287 znb | Esperientzia

Dibertsitate funtzionala duten eta beren ezaugarriengatik talde arruntetan kirola egiterik ez duten umeek eta gazteek beste aukera bat dute orain Oiartzualdean, Eskola Kirol Egokituko programa abiatu baitute Gipuzkoako eskualde horretan. Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo ikasle guztiei zuzendutako ekimena da.

 

Urte asko daramatzate Oiartzualdean eskola kirola lantzen. Egitura indartsua eta esperientzia luzea dituzte, beraz, eta oinarri sendo horretatik abiatu dute Eskola Kirol Egokituko (EKE) programa. Eskualdeko ikastetxeek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskualdeko udalek eta Mindara elkarteak elkarlanean sortu dute egitasmoa. Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzun hartzen ditu ekimenak, eta ikastetxe guztietan garatzen den programa da.

Egitasmoa garatzeko, koordinazio batzordea osatu dute, eta astero biltzen dira, programaren nondik norakoen jarraipena eta balorazioa egiteko. Batzorde horretan, ordezkaritza dute Foru Aldundiak, eskualdeko lau udalek, Oiartzualdeko eskola kiroleko koordinazio mahaiak eta Mindara elkarteak. Egoitza Errenterian du Mindara elkarteak, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonez arduratzen da. Besteak beste, jarduera fisiko inklusiboa sustatzea du helburu. Arkaitz Angiozarrek, Lezoko udaleko kirol teknikaria eta eskualdeko udalen koordinazio mahaiko ordezkaria denak, Mindararekin elkarlanean aritzea zergatik erabaki zuten azaldu du: “Oso errotuta dagoen elkartea da, eta erreferentea da eskualdean. Dibertsitate funtzionala duten pertsona batzuek parte hartzen zuten Mindarak antolatutako jardueretan, EKE martxan jarri zenerako, baina aukera zabaltzea izan dugu helburu: dibertsitate funtzionala duten pertsona guztiek eskola kirolean aukera bertsuetan parte hartzea eta, ahal den neurrian, ikaskideekin batera aritzea”. 

 


"Beste haur guztiei bezala, kirolean hasteko aukera bermatzen diegu dibertsitate funtzionala duten ikasleei, eta, nahiz eta jarduera beste leku batean edo taldetik at egin, ikastetxea da ekintza horien arduraduna "

Arkaitz Angiozar, Lezoko udaleko kirol teknikaria eta eskualdeko udalen koordinazio mahaiko ordezkaria


 

Lehenengo urratsa familiei aukera berri hau jakinaraztea izan zen: “Dibertsitate funtzionala duten ikasleen familiak identifikatuta genituen; baina eskola kirolean ere lekua dutela adierazi nahi genien, eta ohar berezi baten bidez jakinarazi genien EKE programa martxan jarriko genuela. Familiekin egiten den koordinazio lan hori oso garrantzitsua da, eskaintzen zaien arreta hobea izan dadin. Familia asko Mindararen saioetan parte hartzen ari ziren, baina, orain, saio horiek eskola kirolaren bidez egiteko aukera dute, gainerako ikasleen baldintza bertsuetan”. Familiek eta Mindara elkarteak harreman zuzena badute ere, ikastetxeak bitartekari lana egiten du, eta eskola bakoitzeko koordinatzailea arduratzen da prozesu guztia bideratzeaz eta burutzeaz.  

 

Bi programa abian

Dibertsitate funtzionalari arreta berezia eskaintzen diote Oiartzualdean, eta bi egitasmo dituzte, egoera horretan dauden ikasleekin lantzeko: EKI eta EKE. Eskola Kirol Inklusiboa (EKI) izeneko programa martxan zuen lehendik ere Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina, orain, beste pauso bat eman dute, EKE sortuz. Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ere egiten dute, baina, Oiartzualdean, 2023-2024 ikasturtean abiatu dute. 

Angiozarrek azaldu du zergatia: “Urteetako lanketa egin dugu, eta saiatu izan gara dibertsitate funtzionala duten pertsonak eskola kiroleko talde arruntetan sartzen, eskola kirol inklusiboak eskaintzen duen aukera baliatuz talde horietan bigarren begirale bat jarrita, begirale batek hainbat taldetan esku hartuz edota begiraleek errefortzu lanak eginez. Baina, orain, beste aukera bat eman nahi izan diegu beren ezaugarriengatik talde horietan egon ezin direnei edo jarduera mota horietan parte hartu ezin dutenei. Batzuetan, ezinezkoa da horrelako talde handi batean parte hartzea, pertsonaren ezaugarriengatik, eta, beste batzuetan, jarduerak berak ez du bermatzen pertsona horrek jarduera horretan murgiltzeko aukera izango duenik”.  

Haur eta familia guztiengana iristeko asmoz, ikastetxetik bertatik bideratu dute egitasmoaren arduradunek informazioaren zabalkundea eta izen-ematea, eskola kiroleko programan egin ohi den modura. Dibertsitate funtzionala duten ikasleek, lehen, eskola kirolaz kanpoko beste egitura batzuetara joan behar izaten zuten, euren kabuz. Normalean, ikastetxeetako aholkulariek bideratzen zituzten, baina familiaren esku geratzen zen izena ematea. Orain, ikasle guztiek aukera bera dute, eta familia guztiek prezio berean egin dezakete izen-ematea. “Beste haur guztiei bezala, kirolean hasteko aukera bermatzen diegu dibertsitate funtzionala duten ikasleei, eta, nahiz eta jarduera beste leku batean edo taldetik at egin, ikastetxea da ekintza horien arduraduna. Eskola komunitateko parte dira ikasle guztiak, eta guztiez arduratzen gara”, zehaztu du Angiozarrek. 

Ume bakoitzaren kasua banan-banan aztertzen dutela azaldu du Angiozarrek: “Agian, EKE egitasmoan izena eman du familiak, baina umea EKIn egon liteke. Edo alderantziz: batzuetan, badirudi haurra talde jakin batean ongi egon litekeela; baina, beste batzuetan, agian, haurrari jarduera ez zaio ongi egokitzen, eta bestelako erabakia hartu behar da”. 

 


"Haurrek askotariko jarduerak probatu ditzaten eta alderdi motorra lantzeko hainbat esperientzia bizi ditzaten nahi dugu. Formatu horretan, ate gehiago zabaltzen baitira inklusiorako"

Arkaitz Angiozar, Lezoko udaleko kirol teknikaria eta eskualdeko udalen koordinazio mahaiko ordezkaria


 

Askotariko saioak eta jarduerak

EKE egitasmoko saioak nolakoak diren azaldu du Angiozarrek: “Bi saio egiten dituzte astero: bata lehorrean, eta bestea, berriz, uretan. Posible denean, larunbatetan izaten diren kirol saioetan ere parte hartzen dute, pertsona bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta, betiere. Modu horretan, ikaskideekin batera aritu daitezke, eta inklusioa eta integrazioa lantzen ditugu”. Asteburuetan, hainbat jarduera eskaintzen dizkiete ikasleei –piragua, mahai tenisa, errugbia, mendi ibilbideak, triatloia, zirkuituak, pilota, bizikleta…–, eta horietan parte hartu dezaten nahi dute. Jarduera guztiak taldekakoak eta oso dinamikoak izaten dira. “Haurrek askotariko jarduerak probatu ditzaten eta alderdi motorra lantzeko hainbat esperientzia bizi ditzaten nahi dugu, formatu horretan, ate gehiago zabaltzen baitira inklusiorako. Bizikleta saioetarako, adibidez, triziklo handi batzuk eramateko aukera dago, ahal dutenek modu horretan parte hartzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Angiozarrek. Betiere, ahaztu gabe, eskola kiroleko programa euskaraz egiten den eta izaera hezitzailea duen jarduera izanik, jardunbide onak eta euskararen erabilera sustatzen direla. Horren adibide da, esate baterako, epaileak, eskualdekoak eta gertukoak izateaz gain, euskaldunak izatea. 

8-12 urte bitarteko ikasleak aritzen dira eskola kirolean, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitartekoak. Baina EKE programak 6-21 adin tartea hartzen du, gela egonkorrek adin tarte hori hartzen dutelako. Antolaketari dagokionez, aldatu egiten dituzte taldeak hiruhileko bakoitzean, haiek orekatze aldera, ikasle bakoitzak bere aukera izan dezan eta praktika esanguratsua izan dadin.

EKEko begiraleei dagokienez, berriz, pertsona bakoitzaren dibertsitate funtzionalaren mailaren arabera, begirale kopurua aldatu egiten da. Batzuetan, begirale bat lau pertsonarekin egon daiteke, eta beste batzuetan, berriz, begiralea pertsona bakarrarekin egoten da. 

Bestalde, desgaitasun handia duten ume batzuk Oiartzualdean bizi diren arren, ez daude eskualdean eskolatuta, eta horiek ere badute EKE programako saioetan parte hartzeko aukera. Eskualde horretako ikastetxeetara joaten diren eta kanpoan erroldatuta dauden ikasleek ere badute EKE saioetan parte hartzeko aukera . Aurten, Errenterian egiten ari dira jarduerak (ikasle gehienak hangoak dira), baina haur bakoitzak eskola kirol egokituko jarduera bere herrian egin ahal izatea da xedea.

 


"Haurrek beren jarduera komunitatean garatzea da helburu nagusia, beren ingurunean eta ikaskideekin, jarduera hezitzaileak eta ikaskuntza esanguratsuak bultzatzuz, betiere"

Arkaitz Angiozar, Lezoko udaleko kirol teknikaria eta eskualdeko udalen koordinazio mahaiko ordezkaria


 

Pixkanaka, bidea egiten eta ateak zabaltzen ari dira, eta esperientzia positiboa izaten ari da, Angiozarren hitzetan: “Abian jarri gara, eta bagoaz. Aurten, izen-emate gehiago izan dira. Esperientzia polita izaten ari da, eskola komunitatea bat eginik doa, eta haurrek beren jarduera komunitatean garatzea da helburu nagusia, beren ingurunean eta ikaskideekin, jarduera hezitzaileak eta ikaskuntza esanguratsuak bultzatuz, betiere. Denok aberasten gaitu desberdintasunak”.