Ikasleak ekonomiaz hizketan

2021-02-01

Ekonomiako hitz potoloetatik eta makroekonomiatik gertuko eta eguneroko ekonomiara hurbiltzeko aukera ematen duen proiektu bat lantzen dihardute Bilboko Kirikiño ikastolan azken lau ikasturtetan. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek bultzatutako proiektu honen helburua 4. DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek kontzientzia fiskala hartzea da, hau da, zergak ezagutzea, horiekin jasotako diruarekin zer egiten den identifikatzea eta iruzur fiskalaren aurkako borrokaren inguruko eztabaida sustatzea.

 

 
 

Ekonomia eta zergak. Bi hitz horiek elkartzen dituen proiektua lantzen ari dira Bilboko Kirikiño ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasleak, beste hainbat ikastetxetan ari diren moduan. Laugarren ikasturtea du programak eta unitate didaktikoetan oinarrituta, herritarren zerga-kontzientzia gaztetatik indartzea du xede. Eta, horretarako, informazioa edukitzea ezinbestekoa da.
Programa honetan hiru atal lantzen dira: sektore publikoa, tributuak eta iruzur fiskala. Sektore publikoari dagokionez, ikasleek berau ezagutzea nahi da, hau da, ikasleek erakundeen egituraren eta funtzionamenduaren gaineko ezagutza erraza, didaktikoa eta zorrotza jasotzea. Eta baita ere erakunde horiek nola antolatuta dauden, erakunde desberdinen arteko harremana eta eskumen-banaketa nolakoa den eta nola finantzatzen diren. “Esate baterako, asko kiroldegira joaten dira, baina ez dira inoiz pentsatzen jarri nork eta nola kudeatzen duen kiroldegia. Udalaren logotipoa dagoela konturatzen dira eta orduan ohartzen dira udalak kudeatzen duela. Eta ondorioz, erakunde desberdinak daudela, bakoitza bere departamenduekin, zerbitzuekin, diru-bilketarekin, zerbitzuekin eta abar”, azaltzen du Amaia Galindez Ekonomia ikasgaiko irakasle eta Kirikiño ikastolako zuzendariak.
Tributuen atalean, besteak beste, tasak eta zergak bereizten ikasten dute, eta horrekin batera zerga sistemaren oinarrizko ezaugarriak zein diren eta zerga nagusien egitura zein den. Administrazioak zerga bidez jasotako diruarekin zer zerbitzu publiko eskaintzen dituen identifikatzen dute. “Atal honetan tributuen artean zergak eta tasak daudela ikasten dute eta dirua biltzeko bi sistema desberdin direla. Tasarekin biltzen den dirua berriro ere zerbitzu edo ondasun hori diruz laguntzeko edo finantzatzeko erabili behar izaten da. Adibidez, aireportuko tasetatik biltzen den dirua berriro ere aireportuan gastatzeko da. Ikasketetako tituluen tasak ere titulu horien bidalketak dituen gastuak ordaintzeko erabiltzen dira”, azaltzen du Galindezek. “Zergek ez dute zertan helburu hori izan behar. Adibidez, telebista bat erostean BEZa ordaintzen da, baina diru hori ez da telebistak ekoizteko erabiliko, baizik eta osasunean, garraioan… beste zerbaitetan”. Eta horrekin batera ikasten dute zerga mota desberdinak daudela: BEZ balio erantsiaren gaineko zerga, pertsona fisikoen gaineko zerga, patrimonioen gainekoak, juridikoak…
Hirugarren atala iruzur fiskalarena da eta gazteei ikusarazi nahi zaie iruzur fiskalak bidegabekeriak eragiten dituela eta ondorio kaltegarriak dituela herritarrengan. Beste modu batera esanda, herritarren ekarpenekin zein zerbitzu ematen diren ikusten dute eta ekarpen horiek gabe zerbitzu horiek gabe geratzen direla. “Alegia, konturatzen dira zergak edo tributuak ordaintzea ez dela gogaikarria, baizik eta guztioi onura ekartzen digun gauza bat”, dio Galindezek.
Bera da ikasleekin proiektu hau garatzen duena eta oso interesgarria iruditzen zaiola dio: “Duela lau urte hasi ginen, programa martxan jarri zen une beretik, eta urtez urte lantzen jarraitzen dugu. Uste dut ekonomia bezalako gai astun batera modu atseginagoan eta errealagoan gerturatzeko aukera ematen duen proiektua dela. Makroekonomiako gaiak utzi eta bizitzari lotutako gaiak eta kontzeptuak lantzeko parada ematen du. Eta horrez gain, gure berezitasunak ezagutzeko ere bai, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan daukagun kupoa. Estatu zentralari kupo bat ordaintzen zaio eskumen batzuk geureganatuta dauzkagulako, eta horrek nola funtzionatzen duen eta zer esan nahi duen ikasten dute”. Hainbat elementuk ikasleen eguneroko bizitzarekin duten loturaz ere konturatzen dira ikasleak beraiek proiektu hau lantzean.

Abstrakziotik praktikotasunera
Gestionet enpresa da Ekonomia eta zergak programa diseinatu eta bideratzen duena ikastetxeetzat. “Urtero gure ekarpenak egiteko aukera izaten dugu eta, ondorioz, urtez urte programa gure beharretara egokitzen eta hobetzen doa”, dio Galindezek. “Gure kasuan, urtarriletik ekainera bitartean landu ohi dugu, ikasleak taldeka jarrita —aurten banaka ari dira COVID-19a dela-eta—. Ekonomia ikasgaiak astean lau ordu izaten ditu eta horietako bat programa hau jorratzeko erabiltzen dugu”.
Programaren hiru atalak (sektore publikoa, tributuak eta iruzur fiskala) lantzeko alderdi teorikoa jorratzen dute hasieran, eta gero praktikoa. Lehendabizikoan eskema bat jarraitzen dute: aurkezpena, aurrezagutza, teoria, ebaluazioa eta norgehiagoka. “Azken puntu horretan, norgehiagokan, taldeen arteko lehia bat egon ohi da: hiru galdera egiten zaizkie eta hobeto edo arinago erantzuten duenak lortzen du puntuazio handiena. Ikasleei asko erakartzen dien atala izaten da”.
Atal teorikoaren ondoren dator ikasleei gehien gustatzen zaien alderdi praktikoa: gizarte-simulagailua. Programak eskaintzen duen simulagailu batekin, ikasleak benetako agintarien lekuan jartzen dira eta irla bateko gobernuaren erabakiak hartu behar dituzte. Dena erabaki behar dute: zer zerbitzu eskaini, zer zerga kobratu, non gastatu dirua, zer inbertsio egin, zenbat etxebizitza eraiki, zenbat industria-gune ezarri, zer garraio publiko eskaini… Hori dena antolatzeko adierazle asko hartu behar dira kontuan: zenbat biztanle dauden; etorkizunean zenbat egongo diren; elikagai nahikoa dagoen; etxebizitza nahikoa dauden; urtaro bakoitzean egon daitezkeen aldaketak… Adierazleek diotena ikusita hartu behar dira erabakiak, horren arabera ikusi behar da irla horretako hiri bakoitzerako zer komeni den eta horren arabera joan inbertitzen ikerketa-garapenean, eraikuntzan, telekomunikabideetan, garraiobideetan… Dirua nondik lortu eta non gastatu erabaki behar dute ikasleek. “Konplexua da, elementu asko nahasten direlako, eta beraz, mamia daukan zeregina da”, dio Galindezek.

Ikasleen barreak eta izerdiak
Ikasturte honetan Batxilergoko 2. mailan dauden ikasleek landu zuten proiektu hau iaz eta oraindik ere gogoratzen dira zer-nolako zailtasunak izan zituzten irla “gobernatzeko”. Diego Corralek oroitzen du hasieran nahiko galduta ibili zirela bera eta bere taldekideak: “Diru asko gastatzen genuen hasieran eta asteak pasa ahala dirurik gabe geratu ginen. Denborarekin, hobeto maneiatzen ikasi genuen”. Danel De Rotaechek bat egiten du Corralen sentipenekin: “Hasieran gauza bat bakarra dela pentsatzen duzu, baina gero konturatzen zara ezetz, gauza asko maneiatu behar direla eta guztiak elkar lotuta daudela”. Barrez gehitzen du Martina Villatek: “Pentsatzen duzu gauza bat lortu duzula, ondoren zerbait gertatzen da eta ez duzu dirurik hori hobetzeko. Horrelakoak gertatzen dira”. Ekain Etxebarriak eduki zuen horrelako ezusteko bat: “Nik energia eolikoak jarri nituen irlaren erdian, kokapenean gehiegi pentsatu gabe, eta gero konturatu nintzen irlaren alboetan jarriz gero, kostaldean, itsas ondoan, haize gehiago dagoenez energia gehiago ematen dutela”.
Adierazle asko daude eta horietako batek biztanleriaren asebetetze-maila adierazten du. “Adibidez, energia nuklearra jarrita biztanleak ez dira hain pozik geratzen eta hori ere kontuan hartu behar da. Helburua herritarrak gustura egotea baita”, dio Villatek. “Agian gauza bat egitea merkeagoa da, baina biztanleak pozik ez baldin badaude ez du balio. Ekintza batek adierazle askotan eduki dezake eragina edo ondorioa eta dena kontrolatzea eta dena ondo egitea zaila da. Txikikeria asko daude”.
Simulagailuaren esperientziaren ondoren eta errealitatera etorrita, ikasleek badakite zertan inbertituko luketen euren hirian, Bilbon. “Orain, koronabirusa dela-eta, osasungintzan inbertitzea garrantzitsua da”, Corralen iritziz. “Bai”, gehitzen du Etxebarriak, “mediku batzuk ez dute lanik eta egoera honekin lana eskaintzea aproposa dela uste dut”. Villatek zera gaineratu du: “Medikuak bakarrik ez, ospitaleetan ez dago nahiko ohe eta horretan inbertitzea ere garrantzitsua da”. Bat dator De Rotaeche: “Beste egoera batean baldin bageunde, gehiago inbertituko genuke zentral eolikoetan, adibidez, baina orain utzi egin beharko litzaioke beste gauzetan inbertitzeari eta gehiago inbertitu osasungintzan edo enplegua sustatzen”. Villatek zera gehitzen du: “Horrekin batera zientzia, ikerketa eta garapenean inbertitzea ere ondo legoke. Azken finean, zientzia ikasketak egin dituztenek unibertsitatean badute lana, baina beste askok kanpora joan behar izaten dute. Denek ezin dute, ordea, kanpora joan, eta horren ordez hobe hemen aukera edukitzea”.
Garraio publikoan inbertitzeari ere garrantzi handia ematen diote gazte hauek. Villatek dio metroaren inbertsioa oso ona izan zela Bilbon. “Askoz ere komunikazio hobea eta azkarragoa dago Bilboko auzoen artean”. “Eta Bilbo eta inguruko herrien artean ere bai”, dio Etxebarrian bizi den Iñaki Sasiak. “Orain metroa, autobusak… aukera gehiago daude batetik bestera ibiltzeko eta hori onuragarria da herritarrentzat”.
Ikasleek iruzur fiskalaren gaineko kontzientzia hartzea izanik proiektu honen helburuetako bat, ikasleei beraiei galdetu zaie ea horretarako balio izan duen. Corralek baiezkoa erantzuten du: “Inork ez du zergarik ordaindu nahi, baina beharrezkoak dira, baldin eta ondo erabiltzen baldin bada bildutako dirua”. De Rotaechek herritarren asebetetze-mailaren arabera neurtzen du: “Biztanleriak nahi duen horretan inbertitzen baldin bada dirua, ona da. Aldiz, beste zerbaitetan inbertitzen baldin bada, txarra da”. Gauza bera uste du Etxebarriak: “Herritarrek ikusten baldin badute gobernuan daudenek ez dituztela ongi bideratzen tributuak edo beraiek hartzen dutela dirua, haserretu egiten dira eta ez dituzte zergak ordaindu nahi”.
Duela gutxi hizpide izan dira beren bizilekutik Andorrara joan diren streamer-ak, han zerga gutxiago ordaindu behar dituztelako joan baitira hara. Horren inguruan galdetuta, ikasleen artean ez dago iritzi bateraturik. “Egin daiteke, inork ez du esaten ezin direnik Andorrara joan, baina mugatu egin beharko litzateke”, dio De Rotaechek. “Ni ez nago guztiz ados”, erantzuten du Corralek. “Ondo deritzot bakoitza nahi duen lekura joateari. Orain, adibidez, beste streamer bat Alemaniara joan da eta inork ez du ezer esan. Andorra jomugan dagoenez asko kritikatzen da eta ez zait ongi iruditzen. Bakoitzak nahi duena egin beharko luke”. Villatek uste du ez dela bidezkoa asko irabazten duenak gutxiago ordaintzea: “Zergatik ari dira gutxiago ordaintzen?”. “Bai, baina streamer hori gure irlan bizi baldin bada, nahiago izango dugu gutxiago ordaindu eta bertan gelditzea, Andorrara joan eta batere ez ordaintzea baino”, erantzuten dio De Rotaechek. “Tratu bat egin beharko litzateke horiekin, ez dakit, zergak jaitsi edo zerbait egin Andorrara edo beste herrialde batera joan ez daitezen”.
Gai konplexua da dudarik gabe, ikasleen artean ere eztabaida eta iritzi desberdinak sortzen dituena. “Antzekoa gertatzen da enpresekin ere: deslokalizazioa”, dio Villatek. “Enpresa batzuk, produkzioa merketzearren, kanpora joaten dira eta, ondorioz, hemengo diru-bilketa murriztu egiten da. Produktuak hona ekarri ohi dituzte saltzeko, eta horretarako zergak ordaindu behar izaten dituzte. Baina, halere, enpresa hemen edukita baino diru gutxiago da eta hemengo lanpostuak ere galdu egiten dira kanpora joanda”.

Ezagututa, beste begirada bat
ikasleek
Ekonomiako gaien inguruan hitz egiteko, eztabaidatzeko eta kontzeptuak beldurrik gabe erabiltzeko gai dira ikasle hauek. Mundu errealarekin erlazio sendoa duen gaia da eta ezagutu beharrekoa, ikasleen iritziz, jakitun baitira gaur egungo gizartean ekonomia dela lehentasuna duen arloetako bat. “Guk hainbat kontzeptu ikasi ditugu, eta adibidez, telebistan BPG eta horrelako hitzak entzuten ditugunean badakigu zer den, eta horrek asko laguntzen du”, dio Villatek. “Ikasgai hau hautatu ez dutenek ez dakite eta uste dut lan munduari begira asko laguntzen duela jakiteak”. Zentzu horretan, De Rotaechek arrazoi ematen dio: “Lehenago hasi beharko ginateke Ekonomia ikasgaia ikasten, oso berandu hasten garela iruditzen zait, eta denok, ez dadila hautazkoa izan. Gainera, 18 urte betetakoan mundu horretan sartuko gara eta kontzeptu horiek ikasten ez dituztenak agian apur bat galduta egongo dira”. Izan ere, denek amaituko dute etorkizunean nomina bat edukitzen, mailegu bat eskatzen edota zergak ordaintzen. Ekonomia ikasi edo ez, etorkizunean horrelako gauzekin topatuko dira egunerokotasunean.