Psikomotrizista da Alvaro Beñaran eta Hazi hezi aldizkariarentzat erreferente garrantzitsua.
16. zenbakian egin genion eta ekimena nahiz erreferentziak emateko beharra nabarmendu zituen, eta, batez ere, beldurrik gabeko eta errespetuzko heziketaren garrantzia.
Pedagogia terapeutikoan eta psikomotrizitatean aditua ez ezik, aritua ere bada Alvaro Beñaran. Izan ere, urte luzeetako esperientzia du haur txikiekin lanean, psikomotrizitatearen bidez, arazoak dituzten umeei laguntzen, besteak beste. Zeregin horretan hainbat eskolatan aholkulari gisa ere aritzen da. Eta, haurrekin ez ezik, hezitzaileekin ere egiten du lan: Europako Psikomotrizitate Praktiketako Eskolen Elkarteko formatzailea da, Bergarako Psikomotrizitate Eskolan aritzen da, eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren 0-3 urte arteko hezitzaileen formazioko koordinatzaileetako bat izan da.
Ikusi al duzu bilakaerarik gaur egungo haurrek dituzten arazoen eta duela belaunaldi batzuetakoen artean?
Mugarik ez duten haurren kopurua handitu egin da, haien haurrak nola bideratu ez dakiten gurasoen kopurua hazi egin da. Gurasoek esaten dizute “ezin dugu berarekin, nolako aiurria daukan! Nahi duena egiten du”; eta, begiratzen duzu, eta ez dira ari 14 urteko nerabe bati buruz, baizik eta urte eta erdiko kakanarru bati buruz! Eta gurasoak inteligenteak eta estrukturatuak izan daitezke. Egoera horretan, zerbaitek ez du behar bezala funtzionatzen. Halako kasuetan gurasoekin egin behar da lan beti: ea egoera horretatik atera nahi duten, ea ohartzen diren agian jarrera batzuk aldatu behar dituztela haur horri mugarik gabeko dinamika horretatik ateratzen laguntzeko. Gurasoak ados baldin badaude, lan egin daiteke. Beti behar da gurasoekin elkarlana, baina kasu horietan ezinbestekoa da.
Azken finean, haurrek egunerokoan bizi dituzten egoeretara moldatzeko era bateko edo besteko baliabideak edo jarrerak sortzen dituzte. Orduan, izatez jarrera horiek egokiak dira bizi duten egoerarako. Beraz, egunerokoan bizi duten hori ez bada aldatzen, zertarako aldatuko da haurra? Bizi duenak esaten dio egiten ari dena egokia dela.
Haurraren mugimenduaren garapenarekin lotuta dago jolasa, baina ez al dira murrizten ari umeek libreki jolasteko aukerak? Lehen ohikoa izan zitekeen haurrak lera hartu eta maldan behera botatzea edo zuhaitz batera igotzea, baina, orain, maiz gurasoei beldurra ematen die horrek...
Jolasean beti arrisku portzentaje bat egon behar da, bizitzan ezin da dena zeharo ziurtatu. Hezitzaile moduan asko zaindu behar dugu hori, noski. Dena dela, kuriosoa da, baina, estatistiken arabera, haurrak familiekin daudenean gertatzen dira istripu gehienak, nahiz eta gurasoak sarri profesionalez kexatzen diren. Horrelakoak gara, oraingo gizartean asko exijitzen zaio besteari, baina ez zaigu gustatzen besteek guri exijitzea; desoreka hori dago. Hain zuzen ere, hori da, besteak beste, psikomotrizitatearen bitartez garatu nahi dugun baloreetako bat: deszentrazioa, gai izatea bestearen lekuan jartzeko. Hau da, ni exijentea banaiz bestearekin, onartu behar dut bestea ere exijentea izatea nirekin. Psikomotrizitate saioetan ikusten dira haurrak, adibidez, besteek eraikitako etxe bat puskatzen dutenak, baina gero haiena ezin da puskatu. Haur horrek konturatu behar du hori ez dela posible, balio hori garatu behar du.
Heziketak beldurrik gabekoa izan behar du, baina, aldi berean, errespetuzkoa
Zer egiten duzue horrelakoetan?
Itxaron. Beste umearen erreakzioa baldin bada erasotu duen umearen etxea puskatzea, esango diet biei desegoki egin dutela, baina utzi behar zaio besteari ere erantzuten! Interesgarria da egoera nola kudeatzen duten ikustea, uztea. Horregatik diot heziketak beldurrik gabekoa izan behar duela, baina, aldi berean, errespetuzkoa. Errespetatu batak bestea: haurrak haurra, helduak haurra, eta haurrak heldua. Errespetuzko heziketa eta harremanak sortu behar ditugu.
Arriskua kudeatzen ikastea lagungarria izan daiteke haur horrek autonomia gara dezan?
Noski. Psikomotrizitate geletan, mugimenduarentzat espazio segurua eraikitzen dugu, haurrak bere burua modu lasaian bizi dezan, baina, era berean, eremu gogor bat dago, eta hor haurrak bere burua kontrolatzen ikasi behar du: edozein modutara botatzen bada, min hartuko du. Gure babesa pixkanaka-pixkanaka gutxitzen joan behar da, haurrak bere burua babesteko gaitasuna gara dezan. Eta, hori garatzeko, arrisku puntu bat behar du; neurtua, baina arriskua egon behar da. Gainbabes edo gehiegizko protekzioaz hitz egiten da, baina, gehiegizkoa bada, jada ez da babesa, kontrakoa baizik: haurrarentzat eraso bat bihurtzen da. Alegia, edo babesa egokia da, hau da, haurraren gaitasunetara eta adinera egokitzen da, edo kontrakoa da: erasoa.
Etor gaitezen gurasoetara. Oinarri-oinarrizko zer kontu izan behar dituzte kontuan seme-alabak hezterakoan?
Hainbeste aholku daude, eta hainbeste ikuspegi! Batzuetan kontrakoak gainera, eta gai guztietarako: lo egiteko, jateko, besoetan eramateko... Eromena da. Hori da arazoa, gehiegi pentsatzen dugu dena! Detaile horien inguruan eduki ditzaket nire iritziak, baina orokorrean hitz egingo dut haurraren heziketaz, eta adinaren arabera beti ere, adina funtsezkoa baita. Haurraren hazieran etapak daude, eta horietako bakoitzean jarrera desberdinak eduki ditzakete gurasoek.
Bizitzaren hasieran, lehen hilabeteetan, umeari ia-ia dena eman behar zaio, inportantea baita umea seguru egotea. Premiak dituen organismo bat da, eta horiek bete egin behar dira. Horretan bai ehuneko ehunean seguru nagoela. Gurasoek ez dezatela pentsa hasiera horretan dena ematen badiote umea kapritxoso edo apetatsu bihurtuko denik; ez da posible, umeak ezin du manipulatu bestea, ez delako besteaz jabetu, batik bat lehen 5-6 hilabeteetan. Alderantziz, behar duena ematen bazaio, organismo lasai bat eraikitzen ari da orduan, segurua, ez duena bizitzan esperientzia desatseginik edo erasorik bere organismoan, tentsiorik... Esperientzia atseginak ditu eta hori erantsi egiten da organoetan; burmuinean egiten diren konexioek zerikusia dute. Oinarri ona eraikitzen ari da. Horregatik, garai horretan gurasoa umearentzat egon behar da.
Gero, pixkanaka ohartzen zara umea hasi dela inguratzen duenaz jabetzen, eta orduan zu ere has zintezke umeari itxaronarazten, engainatzen gauzatxo batekin... Aurrez esan bezala, frustrazioa lantzen. Jan nahi badu eta zu beste zerbaitetan ari bazara, itxaron dezake pixka bat. Izan ere, umeak bere baliabideak garatzeko espazioak irekitzen hasten dira: behin 6-7 hilabetetatik aurrera, dena berehalaxe ematen badiozu, ez ditu bere baliabideak garatuko. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka haurrari bere gaitasunak martxan jartzeko aukera eman behar diogu. Horrek haurrarengan, bere gaitasunetan, konfiantza dugula esan nahi du. Batzuk uste dute dena ematea dela zaintzea, baina kontrakoa da: zaintzea bere gaitasunetara egokitzea da, bere gaitasunak errespetatzea. Pixkanaka presentzia-ausentzia dinamika bat dagoela ikusi behar du umeak, gauzak ez direla berehalaxe lortzen, eta frustrazioaren munduan sartzen hasten da. Beldurrik gabe, eta haurra beldurtu gabe, baina lasai-lasai esan egin behar zaio “itxaron”, edo “hori ez”.
Guraso batzuk egituran bakarrik zentratzen dira, haurrari gauzak ondo egiten irakastean. Nik horri adiestramientoa deitzen diot. Eta bai, haurra moldatzen da horretara ere, ikasten du, egiten du... baina bere iniziatiba eta sormena galtzen ditu. Inhibitu egiten da, harengandik ateratzen den bizitzaren energia hori gorde egiten du, eta helduak esaten duen horrekin ordezkatzen du.
Gurasoek ez dute lan egin behar beraien haurrekin: gozatu egin behar dute eta ahaztu behar dute zer helburu betetzen ari diren. Kontua ez da zer egiten dugun, baizik eta nola egiten dugun, eta zergatik egiten dugun
Haurraren beharrak hazieraren etapa bakoitzean zein diren aipatu duzu. Gurasoek ezagutzen al dituzte behar horiek? Lehen gehiago hazten ziren umeak tribuan, familia zabalean, nahiz kalean, baina, gaur egun, gurasoak bakartuago daude. Tribua galduta, nola transmititzen da jakintza hori?
Gizakia pentsamendua garatzen joan da, eta gero eta gehiago urrundu gara naturatik, noski. Hori da gizaki egiten gaituena, hain zuzen naturaren petik atera garela. Horren ondorioz, jada ez dago ezer berezkoa dena, eta horregatik daude hainbeste teoria umearen heziketaren inguruan, eta denok pentsatzen dugu egia gurea dela. Baina, nola egongo dira ba ehunka egia? Hori da azkenean gurasoen gaur egungo bakardadea. Gainera, hainbeste erabaki hartu behar dira! Azken batean norberak erabaki behar du, eta inportantea da ez planteatzea borroka bat balitz bezala; hau da, ez pentsatzea ‘hau erabaki dut oso ona delako, eta bestea oso txarra’. Hartu zure erabakia, eta kito, ondokoak beste bat hartuko du; hori da aniztasuna, azkenean. Norberak hartzen ditu bere erabakiak, ez inoren kontra, baizik eta norberaren alde. Zentzuzkoa izatea da kontua: eman espazioa, eman aukerak, ez zapaldu zure umea, eta, momentua iristen denean, esan ‘ez’ eta esan ‘bai’, dena modu lasai batean. Pixka bat autoritarioa edo pixka bat uzten duenetarikoa izango zara, eta biak ere ez daude gaizki; bi muturretan sartzen gara zailtasunetan.
Batzuetan erabaki bakoitzarekin haien umea markatu egingo balute bezala sentitzen dira gurasoak, bere hazieran erabaki traszendental bat hartzen ariko balira bezala...
Gurasoek ez diote eduki behar beldurrik haurrari; ez eman beldurrik eta ez izan beldurrik umeari. Eta guraso batzuek beldurra diote haurrari: ikara aurpegia jartzen badu, edo negarrez hastear baldin badago, larritu egiten dira: ‘zer nahi ote du? Gaizki ari ote naiz?’. Ez da ezer gertatzen, pentsatu behar dugu ‘egiten ari naizen hau zentzuzkoa al da?’. Horrela bada, egin aurrera, agian umeari guztiz gustatu ez arren; eraiki harreman natural bat haurrarekin. Baina batzuk haurra haserretzen bada edo malkotxo bat ateratzen badu, blokeatuta gelditzen dira. Eta, noski, haurra are blokeatuago! Eta pentsatzen du “hara, protesta egiten badut, nahi dudana ematen didate”. Noski, haur horiek deskontrolatu egiten dira. Horrelako haurrak ezagutzen ari naiz eta beldurrez beterik daude, sintoma asko adierazten dute: segurtasun-gabeak dira, oso zurrunak, sozializazio mailan oso blokeatuta daude... Helduak ez du nortasunik erakutsi, eta haurrek behar dute hori: nortasun ez agresiboa, baina finkoa, gai dena esateko “e! Hori horrela ez!” edo “hau nire denbora da, bukatu da zurea”.
Guraso perfektuak izateko presioa dago zenbaitetan, norberarena nahiz soziala. Perfekzio horrek zer muga ditu? Eta zer ekar dezake?
Nik hori hezitzaile perfektuarekin ere lotuko nuke. Jarrera hezitzaile egokien inguruan hainbeste mezu ari gara transmititzen orain, halako perfekzio bat egon daitekeela sinestarazten ari garela nolabait. Badirudi ez baduzu modu zehatz batean egiten, gaizki egiten ari zarela. Horrek arrisku bat dakar: blokeatzea, bai gurasoak eta baita hezitzaileak ere. Hau da, nola ez dudan ondo egingo, ez dut egiten. Orduan, norberaren iniziatiba eta espontaneotasuna, naturaltasuna, eten egiten dira. Egia da guraso moduan arduratu behar dugula, eta hezitzaile moduan formatu egin behar garela, baina, era berean, erabakiak hartzeko espazio bat eduki behar dugu. Perfekzio horren bila bagabiltza, azkenean antsietatea agertuko da, ez garela guztiz ondo egiten ari pentsatuz. Eta, batez ere, gurasoek ez dute lan egin behar haien haurrekin: gozatu egin behar dute eta ahaztu behar dute zer helburu betetzen ari diren. Kontua ez da zer egiten dugun, baizik eta nola egiten dugun, eta zergatik egiten dugun. Gakoa da zer transmititzen dugun egiten dugun horren bitartez. Adibidez, ‘hori ez’ esatean, proiektatu dezakegu gure biolentzia, edo, besterik gabe, konfiantza eta segurtasuna transmititu ditzakegu. Ez da ekintza bera, baizik eta jarrera.