Lesakako Irain eskolak bertsoa erreminta didaktiko moduan erabiltzen du.
Eskolaren egunerokoan sartu du bertsoa, Eneko Fernandezen ekimenez. Beste ikastetxe batzuek ere erabil ditzaketen materialak eta baliabideak sortu dituzte.
Bertsoa ikusi egiten da Lesakako Irain eskolan. Atentzioa ematen du: bertsoak hormetan eskegita dituzte nonahi. Izan ere, bertsoa eskolaren erdigunean paratu dute. Eneko Fernandez bertsolari eta irakaslearen ekimenez hasi dira bertsoa erreminta didaktiko moduan erabiltzen, eta, haren ikasgelatik harago, eskola osoko proiektu bihurtu da.
“Duela 5 urte etorri nintzen honat, eta, garai horretan, metodologia aldatzen ari ziren eskolan; pedagogia berritzaileak sartzen ari ziren, eta proiektuekin lanean hasten, eta, Lesakako bertsolaritza ohiturak baliatuz, zuzendaritzak esku zabalik hartu zuen bertsoa erreminta didaktiko moduan baliatzeko asmoa”, azaldu du Fernandezek. Gai horren inguruko prestakuntza jaso zuten orduan klaustroko gainerako irakasleek ere.
Hainbat kezka zeuden abiapuntuan: “Nafarroako Bertsozale Elkartean hausnarketa egin zen; bertso irakasleak LHko 5. mailan iristen dira ikasgeletara, baina uharte batean bezala sentitzen dira, ikasleek oso urrun sumatzen dutelako bertsolaritza; pentsa, ez dute ezagutzen Maritxu nora zoaz kantua ere! Adin horretara iritsi aurretik eragiten hasi beharra zegoela ikusten zuten bertso irakasleek, eta horretan hasi ginen Irainen”. “Bertsoa askorentzat ezezaguna izateaz gain, ohartuta geunden kantua ere atzean utzi dugula, eskoletan ez dela lehen adina kantatzen, galtzen joan dela kantuaren baliabidea: Imanol Urbietaren kantuak, errutinak ikasteko kantuak… Eta bertsolaritza erdigunean jarriz, kantua ere berreskuratu nahi izan dugu”, adierazi du Nekane Lasagak, Irain eskolako ikasketaburuak eta Musikako irakasleak.
Bertsoa eskolan sartu ahala, “onura aunitz” dituela ikusi dute irakasleek. “Gure ikasleek, dagoeneko, ez dute bertsoa zerbait puntuala bezala ikusten. Bertsoaren harira, bertzelako edukiak eta gaiak lantzen ditugu proiektuetan. Orain, haur txikiekin (Haur Hezkuntzatik hasita), errutinak bertsoaren bitartez sartzen saiatzen gara, eta, modu horretan, hainbat bertso doinu barneratzen dituzte txikitatik”, azaldu du Lasagak. Eskolako ekitaldietan ere, beti presente dago orain bertsoa.
Bertso ipuinak, eskolaren proiektua
Hainbat urrats egin dituzte bertsoa erdigunean jartzeko. Lehendabiziko lana Bertsozale Elkartearen Bertsoikasgela.eus webgunean zegoen material didaktiko guztia deskargatzea eta zikloen arabera antolatzea izan zen. “Bertsoikasgela.eus webgunean, material hagitz ona dago, baina bertso irakasleek erabiltzeko moduan dago antolatuta. Guk gida bat sortu dugu edozein irakaslek material hori erabilgarri izan dezan. Haur Hezkuntzan, adibidez, urtaroak, lanbideak edo familia landu nahi baldin badira, Bertsoikasgela.eus guneko bertso ariketa bat proposatzen dugu. Material hori hagitz ona da, eta irakasleentzat antolatu dugu, klik bat eginez erabiltzeko”.
Hurrengo urratsa material propioa sortzea izan da: “Bertso ipuinak sortu ditugu, eta eskola guztia inplikatu da”, azaldu du Lasagak. Paperezko bertsioa eta digitala egiten dituzte, Fernandezek kontatu duenez: “Haur Hezkuntzakoek bi ipuin aukeratzen dituzte ikasturteko; ondoren, Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklokoek bertso bihurtzen dituzte ipuin horiek, eta audioak grabatzen dituzte; ondoren, lehen ziklokoan, bertso horiek marrazki bihurtzen dituzte, eta, azkenik, 3. eta 4. mailetakoek bideoa muntatzen dute”. 16 bertso ipuin sortu dituzte dagoeneko. “Eskola osoaren proiektu bihurtu da; sormena landu dugu, eta ilustrazioa, edizioa, grabazioa… Eta hainbat bertso doinu ikasi dituzte haurrek. Gainera, bertso ipuinak etxera eramanda, bertsoa eta euskara eraman ditugu familietara”, gehitu du Lasagak.
Bertso ipuinez gain, eskolako errutina guztiak, geletako arauak edo hainbat edukiri buruzko bertso sortak sortu dituzte ikasleekin. Horietako asko hormetan eskegita ikusten dira. “Paisaia linguistikoan, bertsoa sartu dugu, eta, orain, inori ez zaio arrotz bertsoa”, azaldu du Fernandezek.
Bertso irakasleak LHko 5. mailan iristen dira ikasgeletara, baina uharte batean bezala sentitzen dira, ikasleek oso urrun sumatzen dutelako bertsolaritza; pentsa, ez dute ezagutzen Maritxu nora zoaz kantua ere!
Eneko Fernandez Maritxalar, bertsolaria eta Irain eskolako irakaslea
Eskolatik atera den proiektua
Hirugarren urratsa bertsoa erreminta didaktiko moduan baliatzea izan da, eta eskolaz haragoko proiektu batean murgildu da Irain: Lesakako bertso ibilbidea atondu du. “Nafarroako Bertsozale Elkarteak udalekuak, negulekuak eta topaketak egiten ditu haur bertsolariekin. Lesakan egin den horretarako, Estitxu Arozena bertso irakasleak prestatua zeukan ibilbide bat 8-9 gune esanguratsuren inguruan, eta, ideia hori baliatuz, bertso ibilbidea osatu dugu”. Hasieran, nahiko xumea zen helburua, eta, ondorenean, bolumen handia hartu du proiektuak. “Bertsolarien biografiak idatzi zituzten ikasleek, 1800. urtetik hasita gaur arteko 20 bertsolarirenak. Leku esanguratsu horien deskribapenak idatzi zituzten 3. eta 4. mailetako ikasleek. Bertsolari bakoitzaren bertso sorta bat ere sartu dugu, eta bertso sorta bakoitzak bere doinua dauka. Grabatzeko, doinu horiek guztiak ikasi behar izan dituzte ikasleek… Lan ikaragarria izan da”. Bederatzi gunetatik igarotzen den zazpi kilometroko ibilbidearekin track bat prestatu dute. “Dimentsio handia hartu duen proiektu globala izan da, eta herrira atera du eskola; gainera, udalarekin eta bertso eskolarekin elkarlanean jarri gaitu”, azaldu du ikasketaburuak.
Irakasleen beldurrak gainditzea
Zuzendaritzak eskuzabaltasunez eta begi onez hartu zuen Eneko Fernandezen ideia, eta klaustro osoaren oniritzia izan zuen egitasmoak hasieratik. “Baina irakasle askok, bertsolari ez garenok, beldurra diogu bertsoari. Bat-batekotasunarekin lotzen dugu bertsoa, eta ez dugu geure burua horretarako gai ikusten. Gero, ikusi dugu ez dela hori eskatzen zaiguna, bertsoa erreminta moduan erabiltzearen helburua ez baita ikasleak bat-batean bertsotan jartzea; horren aitzinean gauza pila bat daudela ikusi dugu”, kontatu du Lasagak. Irakasleen beldurrak gainditzeko, prestatzeaz gain, baliabideak eskura ematea izan da gakoa: “Irakaslea zaindu beharra daukagu. Ikasleak bertsotara ekartzeko, lehendabizi irakasleak erakarri behar ditugu, eta erakartzeko modu bat material asko eginda ematea izan da. Enekok material eta baliabide aunitz prestatu du, eta irakasleen eskura jarri du. Orain, bertsoarekiko konfiantza ikusten da irakasleen artean”.
Irakasle askok, bertsolari ez garenok, beldurra diogu bertsoari. Bat-batekotasunarekin lotzen dugu bertsoa, eta ez dugu geure burua horretarako gai ikusten
Nekane Lasaga, Irain eskolako ikasketaburua eta Musikako irakaslea
Irain eskolan sortu duten materiala, hala nola errutinak, arauak, baliabideak nahiz bertso ipuinak, ikastetxe guztien eskura jartzeko asmoz sortu dituzte hasieratik Lesakan. “Material guztia esportagarria izan dadin sortu dugu”, azaldu du Fernandezek. Bertsoikasgela.eus webgunean eskegiko du materiala Bertsozale Elkarteak. “Emaitzak ikusi ditugu, eta esportagarria da guztiz; funtzionatu egiten du honek —erantsi du Lasagak—. Ikusi dugu hagitz emaitza politak ematen ari den proiektua dela; ikasleak hagitz gustura ikusten ditugu, eta gertu sentitzen dute bertsoa”.