Ez da ohiko laborategia, ez dago tutuz eta probetaz hornitua, baizik eta sehaskaz, sukaldetxoz, haur txikiak aldatzeko eta janzteko lekuz, mugikortasun-egituraz, jostailuz eta abarrez. Haur-eskola baten itxura duen laborategia da, ez da haur-eskola, ez ba

2020-07-01

Nerabeen artean IKTen alorrean eta, oro har, 

kultura digitalaren 

esparruan euskararen erabilera sustatu nahi duen egitasmoa da Xare. Iruñean Sarea Euskaraz izenburupean, eta Durangon, Gasteizen eta Donostian Xare izenarekin, 1.700 ikasle baino gehiago izan ziren teknologia gaietan euskaraz trebatzen COVID-19aren krisiaren aurretik. Orain, online irakaskuntza, telelana eta abar ekarri dituen egoera dela-eta, are eta garrantzi gehiago hartu du Xare egitasmoak.

 
 

K

opuruei begiratuta, 1.700 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten Durangon, Gasteizen eta Donostian Xare izenez eta Iruñean Sarean Euskaraz izenburupean antolatutako jardunaldietan; nerabeen artean euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea dute helburu jardunaldiok. Horrez gain, softwareak euskaratzea bultzatu nahi dute edota euskarazko IKTen sektorea ikusaraztea eta balioestea; horretarako, formatua aldatzen ari dira urtetik urtera, hobetu nahian.

Eragin taldeko Iñigo Martinez ordezkaria buru-belarri ibili da hastapenetik jardunaldien antolaketan, eta, kontatu duenez, hizkuntzaren aldetik IKTen erabilerak duen garrantzia estrategikoa ikusita, “pozgarria” da 1.700 ikasletik gora “euskarazko kultura digitalarekin kutsatzea: euskaraz ere teknologia sortzea, erabiltzea eta gozatzea posible dela entzun, ikusi eta frogatzea”.

2012. urtean dute abiapuntua Xare Jardunaldiek, Martinezek dioenez, Donostiako Kursaaleko areto batean bi eguneko jaialdi bat antolatu zuen Eraginek, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Orduko hartan, jaialdia bere horretan geratu zen, baina, gerora, Nafarroara hedatu zen ekimena. Izan ere, Euskarabidea erakundearekin batera, Iruñean antolatu zituzten jardunaldiak duela bi urte, formatua aldatuta eta Sarean Euskaraz izenarekin. Nerabeei zuzendu zitzaizkien Iruñeko jardunaldiak, eta ikastetxeen bidez egin zen izen-ematea. Nafarroako esperientzia haren ostean, Euskal Herriko beste zenbait hiritara jauzi egin du egitasmoak, eta ikasturte honetan, lehen aldiz egin dituzte Euskarazko Kultura Digitalaren Jaudunaldiak Durangon, Gasteizen eta Donostian, Xare izenarekin.

Aipatutako lau hirietako jardunaldietako ikasleen parte-hartzeari buruzko datuak zenbatuta, 1.700 ikasle baino gehiago izan ziren jardunaldietan, antolatzaileen esanetan. Iñigo Martinezentzat, “oso zifra potoloak” dira haientzat, formatu honetan lan egiten hasi zirenetik bi urte baino ez direlako pasatu, eta dagoeneko kopuru horretara iristea “pozgarria” zaie. Kopuru horrek, hala ere, beste zifra bat ezkutatzen duela dio Martinezek: “Izan ere, zenbaki handiagoa izan zitekeen errealitatean, kasu gehienetan edukiera gainditu egin zelako; kanpoan gelditu ziren ikasle dezente. Gai hauek lantzeko interesa badagoela erakusten digute datuek, eta datorren urtera begira, saiatuko gara edukiera handitzen, ikasle gehiagok parte hartu ahal izateko”.

 

Hiru aretotan banatuta

Hainbat ikastetxetako ikasleek hartu zuten parte jardunaldietan, Batxilergogo 1. mailakoek, zehazki. Hiru aretotan, era askotako hitzaldi, lantegi eta aurkezpenak izan zituzten ikasleek, euren gozatarri. Info Aretoan, esaterako, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lantzen ari diren bost proiekturen inguruko aurkezpen labur bana izan zuten entzungai ikasleek. Besteak beste, Puntu Eus Fundazioaren Interneten ere lehen hitza euskaraz egitasmoa; ahotsak.eus atariko Gazte gara Gazte dinamika; Booktegiren Guztion liburuak, guztiontzat; Euskal Wikilarien Elkartearen eskutik, Nola kopiatu Wikipegia Wikipegia kopiatu gabe? mintegia; eta Librezale elkartearen eskutik, Common Voice proiektua. 

Ikas Aretoan, berriz, zortzi lantegi praktiko izan zituzten aukeran parte-hartzaileek. DJ Makalaren eskutik, musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak, bideo-mappingean trebatzeko saioak, 3D inprimagailuak erabiltzeko lantegiak, edota errealitate birtualaren mundura hurbiltzeko esperientziak, besteak beste. Iñigo Martinezek hauxe azaldu du: “Lantegietan aurkeztu dituzten lanabes horiei dagokionez, egia da gauza asko ez daudela euskaraz, baina kontuan izan behar da ez ditugula gazteleraz ere aurkituko, seguru aski: askotan, oso gauza teknikoetara jotzen dugunean, ingelesez bakarrik aurkitzen ditugu lanabesak. Guk naturaltasunez bizi dugu hori. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu lanabes horietan trebatzeko azalpenak euskaraz ematea gaztetxoei, eta zer esanik ez, lanabes horrekin egindako emaitzak testua edota hizkuntza baldin badu.”

Era Aretoa izan zen aurtengo berritasuna eta interesgune nagusia, antolatzaileen arabera. Teknologia berriez egiten den erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako gunea izan zen Era. Antolatzaileen esanetan, “informazioaren eta komunikazioaren teknologiek gero eta presentzia handiagoa dute gure egunerokoan. Horregatik, teknologia horiez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzeko bi hitzaldi interaktibok osatu zuten gune honetako eskaintza. Alde batetik, Gipuzkoako Software Askea Elkarteko kide den Maider Likonak pribatutasunak sarean dituen ezaugarriak argitu zituen; ikasleengan harridura sortu zuen kasu praktiko eta erreal baten bidez wifi ireki batean zer-nolako erregistroak sortzen diren aztertzeak. Bigarren hitzaldia Emaize sexologia-elkarteko Ane Ortizen eskutik jaso zuten ikasleek. Harremanak 3.0: like bat eman izenburuarekin, esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertzen eta sedukzio eta ligatzea aro digitalean nola gertatzen ari den lantzen aritu ziren.

 

Emakumeak eta teknologia hizpide Donostian

Donostiako jardunaldien kasuan, aparteko hitzaldi bat jorratu zuten ikasleekin. Kasu horretan, EHUren Informatika Fakultatearekin elkarlanean, honako gai hau landu zuten areto berean: teknologia eta emakumeak. “Fakultate horretan, azkeneko urteetan emakumeen izen-emateek modu esanguratsuan behera egin dutela antzeman dute. Joera hori, gainera, ez da zehazki fakultate horretan gertatu den zerbait, baizik eta nahiko arazo orokorra dela uste dute. Horregatik, emakumeek teknologiagaietan duten presentziaren inguruan lan egiteko asmoz, Donostiako egitaraua moldatu egin zuten, eta modu horretan landu zuten teknologiaren eta generoaren gaia, EHUko irakasle Olatz Arbelaitzek zuzendu zuen saioa, eta, hark azpimarratu zuenez, “emakumeak unibertso digitalean aktiboki aritzea ezinbestekoa da, teknologia bidezkoa izan dadin.”

Aurrera begira, euskarazko kultura digitalaren inguruan nerabeei zuzentzen zaizkien jardunaldiak hobetzen jarraitzeko asmoa dutela dio Eragineko kideak. Jardunaldiez gain, publiko zabalari zuzendutako ikastaroak ere antolatzen dihardute han eta hemen. “Une honetan, hausnarketa-aldi txiki batean gaude. Harremanetan jarriko gara jardunaldietan parte hartu zuten ikastetxeeekin, ikusteko nola hobetu dezakegun egitasmoa hurrengo urteei begira”. Aurrera begira, ikasle gehiagorengana iristea dute helburu: “Bilbora iristea ere gustatuko litzaiguke, eta saiatuko gara Iparraldera ere iristen, nahiz eta badakigun finantzaketa lortzea ez dela erraza izango kasu horretan”. Harremanetarako, helbide bat helarazi dute. Egitasmoan parte hartzeko interesa duenak hauxe du harremanetarako bidea: info@xare.eus.