287 znb | Ekarpena

Konkolotx elkartea lehen haurtzaro euskaldunaren eragilea da Ipar Euskal Herrian, eta elkartetik lehen lerrora ekarri nahi dute gaia. 0-3 etapa euskaraz egin ahal izateko, politikoki apustu bat egin dezaten eskatzen diete erakunde publikoei eta elkargoei. 

 

Konkolotx elkartea 2022ko abenduan sortu genuen, bi helbururekin: lehenik, eta garrantzitsuena, Ipar Euskal Herrian haurtzaindegi eta haurtzain etxeetan harrera ahal den gehienetan euskaraz egiteko eta, bigarrenik, sare bat osatzeko (lehen haurtzaroan euskaraz lan egiten dugun hezitzaileon sarea). Urte batzuk lehenago hasi ginen biltzen lehen haurtzaroan (0-3 adin tartean) lan egiten dugun Ipar Euskal Herriko euskarazko zortzi egitura: Miarritzeko Ohakoa, Baionako Luma, Lakarrako Ttinka, Hendaiako Txiki Txoko, Ziburuko Ttuku Ttuku, Azkaineko Kilima, Angeluko Xoko Ttipi eta Mauleko Xübükota. 

Ipar Euskal Herrian, 0-3 adin tartea artatzeko bi modu daude. Batetik, haurtzaindegiak daude; publikoak edo pribatuak izan daitezke. Horietan, zuzendari bat eta langile hezitzaileak daude, eta diploma behar dute lanerako. Beste alde batetik, haurtzain etxeak daude, eta horietan banakako haurtzainek modu kolektiboan egiten dute lan, hierarkiarik gabe. Haurtzain bakoitzak lau ume izan ditzake gehienez bere gain. Lan hori egiteko, ziurtagiri bat behar du langileak, eta 120 orduko prestakuntza batekin lortzen da. Horiez gain, bada beste egitura bat ere, etxeetan lan egiten duten haurtzainena, zehazki. Baina ez dakigu horien artean zenbat diren euskaraz lan egiten dutenak. Konkolotxen, bost haurtzain etxe eta hiru haurtzaindegitako hezitzaileak batu gara.

Ipar Euskal Herriko lehen haurtzaroko hezkuntza eskaintzaren argazki bat egin beharko bagenu, egoera oso kaskarra dela ikusiko genuke: euskarazko haurtzainen zerbitzua ez da % 5era iristen Ipar Euskal Herrian. Gero, eskolatzen direnean, datuek diote haurren % 20 murgiltze ereduan eskolatzen dela, Seaskan, Euskal Haziak-en edo Ikas-Bin. Beraz, 3 urtera bitartean, haurren % 15 galdua du euskarak. Oinarriak barneratzen diren adin tartea izanik, galera ikaragarria da, ez baitzaie umeei euskararik eskaintzen hizkuntzaren oinarriak jasotzen diren aldian. Gure egituretatik pasatzen diren umeek euskararen oinarriak ezagutu eta barneratu dituzte, eta hala adierazten digute ondoren irakasleek egiten dizkiguten oharretan, gure umeek ulertzen baitute euskaraz nahiz eta frantses mundukoak izan jatorrian. Baina gure egituretan lekurik ez duten haurrek, bereziki frantses mundukoek, gabezia dute; izan ere, nahiz eta gero gurasoak engaiatu eta murgiltzean sartu, 3 urte pasatu dituzte euskararekin kontakturik izan gabe .

Euskal munduari begira, estrategikoa da 0-3 adin tartea euskaraz eskaintzea. Jokoan dagoena ez da hizkuntza soilik, kontua ez baita haurrak euskaraz hezten ditugula soilik; aitzitik, gure sarean, haurrei eta gurasoei ere mundu bateko ateak irekitzen dizkiegu, euskal mundukoak. Ez Olentzero, ez inauteriak ezagutzen ez dituen frantses mundua da gure errealitatea, euskararekin eta euskal munduarekin batere zerikusirik ez duena, eta, haurrak euskaraz murgiltzen direnean, haurrei ez ezik, familiei ere euskal munduko ateak zabaltzen dizkiegu. Horrez gain, euskaldunei euskarazko zerbitzua eskaintzeko ezintasunak frustrazio handia sortzen digu, euskal familia batzuk lekurik gabe gelditzen direlako.

 


"Euskal munduari begira, estrategikoa da 0-3 adin tartea euskaraz eskaintzea. Jokoan dagoena ez da hizkuntza soilik, kontua ez baita haurrak euskaraz hezten ditugula soilik; aitzitik, gure sarean, haurrei eta gurasoei ere mundu bateko ateak irekitzen dizkiegu, euskal mundukoak"

Elorri Arin, Konkolotx elkarteko eleduna


 

Azken inkesta soziolinguistikoen arabera, Ipar Euskal Herrian, biztanleen % 20 gara euskal hiztunak. 2001ean, % 24 ginen; orain, % 20 gara, eta, horrela segitzen baldin badugu, % 17 izango gara 2050ean. Unescok dio, hizkuntza bat salbatua izateko, biztanleen % 30ek hitz egin behar duela. Beraz, euskara hiltzen ari da Ipar Euskal Herrian. Dagozkion hitzak jarri behar zaizkio egoerari, larrialdian garelako. Galtzen ari den hizkuntza bati buruz ari gara, eta, bitartekoak jartzen ez badira, biztanleak gero eta gehiago garatuko dira frantsesez, eta hil egingo da jadanik gaizki den hizkuntza. Hori da gure errealitatea. Hizkuntza segurtasunera eramateko –euskara, gure kasuan−, hizkuntza hori bermatu behar da hasiera-hasieratik, eta, beraz, lehen haurtzaro euskalduna garatu behar da Ipar Euskal Herrian. 

 

Gabezia handiak 0-3 adin tartean

Lehen haurtzaro euskaldunaren eragilea da Konkolotx elkartea, eta lehen lerrora ekarri nahi dugu gaia elkartearen bidez; baina, 0-3 adin tartea euskaraz egiteko, apustu bat egin behar dute politikoki erakunde publikoek eta elkargoek. Lan handia dugu aurretik, gabezia handiak ditugulako. 

Egoera txarra da, baina baditugu proiektuak esku artean. Konkolotx elkarteak, 2023ko irailean, langile bat hartu zuen lanaldi erdiz hurbilketa bat egiteko eta tokian-tokian euskarazko guneak sortzen laguntzeko: Iparraldean, badira 158 herriko etxe, eta bakoitzari gutun bidez jakinarazi diogu gure prestutasuna. Badira proiektu politak aurrera begira; Irulegin, adibidez, zortzi haurreko haurtzain etxea sortzeko proiektua dago, eta obrak egiten ari da Herriko Etxea, eta Herri Elkargoak euskara hutsean ariko diren lekuetarako emango duen dirulaguntza berriari esker (7.400 euro ematen ditu haur leku bakoitzarentzat, inbestimenduarentzat), Irulegin euskaraz izango da lehen haurtzaroko eskaintza. Aiherran ere, Herriko Etxearen nahia haurtzain etxe euskalduna sortzea da, eta lanean ari gara 12 lekuko euskarazko haurtzain etxe bat sortzeko. Maulen ere, handitu eta beste haurtzain etxe batera joateko aukera izango dugu. Mugimenduak badira, eta gure nahia da gurasoak biltzea tokian-tokian, herri bakoitzean guneak sortzea bultzatzeko, ttuku-ttuku. 

Konkolotxen beste egiteko bat hezitzaile euskaldunon sarea sustatzea da. Gabezia handiak ditugu arlo profesionalean. Ez da hezitzaile profesional euskaldunik, ez baitago prestakuntzarik euskaraz. Ipar Euskal Herrian, ez dago hezitzaileen prestakuntzarik, eta Bordelera joan behar da gutxienez diploma eskuratzeko; beraz, frantsesez egin behar da. Konkolotxen egitekoa, irekitze proiektuekin batera, prestakuntza lantzea da, eta ekinean ari gara Seaskarekin eta tokiko prestakuntza zentroekin, hurrengo urteei begira.

Prestakuntzari dagokionez, egoera aztertzeko Ipar Euskal Herrian lehen haurtzaroan aritzen garen hezitzaile euskaldunak elkartu ginenean, lanean ari ginelarik ere prestakuntza beharra genuela ikusi genuen, eta prestakuntzak antolatu ditugu geure sareetan eta lekuetan. Lehenengo urtean, Maialen Alfaro sofrologoak haurren erritualen eta kantuen gaineko prestakuntza bat eman zigun, eta, hurrengo urtean, hizkuntzaren arazoen gaineko prestakuntza jaso genuen bi ortofonistaren eskutik. Prestakuntzak aukera eman digu lehen haurtzaroan euskaraz lan egiten dugun hezitzaileoi elkar ezagutzeko eta elkarrekin trebatzeko, eta, horrez gain, batzuk besteen lana zuzenean ezagutzeko. Prestakuntza topagune izan da, eta entitate baten parte sentitzeko balio izan digu. Prestakuntza haurtzaindegi edo haurtzain etxe batek hartuko du bere gain urterik urte, guztiok elkarren egiturak eta lan egiteko moduak ezagutu ahal izateko. 

 


"Egoera txarra da, baina baditugu proiektuak esku artean. Konkolotx elkarteak, 2023ko irailean, langile bat hartu zuen lanaldi erdiz hurbilketa bat egiteko eta tokian-tokian euskarazko guneak sortzen laguntzeko. Eta hori finantzatzeko, diru kanpaina bat jarri dugu martxan, Helloasso plataformaren bidez"

Elorri Arin, Konkolotx elkarteko eleduna


 

Konkolotxen nahia da 0-3 adin tartea hezkuntza etapa moduan aitortzea eta lanbidea bera duintzea ere bai. 0-3 etapa ez da hezkuntza etapa moduan hartzen Ipar Euskal Herrian. Ez da eskolaren egitekoa tarte hori artatzea, ez baitira heziketa ordutzat hartzen adin horrekin lanean emandakoak. Horregatik, lanbidea ez da aski baloratua. Haurtzain etxeetako langileek egiten duten lanari assistance maternal edo amaren laguntzaile deritzo, literalki. Lanbide horretarako behar den prestakuntzak (120 ordukoa aski da) erakusten du ez dela aski baloratua. Lanbidea bera duintzea garrantzitsua da Konkolotxentzat, prekarioa baita oro har.

 

Abian da kanpaina

Hau guztia aurrera eramateko, langile bat hartu zuen Konkolotxek 2023ko irailean, lanaldi erdiz. Eta hori finantzatzeko, diru kanpaina bat jarri dugu martxan. Helloasso plataformaren bidez, 10.000 euroko diru eskaera egiten ari gara, eta ari gara erantzuna jasotzen. Lanak handiak dira, hutsune handia ari garelako betetzen. Baina ari gara lanean, eta, lanean ari garelarik, ateak irekitzen dira euskararentzat.