48 znb | Elkarrizketa

Bi adituek argi daukate nerabeek ez luketela sakelakorik eduki behar gutxienez 16 urte izan arte. Rosek Gure aukera, guk 16 mugimendua abiatu zuen Zarautzen, eta geroztik herri ugaritan eskaini du bidelaguntza sakelakoa atzeratzeko erabakia taldean hartzeko. Lazkano hezitzailea da eta Psikologian formatua eta ikuspegi horretatik mintzo da haurrek sakelakoa garaizegi edukitzeak dakartzan kalteez.

 

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Miren Ros eta Telmo Lazkano elkartu ditu sakelakoaren erabileraz hitz egiteko, noiz eta nola eman, kalteak eta onurak... Gertutik ezagutzen dituzte biek ala biek guraso taldeen dinamikak nahiz haurren eta nerabeen jarrerak, formazioak ematen baitituzte. Eskola eta familia auzi horretan elkarrekin joan behar direla ikusita, eskolak egin dezakeenaz galdetu genien Hik Hasi aldizkariaren 284. zenbakirako, eta hurrengo lerroetan familien esku-hartzeei buruz mintzo dira bi adituak.

 

Gure aukera, guk 16 eta gisako gero eta guraso talde gehiago daude ikastetxeen abaroan sortuak. Zu Ros, hasieratik ari zara familiekin lanean. Zer adin proposatzen duzue? Zergatik? 

Miren Ros: Nik argi daukat; 16tik aurrera. Nerabezaroan garuna ez dago oraindik heldua, 25-30 urte inguruan garatzen da guztiz. 16 urtetik aurrera garuna beste puntu batean dago, Gauss-en kanpaiaren jaitsieran daude nerabeak, emozionalki, hormonalki eta sozialki beste puntu batean daude eta adin horretatik aurrera erabilera egokiagoa egiteko prest egon litezke. Adina oso inportantea da. Beti adibide bera jartzen dugu: autoa gidatzeko baimena 18 urterekin atera dezakegu, eta zerbaitegatik dago 18 urteko adina jarrita. Kotxearekiko legea zorrotza da, mediku-azterketa, praktikoa eta teorikoa egin behar ditugu eta orduan lortzen dugu gida-baimena. Smartphonearekin ba al dago interesik gure gazteek 16 urtetik aurrera eskura ditzaten tresna horiek ala interesa dago lehenbailehen TikToken eta Instagramen sar daitezen? Ez dago ondorio legalik haur batek sakelakoa 9 urterekin eskuratzen badu, TikToken sartzen bada, pornografia ikusten badu... Horrekin zer esan nahi dut? 16 urte bete arte ez dutela inolako sare sozialik ikusiko beren bizitzan? Ba ez; justu alderantziz: haiekin ibilbide bat egitea garrantzitsua dela uste dut nik. Eta guk geuk, heldu moduan, ardura daukagu. Gu zer-nolako erabilera ari gara egiten? Zer-nolako eredu gara gure seme-alabentzako? Baita irakasleak ere.

 


“Mugikorra nola eman oso garrantzitsua iruditzen zait: inoiz ez eman seme-alabari sakelakoa opari moduan, oparia jasotzen duen pertsonarentzako delako”

Miren Ros, Sakelakoaren erabileran aditua


 

Zuk zer adin proposatuko zenuke, Lazkano?

Telmo Lazkano: Askotan eztabaida zabala izaten da hori, eta esaten da adin bat, 16 urte, ezartzeagatik ez dela harreman osasuntsu bat gauzatuko. Neurri batean hala da, baina horrek ez du esan nahi horretara bultzatzen gaituzten beste faktore batzuk ez daudenik. Bat: bere buruaz beste egitearekin lotutako kausa nagusietako bat ziberjazarpena eta jazarpena dira, eta horren une gorena 14 eta 15 urterekin gertatzen da. Beraz, adin hori inflexio puntu garrantzitsua da, eta sakelakoa edukitzea 16 urtetara atzeratuz gero, hori ekiditea askoz ere errazagoa izango litzateke. Zergatik? Alde batetik, horrelako gailu garrantzitsuak 12 edo 13 urte dituen pertsona baten esku uzten baldin baditugu, askoz ere aukera handiagoa izango duelako erabilera desegokia egiteko, izan ziberjazarpena edo sextortsioa edo bestelakoak, ez baitira gai ez emozionalki baina, batez ere, ez legalki eta ez moralki horrek guztiak dakartzan ondorioak ikusteko. Bestetik, aplikazio horiek erabiltzeko, adibidez Whatsappen kasuan, 16 urte behar dira. Harago joanda, gure garuna, gure aparatu emozionala, bereziki sistema linbikoa, 25 eta 30 urte bitartean garatzen bukatzen dela uste da, baina 16-18 urterekin inflexio puntu garrantzitsu bat gertatzen da sistema linbikoaren garapenean. Garuna atzetik aurrera garatzen da, ordena horretan, eta gure txikiek ez dituzte haien ekintzen epe ertain eta luzeko ondorioak aurreikusiko, sarea arriskuen aurretik jarriko dute eta, batez ere, inpultsibitateak bideratuko ditu. Horri gehitu sare sozialek hori guztia oso ongi dakitela eta esplotatu egingo dutela. Eta, bestetik, gure garuna garatzeko garaian beste garun baten beharra daukagu: gurasoena. Gaztetxoek gurasoen erreferentzia eta bidelaguntza aurkitzen ez dutenean, hori egiten duen eta, gainera, hortaz aprobetxatzen den pantaila bat aurkitzen dute. Beraz, arazoak areagotu egiten dira. Azkenik, kontuan izan beharko genuke erantzukizun legala, izan ere, 14 urtetik behera ezin dituzte epaitu eta 16 urterekin termino legalak aldatu egiten dira, hau da, tutore legalak dira mugikorraren jabe eta bertatik gertatzen den guztiaren ondorioak pairatuko dituztenak. Beraz, nik uste dut arrazoi asko daudela 16 urtetara arte itxaroteko.

 


“Ondorioak asko eta anitzak izaten ari dira. Maila emozionalean, pentsaeretan, ekintzetan eta, batez ere, harremanetan nola eragiten duen ikusten ari gara”

Telmo Lazkano, Sakelakoaren erabileran aditua


 

Familiak elkartzen ari dira euren seme-alabei sakelakoa erosteko erabakia ahalik eta gehien atzeratzeko. Zer indar ematen dio taldeak erabaki horri? 

M. R.: Familia batek seme-alabei mugikorra erosteko erabakia hartzean gehien errepikatzen den argumentua da haurraren lagunek badutela eta ez dutela nahi euren seme-alaba azkena izatea. Errealitatea da gaur eguneko gazteek beraien arteko harremanak mugikorraren eta sare sozialen bitartez egiten dituztela. Orduan, lagun-talde batean batek ez baldin badauka sakelakorik, lagun-talde horretan hitz egiten diren eta planifikatzen diren gauza guztietatik kanpo eta baztertuta sentitu daiteke. 

Garrantzia handia dauka taldearen indarrak, alde batetik, nerabe horiek, seme-alabak, arindu egiten direlako, lasaitu egiten dira; badakite gurasoak elkartu egin direla. Nerabeentzako oso askatzailea da, bai baitakite haien lagunek ere ez dutela mugikorrik edukiko. Ez dute ordura arte bizi izan dezaketen antsietate edo angustia horrekin jarraituko; “nire lagun honi, honi eta honi erosi diote, eta niri noiz?”, galdera hori bukatu egiten da. Lasaitu egiten dira. Gurasoentzat ere ikaragarrizko babesa da gerra etxean banaka kudeatu beharrean, taldean joatea. Niretzat oso aberatsa izan da. Zarautzen kezka geneukan hainbat guraso elkartu ginen. Ideia oso sinplea zen: goazen maila bereko beste guraso batzuekin hitz egitera, eta goazen gurekin bat egiten dutenekin elkarlan bat egitera. Taldeari 16 urteko erronka jarri genion, baina pixkanaka-pixkanaka egin dugun ibilbidea izan da eta dagoeneko beste 50 ikastetxetan errepikatu dute. Emaitzak ere hor daude: gaur egun ikastetxe batzuetan, DBH1en % 90ek ez dute mugikorrik. 

 


‘Nire lagun honi, honi eta honi erosi diote, eta niri noiz?’, galdera hori bukatu egiten da. Gurasoentzat ere babesa da gerra etxean banaka kudeatu beharrean, taldean joatea”

Miren Ros, Sakelakoaren erabileran aditua


 

Sakelakoa emateko garaian, seme-alabekin hitzarmen bat egitea proposatzen duzue Gure aukera, guk 16, Altxa burua eta antzeko taldeetan, erabilera zentzuduna izan dadin. Zer-nolakoa da hitzarmena?

M. R.: Hasteko, mugikorra nola eman oso garrantzitsua iruditzen zait: inoiz ez eman seme-alabari sakelakoa opari moduan, opari bat ematen dugunean, oparia jasotzen duen pertsonarentzako delako. Gero, hitzarmena moldagarria da, baina badaude puntu batzuk bai ala bai betetzekoak direnak. Sakelako hori gurasoena da, eta sakelako horrekin seme-alabak egiten duen erabilera guztiaren erantzule legalak gurasoak dira eta horren kontziente izan behar dugu. Horrez gain, hitzarmenak arauak jaso behar ditu: etxe bakoitzean ikusiko dute zer arau dauzkaten, baina niretzat oso garrantzitsua da jatorduetan mugikorra aurrean ez edukitzea, ez guk eta ezta seme-alabek ere; eskolara ez daukate zertan eraman beharrik, printzipioz; lagunekin plan bat egiten dutenean etxean utzi dezatela; legez, ezin dituzte lagunen argazkiak partekatu, adin txikikoak baldin badira behintzat…

T. L.: Hitzarmenak arrakasta izango du berau eratzean gurasoen eta seme-alaben inplikazioa baldin badago, eta mugikorraren erabilera eta ondorioak izan behar dira kontuan. Aholku moduan esango nuke, hobe dela arau gutxi eta zurrunak izatea, asko eta malguak izatea baino. 

 

Horrez gain, gurasoen kontrola, seme-alaben mugikorreko mezuak begiratzea bai ala ez, sarbideak mugatzea… beste gomendio batzuk ematen dituzue ala kontrol hori ez da bidea?

M. R.: Kontrol parentala edo family link eta halakoak guraso batzuentzat praktikoak eta erabilgarriak izan daitezke, zehaztu diren irizpideen arabera modu automatikoan blokeatuko baita pantaila. Baina niri kontrol hori ez zait gustatzen, bi arrazoi garrantzitsurengatik: bat, seme-alabek berehala topatzen dituzte kontrol hori saltatzeko zirrikituak; eta bigarrena, ez dute autoerregulatzen ikasten. Mezuak begiratzeari dagokionez, ni hor busti egiten naiz: gurasook haien erabileraren erantzule legalak garenez, mugikor horrekin zer erabilera egiten ari diren jakin behar dugu. Guraso bakoitzak bere seme-alaba ezagutzen du, badaki zer-nolako harremana eta komunikazioa daukan, eta horren arabera jokatuko du. Nik mezuak irakurri egin beharko genituzkeela gomendatzen dut, baina haiekin batera eta epaitu gabe. Mezuak irakurriz ziberjazarpen kasuak saihestu daitezke, ziberjazarpena bestela ez baita ikusten.

 


“Nik gomendatzen dut [seme-alaben] mezuak irakurri egin beharko genituzkeela, baina haiekin batera eta epaitu gabe”

Miren Ros, Sakelakoaren erabileran aditua


 

T. L.: Lehenik eta behin, norbanakotasun printzipioa errespetatu behar da eta ez dago nerabe guztientzako balio duen errezeta magikorik. Nik normalean family link eta horrelako aplikazioen inguruan honakoa gomendatzen dut: “Baliatu baina ez oinarritu”. Adostutako puntu horiek aurrera eramateko tresna interesgarriak izan daitezke, baina gaur egun ihesbideak daude. Beste alde batetik, mezuak ikusteari dagokionez, Espainiako Auzitegi Gorenak 2015ean argi eta garbi esan zuen gurasook ez dugula soilik eskubidea, baizik eta betebeharra dugula seme-alaben mugikorrak ikusteko, eta hor ez dago eztabaida handirik. Gure seme-alabek sareetan zer-nolako kontsumoa egiten duten ikusi behar dugu, zer-nolako bideoak gomendatzen zaizkien eta zer-nolako taldeetan sartuta dauden. Arrazoi batengatik edo besteagatik seme-alabari mugikorra uzten diogularik ere, gurasook erabilera osasuntsua sustatzeko erantzukizun morala dugu eta horretarako beharrezkoa da erabilera ikuskatzea. 

 

Urteak daramatzagu sakelakoarekin elkarbizitzen. Joera nagusia da haurrei lehendabiziko sakelakoa gero eta gazteago ematea, baina garbi ikusi dugu mendekotasuna eragiten duela. Zer ondorio izaten ari da haurrengan, nerabeengan eta gazteengan sakelakoaren erabilera?

T. L.: Ondorioak asko eta anitzak izaten ari dira. Hasieran, lehen begi kolpean ikusten genuen [sakelakoa erabiltzea] denbora galtzea zela, baina harago doa. Gaur egun nola eragiten duen ikusten dugu maila emozionalean, pentsaeretan, ekintzetan eta, batez ere, harremanetan. Ondorioak ikuspegi holistiko batetik ikusi behar ditugu eta ez soilik mugikorretik jasotako input horiek guztiek nola eragiten duten. Kontuan izan behar dugu egunero bost-sei ordu hor pasatzen ditugunean zeri ez diogun denbora eskaintzen, hain zuzen ere, jarduera oso osasuntsuei, gure buru-osasunean eta nortasunean on egingo diguten jarduerei denbora kentzen diegu, izan kirola egiteari, edo naturarekin kontaktua izateari edo sormena lantzeari, eta, batez ere, gure harremanei. Deigarria da inoiz baino konektatuago gauden momentu hauetan inoiz baino bakartiago sentitzea, eta, batez ere, sentimendu hori nerabeen artean zabalduta egotea.

M. R.: Unicefen arabera, gazteen % 60 sare sozialetara konektatzen da bakarrik ez sentitzeko. Pantailak XXI. mendeko txupete digitalak dira: haserre, triste edo urduri nagoenean zer egiten dut? Pantaila bat jartzen dut; orduan, ez dut denborarik izaten ez aspertzeko, ezta triste nagoenean nire buruarekin tristura hori sakontzeko edo kudeatzeko ere, eta hori oso arriskutsua da. Eta hori ikusten ari gara: gazteak, adibidez, azterketa baten aurrean blokeatu egiten dira, antsietate krisi bat izaten dute eta larrialdietara joan behar dute. Ez da urduritasun normal bat eta horri buelta emateko daukaten gaitasun faltak kezkatu egiten nau.

 

Ondorioak asko eta anitzak direla diozue. Adibide zehatzak jar zenitzakete?

T. L.: Sare sozialak nabarmenduko nituzke, erabiltzailearengan eragiteko teknika teknologiko eta psikologikoak baitituzte. Eta bestetik, sare sozialen nortasuna bera aipatuko nuke adibide batekin: sare sozial horietan komunikatzeko kanal nagusiak argazkiak eta bideoak dira, eta horrek izugarrizko garrantzia ematen dio fisikoari eta horrekin erakusten dugun errealitateari, pertsonok ditugun bestelako nolakotasunen gainetik. Ondorioz, irudi hori ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara, onartuak izateko, eta guztiok dakigu nerabezaroan onartua izatea funtsezkoa dela. Beraz, horrek guztiak erabiltzailearengan frustrazio handia sortzen du. Sare sozialetan erakutsi behar dudan ni horren eta nire benetako niaren arteko amildegiak konplexu arazo handiak eta zalantzak sortzen ditu. Sare sozialekin bizitza edo profil perfektua duen itsaso zabal batean sartzen gara, eta hor, pixkanaka, zeharka, subkontzientean oso mezu argia txertatzen joaten da: ea ni ote naizen horrelako bizitza zoriontsu, irribarretsu, ilunabarrez josita eta maitasunez betea —like-tan neurtua, noski— ez duen bakarra. Eta kontuz, zeren frustrazioarekiko tolerantzia eza depresiorantz eta antsietaterantz joateko autopista bat da.  Kontuan izan, horrez gain, suizidioari lotutako kausa nagusietako bat ziberjazarpena dela, eta puntu gorena 14-15 urterekin izaten dela. 

Pornografiari dagokionez, 9 urterekin izaten da lehenengo kontaktua pornografiarekin eta ez da bilaketa intentzionatu bat izaten. Industria pornografikoak aurkitzen ditu erabiltzaile horiek, pop up eta banner bidez, eta pornografiarekin horren kontaktu goiztiarra izateak berdinen arteko bortxaketekin, taldean egiten direnekin eta nerabezaroan gertatzen ari diren bortxaketekin lotura dauka; orain arte horiek oso anomaloak ziren. Horrelako edukiek eragin izugarria dute erabiltzailearengan, normalizatu eta hutsaldu egiten dituztelako egoera lazgarriak, izan matxismoa edo biolentzia, eta horiek errepikatzeko joera handia egoten da. 

 


“Auzia ez dago [sakelakoa] ondo edo gaizki erabiltzean, horrek aplikazioen benetako izaera zuritzea dakar eta erabiltzailearen esku jartzen du ardura; ez da teknologia neutro bat, ez gara ari bizikleta nola erabili irakasten”

Telmo Lazkano, Sakelakoaren erabileran aditua


 

Sakelakoaren erabilera egokia nolakoa izango litzateke? Adin txiki horietan posible al da sakelakoaren erabilera ona egitea? 

M. R.: Nik uste dut ezinezkoa dela. Kontuan izan behar dugu ez dela tresna neutro bat, milaka psikologok, publizistak eta marketinean adituak diren pertsonek diseinatu duten munstro baten atean gaudela. Horri aurre egiteko, nik hiru zutabe ikusten ditut beharrezko. Bat: heldutasuna; nahitaezkoa da garapen bat egotea. Bi: formakuntza; nola erabili jakin behar dugu, segurtasun klabeak eta informazio-iturri fidagarriak ezagutu behar ditugu. Eta hirugarrena gakoa da niretzat, kontzientziazioa. Hau da, kontziente izan behar dugu noiz ari garen sakelakoa modu automatikoan erabiltzen. Kontzientzia pizteko erabakiak hartu behar dira: gaur elkarrizketa hau irakurtzen ari direnek haien gau-mahaitxoan mugikorra baldin badaukate, proposamen moduan esango nieke mugikorra gelatik ateratzeko; notifikazioak isiltzeko edo kentzeko eta detox asteburuak proposatzen ditut beti: asteburu bat mugikorrik gabe. Goazen mendekotasun horri modu kontziente batean aurre egitera eta goazen gure gorputzean bizitzera mugikorra ondoan ez edukitzeak zer esan nahi duen, guk hala erabaki dugulako. Ikusiko dugu nola sentitzen garen, familian harremana nola aldatzen den gure, ikaragarri aldatzen baita. Pantaila baten aurrean gaudenean ez gaude beste pertsona batekin kontaktu zuzenean, eta hori tristea eta kezkagarria da.

T. L.: Auzia gaizki planteatu izan dugu azken hamarkada honetan, ezezagutzagatik: auzia ez dago [sakelakoa] ondo edo gaizki erabiltzean, horrek aplikazio horien guztien benetako izaera zuritzea dakar eta erabiltzailearen esku jartzen du ardura guztia eta ez da horrela, ez da teknologia neutro bat, ez gara ari bizikleta nola erabili irakasten. Pertsona batengan gaitasunak eratu nahian ari gara zerbait adiktiboarekin harreman osasuntsu bat izan dezan, eta gaitasun horiek ez dituenean, erabiltzailea izan ordez, erabilia izango da. Eta ondorioak pairatuko ditu. Guztiak dauka adin bat, eta ez da ausazko kontua. Ume batek ez luke harremanik izan beharko horrelako smartphone batekin. Harremanak pertsonekin, naturarekin, artearekin eta benetan on egiten dioten gauzekin eta jarduerekin izan beharko lituzke.