SORMENAZ | Dorleta Kortazar, Ipuin-kontalaria

Antzerkigintzaz formazio ugari egin zituen, “farandulak” erakartzen zuelako, eta azkenean ipuin-kontalaritzan ikusi zuen bere bidea.  Haurrei ez ezik, helduei ipuinak kontatzea maite du Dorleta Kortazarrek (Eskoriatza, 1974).

 

Azkar, garai hauetan azkarregi doan denborari horzka egin eta gelditzea da ipuinak kontatzea, Dorleta Kortazarrentzat. Konexioa eta plazera aldarrikatzen ditu ipuinen balioen artetik, konexioa eta plazera umeentzat zein helduentzat. Berak sortutako ipuinak kontatzen ditu jendaurrean, baina baita tradizionalak eta beste egile batzuenak ere.

 

2023an hitzarekin eta gorputzarekin haurren arreta zeureganatzea, zer da, magia ala zientzia fikzioa? 

Haurrak, txiki-txikia denean, azala-azalarekin behar duen moduan, hurrengo fasean hitza behar du; hitzak ikaragarrizko konexiora eramaten gaitu. Magikoa da. Ipuina kontatzea eta, batez ere ipuin tradizionalek dauzkaten mezuetara joatea, gure oinarrizko esentziarekin bat egitea da, ipuinak entzutean bat egiten baitugu pertsona moduan gure esentzia puruenarekin. Ahozkotasunak gure oinarrizko zerbaitekin konektatzen gaitu, primitibotasuneraino garamatza, ia-ia kobazuloraino. Gure oinarri-oinarrian ahotsa eta gorputza dauzkagu. Ipuinek pertsona moduan dauzkagun oinarrizko galderak ekartzen dizkigute: nor naiz? Non nago? Nora noa? Ipuinek gure espazioarekin eta gure denborekin konektatzen gaituzte eta baita bestearekin ere. Batez ere haurrak txikiak direnean, gurasoekin lotura afektiboa mantentzeko oso tresna egokiak dira ipuinak. 

Gurasoek haurrei ipuina kontatzea haien munduari garrantzia emateko modu bat da. Ipuina kontatzea gure eguneroko zurrunbiloan eten bat egin eta haurrekin konektatzea da; gelditzea eta haurraren begirada berreskuratzea da, eta hortik komunikazioa ezarriko dugu haiekin, fantasiaren kodean. Ipuinak lotura afektiboa elikatzeko, mantentzeko eta hauspotzeko kanala dira.

 

Beti gertatzen al da magia hori, edo ikusten duzu haurrak oso estimulatuta daudela eta kosta egiten zaiela arretari eustea?

Bai. Haurrek gero eta estimulu gehiago dituzte eta, ondorioz, zailtasun handiagoak dituzte arretari eusteko. Berez denok jasotzen ditugu mezu asko, baina haurrek, bereziki, bide askotatik jasotzen dituzte mezuak eta gain-estimulatuta daude. Ahozkotasunak gero eta presentzia txikiagoa du haurren bizitzetan, eta aurrez aurreko ahozkotasunak are eta gutxiago. Nik ere nabaritzen dut gero eta zailagoa dela haurrekin konexio hori lortzea. Baina, era berean, ikaragarrizko beharra daukate, eta lortzen duzuenean, eutsi egiten diote eta magia sortzen da.

 

Oinarriak aipatu dituzu; zuk zer eman nahi diezu haurrei ipuin-kontaketa batean? 

Nire baitan galdera existentzial hau daukat: zer kontatu nahi diet benetan? Nik harremana bilatzen dut, eta behin haurrekin konexio hori lortzen dudanean, gero nahi dudana kontatzeko aukera izango dut. Gain-estimulatuta egonda, zaila da zarata guztiaren erdian kalitatezko zerbait eskaintzea. Niri gertatu izan zait noizbait, ipuinak kontatzera joan eta hirugarren ipuinean norbaitek esatea, “baina noiz hasiko zara?”, haurrak beste zerbait espero baitzuen... Haurrekin tarte batez ongi pasatzea da nire helburua, fantasiaren mundura hegan egin eta dena posible dela amestea. 

 

Eta ipuinak kontatzeak zer ematen dizu zuri?

Niri bizipoza ematen dit. Ipuinak kontatu ostean, saiotik irribarre batekin ateratzen naiz beti, nahiz eta batzuetan saioak zailak diren eta borroka egin behar den. Kontalariok lana ipuin-saioaren aurretik egiten dugu, gero ipuin- saiora gozatzera goaz. Dena ondo doanean, ipuina kontatzen dudanean olatuaren gainean surf egiten ari naizela iruditzen zait, ipuinak, taldeak eta sortzen den energiak eraman egiten bainau olatuaren gainean. Saiotik hustuta baina bizipozarekin ateratzen naiz, eta mundu guztia ez da bere lanetik txaloak jasota ateratzen; horrek norbere egoari hauspoa ematen dio. Bukaeran haurren begiradarekin gelditzen naiz, adi begiratzen zaituztenean haurren begiradek duten dirdira horrekin… Eta batzuetan gerturatu egiten dira eta esaten dizute, “zer ondo, hemendik aurrera nire faboritoa izango zara”; ederra da! 

 

"Gairen bat landu nahi dugunean,  liburu batek lagundu diezaguke, baina ezin dugu istorioaren baitan utzi haurrak duen arazoa konpontzeko ardura”

 

Nolakoa da atzeko lan hori, ipuinak aukeratzea, jostea eta zeurera ekartzea?

Ordu askoko lana izaten da. Asko irakurtzen dut eta asko bilatzen dut. Irakurtzen ditudan mila ipuinetatik bakarra da nik kontatzeko modukoa. Ipuin asko gustatzen zaizkit eta asko gozatzen dut horiekin, bai ipuin tradizionalekin eta baita album ilustratuekin ere, baina gero istorio horiek guztiak ez dira nik ahoz kontatzeko modukoak. Norberak bere egin behar du kontatuko duen ipuin hori, eta ipuin bakoitzetik zer eta nola kontatu nahi duen pentsatu behar du.

Ipuin tradizionaletan arketipo asko daude eta sinbolismo asko dago eta horrek erakartzen nau “nik  ipuin hau kontatu nahi dut” pentsatzera, barruan piztu zaidan esaldi bat izan daiteke, erakarri nauen pertsonaia bat izan daiteke...

 

Ipuin guztiek balio al dute haurrei kontatzeko?

Boteprontoan baietz esango nuke; norbaitek sortu dituen momentuan zerbait esan nahi izan duelako da. Baina, gaur-gaurkoz, publikatuta dauden liburu askok, nire ustez, ez dute gutxieneko langa gainditzen, merkatu interes batzuk daude liburu batzuk argitaratzeko. 

 

Ipuin tradizionalak sarri aipatzen dituzu, baina  ez ote dugu gurasook ipuin tradizionaletara gutxi jotzen eta merkatuari interesatzen zaizkion liburuetara gehiago?

Guraso askok ipuin tradizionalak baztertzen dituzte beldurragatik edo ez direlako politikoki zuzenak… Atzean dagoena ezagutu gabe. Gurasoak ipuin tradizionalei aukera bat ematera gonbidatuko nituzke. Ipuin tradizionalak oinarrian eduki beharko genukeen materiala izan beharko lirateke. Zerbaitengatik iritsi dira gaur egunera arte belaunaldiz belaunaldi, eta oso mezu boteretsua edukitzen jarraitzen dute. Garapen emozionaleko etapen eskema bera jarraitzen dute, hizkuntza bera dute eta haurraren esentziaren oinarrira doaz. Fantasia horretan haurrak aurkitzen duen materiala oso interesgarria zaio bere burua garatzeko. Adibidez, ipuin tradizional askotan protagonista txikia da eta garaile ateratzen da; figura boteretsu bati aurre egin behar dio eta ipuinak, gutxienez, bi gauza erakusten dizkio: batetik, garaile izan daitekeela erakusten dio eta, bestetik, erremintak ematen dizkio izan ditzakeen zailtasunei aurre egiteko. Haur bati hori guztia eskaintzea izugarria da. 

Gaur-gaurkoz, ordea, egiten dugun guztia “zerbaiterako” egin behar dugula pentsatzen dugu. Orduan, ipuinak ere “zerbaiterako” izan behar dira. Ipuin kontalari bat kontratatzen dutenean ere, antolatzaileei ez die balio haurrek ondo pasatzeko saio bat eskaintze hutsak, “arrazakeriaren kontrako ipuinak” edo “hezkidetzaren gaineko saioa ” izan dadin eskatzen dute. Nire kasuan, aukeratzen ditudan ipuinak berez dira aniztasunaren aldekoak, hau da, arrazakeriaren kontrakoak edo hezkidetzaren aldekoak, nik begirada hori badaukadalako nire lanean. Errespetua oinarrian dago, egiten dudan guztiak hori dauka abiapuntuan, baina nik ipuinaren alde ludikoa aldarrikatzen dut, ondo pasatze hori. 

Guraso moduan, haurrak zailtasunak dituen uneren batean edo gairen bat landu nahi dugunean,  liburu batek lagundu diezaguke propio gaia hizpidera ekartzen, baina, ezin dugu istorioaren baitan utzi haurrak duen arazoa konpontzeko ardura. Ipuinak lagungarri izan daitezke deserosoak diren gaiak beste modu batean lantzeko eta heltzeko, baina ez dira soluzioak. 

 

Helduei ere kontatzen dizkiezu ipuinak. Haurrei ipuinak kontatzea eta helduei kontatzea ariketa bera al da? 

Gero eta goizago uzten diogu ipuinak entzuteari. Niretzat, gozamena da institutuetara joatea eta ikasleen jarrerak ikustea: hasieran ez dute interesik erakusten baina haiekin konektatzen dudanean sortzen den lotura ikaragarria da. Helduen kasuan, ipuinak haurrekin lotzen ditugunez, pentsatzen dugu ez daukatela guri esateko ezer, eta ez gara interpelatuak sentitzen. 

 

80 amandre saioa, esate baterako, propio helduentzako sortu zenuen.

Niri izugarrizko plazera ematen dit helduentzako ipuinak kontatzeak. Nire lekua, benetan, hori da. Haurrekin asko gozatzen dut, baina  gorputzak eskatzen didana helduei ipuinak kontatzea da. Gauza berberaz hitz egiten ari gara: konexioaz. Niretzako ipuinak kontatzea entzuleari gonbite bat egitea da: “Goazen elkarrekin bidaia emozional bat egitera, eta ordubeteren bueltan zure egunerokotasunean utziko zaitut; baina ordubete horretan dena da posible”. Hitzarmen moduko bat egiten dugu publikoarekin: entzulea ere prest egon behar da bidaia emozional hori egiteko. Heldu moduan, ipuin-saio batera doanak aurkitzen duena oso boteretsua da.