48 znb | Gaia

Sakelako telefonoaren erabilera ahalik eta gehien atzeratzea. Horixe dute xede Tolosan Altxa burua! ekimenaren inguruan bildu diren gurasoek. Ezer inposatu gabe, familia bakoitzak bereerrealitatea bizi duela aintzat hartuta, hausnarketa bultzatu nahi dute, eta pantailen erabileran gazteenen bidelagun izateko trebatu.

 

Gurasoen ekimenez sortu zuten Tolosan Altxa burua! egitasmoa 2021-2022 ikasturtean. Pantailen eta, bereziki, sakelako telefonoen erabilera goiztiarrak edota desegokiak izan dezakeen eraginak kezkatzen zituen hainbat guraso, eta biltzea eta gai horren gainean lanean hastea erabaki zuten. Gurasoen ekimena izan zen, beraz, baina herriko ikastetxeen eta Tolosako udalaren babesa izan zuten hasiera-hasieratik eta pixkanaka herri osoak egin du bat Altxa burua! izeneko ekimenarekin: herritarrek, merkatariek, udalak, gurasoek eta ikastetxeek baietz esan diote gaztetxoek sakelako telefonoaren erabilera ahalik eta gehien atzeratzeari. Gutxitan gertatzen da herri oso bat ekimen beraren inguruan biltzea, baina Tolosan lortu dute. 

Ekimenaren inguruan bildu diren familiak ez daude teknologiaren aurka, erabilera egokia bultzatu nahi dute, ez besterik. Eta bide horretan, seme-alabei mugikorra emateko unea atzeratzea da euren asmoa. Askotan, lagun guztiek dutelako ematen zaie sakelakoa, eta inertzia hori hautsita, adina atzeratzeko konpromisoa hartu nahi dute, sakelakorik ez duten gaztetxoak taldean bakarrik geldi ez daitezen. Helburua telefono mugikorra izateko adina 16 urtera arte atzeratzea da, baina garbi dute ez dela batere erraza. 

 


“Gure seme-alabak, ikastetxe ezberdinetara joan arren, eskolaz kanpoko jardueretan edo kalean elkartzen dira eta pentsatu genuen zentzuzkoagoa zela ikastetxe bakoitza bere kontura aritu beharrean, ekimena herri mailakoa izatea”

Olatz Amonarriz, Gurasoa eta Altxa burua!-ko kidea


 

Guztiaren hazia

Herriko hiru ikastetxeetako gurasoak batu zirenean erein zuten Altxa burua! egitasmoaren hazia. Laskorain ikastolako, Orixe-Samaniegoko (Samaniego herri ikastetxeak eta Orixe BHIk osatua) eta Herrikide ikastetxeko gurasoak elkartu ziren. Laskorainen eta Herrikiden, Miren Rosekin abiatu zuten prozesua, Samaniego-Orixen berriz, Telmo Lazkanorekin. Bakoitza bere aldetik ari ziren, baina une batean horretaz jabetu eta elkarlanean hastea erabaki zuten. 

Lierni Armendarizek, Lurdes Oiartzabalek, Ixiar Aranak eta Olatz Amonarrizek azaldu dizkigute Altxa burua! egitasmoaren nondik norakoak. Tolosako Laskorain ikastolako guraso dira Armendariz eta Arana eta Herrikide ikastetxeko guraso, berriz, Oiartzabal eta Amonarriz. 

Oiartzabalek azaldu du nola hasi zen guztia: “Herrikiden, DBHn beste eraikin batera joaten dira ikasleak eta bazirudien aldaketa horrekin batera seme-alabei mugikorra ematea arau bihurtua zegoela. Gurasook kezka genuen eta nahiago genuen adina atzeratzea. Miren Rosek Zarautzen izan zuten esperientziaren berri (Gure aukera, guk 16) eman zigun guraso eskolan, gustatu zitzaigun eta kezka bera genuen gurasoak mugitzen hasi ginen. Gero jakin genuen ikastolako guraso talde batek ere kezka bera zuela”.  

 


“Autoritatea eta autoritarismoa nahasten dituen belaunaldikoak gara. Mugak jartzea kosta egiten zaigu eta askorentzat limiteak izugarriak dira, baina mugak beharrezkoak dira”

Lierni Armendariz, Gurasoa eta Altxa burua!-ko kidea


 

“Gure seme-alabak, ikastetxe ezberdinetara joan arren, eskolaz kanpoko jardueretan edo kalean elkartzen dira eta pentsatu genuen zentzuzkoagoa zela ikastetxe bakoitza bere kontura aritu beharrean, ekimena herri mailakoa izatea. Ikastolan eta Samaniegon horretan ari zirela jakinda poz handia sentitu genuen denok elkarrekin urrunago iritsiko garela pentsatuta”, aipatu du Amonarrizek. Elkartu egin ziren, beraz, eta modu horretan indarrak bildu zituzten. Topic-en, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan egindako bilerarekin jarri zuten honen guztiaren hazia. Amonarrizek azaldu du nolakoa izan zen: “Miren Rosekin, Telmo Lazkanorekin eta Jon Bustillorekin egin genuen bilera hura eta udalari guztia kudeatzeko eskatu genion. Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariak bertan izan ziren eta hasieratik izan genuen haien babesa”. 

Sakelakoen eta gailu digitalen erabilera murriztu nahi dute, erabilera egokia bultzatu, baina inori ezer inposatu gabe Amonarrizek azpimarratu duenez: “Guk pentsatzen duguna esaten dugu, baina gero bakoitzak erabaki behar du zein den bere bidea, familia bakoitzak bere beharrak baititu”. Zentzu horretan, seme-alaben lagunen gurasoekin sarea lortzearen garrantzia azpimarratu du Armendarizek.

Segurtasunaren izenean ematen zaizkie maiz telefono mugikorrak eta smartwatch motako erlojuak geroz eta gazteagoak diren umeei. Segurtasunaren izenean edo lagun gehienek badutelako. Gurasoen beharrak eta beldurrak egoten dira maiz erabaki horren atzean. Armendariz argi mintzatu da: “Autoritatea eta autoritarismoa nahasten dituen belaunaldikoak gara. Mugak jartzea kosta egiten zaigu eta askorentzat limiteak izugarriak dira, baina mugak beharrezkoak dira”. “Orain dena jartzen da zalantzan eta seme-alabei zerbait ematen ez diegunean, justifikatu egin behar dugu. Gutxiago sentituko direnaren beldur gara”, jarraitu du Aranak. 

Gurasoen eta seme-alaben nahiak, maiz ez datoz bat gai horren bueltan eta haurra nolakoa den ere kontuan izan behar dela dio Aranak: “Umea nolakoa den eta egoera bera ere kontuan hartu behar dira. Guk senide zaharrenari eman geniola eta berari ere garai berean eman beharko diogula esaten digu alabak, bestela jokatzea ez dela justua. Nik erantzuten diot justua ez dena dela nik desegokia dela pentsatzen dudan zerbait egin behar izatea, alegia, sakelako telefonoa ematea, inguruko gehienek badutelako”. 

Familia bakoitzak, etxe bakoitzak bere arauak, beharrak eta funtzionamendua ditu, baina hau arazo komuna dela dio Amonarrizek, eta sakelako telefonoaren erabilera atzeratuz, umeak ume izan daitezen pittin bat gehiago lagundu dezakegula guztiok.

 

Ikastetxeen babesa

Gurasoak gaia astintzen hasi eta berehala, herriko hiru ikastetxeek gaia lantzeko prestutasuna agertu zuten. Gurasoek ikastetxeei konpromisoa sinatu zezaten eskatu zieten eta hala egin zuten. Armendarizek zehaztu du zein den ikastetxeetan egiten ari diren lana: “Seme-alabei telefono mugikorra ez emateko konpromisoa hartzen dugu eta eskolak epe horrekin bat egin dezagun laguntzen digu guraso guztiei mezua helaraziz: ikasturte hasieran Gabonak arte, Gabonen ondoren, Aste Santura arte… Bestela, guretzat, oso zaila da guraso guztiengana iristea”. Ikastetxeek gurasoei laguntzen diete, baina ez dute prozesuaren gidaritzarik hartu. Hori bai, haien azpiegitura eta baliabideak familien esku uzten dituzte, bilerak egiteko edota hitzaldiak antolatzeko, besteak beste. Bestelako neurriak ere hartu dituzte ikastetxeetan: sakelakoa patioan erabiltzearen gaiari heldu diote eta hainbat kasutan adin jakin batera arte patioan mugikorra erabiltzerik ez dagoela adostu dute. Amonarrizek zehaztu duenez, eskola eremuetan eta eskola ordutegian ezin da sakelako telefonoa erabili: "Hori arautua dago, eta patioa eskolako eremua izanik, arau berdinen mende egon behar duela ulertzen dugu" 

Eta ikastetxeak soilik ez, kalera ere iritsi da ekimena eta Tolosako merkatariak ere burua altxatzen laguntzeko prest agertu dira. Ehun dendatik gora batu zaizkio jada Altxa burua! ekimenari eta atean edota erakusleihoan “Gurea erabili dezakezu” mezua duen eranskailua jarri dute (ekimen hori, besteak beste, Donostiako Alde Zaharrera ere heldu da). Umeren batek edo gaztetxoren batek etxera deitzeko beharra baldin badu, pegatina gorria duen saltokiren batera sartu eta deitzeko aukera du. Amonarrizek azaldu du nola bururatu zitzaien eranskailuaren ideia: “Guraso batzuek esaten zuten beldurra zutela euren seme-alabek autobusa galduz gero, adibidez, nola jarriko ote ziren haiekin harremanetan. Eta pentsatu genuen, garai batean bezala, umeek nonbaiten sartu eta bertatik deitzeko eskatu zezaketela. Haurrek eta gazteek leku horiek identifikatzeko eranskailuak jartzea bururatu zitzaigun, Tolosa&co merkataritza elkartearekin harremanetan jarri ginen eta ideiak oso harrera ona izan zuen. Udalak eranskailuak egin zituen, eta gero eta denda gehiago ari dira ekimenera batzen”.

 

Kezkak eta ilusioa

Hau hirugarren ikasturtea dute eta balorazio ona egiten dute denek ere. Hala dio Amonarrizek: “Neurketa egiteko eskatu genion Herrikideri. Bagenekien DBHko 1. mailara ikasle asko sakelako telefonoarekin joaten zirela eta hurrengo urtean, laurdenak egin zuen DBHko 1. maila sakelako telefonorik izan gabe. DBHko 2. mailan ere bada halako gailurik ez duen taldetxo eta orain, beste neurketa bat egin dezan eskatu digu ikastetxeari. Baina ikusten dugu adina pixkanaka atzeratzen ari dela”.  

Armendarizek beste kezka bat jarri du mahai gainean: “Pantailen erabileraz, sakelako telefonoa erabiltzeko adina atzeratzeaz ari gara, baina DBHko 1. mailara era iristen dira eta ikastetxe askotan chromebook-a ematen diete. Kontraesan handia da”. Ikasgelan ez ezik, etxean ere erabiltzen dute eta horren aurrean kezka azaldu du Aranak: “Etxe bakoitzak bere errealitatea dauka, baina ordura arte etxean pantaila lan zehatz baterako erabiltzen baldin bada edo pantailen erabilera oso arautua dagoen eremua baldin bada, chromebook-a  kolpetik etortzen zaizu eta dena berrantolatu beharra eta mugak jarri beharra dakar”. “Zalantzarik ez da: eskolan alderdi digitala landu behar dute, mundu digitalean bizi gara eta gure seme-alabek ingurune horretan moldatzen ikasi behar dute, baina pentsatu beharko litzateke zein neurritan eta zenbat ikasgaitan erabili behar diren pantailak eskolan eta etxera egunero ekartzea beharrezkoa ote den. Agian erdibideko zerbait egin liteke”, dio Amonarrizek.  

Kezkak kezka eta orain arteko balorazio ona eginda, Altxa burua! egitasmoko kideek ilusioz begiratzen diote etorkizunari. Euren seme-alabentzat soilik ez, datozen belaunaldientzat ere ari dira lanean gaia beste era batera landu behar dela uste dutelako eta, modu batera edo bestera, denok zipriztintzen gaituen gaia delako. Eta, bide horretan, begirada Tolosatik kanpora jarri dute azken urtean. Iazko ekainean hainbat herritako taldeak elkartu ziren lehen aldiz eta azaroan egin zuten bigarren bilkura. Datorren ekainean egingo dute hirugarrena. Helburua, gai horren gainean lanean ari diren herrien artean informazioa trukatzea, elkarren berri izatea eta sarea osatzea da, baita taldea osatzeko asmotan ari direnei laguntza ematea ere. Pixkanaka-pixkanaka denok burua altxa dezagun. 

 

Sakelakoaren erabilera egokirako dekalogoa

Seme-alabei sakelako telefonoa ematerakoan kontuan hartu beharrezko alderdiak dekalogo batean bildu zituzten Tolosan. Ikastetxeetan egindako proposamenak aintzat hartuta proposatu zituen ondorengo hamar neurriak, betiere adinaren arabera egokitzeko: 

1. Eredu izan. Helduok seme-alabei eskatzen diegun horren eredu izan behar dugu.

2. Mugak. Ez izan beldurrik mugak jartzeari. Hobe da neurri gutxi hartzea baina horiei tinko eustea, asko hartzea eta malguegi jokatzea baino.

3. Sakelakoa ez da guztia egiteko gailua. Ez erabili gailu “unibertsal” moduan: iratzargailua, agenda…

4. Ordutegia. Ordutegiak ezarri (erabiltzeko nahiz mezuak bidaltzeko). Jakinarazpenak mugatu edo isildu.

5. Non ez? Eremuak mugatu eta etxean “gailurik gabeko” guneak izendatu.

6. Aurrez aurreko harremana lehenetsi. Aurrez aurre esatera ausartzen ez bazara, ez esan telefonoz. Errespetua beti. 

7. Ez da oparia. Erabiltzeko emandako gailua da. Oparia baldin bada, jabeak “nahi duena” egin dezake. Ez da zigor neurria ere (ez “kendu” mugikorra gatazkak amaitzeko neurri gisa). 

8. Kontrolerako aplikazioak. Family link eta horren moduko aplikazioak ez dira muga jartzeko konponbidea. Komunikazioa da gakoa. 

9. Ulermena. Interesa izan kontsumitzen duten hori haientzat garrantzitsua zergatik den ulertzeko. Adostasunak bilatzen saiatu. 

10. Adeitasuna. Izan adeitsua zeure buruarekin, errua sentitzeak ez baitu laguntzen. Geure seme-alabentzat onena nahi dugu. 

Horrez gain, Izarkom, Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak 2023ko abenduan argitaratu zuen Nerabeak mugikorra izate bidean laguntzeko helduentzako gida-n parte hartu zuen Altxa burua! egitasmoak. 

 

Ikastetxeak bide berean

Gurasoak martxan jarri ondoren, lankidetzarako deia egin zieten Tolosako hiru ikastetxeei eta guztiek egin zuten bat Altxa burua! ekimenarekin. Ahal duten guztian laguntzeko prestutasuna izan dute hasieratik eta bidea elkarrekin egiten ari dira. Julen Ezkiaga, Laskorain ikastolako Lehen Hezkuntzako zuzendariak, Samaniego-Orixe ikastetxeko Jone Iriarte irakasleak eta Herrikide ikastetxeko 0-12ko zuzendari Joseba Antxustegietxartek Altxa burua! ekimenaren garrantzia azpimarratu dute. Gurasoek hasieratik egin duten akuilu lana azpimarratu du Ezkiagak: “Domina gurasoei jarri behar zaie. Guk bitartekari lana egin dugu, ahal izan dugun neurrian erraztasunak eman dizkiegu, baliabideak eskura jarri dizkiegu eta gure sareak baliatzeko aukera eman diegu proiektuari ahalik eta oihartzun handiena emateko”. 

“Ikastetxe bakoitzak beretik jarri du indarra, baina herria osotasunean hartuta landuz gero, egitasmoak herri hezitzaile gisa askoz ere indar handiagoa izango zuela ikusi genuen, eta helburua sakelako propioa izatea 16 urtera arte luzatzea izanik, zentzu handiagoa duela denek batera jotzea”, esan du Iriartek. “Kalean umeek eta gurasoek zirkulu nahasiak dituzte eskolaz kanpoko jardueretan, parkean… eta familiek oso garbi ikusi zuten gaia herrian lantzearen eta sarea sortzearen beharra”, gaineratu du Antxustegietxartek. 

Seme-alabei sakelakoa edo smartwatch-a ematea gurasoen erabakia da eta zentzu horretan, eskolak lagundu dezakeela, baina lana etxetik hasten dela uste dute denek. Eta mugak jartzearen garrantzia azpimarratu dute: “Mugak jarri behar ditugu, erabilera arautu behar dugu eta ondoren guk, horrekin koherenteak izan behar dugu”, adierazi du Antxustegietxartek. 

Halako gailuek dituzten ondorioei ere erreparatu diete: “Haurrei eta gazteei pertsona gisa garatzeko oztopoak jartzen dizkiegu eta ez gara horretaz jabetzen. Albo-kalteak handiak dira eta horretan ere pentsatu behar dugu”, adierazi du Antxustegietxartek. Alderdi positiboari begiratzearen eta erabilera egokia bultzatzearen alde egin du, berriz, Ezkiagak: “Nork bere buruaren antolaketan lagundu dezaketen tresna mordoa daude, adibidez. Kontua da zeri begira jartzen ditugun, zeren pantailek abantailak izan ditzakete, baina ez daude prest hori guztia euren kasa kudeatzeko. Kritiko izateko eta informazio fidagarria identifikatzeko entrenatu behar ditugu”. 

Natibo digitalaren kontzeptuarekin kritiko agertu dira, bestalde, gaur egungo gizartean jaiotzeak ez duelako esan nahi haurrek eta gaztetxoek teknologia erabiltzen dakitenik: “Kalean kotxeak daude, baina denok ez dakigu kotxea gidatzen. Eta kotxea gidatzeko azterketa teorikoa eta azterketa praktikoa gainditu behar dira”, jarri du adibide gisa Antxustegietxartek. 

Pantailen erabilera egokia egiteko informazioa, formazioa eta baliabideak behar dituzte haurrek eta gazteek. Tolosan, bide horretan aurrerapausoak ematen ari dira eta gustura daude orain arte lortutako emaitzekin.