ematen diozun esanahaia eta nik ematen diodana ezberdinak izango dira. Zenbat eta ezberdinagoak izan, orduan eta amildegi handiagoa egon daiteke gure arteko komunikazioan. Horregatik da zaila kultur aniztasunean lan egitea”. Kultur aniztasunaz hitz egitean askotan jatorriaz ari garela pentsatzen dugula dio, baina jatorriaz harago faktore gehiago ere badirela aipatzen du. Antropologian erabiltzen den matrize sozio-kulturala hartzen dute oinarri eta horren arabera, honakoak dira gure mundu ikuskera eratzeko garaian eragina duten lau elementu garrantzitsuenak: bata generoa da, bigarrena etnia –ez soilik jatorria, baizik eta zein ildo historiko-kulturaletik zatozen–, hirugarrena adina da, eta laugarrena klase soziala eta lan kultura. “Zerbait ulertu nahi dudanean nire mundu ikuskeratik noa ulertzera. Horregatik, nik testu bat irakurtzen badut, edo zuk zerbait esaten badidazu, aipatutako hori guztia daukat nik, eta gainera, ez naiz konturatzen, edo agian bai. Eta hor dago konplexutasuna. Hori guztia ez badugu kontuan hartzen, eta sinplifikatzen badugu, errazteko, curricularizatzeko etab. orduan errepikapenean geratzen gara. Jende askori gertatzen zaio hori, uste izatea testu bat ulertu duela edo pertsona bati ulertu diola, gai delako errepikatzeko pertsona horrek esan duena edo idatzi duena. Baina noski, hori ez da ulertzea”. 

 

Edgar Morinen Ulermenaren Etika proposamenari erreferentzia egiten dio Ezeizak. Izan ere, autore horrek defendatzen duenez, hezkuntzan ulerkeraren etika bat eraiki behar da, ez ulermenarena, baizik eta elkar ulertzearena, “nahiz eta jakin ez dugula elkar ulertzen guztiz. Zenbat aldiz pasatu zaigu, norbaitekin hizketan aritu eta bat-batean esatea: ‘bai! elkar ulertzen ari gara!’. Momentu hori oso zirraragarria da. Aurreko denbora guztia hurbilpen bat da, baina sentitzen duzunean besteak ulertzen zaituela, bihotza piztu egiten zaizu. Momentu hori oso berezia da”. Testuinguru guztiak dira Ezeizarentzat kultur-anitzak, baina testuinguru batean oso pertsona desberdinak elkartzen direnean, oso garrantzitsua iruditzen zaio dena ez ulertzeak frustraziorik ez eragitea. “Hortik abiatzen bazara, arazo gutxiago izango dituzu, eta ez zara agobiatuko ez duzulako dena ulertzen”. 

 

Kultur aniztasunaren ikuspegitik, gure inguruneko eskolei eta iparraldetik datozen kulturei arazo bat ikusten die unibertsitateko irakasleak: hizkuntzari lotuegi ikusten ditu. “Maila orokorrean, egin dituzten alderaketa ezberdinetan ikusi da ama afrikarrek, adibidez, beraien haurtxoarekin komunikatzen direnean keinuak, mugimenduak edota begiradak erabiltzen dituztela. Aldiz, ama anglosaxoiek, esaterako, gehiago erabiltzen dute hitza. Orduan, beste kultura batetik datorren jendearekin komunikatu nahi baduzu, ulertu behar duzu, adibidez, estrategia horiek falta zaizkizula zuri. Eta oso ondo dago, zeren hortik abiatzen bazara asko ikasiko duzu. Horregatik, ez badiozu besteari zure eredu komunikatiboa inposatu nahi, pila bat ikasten du jende guztiak. Baina zergatik ez dugu egiten? Ikuspegi kolonizatzaile bat dagoelako atzean; batzuek agintzen dugu eta beste batzuek ez”. Haur Hezkuntzako hainbat testuinguru dakartza gogora ideia horri lotuta: “Haur Hezkuntzan lan egiten duten irakasleek askotan esaten dute jatorri ezberdineko haur asko elkartzen direnean, ikustea elkarrekin jolasean, elkarrekin ikasten eta elkar ulertzen. Eta irakaslea bera izaten da askotan ulertzen ez duena”. Testuinguru horretan “gatazka handi bat” ikusten du eskolaren inguruan, “eskolak dena eraman nahi duelako hizkuntzara, eta hori ez da praktikoa eta gainera, konturatzen ari gara ikasle askok ez dutela lortzen ideia berriak sakontasunez jasotzea”. 

 

Testuliburuetako testuak jartzen ditu “gatazka” hori ulertzeko adibide gisa. “Aspaldidanik egin dira ikerketak esanez testuliburuetako testuak oso etnia konkretu batekoak direla, genero konkretu batekoak, ikuspegi konkretu bat lantzen dutela etab. Hegoafrikar batek egindako ikerlan batekin gogoratzen naiz eta hark zioen Apartheid-aren ostean azal beltzeko pertsonak tontoagoak zirela baieztatzea lortzen ari zirela, ez zituztelako lortzen errendimendu akademiko jakinak. Eta berak esaten zuen: “kontxo, gauzak azaltzeko modua txuriena da”. Gurera etorrita, Ezeizak aipatzen du liburuetan, curriculumean, ez dagoela ezer norbanakoari lotuta. “Testu horiek edo material horiek ez dute kontuan hartu zuk jakintza asko dituzula. Zentzu horretan, haur ijito bilbotar batek, esaterako, lortu behar du frogatzea gai dela haur zuri bilbotar batek dakiena jakiteko. Aldiz, haur zuriak ez dauka frogatu beharrik haur ijitoak dituen jakintzak badituela. Eta horrek zer esan nahi du? Batak gutxiago balio duela besteak baino”. Zentzu horretan, konplexutasuna lantzeko curriculuma malguki hartzea beharrezkoa deritzo. 

 

Aldaketak prozeduretan eta testuen tipologian

 

Ulermen konplexua lantzeko aldaketak beharrezkoak ikusten ditu Abel Camacho irakasle eta hizkuntzalariak. Haren ustez, aldaketa behar da prozedura didaktikoetan eta testuen tipologian. “Tipologia teoriko asko dago, esate baterako, irakurketaren ulermena lantzeko. Badira hainbat jarduera. Baina erabiltzen diren horietako asko azalean geratzen dira: testua irakurri eta A, B, C edo D erantzun, edo, egia den edo gezurra den adierazi, hutsuneetan falta diren hitzak ipini, edota testuaren paragrafoak desordenean jarri eta ordenatu, esate baterako. Azaleko ulermenean geratzen dira eta orokorrean ulermenaren ebaluazioari lotuta daude. Ez gaude ulermenaren garapenaren lanketari begira, baizik eta irakurri edo entzun duzun zerbait ulertu duzun neurtzea da bilatzen dena”. Eta honako galdera plazaratzen du: “Ulermena da % 70 ateratzea hizkuntza test batean? Ulermena askozaz ere konplexuagoa da”. 

Prozesu kognitibo konplexua da ulermena hizkuntzalariaren arabera, eta eragiketa kognitibo horiek landu behar ditugu askotariko prozeduren bidez, sakonera iristeko. Denon arteko irakurketa proposatzen du momentu honetan indartu beharreko prozedura didaktiko gisa: “ikasgela osoa, edo taldeka, edo bikoteka, ozenki irakurtzen eta solasaldian testuak esan duenari buruz, eta, hizketan, zer esan nahi zuenaren inguruan denok interpretazioak eginez, eta bakoitzaren interpretazioaren gaineko eztabaidak eginez, eta bakoitzaren interpretazioaren gaineko eztabaidaren ondorioak ateraz ondoren”. 

 

Prozeduretan aldaketak, batetik, eta testuen tipologian, bestetik. Hala proposatzen du Camachok. Kontatzen duenez, “azken 40 urtetan testu generoen teoriaren arabera, kanonikoak diren hainbat testu mota erabili izan dira: albistea, erreportajea, elkarrizketa… Horiek irakaskuntzan aritzeko bidea ematen dute, hizkuntzaren desbribapen bat egiteko etab. Baina gaur egun testu genero berriak ari dira sortzen, ez dira horren kanonikoak, eta mistoak edo hibridoak dira, gainera. Badira idatzizkoari erantzuten dioten audiozko mezuak, emotikonoak, bideoak, gif-ak… Hezkuntzak ere kontuan hartu beharko duen eremu bat dago hor”. 

Literaltasunarekiko menpekotasuna

 

Azalean geratzen den ulermenari lotuta, bi adituak bat datoz gaur egun gertatzen ari den literaltasunarekiko garatu dugun mendekotasuna ulermenerako arazo inportantea dela esaten dutenean. Maite Ruiz Flores irakasle-ikerlari eta filologoak garatu zuen literaltasunarekiko mendekotasuna (Depedencia de lo literal) kontzeptua eta “esaten duenez, zuk oso erraz esan dezakezu ulertu duzula, baina horrek ez du esan nahi zuk benetan ezer ulertu duzunik; zeure buruan aldaketarik, moldaketarik egon denik lehengo eredu konputazional horrekiko”, kontatzen du Ezeiza irakasleak. Honako adibidea ipintzen du: “Zuri esplikatzen badizute arnas aparatuak nola funtzionatzen duen, adibidez. Zer da hori ulertzea? Entzun duzun bezala esatea, ezta? Zure buruan gauza gutxi aldatu da azalpen hori entzun ondoren. Agian hitzen bat edo beste. Baina hitzak ez daude solte geure buruan”.

 

Bizi dugun testuinguruan, ahozkotasunari eskolan presentzia gehiago ematea ikusten dute erronka gisa bi adituek. Ezeizaren arabera, “eskolan irakurketa estrategiak landu behar ditugu, testu mota desberdinak ere bai, eta testu mota desberdinekin jarduera desberdinak egin behar dira. Baina batez ere, ahozkotasunari leku garrantzitsuagoa eman behar diogu, irakurtzeari edo irakurketari lotutako jarduerei baino. Izan ere, idatzizko testuak sinpleagoak dira, mila aldiz irakurri ditzakezu, errepasatu… Eta ez dizu eskatzen oroimen handia. Aldiz, entzutezkoak bai. Ahozkotasunean azkarra izan behar duzu, noiz parte hartu jakin behar duzu, mila aldiz konfundituko zara, eta inperfekzioa hor dago bete-betean. Eta ikasleei galdetzea gai bat lantzean, 'zuk honetaz zer jakin nahi duzu?' Hori ez zaie galdetzen ikasleei, ezta unibertsitatean ere. Eta galdera hori formulatzea bera jada oso lagungarria izan daiteke ulermenerako”. 

 

Abel Camachok ere irakurriari atentzio gehiago jartzen zaiola uste du, errazagoa delako. “Euskarria tratatzeko historikoki zailtasun handiagoak izan dira ahozkoarekin. Irakurriaren ulermena lantzeko testu bat topatzea oso erraza da; gainera, manipulatu dezakezu, kopiak atera, testu zatiak moztu eta beste ordena batean itsasi… Audioa, aldiz, ez da izan hain manipulagarria historikoki. Gaur egun bada, baina duela hamar urte ez. Nik uste teknologiak ikaragarrizko aukera eman dezakeela, garbi izanda, beti ere, teknologiak bere horretan ez duela ulermenaren afera konponduko. Baina aukera gehiago ireki ditzake ahoazkotasunari lotutako ulermena lehenengo mailara pasatzeko, adibidez”.