Hik Hasi egitasmoa 1995ean sortu zuen irakasle talde zabal batek, euskal hezkuntzaren partaide garen guztion informaziorako, eztabaidarako eta elkargunerako bitarteko izan nahian. 28 urteren ondoren, euskal hezkuntza komunitateko hezitzaileentzat informaziorako, prestakuntzarako, elkarrizketarako eta eztabaidarako elkargunea da.

Hezkuntzagintzan diharduen izaera sozialeko kooperatiba horizontala eta feminista da Hik Hasi, eta Euskal Herri euskaldun anitz eta parekidea du helburu, hezkuntza ardatz hartuta. Ezaugarri hauek hartu zituen abiapuntutzat: euskalduna, nazionala, hezkuntza komunitateko partaide guztiena, baterakoia, irekia, plurala eta independientea. Bide horretan, euskal hezkuntza sistema propioa edukitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, hau da: euskal kulturan oinarritutako curriculum propioa, irakasleria iraunkorra eta euskalduna, Euskal Herritik kanpora hartutako erabakien menpe ez dagoen eredu deszentralizatua eta zentroen autonomia. Horrek guztiak berma lezake kalitatezko euskal irakaskuntza herritarra, guztiontzat.

28 urteko esperientzia du hezkuntzaren dibulgazio lanetan eta Euskal Herriko milaka irakasle euskaraz formatu ditu. Euskal hezkuntza berritzeko eta eraldatzeko bidelaguntza profesionala eskaintzen dugu, eta kalitatea eta zaintza dira gure marka. Hori guztia lortze bidean, hainbat proiektu gauzatzen ditu: Hik Hasi euskal heziketarako aldizkaria, hezkuntza gaiei buruzko monografikoak, liburuak, ikus-entzunezko materiala, udako topaketa pedagogikoak, ikasturte osoko formazioak, jardunaldiak…

Hezkuntzan familiak eta herria ere ardatz garrantzitsuak direla jakitun, Hik Hasiren jarduera eremu horietara ere zabaldu da urteotan, besteak beste, Hazi Hezi haziera eta heziketa aldizkaria argitaratuz eta Oinherri herri hezitzaileen sarean parte hartuz.

Orain arte bezala, Hik Hasi egitasmoan guztion ekarpenak funtsezkoak dira, eta ateak zabalik dituzue, denon artean hikhasitarren komunitatea elikatu eta aberastu dezagun.

Gure aldizkariak

hikhasi

Hik Hasi euskal heziketarako aldizkaria hilero-hilero iristen da Euskal Herriko ikastetxeetara eta harpideen etxeetara.

Irakurri gehiago

hazihezi

Euskaraz, hazieraz eta heziketaz aritzen den aldizkaria eta urtean lau zenbaki argitaratzen ditugu.

Irakurri gehiago

Gure eskaintzak