Aingeruak eta neskameak eta Amatxo bolloen tribua liburuen egileari elkarrizketa.

 

Bere kazetaritza lanek eta aktibismoak genero disidentzia izan dute ardatz nagusi. Amatxo bolloen tribua liburuak gurasotasunera ekarri zuen ikuspegi hori. Berriki Aingeruak eta neskameak saiakera argitaratu du, “alokairuzko sabelei” buruz.

 

Erreferentzia berriak sortzeko ahaleginean dihardu kazetaritzatik June Fernandezek (Bilbo, 1984). Berriki, haurdunaldi subrogatuei buruzko liburu bat argitaratu du Lisiperekin: Aingeruak eta neskameak. Aurretik, Amatxo bolloen tribua (Histeria kolektiboa) liburuan, ama bolloentzako eta “gauzak beste modu batera egin nahi dituzten gurasoentzako” erreferentzia berriak bilatu zituen. Teoria, elkarrizketak eta lau urteko bere amatasun esperientzia uztartuz, espektatiben eta errealitatearen arteko kontraesanak azaltzen ditu Fernandezek etengabe liburu horretan eta baita  elkarrizketa honetan ere.

 

Aingeruak eta neskameak saiakeran subrogazioari heldu diozu, eta haurren ikuspegia oso presente izan duzu zure bilaketan. Nola enfokatu duzu liburua?

Haurdunaldi subrogatuaren gaiari zazpi ikuspuntutatik heldu diot liburuan: legegintza, filosofia, gizarte zientziak, kultura, ikuspegi antiarrazista, eta abar. Horietako bat familia aniztasunaren ikuspuntua da. Mugimendu feministan diskurtso zabalduena alokairuzko sabelak emakumeentzat indarkeria direla da eta umeen salerosketa direla. Elkarrizketatu askok, alde ala kontra egon, kezka bat erakusten dute: ume horiek dagoeneko gure gizartean daude eta mezu hori jasotzen dute eskoletan, “zure gurasoek zu erosi egin zaituzte”, eta hori oso bortitza da. Haur horien benetako ama ernaldu dituena dela esatearekin adopzioko umeek eta familia homoparentalon seme-alabek bizi izan duten eztabaida errepikatzen ari gara. Familia aniztasuna lantzeko hezkuntzako gidetan subrogazioa sartu beharko al litzateke? Non jarri behar dugu muga? Arazoa merkantilizazioa baldin bada, obodonazio bidez jaio diren umeekin zer gertatzen da? Bestalde, umeek haien familia ereduaren erreferentziak izateko eskubidea dute; familia bolloen kasuan hori argi ikusten badugu, nola ukatuko diegu hori bera subrogazioaren bidez jaio direnei? Umeekiko begirada zaindu nahi izan dut liburuan.

 

Amatxo bolloen tribua liburuan, bollo izendatzearekin, ahalduntze bat adierazten dute liburuan parte hartu duten ama horiek. Zentzu politikoa eman nahi izan diozu gurasotasun eredu horri?

Bollo hori geure burua ahalduntzeko ariketa bat da. Publikoan errespetuzko hizkuntza mantentzen da, eta aurrez aurre ez digute bollo deituko, baina, oraindik ere, gaizki ikusia dago ama lesbiana izatea. Badirudi “euskal oasian” gai hori landuta daukagula, eta familia bolloak onartuak gaudela, baina egunerokoan gauzak ez dira batere errazak. Gure kasuan gurea familia bolloa dela, baina ni ez naizela homosexuala zehaztu beharko genuke, bisexuala baizik, eta nire bikotekide ohia ez-bitarra dela. Hala ere, ahalduntze ariketa horretan sartzen gara.

 


“Nik uste dut gai asko eta familia eredu askotarikoak ikusgai egiten ari garela, eta eztanda hori behar genuela”


 

Ama bolloek gauzak beste modu batean egiteko intentzioa duzuela diozue liburuan. Ekarri nahi zenituzten “beste modu horiek” gauzatzea lortzen al duzue ala xede izaten jarraitzen dute?

Elkarrizketatu ditudan ama bolloak bollo feministak dira eta ez dakit esaten ama lesbiana guztien artean gauza jakin batzuk betetzen diren ala ez. Adibidez, uste dut ardurak gehiago banatzen direla: mundu heteroan zaintzaren lanak banatzearena arazo bat da; bollo feministen kasuan oso nabarmena da ardurak, kezkak eta inplikazioa banatuago daudela, baita zama mentala ere. Liburuan adibideak ikusten dira: guraso bolloak oso modu berdinzalean prekarizatzen gara ume bat jaiotzen denean, bi gurasook nahi dugulako eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu, biok murgildu nahi dugulako haurraren zaintza proiektu horretan.

Beste familiei zer erakutsi badaukagula uste dut nik. Adibidez, bollo feministon kezka genero rolak zalantzan jartzea da. Beraz, gai hori oso presente daukagu umeak hezteko moduan eta gurasook ere erreferentzia gara askotan; guraso mari-mutilak, guraso transak edo estetika eta rol desberdinak edukitzea denentzako eredugarri izan daitekeela uste dut, oro har inguruan ditugun familiak normatiboagoak baitira. Gu geu erreferentzia heteroekin hazi eta bizi izan gara, eta orain, gauzak beste modu batean egin nahi dituzten gurasoentzat guraso bolloak zenbait gauzatan eredu izan gaitezkeela uste dut.

 

Elkarrizketa askotan ereduen gaia ateratzen da, ama izan nahi duten eta gauzak beste modu batean egin nahi dituzten emakume bolloek bizi izan duzuen erreferentzia gabezia nabarmena da. Harago, ama feminista eta desiratzailearen erreferentziak eraikitzeko beharra aldarrikatu izan duzu. Ari al gara erreferentziak eraikitzen?

Bai, nik uste dut baietz; pila bat. Erreferentziak eraiki ditugu, eztanda argi bat dago eta oso zabala da: Ama M Ume bezalako liburuak, Oihana Iguaranen eta Amaiur Luluagaren Amarauna ikuskizuna, Alaine Agirreren Karena liburua heriotza perinatalaren inguruan, Amatasunak podcasta, Silvia Allende bilbotarraren Mamá Folla fanzinea… Nik uste dut gai asko eta familia eredu askotarikoak ikusgai egiten ari garela eta eztanda hori behar genuela.

Gauzak ea benetan desberdin egiten al ditugun galdetu didazu eta, zintzoak izanda, badago talka bat, eta liburuan ere agertzen da, espektatiben eta errealitatearen artean. Neurosi moduko bat daukagu ama bolloek: alde batetik, gu feminismo queer-etatik gatoz, eta beraz, biologiaren determinismoa zalantzan jartzen dugu; bi emakume izanik, haurraren zaintzan guraso biok antzeko rola izango dugula iruditzen zaigu, bi ama izango garela eta kito, berdin duela haurdun egon ala ez… Baina, aldi berean, atxikimenduzko hazkuntza oso modan dago eta haurrari bularra nahieran ematen diogu... eta hor espero ez genituen desorekak agertzen dira bi amon artean. Gai hori, ama bolloen artean, ia obsesio bilakatzen da. Ez genuen hala izaterik espero, baina errealitatean gertatzen da, kasu askotan behintzat, haurdunaren eta ez- haurdunaren funtzioak nabarmenki desberdinak izatea. Hori guztia berkokatzea erronka bat da. Espero ez genituen egoerak gertatzen dira: funtzio ezberdinak izatea, ez-haurdunak dolua bizitzea, zeloak izatea edo ez-leku batean sentitzea, eta, aldian-aldian, doikuntzak egin behar dira.

 


“Gu feminismo queer-etatik gatoz, eta biologiaren determinismoa zalantzan jartzen dugu; aldi berean, atxikimenduzko hazkuntza modan dago, eta hor espero ez genituen desorekak agertzen dira bi amon artean”


 

Maila ideologikoan eta teorikoan gauzak argi ditugula, baina gero, amatasuna gorputzetik pasatzen denean, erreferentzia teorikoek eta ideologikoek ez digutela balio esan nahi al duzu?

Niri kontraesanetan sakontzea interesatzen zait; ez nator esatera ama bolloen errealitatea perfektua denik, ez delako; baina ama bollook dakartzagun eredu berriak interesgarriak direla iruditzen zait, guztientzako. Nik uste dut gurasotasun queer-ak interesgarriak direla, beti ere, idealizazioekin kontuz ibiliz. Gracia Trujillok Maternidades cuir liburuaren harira esaten zuen ez dagoela ama lesbiana damuturik, gure prozesuak oso kontzienteak, oso desiratuak eta oso luzeak direlako… Baina hor ere idealizazioekin kontuz ibili behar dugu. Eta, nire kasuan, hartu dudan zaplaztekoa handia izan da, hain zuzen ere, amatasuna bonba bat delako: intuizioak agintzen dizu, gain-ideologizazioak ez du mesederik egiten…

Amatasun bollotik harago, kezkatuta nago gai honekin: alde batetik, intuizioa, naturala, animalia goraipatzen da, emeak garela eta emeak garen aldetik, gure kumeek gure gorputzean egon behar dutela esaten zaigu, haiekin lo egin behar dugula, bularra eman… baina, bestalde, heziketak oso kontzientea eta errespetuzkoa izan behar du, oso neurtua eta ezin dugu amorrurik adierazi… Beraz, edo bata edo bestea. Uste dut amok momentu konplexu batean gaudela. Autoexigentzia itzela daukagu, kulpa itzela eta, gainera, gainprestatuta gaude, hau da, irakurketa pila bat ditugu eta master bat egingo bagenu bezala prestatzen gara amatasunerako, baina, aldi berean, ez daukagu babesik eta ez daukagu sarerik zaintzarako eta, are gehiago, ama bolloen kasuan. Askok jatorrizko familiarekin apurtu beharra izan dugu. Nire kasuan, nire amarekin daukadan harreman gatazkatsuaren faktore bat bere lesbofobia da, eta nire moduan, hori askok bizi izan dugu. Orduan, hautazko familia queer-ak eraiki ditugu, baina gero, ama izatea erabaki dugunean, giro queer horietan umeak ez dira oso ongietorriak izan, edo gure prozesuak ez dira ongi ulertu. Konplexua da egoera.

 

Etengabe aipatzen da armariotik atera beharra, nahiz eta belaunaldi desberdinetako amak izan.

Astuna egiten da etengabe umearen aitaz galdetzea. Gure umea jaio zenean, gurasotasun baimenak eskatzera joan ginenean, —2019an, artean, “amatasun baimena” eta “aitatasun baimena” ziren—, funtzionarioari nire bikotekidearen datuak sartzean errorea ematen zion, “sistemak ez du errekonozitzen, aita emakumezko bat baita”, esan zuen. Liburuko lehenengo ama bolloen seme-alabek dagoeneko 20 urte dituzte, eta badirudi urte asko pasa direla eta gaur egun dena oso anitza dela eta gaia oso onartua dagoela, baina ez da hala.

 

Beldurra ere etengabe aipatzen da elkarrizketetan. Ezkondu eta ernalkuntza osasungintzaren kliniketan egin beharra izan dute gehienek, bi gurasoek legezko aitortza izan dezaten.

Beldurra gero eta handiagoa da eta logikoa da: Italian, hain zuzen ere, ama ez-haurdunei gurasotasuna kendu die Georgia Melonik. Eta Madrilen badirudi, Isabel Ayuso horren aldekoa dela. Lau urte barru Espainiako Gobernuan PPk eta VOXek gobernatzen baldin badute, gauzak aldatu egingo dira; beraz, benetako arrazoiak ditugu beldurra izateko.

Hori esanda ere, ugalketa lagunduaren inguruan sortzen ari den industriak asko kezkatzen nau. Kontraesan handia daukagu, baita nik neuk ere: beldurragatik zirkuitu batean sartzen gara, non izugarrizko dirutza gastatzen dugun klinika pribatuetara joanaz, askotan osasungintza publikoan dinamika askok prozesua atzerarazten dutelako.

 


“Liburuko lehenengo ama bolloen seme-alabek dagoeneko 20 urte dituzte, eta badirudi urte asko pasa direla, dena oso anitza dela gaur egun, eta oso onartua dagoela, baina ez da hala


 

Liburuko azken familiak kontatzen du lagun batek eman ziela semena eta etxean egin zutela intseminazioa.

Bide hori hartzeari beldurra izan diogu askok, egunen batean semen emaileak aitatasuna aldarrikatuko balu, epaile askok gizonari arrazoia emango lioketelako. Duela gutxi arte, haurra erregistratzeko garaian, ama ez-haurduna aitortzeko, ezkondua egotea beharrezkoa zen eta ernalketa zentro batean egin zela frogatu behar zen, ez etxean.

Beldurra oso presente dago eta gure familia ereduek bizi duten aitortza falta erantsi behar zaio izu horri: haurdun izan ez den amaren guraso batzuek ez dute ume hori bilobatzat hartzen, gure gizartean genetikari pisu handia ematen zaiolako. Nire familia lesbofoboaren aurrean, aitortza garrantzitsua izan da nire bikotea familia-liburuan agertzea. Gero, ezkontzea, zentro batera joatea… bide hori hartu dugunoi heteroarauaren bidea hartzen ari garela esaten digute queer feminismotik. Gu inposatu zaigun bidera egokitzen ari gara, guraso izan nahi dugulako. Gauzak beste modu batera egin nahiko genituzke, ugalketa proiektuak kolektibizatu nahiko genituzke, baina beldurra handia eta zentzuzkoa da.

 

Erreferentzia falta are handiagoa adierazten dute ama ez-haurdunek. Nola lantzen da ama ez- haurdunaren figura?

Etengabe aipatzen dute euren aitortza zalantzan dagoela. Niri esan izan didate ea pentsatu dudan ama bakarrentzako laguntzak eskatzea, nire bikotekidea “laguntzat” hartzen zuelako nire familiak. Mamu horrekin bizi gara, eta bereziki ama ez-haurdunak. Bestelako beldurrak ere sortzen zaizkie ama ez-haurdunei eta badaude hainbat tabu ere: dolu genetikoarena, adibidez. Zintzo hitz egiten ari baldin bagara, aitortu behar dugu guraso askorentzat dolu genetikoarena dolu bat dela.

 


“Beldurra gero eta handiagoa da, eta logikoa da: Italian, hain zuzen ere, ama ez-haurdunei gurasotasuna kendu die Georgia Melonik”


 

Familia egitura bera hausnarketara eraman duzu sarri Pikara aldizkarian egin dituzun erreportajeetan. Bi gurasotik haragoko konfigurazioen alde ere egin izan duzu. Zer onura ekarriko lizkioke haur baten zaintzari gaur egungo familiaren egitura zalantzan jartzeak?

Nik uste dut arazo sozial argi bat daukagula: familiak gero eta egitura txikiagoak dira, bizimodua gero eta indibidualistagoa da eta, zentzu horretan, nik uste dut queer komunitatean sortzen ditugun hautazko familiak interesgarriak direla. Kasu askotan, gainera, hazkuntzan parte hartzen dute. Liburuan Elenaren historia daukagu: ama bakarra da eta Emakume Asanbladako lagun minek bere bikiekin izeko figura eta astean behin haiekin egoteko konpromisoa hartu dute. Baina egia da, baita ere, errealitatean hori ez dela gertatzen nahi beste; errealitatean zaila egiten zaigu familiaren pisua deseraikitzea. Liburuko beste protagonista batek kontatzen du bere ama bere lagunak baino askoz urrutiago bizi dela, baina laguntza behar duenean hari eskatzen diola. Amamari konpromiso handiagoa egozten diogu.

Familia hitzari baino potentzial handiagoa ikusten diot politikoki eta teorikoki komunitateari, nahiz eta afektiboki, niretzat, familiak izan duen balioak pisu handia daukan. Epe luzean, komunitatea aldarrikatzea eta alternatibak bilatzea beharrezkoa izango dugu eta, horretarako, ereduak zabaldu behar ditugu. Hor bi guraso baino gehiago aitortzearen erronka estrategikoa da, familia eredu asko konektatzen dituelako. Adibidez, polimaitasunezko familiak, hiru guraso dauden kasuak, adibidez; edo guraso dibortziatuen kasuan, bikotekide berria hirugarren guraso bilakatzen denean umeak hala aitortzen duelako eta inplikazio hori duelako; edo lesbiana eta gayen kasuan, akordioak ematen direnean, semena ematen denean...

 

Haurrak zaintzeko sarea jostea garrantzitsutzat jotzen duzu, baina era berean, zaila dela diozu.

Beste amengan geure amengan baino gehiago babesten saiatzen gara, baina, gero, errealitatea da ama guztiok oso nekatuta eta oso erreta gaudela gizarte honetan, eta badakigu ama lagun bati fabore bat eskatzen diogunean, gero fabore hori nolabait bueltatu behar diogula. Aldiz, badirudi, gure gurasoek gure babesgune inkondizional izan behar dutela, eta hor dago aitita-amama esplotatuen auzia.

 


“Ezkontzea, zentro batera joatea… bide hori hartu dugunoi heteroarauaren bidea hartzen ari garela esaten digute queer feminismotik. Gu, inposatu zaigun bidera egokitzen ari gara, guraso izan nahi dugulako”


 

Familia eta komunitatea aipatu ditugu, baina zer-nolako babes publikoa aldarrikatuko zenuke seme-alaben zaintzarako? Feminismoetatik zaintza sistema publiko komunitarioari buruz hitz egiten da, eta hor non kokatzen da haurren zaintza?

Niri iruditzen zait mugimendu feministaren ahulgune bat dela gurasotasunarekin nahiko deskonektatuta dabilela eta neronek ere onartzen dut ama izan arte heldukeria puntu batekin bizi izan naizela. Umeen beharrak ez daude erdigunean. Militante gehienak gazteak dira, eta guraso egiten diren militante asko atzera gelditzen dira, militantzia ereduak ez direlako bateragarriak zaintzarekin eta beste momentu bital batean gaudelako. Alde batetik, oso positiboa da mugimendu feministan zaintzak erdigunea hartu izana, baina zaintzaz hitz egitean, ez dira ez amak eta ez umeak aipatzen eta guztia oso abstraktua da. Beste alde batetik, mugimendu feministaren aldarrikapenetan eta gobernuen diskurtsoetan, irtenbide ia bakarra externalizazioa da: haur eskolak debalde izatea, plaza gehiago zahar etxeetan… Hori aldarrikatu beharko da, baina askok bizi izan dugu, umeen kasuan, ez dela gure desioa zaintza kanporatzea.

 

Maila diskurtsiboan aritu gara orain arte. Bizipenera etorrita, amatasunaren esperientziak non kokatu zaitu?

Brigitte Vasallok Desocupar la maternidad-en idatzi zuen amen arketipo bat dagoela eta hor kabitzen ez garenek, krisi identitarioa izan dezakegula, adibidez, amak izan eta parranda egiten, promiskuak izaten… jarraitzen baldin badugu. Amatasunean oreka lortzea oso zaila da, buruan oso eskema dikotomikoak ditugulako. Haurra jaiotzean, Superamatxuak izeneko whatsap taldea geneukan; nolakoak dira superamatxuak? Energia pila bat baliatzen du amatasunari buruz ikasteko, eztia eta goxoa da, umeak dira bere zentroa... eta non kabitzen da hor June pikara? Parranda egin nahi duena, ligatu nahi duena… disoziazio itzela bizi dugu. Mamá Folla bezalako fanzineak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Horrelako ereduak behar ditugu disoziazioa apurtzeko.