287 znb | Elkarrizketa

EHUko Pedagogia saileko Inkluni ikerketa taldeak Unibertsitate eta Hezkuntza inklusiboaren nazioarteko kongresua antolatu du eta bertako sarrera hitzaldia eskaini du Kyriaki Messiouk. Southamptongo (Erresuma Batua) unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria da eta nazioarteko hainbat ikerketa inklusibo eta kolaboratibo zuzendu ditu.

 

Hainbat definizio daude hezkuntza inklusiboari buruz. Hasteko, nola ulertzen duzu zuk inklusioa?

Inklusioaz hitz egiten dugunean, hiru ezaugarri izan behar ditugu kontuan: bata, presente egotea, ikasle guztiak kontuan hartzea; bigarrena, haurrak eta ikasleak ikastetxeetan egoteaz gain, bertako parte izan behar direla; eta, hirugarrena, guztiek ikaskuntza lortu behar dutela. Beraz, ikasle guztiek ikas dezaten eragozten duten oztopoetan arreta jarri behar dugu. Trabak ez dira haurrarenak, baizik eta kanpoko testuinguruan daude ikaskuntza zailtzen duten oztopoak. Hezkuntza inklusiboari dagokionez, Petter Mittlerren ekarpena garrantzitsua izan zen. Hark zioen, inportantea dela haurrei entzutea: hautuak egiteko eta autodeterminaziorako aukerak eman behar dizkiegu gure ikasleei. Entzun eta aintzat hartu behar ditugu, haien adina eta jar diezazkiekegun etiketak alde batera utzita. Ikasleen ahotsak garrantzia berezia hartu du haurren eskubideen hitzarmenaren ondoren, 1989tik aurrera, eta ordutik azpimarratzen da haurrek entzunak izateko eta euren ikuspegia adierazteko eskubidea dutela. Eskolan zer-nolako plangintzak egin daitezke haurren ahotsa —ahoz nahiz ez ahoz— entzuteko? Ez da hain erraza haurrari entzutea eta ideia hori egikaritzea. Hor sartzen da ikerlarien lana.

 


"Ikasleen eta irakasleen artean elkarrizketa dagoenean gertatzen da benetako aldaketa"


 

Ikasleei iritzia eskatzen diegu, eta gero, zuk diozun moduan, ez dugu esandakoa beti aintzat hartzen.

Ikasleen iritzia eskatzen badugu, entzun eta erantzun egin behar diegu. Ikastetxe askotan ikasleek nahi dutena adierazteko buzoi bat daukate. Baina ikastetxetik zer-nolako erantzuna ematen zaie postontzi horietan jasotako iradokizunei? Ingalaterrako ikastetxe askotan daude postontziak, baina ikasgelako zoko batean egoten dira, eta ikasleek ez dituzte erabiltzen, uste dutelako inork ez diela jaramonik egingo. Haien ahotsak entzutea nahi dute. Ikasleen ahotsa jaso nahi badugu, haiek proposatzen dutena posible ikusten dugun ala ez erantzun behar diegu, eta gaiari buruzko elkarrizketa bat sustatu behar dugu. Horrela, ikasleek badakite haien ideia zoragarria izan arren, zergatik ez den aurrera atera. 

Ikerketetan irakasleei gazte izatea zer den ahaztu egiten zaiela esaten digute ikasleek. Ikasleek ikusten dute euren irakasleek lan zama handia dutela eta dokumentu pila bat bete behar dituztela, eta askotan ahaztu egiten zaiela aurrean dituzten ikasleak gazteak direla, pertsonak direla, eta ikasleek esaten digute irakasleek ikasleak nola sentitzen diren arakatu beharko luketela. 

 

Unibertsitatea eta eskola uztartuz, hainbat urtetan nazioarteko ikerketak zuzendu dituzu. Ikerketen helburua ikasleen ahotsa entzunez eskolak inklusiboago bilakatzea izan da. Zer praktika gauzatu dituzue ikasleen ahotsa jasotzeko?

Ikasgeletako dibertsitateari erantzun inklusiboak emateko, gure ikerketa proiektuen erdigunean elkarrizketak egon dira. Elkarrizketa lan-tresna izan dugu ikasleen artean, ikasleen eta irakasleen artean eta ikasleen eta ikerlarien artean, eta ikasleen, irakasleen, ikerlarien eta denen artean. Ikasleen eta irakasleen artean elkarrizketa dagoenean gertatzen da benetako aldaketa. Caroline Lodgek zioen elkarrizketaz ari garenean, ez garela ari solasaldi soil bati buruz. Lodgeren arabera, elkarrizketa batean konpromiso bat dago, elkarrekin hitz egitean entzuten duguna aintzat hartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta gure kasa lortu ezin dugun hori elkarrekin lortzen saiatzen gara. 

Lankidetzako ikerketa ekintza edo ikerketa ekintza kolaboratiboa gauzatzen dugu gure ikerketa proiektuetan. Ezaugarri bat elkarrizketa da, eta beste bat ikasleen rola; ikasleak ikerlari kide gisa hartzen dira. Eragile guztiek —ikasleek, irakasleek eta ikerlariek—, hainbat zeregin beren gain hartuz parte hartzen dute. Gure kasuan, gure prozesuaren helmuga eta, aldi berean, abiapuntua hezkuntzaren hobekuntza lortzea da. Horretarako denon artean behatzen dugu zer gertatzen den eta eskolako praktikak aldatzeko eta ikasle guztien ikaskuntza hobetzeko ekintzak proposatzen ditugu. 

 


"Gelan egiten dugun jarduerarekin zer-nolako parte hartzea sustatuko dugu ikasleen artean? Hori da irakasleok etengabe buruan eduki behar dugun galdera ikuspegi inklusiboa baldin badugu"


 

Hori guztia praktikara eraman duzue Europako hainbat ikastetxetan. Danimarkako, Austriako, Portugalgo, Erresuma Batuko eta Espainiako bost unibertsitate eta Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxek parte hartu dute zuen ikerketa batean. LHko ikasleak ikerlari rolean jarri dituzue, zehazki, irismen zaileko ikasleak. Nori deitzen diezue irismen zaileko ikasle?

Europako Batasuneko finantzaketarekin gauzatu dugun proiektuetako bat izan da. Hasiera batean bost ikastetxe eta bukaeran hogeita hamar izan ditugu proiektuan. Gure helburua irismen zaileko ikasleengana heltzea izan da. Irismen zaileko ikasleen artean, badaude hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak, baina badaude, baita ere, ikasle oso onak direnak baina euren buruarengan konfiantza gutxi dutenak, edo beste herrialde batzuetatik etorri diren ikasleak, edo irakasleak haiengana nola gerturatu ez dakien kasuak, irakasleak proposatutako jardueretan parte hartzen ez dutenak… Kasu batzuetan, zailtasuna irakaslearen partetik dator. Beraz, lehen pausoa, fokua ikasletik irakasgaira pasatzea da; zer gertatzen ari da irakasgai honetan ikasleentzat zailtasunak sortzeko? Horretan jarri genuen arreta gure ikerketa inklusiboetan. 

 


"Lehen pausoa, fokua ikasletik irakasgaira pasatzea da; zer gertatzen ari da irakasgai honetan ikasleentzat zailtasunak sortzeko? Horretan jarri genuen arreta gure ikerketa inklusiboetan"


 

Ikastetxe batek zuen ikuspegiarekin lan egin nahiko balu, zein urrats egin beharko lituzke?

Elkarlana nabarmendu behar da: ikasleek eta irakasleek elkarrekin egiten dute lan. Hasteko, irakasgaien plangintzan. Ikasle batzuek ikerlari moduan parte hartzen dute prozesuan, eta ikasle horiek ikerlari kide izan daitezen hautatzen dira. Hiru ikasle hautatu ditugu gelako, eta hiru horiek irismen zailekotzat jotzen diren ikasleak izan behar dira. Irakasleekin batera irakasgaiaren plangintza lantzen dute eta euren ikuspegiak eta gainerako ikaskideenak hartzen dituzte kontuan. Ondoren, irakasle batek saioa ematen du, eta beste bi irakaslek saio horren behaketa egiten dute. Behin saioa amaitutakoan, zer gertatu den aztertzen dute guztiek elkarrekin, aldaketaren bat egin behar ote den eta, hala bada, ikasleen parte hartzea sustatzeko zer egin daitekeen aztertzen dute. Hori da ikuspegia. Gelan egiten dugun jarduerarekin zer-nolako parte hartzea sustatuko dugu ikasleen artean? Hori da ikuspegi inklusiboa baldin badugu irakasleok etengabe buruan eduki behar dugun galdera. Guk garatutako tresna hori hasieratik amaiera arte baliagarria izango da ezaugarri desberdinak dituzten ikasleekin aplikatzeko, ikasleen parte hartzearen bitartez aldiko birdefinitu egiten da ikaskuntza prozesua. 

Irakasleez gain, ikasle ikerlariak eurak dira behatzaileak, eta horretarako formatu egiten dira. Gure proiektuan LHko ikasleek parte hartu dute, irismen zailekotzat jotzen diren ikasleek, eta trebatu egin behar dira ikerlari izateko. Adibidez, argazkiak atera eta, euren ustez, zein egoeratan gertatzen den ikaskuntza prozesu on bat aztertzen dute, ikasleak banaka, bikoteka edo taldeka ari direnean, esaterako. Ikasleen ikuspegia jasotzea oso garrantzitsua da prozesuak aurrera egin dezan. Ikasleek saioak aztertzen dituzte eta eztabaida interesgarriak izaten dituzte, gelako praktiken gainean. Datuak biltzeko, behatzeko eta ondorioak ateratzeko jarduera sortzaileei buruzko prestakuntza jaso zuten, eta ikasi zuten, adibidez, botere mapak egiten, eta erabakiak nola hartzen diren hausnartzen.

Haurrak eurak ikaskuntza prozesuaren xehetasunetan sartzen direnean ikerlariekin erabakitzen dute zein ikuspegitatik egingo duten lan. 8 urterekin ikasle ikerlariak bideratzaileak izan ziren, eta ikasturte horretan zer ikasi nahiko luketen hitz egiten zuten ikaskideekin, zer-nolako jarduerak egin nahiko lituzketen, jarduera interaktiboak, teknologiak... Musikarekin lana egin nahi duten ala ez… Horrelako aukerei buruz hitz egiten zuten eta baita antolakuntzaz ere, nola eseriko ziren, adibidez. Kontuan eduki behar da ikasleek ikasi nahi dutela adierazi duten hori, aukeratu dituzten jarduerak, edo musikarekin lan egin nahi dutela edo matematikan ikaskuntza kooperatiboa txertatu nahi dutela… Hori guztia kontuan izan behar da. Diseinu kolektiboak ikaskuntza laguntzen du, elkarrekin sortzen ditugun jarduerek ikasleen parte hartzea bultzatzen dute eta ikaskuntzan eragin positiboa dute. Ikasleei ez ezik, irakasleei ere lagundu egiten die. Eta noski, horrek guztiak ebaluazio bat eskatzen du, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez duen funtzionatzen aztertu behar da, elkarrekin. 

 

Bost herrialdetan egin duzue lan ikasle ikerlariekin, irakasle behatzaileekin eta unibertsitatearekin elkarlanean. Ondorioak antzekoak izan al dira?

Bost herrialdeetan elementu komunak daude. Ebidentziak berresten du eragina hiru mailatan izan genuela. Lehenengo, ikasleengan: batez ere ikerlari izan ziren ikasleen artean. Beste ikasleengan ere eragin zuen, saioen diseinu kolaboratiboak ikasleen parte hartzean eragin baitzuen. Beti mutu dauden ikasle horien kasuan, adibidez, prozesu horien ondoren, parte hartzen eta konfiantza hartzen hasten direla ikusi dugu eta hori oso garrantzitsua da. Harremanak eraldatu egin ziren rolak aldatu zirenean. Irakasleen garapenean ere eragina izan zuen prozesuak eta hori ere gure proiektuaren helburuen artean zegoen. Irakasleek euren praktikaren xehetasunei erreparatu ahal izan zieten eta konturatu ziren zerbait egiten ari zirela uste zutela, baina ez zirela benetan zerbait hori egiten ari. Behaketari esker konturatu ziren, “orain badakit zertan ari nintzen gaizki jokatzen ikasleekin”. Irakasleak harritu egiten dira euren ikasleek egin dezaketenaz ohartzen direnean, ikasleak inplikatzen direnean motibazioa igo egiten baita, eta motibazioa igotzen denean, ikaskuntza gertatzen baita. 

 

Ikasleak eta irakaslea aipatu dituzu. Zer ekarri zuen prozesuak ikerlarientzat?

Erronka handia izan da. Ikasleen ahotsari buruz hitz egiten dugunean, rolak eraldatzeaz ari gara, eta horrek botere harremanak aldatzea dakar. Jeannie Oakesek esaten digun moduan, ikerketa esanguratsua izan dadin, ikerlariak bolizko dorretik atera behar du, unibertsitatetik kalera atera eta landa lana egin behar du. Ondoren, gure proiektuetako ikastetxeetan funtzionatu duena beste ikastetxeetara zabaltzeko bokazioa izan dute ikerlariek.

 

Nola lortu duzue irakasleen jarreretan eragitea eta inklusioaren alde ikasleekin taldean aritzea?

Irakasleen artean erresistentziak egotea oso ohikoa da, eta gure proiektuetan ere izan ditugu. Horregatik, oso garrantzitsua da irakasle-liderrak oso konprometituta egotea eta, era horretan, modu inklusiboan lan egiteak funtzionatzen duela erakutsiko diete besteei. Irakasleek ikusi zuten inoiz eskolan parte hartzen ez duten ikasleek, prozesuari eske, parte hartzen zutela, eta ikusi zuten ahaleginak merezi duela. Irakasleekin talde txikitan egin genuen lana, eta beste geletako irakasleekin ere gaiaz hitz egitea euren zeregina zen. Hiru urtetan, ideia nagusiak ikastetxe guztira zabaldu ziren. 

 


"Irakasleak harritu egiten dira euren ikasleek egin dezaketenaz ohartzen direnean, ikasleak inplikatzen direnean motibazioa igo egiten baita"


 

Zuen ikerketan irakasleek hiruko taldetan egiten dute lan. Beraz, egitura hori egunerokora eramateko, giza baliabide gehiago beharko al lirateke eskoletan?

Nik proiektu bat aurkeztu dut, hainbat herrialdetan eta hainbat ikastetxetan garatu duguna.Irakasleek hirunaka egiten dute lan proiektu horretan, baina horrek ez du esan nahi jardunbide inklusiboagoak garatzeko hirunaka lan egin behar dutenik, derrigor. Begirada da garrantzitsuena: nola egin ditzakegu gure praktikak parte hartzaileago eta inklusiboago ikasleen ahotsa kontuan izanik? Proiektuko ikastetxe batzuetan irakasleek binaka egin dute lana. Ikasleengandik abiatzea da proiektu honen ezaugarrietako bat, eta ikastetxe guztiek dituzte ikasleak, ezta? Eta gutxienez irakasle bat. Hortik hasi gaitezke. Noski, giza baliabideak beharrezkoak dira, ikastetxeek erronka handiak dituzte lehendik ere, eta baita proiektu honetan parte hartu dutenek ere, hasteko, hau guztia antolatzeko denbora bilatu behar dute. Baina irakasleek ikuspegia aldatzen dutenean, ikasleei entzuten dietenean, eta horien araberako praktikak egiten dituztenean, ikasleen aldetik erantzun eta eragin onak jasotzen dituzte, eta baliabide mugatuak izan arren, irakasle horiek proiekturako denbora aurkitzen dute eta hobekuntzak gertatzen dira. Ez soilik gelan, hobekuntzak ikastetxe mailan gertatzen dira, beste irakasleek eta beste ikasleek ere ikusten baitute gauzek hobeto funtzionatzen dutela praktikak denon artean aurrez pentsatzen ditugunean. Irakasleak ondokoan funtzionatu duen praktika hori euren gelara ekartzen saiatzen dira eta ikasle ikerlariak bilatzen ditu bere gelarako. 

 


"Irakasleen artean erresistentziak egotea oso ohikoa da, eta gure proiektuetan ere izan ditugu. Horregatik, oso garrantzitsua da irakasle-liderrak oso konprometituta egotea. Era horretan, modu inklusiboan lan egiteak funtzionatzen duela erakutsiko die besteei"


 

Aipatu dituzun proiektuetan nola hartu dute parte zailtasun handiak dituzten ikasleek, autismoa dutenek, adibidez?

Guk erabiltzen ditugun ekintzak oso parte hartzaileak dira: batzuk ekintza laburrak dira, egun bateko saioa ebaluatzea adibidez, kolore gorri, laranja edo berdeko arkatzak altxatuz; edo emotikonoen bidez, adibidez. Edo egun horretako saioa nork ulertu duen eta nork ez duen ulertu zutik jarriz edo eserita jarriz adieraziz, eta ondoren ikasleak erakarri eta ulertu ez dutenen eta ulertu dutenen artean elkarrizketa sustatuz, adibidez. Edo ikaskuntzako modu ezberdinen gainean hausnarketak sustatuz, ikusaraziz batzuek hobeto ulertzen dutela testu bat irakurriz, beste batzuek entzunez edo antzeztuz edo eskuekin lan eginez… Inor ez dugu galdetegiak betetzen jartzen, esate baterako. Guk eskaintza zabalak jartzen ditugu mahai gainean ikaskuntza aniztasuna duten ikasleek parte har dezaten, marrazkiak egin ditzakete, edo argazkiak egin ditzakete, adibidez. Autismoa daukan haur batek, esaterako, gelako ariketa edo saio desberdinen argazkiak egin ditzake bere mailaren arabera, bere kabuz. Ikasleei aukerak ematen dizkiegu parte hartzeko eta parte hartzeko teknikez hausnartzeko, ikaskuntza-modu egokienak bilatuz. Kontuan izan behar dugu zailtasun funtzionalak dituzten ikasleez gain, beste ikasle batzuek ere zailtasunak dituztela ikaskuntza prozesuetan, eta ez dute parte hartzen, adibidez, lotsagatik edo konfiantza faltagatik. Beraz, ikasle guztiei parte hartzeko aukerak ireki behar dizkiegu. Ikasle guztiei metodo asko eskaini behar dizkiegu, beren beharren arabera, euren ahotsa adierazteko tresna bat edo beste erabiltzeko.

 

Galdera laburrak

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Oroitzapen on asko ditut, nitaz arduratu ziren irakasle asko izan nituen, bereziki Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Inoiz ez dut horretan pentsatu. Agian, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara pasatzean, ikastetxe handiago batera joatea eta anonimoago bilakatze hori gaizki eraman nuen.

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Ikasle guztiak aintzat hartzen dituen eskola.

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Justizia.

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

How children fail, John Holt-ena. Ikastetxeek ikasleak sostengatzen huts egiten dutela kontatzen du aspaldiko liburu horrek.