Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
HELDUEN OHITURAK
Gure 7 urteko alabaren gelako gurasoekin elkartzen naiz ikastolatik atera ondoren eta desoroso sentitzen naiz hizkuntza dela-eta, gazteleraz aritzen direlako. Ez naiz ezer esatera ausartzen, baina zerbait esan nahiko nieke. Zer gomendatzen didazu?
SEME-ALABEI hizkuntza ohituretan laguntzera begira, zalantzarik gabe, gurasook eredu izatea oinarri oinarrizkoa da. Baina ulergarria da gaia edozeinekin eta edozein momentutan mahai gainean jartzea erraza ez izatea. Hasteko, beharbada guraso horiei ez zaizkielako seme-alaben hizkuntza-ohiturak ardura eta gaia bera nahiko arrotza egiten zaielako, edota beste batzuen kasuan, beharbada deserosoa egiten zaielako, eta beraien jokabidea "epaitzen" ari garen sentsazioa izan dezaketelako.
Beraz, gaiaz eroso aritzeko modua aurkitzea lortu beharko litzateke, eta horretarako lotura zuzena duten ekimenak baliatu ditzakezu. Adibidez: Euskaraldia edo Haurren aurrean helduok heldu. Bi horien kasuan girotze lan bat egiten da eta hizkuntza-ohituren gaia esplizitua da. Txaparekin edo dela delako adierazgarriarekin bagoaz, eta ekimenaren giro horren barruan, askoz errazagoa izan daiteke gaia atera, gure kezkak adierazi eta konplizitateak bilatzea.
Horrekin lotuta, beste aukera bat herrian edo ikastetxean Gurasoen Euskara Batzordea sortzea da (edo, baldin badago, bertan parte hartzea). Gaiarekin arduratuta gauden gurasoak elkartu gaitezke eta sentsibilizazio eta aktibazio jarduerak antolatu. Adibidez, ikastolako sarrera irteeretan gurasoen artean euskararen erabilera indartzeko ekimenak. Azken batean, testuinguru egokia sortzea lortzen badugu, errazagoa da gaiari buruz hitz egitea, beste gurasoak sentsibilizatzea, baliabide praktikoak aurkeztea eta helburu batzuk lortzea.
NERABEAK
Guraso gisa, alaba nerabearen lagunarteko hizkuntza ohituretan ezin dugu orain arte bezala esku hartu eta eragin. Hori onartzeak, dolu moduko bat suposatzen du guretzat. Dolu horretan laguntzeko aholkurik edo estrategiarik baduzu?
NERABEEI HIZKUNTZA-OHITUREKIN zuzenean laguntzea, zalantzarik gabe, zailagoa da. Txikiagoak direnean beraien elkarrizketetan sar gaitezke, jolasak proposatu, gure ustez egokienak diren jardueretara bideratzen lagundu eta abar. Nerabezarotik aurrera hori guztia askoz zailagoa da. Baina horrek ez du esan nahi ezin diegunik lagundu.
Hasteko, hizkuntza-ohiturei begira oinarri on bat jartzen saiatu ote garen aztertu behar dugu. Hau da:
• Euskara aberatsa eskaini diegu? Hizkera informalera begira euskaraz ere badituzte baliabideak?
• Beraien inguru hurbilean euskararen erabilerarekiko eredu egokiak ikusten dituzte? Ahobizi jarrera duten asko daude?
• Orain arte euskarazko bizipenak asko izan dira? Badituzte euskarazko erreferenteak?
Oinarria ona bada, epe ertainera ondorioak ikusiko ditugu: 17 edo 18 urterekin, hizkuntzarekiko motibazio kontzienteagoak ere agertzen dira, eta beraien bizitzan egoera berriak ere sartzen dira (unibertsitatea, harreman sare ezberdinak eta abar). Oinarria ona bada euskararekiko jarrera aktiboak ikusiko ditugu.
Bitarte horretan hizkuntza-sozializazioan laguntzeko baliabideak eskaintzen jarrai dezakegu. Adibidez:
• Euskarazko erreferenteak izan ditzaten erraztuz: euskarazko kultura beraien eskura jarriz (Durangoko Azokara joan, Gaztezulo aldizkariaren harpidetza egin...) edota euskarazko taldeen kontzertuetara joan daitezen erraztasunak emanaz, eta abar.
• Eragile izan daitezkeen lekuetara animatuz eta bideratuz: institutuko gazteen euskara batzordean parte hartzera animatuz edo erraztuz, Korrikan edo Euskaraldian parte hartzera animatuz, eta abar.
• Bizipenak izan ditzaten lagunduz: euskarazko udalekuak, ekitaldiak eta abar.
Hizkuntza-sozializazio prozesu batean daude eta zaindu behar ditugu, besteak beste, euskaraz bizipen eta erreferente asko izatea, euskara erakargarria izatea, eta euskaraz bizi diren talde eta giroekin harremana izatea. Horrela jokatzen badugu, ondo laguntzen ari garenaren sentsazioa izango dugu eta ondorio positiboak ere ikusiko ditugu.
FAMILIA EUSKALDUNAK
Gure seme-alaben hizkuntza ohiturek kezkatuta, lau familiak taldetxo bat egin dugu planak elkarrekin egiteko eta gure zirkuluan euskaraz aritzeko. Baina hala ere, beste haur eta guraso batzuk elkartu orduko, arratsaldeetan adibidez, erdaraz hasten dira gure umeak ere. Gasteizen bizi gara eta nola blinda genezake haur euskaldunen arteko zirkulua?
SEME-ALABEI arnasguneak eskaini nahi izatea ideia oso ona da. Arnasguneak dira hizkuntza aukeratzea beharrezko ez diren egoerak. Etxean euskaraz egiten badugu, etxea euskararentzat arnasgune bat da. Edo, familia mistoen kasuan, gurasoetako batekin harremana izango da arnasgunea.
Aipatzen duzuen ekimenaren bidez hori da bilatzen duzuena: seme-alabei egoera ludikoetan arnasgune bat eskaintzea. Testuingurua euskalduna ez denean, ideia ona eta oso onuragarria seme-alabentzat. Baina benetako arnasgunea izan ahal izateko egoera babestu beharko duzue, eta hori zailagoa da. Ideia moduan, kontuan hartu ekimenari izaera formalagoa edo antolatuagoa ematea. Hau da, kanpotik ere ikus dadila zerbait antolatu edo bideratua dela. Adibidez, modu honetako ideiak hartu ditzakezue kontuan:
• Ekimenari (elkartze egoera horiei) izen bat jarri eta adierazgarri bat prestatu: txapak, txartelak, biserak...
• Seme-alabei modu esplizituan azaldu ekimenaren helburua: beraiek euskaraz jolasteko eta ondo pasatzeko guneak eta harremanak eskaini nahi dizkiegula.
• Baina gurasoei begira ere zein jarrera hartzea nahiko genukeen ondo zehaztu eta guztion artean elkarbanatu:
1- Gure artean euskaraz egin behar dugu, ondo edo ez horren ondo, baina euskaraz.
2-Jarrera aktiboa izan behar dugu eta seme-alabei lagundu euskaraz egin dezaten beraien elkarrizketetan parte hartuz, jolasak proposatuz, eta abar. Hau da, guk eragiten badugu beraientzat errazagoa izango da euskara mantentzea.
• Elkartzen zareten egoeretan, denok batera egingo duzuen jarduera batekin hasi: jolas bat, adibidez. Ondoren, jolas librea izango den edo bideratutako jardueraren bat ere egingo ote den baloratu.
• Horrela eginda haurrek argi dute helburua, eta guretzat errazagoa da laguntzea, gurasoek ere argi dute nola jokatu beharko genukeen, eta beste guraso batzuk hurbiltzen badira, gonbidatu egin ditzakegu baina jarrera jakin hori proposatuz eta horrela jokatzearen arrazoiak azalduz.
Bide batez, baliatu horrelako ekimenak seme-alabekin hizkuntza-ohiturei buruz hitz egiteko. Ikus dezatela guk nahiko genukeela beraiek euskara asko erabiltzea, euskaraz lagunartean ere gustura aritzea, bizipen asko euskaraz izatea eta abar. Seme-alaben adinaren arabera, beharbada aipamen batzuk edo elkarrizketa laburrak izango dira, baina beraiek egoeraz jabetzen hasteko eta euskararen erabilerarekiko jarrera batzuk lantzen hasteko modu ona da.