ZUZENDARITZA. Pedagogia sistemikoaren argitara

2019-03-20

Kontzientzia zabaltzea dakar ikuspegi sistemikoak, eta zuzendaritzako kargua hartu behar duten pertsonentzat erreminta lagungarria izan daiteke: batetik, eskolako komunitatea osatzen duten kide guztiei modu inklusiboan begiratzen laguntzen duelako, denak senti daitezen sistema horretako parte eta guztiek jakin dezaten zein den euren lekua sistema horretan; bestetik, berriz, erantzukizuna hartuz, eskola-sistema osoaren onura ortzimugan jarrita jardutea ahalbideratzen duelako.

 
 
ZUZENDARITZA. Pedagogia sistemikoaren argitara

 

Zuzendaritza postuak irakasle gutxik hartu nahi izaten dituzte eskoletan. Arazo ere bilakatu da zenbait ikastetxetan zuzendaritza-taldea osatzea, inork ez duelako “zama” hori eduki nahi bere gain. Borondatez hartzen dute batzuek kargua, kasualitatez beste zenbaitek, eta, badira euren gogoz kontra zuzendaritzan amaitzen dutenak ere. Erraza egin ohi zaigu maiz zeregin horietan ari direnak kritikatzea, haien hutsuneak bistaratzea... baina inork gutxik nahi izaten du maila horretako ardurarik hartu. Zer da, baina, zuzendaritzako karguek daukaten berezitasuna? Zer gertatzen da norberari egokitzen zaionean zeregin hori betetzea? Lidergo on batek zein bereizgarri eskatzen ditu? Nola asmatu zuzendaritza funtzioak eta ardurak ondo betetzen?

Galdera horiei erantzuterako orduan, argi izpi bat eman dezake ikuspegi sistemikoak. Ikastetxea kudeatzeko bidean zuzendaritzaren lidergoak nolakoa izan beharko lukeen azaldu diote hik hasi-ri Iñaki Arana CUDEC Mexikoko Unibertsitatearen Pedagogia Sistemikoko formazioaren zuzendariak Euskal Herrian, Saionara Barrena CUDEC Mexikoko Unibertsitatearen Pedagogia Sistemikoko formazioaren koordinatzaileak Euskal Herrian eta irakasleak, Nagore Zubillaga Donostiako Martuteneko Arantzazuko Ama ikastola publikoko zuzendariak, eta Joseba Llano Amurrioko Arasketa Ikastolako zuzendariak. Pedagogia sistemikoaren ikuspegitik abiatuta, teoria eta praktika uztartuz mintzatu dira laurak Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxean izandako elkarrizketan. Hik Hasik 2019ko uztailaren 2an, 3an eta 4an egingo dituen Udako Topaketetan, berriz, gai beraren inguruan ikastaroa eskainiko dute.

Pedagogia sistemikoak dioenaren arabera, eskolan bi sistemak egiten dute bat, familiak eta eskolak. Lehenik familiak daude eta ondoren datoz eskolak, izan ere eskolak ez dira eskola familiarik gabe. Gurasoak, irakasleak, ikasleak, familiako beste kideak, irakasle ez diren profesionalak, aisialdiko hezitzaileak... guztiak elkartzen dira eskolan. “Denak dira beharrezkoak eta ez dago bat bestea baino garrantzia handiagoa duenik, baina eskolaren baitan zuzendaritzak funtzio edo ardura berezi bat hartzen du, sistema osoa martxan jartzeko erantzukizuna baitauka: irakasleria koordinatu, familiekin hartu-emana eraiki, instituzioekin erlazioan egon, arautegia landu...”, argitzen du Aranak.

Funtzioa bezain garrantzitsua iruditzen zaio Llanori zuzendaritza nola dagoen kokatuta eskola-sistemaren baitan, alegia, zein leku hartzen duen eta nola betetzen duen leku hori sistema horretan. “Zuzendaria eta zuzendaritza-taldea, bata bestea gabe ezin dira ulertu, eta hori horrela hautematea da arrakastarako gakoetako bat”. Bestetik, berriz, begiradaren garrantziaz mintzo da, pedagogia sistemikoak egiten duen ekarpen nagusienetako bat begiradarena baita: “Batetik, zuzendaritza-taldeak komunitateko beste kideekiko duen begirada; bestetik, berriz, zuzendaritza-talde horrekiko eskolan dagoen begirada”.

Begirada aldaketa dakar ikuspegi sistemikoak

Begirada sistemikoak pertsonari begiratzen dio lehenik bere osotasunean, eta baita pertsona bakoitzaren familia-sistemari ere. Familia da, finean, pertsona bakoitzak jatorriz duen gertueneko testuingurua. Zentzu horretan, ikuspegi honek pertsona bakoitzari bere sistemaren barnean begiratzeko deia egiten du. Hala zehazten du Aranak: “Begirada sistemikoak dioena da denok daukagula leku bat bakoitzari dagokigun sistemaren barnean eta denok garela beharrezkoak sistema hori orekan egon dadin. Eskola-sisteman ere berdin gertatzen da. Bakoitzak du bere lekua eta bere funtzioa”. Zein da, hortaz, zuzendaritzaren funtzioa? Sistemako partaideak zaintzea bakoitza bere lekuan kokatu dadin eta bere funtzioa bete dezan. “Batetik, edozein sistematan pertenentzia oinarria da, hau da, denok sentitzea eskola-sistemako parte; eta bestetik, beharrezkoa da sistema horretan gure tokia zein den jakitea. Ni izan naiteke zuzendaria, edo lerro bateko koordinatzailea, edo tutorea, edo aita... Bakoitza sistemaren parte senti dadin eta bere lekuan koka dadin bitartekoak jartzea zuzendaritzaren egitekoa da”, argitzen du Pedagogia Sistemikoko formazioaren zuzendariak.

Eskola-sistemaren baitan zuzendaritzak eskatzen duen lekuan egoki kokatzeak duen garrantziaz ondo jabetuta dago Zubillaga zuzendari daramatzan 6 urteen buruan, azalean bizi izan baitu esperientzia. Irakaslearen funtziotik zuzendariaren funtziora pasatzea tokatu zitzaion berari Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolan, eta prozesu hartan bizi izandakotik mintzo da: “Zuzendaritzan kokatzea kosta egiten da, normalki zuzendariok irakasle izatetik gatozelako eta norbere gelaren ardura izatetik eskola komunitateko sistema osoaren ardura izatera igarotzen garelako. Zuzendaritza posizio horretan ez bazara kokatzen behar bezala, batzuetan desorekak sor daitezke, eta gerta daiteke erabakiak ez dagozkizun lekutik hartzea, oraindik ere aurretik zeneukan lekuan kokatzen zarelako”. Zubillagak gaineratzen duenez, zentro askotan sortu ohi dira desorekak zuzendaritza taldearen kokapena egokia ez delako eta bere funtzioak egoki kudeatzen ez direlako.

Erabakiak hartu sistema osoaren onerako

Zuzendaritza taldeak egunean hamaika erabaki hartu behar izaten ditu, eta Zubillaga zein Llano zuzendariek azaltzen dutenez, ikuspegi sistemikoak asko laguntzen du horretan. “Erabakiak hartzerako orduan, garrantzitsua da zein tokitatik hartzen diren kontziente izatea”, dio Llanok. Eta, hala eransten du Zubillagak: “Erabaki bat hartzen duzunean, baldin badakizu sistema osatzen duten guztiei begira ari zarela, horrek lasaitasuna ematen dizu, nahiz eta batzuetan erabaki zailak izan eta denen gustukoak ez izan. Kontziente zara denen onerako ari zarela eta horrek modu sosegatuagoan funtzionatzera zaramatza”.  

Llanok argi du ikuspegi sistemikoa ez dela arazo guztiei konponbidea emateko errezeta magikoa. Hala ere, auziei behar bezala heltzeko sosegua ematen duela uste du, eta zuzendaritzako kideentzat hori oso garrantzitsua dela dio. “Gaur egun badakigu, eskolako sistemaren baitan gerta-tzen diren arazo asko pertsona bakoitza dagokion lekuan eta dagokion funtzioan ez egoteagatik gertatzen direla”. Eta, adibide bat jartzen du: “Gerta daiteke, esate baterako, ni neu zuzendari izanik gela batean sartzea eta ez dakit zer aldatu behar dutela esanez hastea. Hori ez da nire egitekoa eta tutoreari dagokion lekua hartzen ari naiz. Beraz, horrelako kasu batean, oso litekeena izango da gatazka bat sortzea”.

Barrenak azaltzen duenez, sarri, nahasmenduak eta desorekak gertatu ohi dira harreman pertsonalak eta bakoitzak betetzen duen funtzioa nahastu egiten direlako. “Ni, adibidez, gelan irakaslea naiz, ez naiz guraso; edota, zuzendaritza-taldearen aurrean lankidea naiz, baina ez naiz zuzendaritzako parte. Eta funtzio horrek leku bat eta ardura bat ematen digu”.  Horrexegatik, Barrenak argudiatzen du pertsona guztiak funtzioetan desberdinak direla, nahiz eta pertsona gisa balio berbera izan. “Eta, hori batzutan nahastu egiten dugu”.

Premisa hori zuzendaritzaren egitekoarekin lotuz, Barrenak argudiatzen du zuzendaritzaren begirada beti dela osatuagoa, sistemako beste partaideak baino informazio gehiagoren jabe direla eta eskola guztian gertatzen diren gauzak izan behar dituztela kontuan, eskola komunitate osoaren alde jokatuz. Begirada inklusiboa litzateke hori, eta adibide baten bidez esplikatzen du Barrenak: “Niri momentu batean nire eskolako zuzendariak esan diezadake ‘hau bete behar duzu’ eta zuzendaria nire laguna izan daiteke eta jakin dezake agindu didan hori betetzea niretzat zaila dela; baina zuzendariaren egitekoa da niri hori esatea eta nirea berak esandakoa betetzea, eskola-sistema osoaren onerako”. Askotan, baina, pertsonen arteko harremanak funtzioekin nahasten dira. Horrelako egoera batean, zuzendari hori ez litzateke bere lekuan egongo, alegia, ez litzateke bere funtzioak eskatzen dizkion ardurak hartzen ariko, eta, beraz, litekeena izango litzateke gatazkak eta desorekak sortzea, atzean desordena dagoelako: “Zuzendariak —eskolako beste profesionalek bezala— eskolan funtzio bat bete behar du. Irakasleok kontuan izan behar dugu zuzendaritzako kideek ikuspegi panoramikoa eta zabala daukatela, irakasleok dugunaren aldean osatuagoa. Sarri, ordea, gure begiradatik zuzendaritza kritikatzen dugu egin duten edo esan duten zerbaitengatik. Baina euren lana da komunitate osoari begiratzea eta denen beharrak kontuan hartzea, eta ahal den heinean, asetzea”.

Llanok eransten duenez, ikuspegi sistemikoak ez dio zuzendaritzak hartzen dituen erabakiak ondo hartuta daudenik; bai, ordea, erabakiguneak errespetatu egin behar direla. “Askotan sekulako energia galtzen dugu dagoeneko hartu den erabaki bati bueltaka eta dena jartzen dugu zalantzan. Hortaz, kontua da ondoko puntu honi erreparatzea: nork hartu beharreko erabakia da hori? Zuzendaritzak, edo tutoreak, edo klaustroak... Ados, bada erabakia hartu beharreko lekuan hartu bada, hartuta dago. Onar dezagun erabakia hartuta dagoela, erabakiarekin ados egon ala ez”.

Bazterketa dagoenean, galga dago

Eskola-sisteman agente askok hartzen dute parte: irakasleek, ikasleek, horien familia-kideek, bestelako profesionalek... eta ikuspegi sistemikoak guztiak barne hartzea eta begirada inklusiboarekin jokatzea eskatzen badu ere, erraza izaten da bazterketak edo esklusioak gertatzea, sarri, konturatu ere egin gabe jazotzen baitira. Urrutirago joan gabe, esklusioa edo mikrobazterketa bat izan daiteke, adibidez, bilera batean, partaideetakoren bati begiratu ere ez egitea. Pedagogia sistemikoaren arabera, bazterketak desoreka dakar ezinbestean. “Norbait baztertuta sentitzeak ez du esan nahi bazterketa hori nabarmen antzematen denik, baina pertsona horren jarrerak, azaltzeko moduak eta nolabaiteko erresistentziak zerbait esan nahi du; gehienetan errekonozitu gabeko zerbait egon ohi da hor”, esplikatzen du Aranak, eta adibide batekin argitzen du: “Ni norbaitekin haserretuta banago, baina haserre hori adierazten ez badut, gerta daiteke, gutxien espero dudanean, beste norbaitekin nire haserre hori kanporatzea, beste testuinguru batean”. Beraz, horrelako egoerei arreta jartzea oso garrantzitsua iruditzen zaio Aranari, erakusten baitute ezkutatu den eta tokirik egin ez zaion zerbait dagoela atzean. Eta, beraz, orekan egoteko bazterrean gorde den horri begiratu eta tokia egin behar zaio.  

Pertenentzia lantzea izan daiteke bazterketari aurre egiteko moduetako bat. Ikuspegi sistemikotik begiratuta, berdintasuna egon behar du kide guztien artean pertenentziari dagokionez, “denok baikara parte”, Barrenak dioen moduan: “Zuzendaritzak bidera dezake pertenentzia hori senti dezaten kide guztiek. Kontuan izan behar dugu eskoletan joan-etorri handia dagoela, eta harreren bidez, agurren bidez... denak izan behar direla entzunak”. Barrenaren irudiko, pertenentziarekin batera kohesioa lantzea ere oso inportantea da: “Denok egiten dugu eskola eta denok gara bat. Zeren, askotan, elkar ezagutzen dugunean eta ikusten dugunean ‘zuk zailtasunak dituzu, eta nik ere bai’, horretan berdinak garela konturatzen gara, alegia, esentzian berdinak garela, eta horrek kohesioa ematen du, nahiz eta gero bakoitzak bere modua izan gauzak egiteko edo pentsatzeko”.

Irakasleena ez ezik, familien esklusioa ere gerta daiteke eskola-sisteman, konturatu ere egiterako askotan. Zentzu horretan, Llanoren irudiko, entzuteaz gainera, denak begiratuak sentitzea da zuzendaritzaren egitekoa. “Begirada horren barruan garrantzitsua da mikroesklusiorik gerta ez dadin lan egitea, eta gertatzen diren kasuetan kontziente izatea. Izan ere, momentu batean gertatzen den gatazka bat horrexegatik beragatik izan daiteke: esklusio bat gertatu delako”.

Aurrekoei errekonozimendua

Eskoletako zuzendaritza karguetara jende berria iristen denean, ikuspegi sistemikotik kontuan izan beharreko beste ezaugarri bat da kargu horretan aurrez beste pertsona batzuk egon direla eta jada kultura bat sortuta dagoela eta ibilbide bat egina. Maiz gertatu izan da jende berriak lehengoek egindakoa gustuko ez izatea eta, beraz, egun batetik bestera dena aldatzen saiatzea, on beharrez. Horrelakoetan kontuarekin jokatzeko aholkatzen du Zubillaga zuzendariak. Izan ere, bere irudiko, aurrekoek egin dutena ahal izan duten bezala egin dute, nahiz eta batzuen gustukoa ez izan; eta beste ezeren gainetik lehen lehenik egindako hori errekonozitu egin behar da. “Aldaketak errespetuz egin behar dira, poliki-poliki bidea eginez. Gauetik goizera lehengo guztiak suntsitzeak esklusioak eta gatazkak ekar baititzake”.

Begirada sistemikoak epaiak albo batera uztea proposatzen du. Eta epaiak albo batera uzteak esan nahi du konturatzea pertsona bakoitzak momentu bakoitzean ahal duen guztia egin duela eta ahal duen ondoen. Hala dio Aranak: “Jabetu behar dugu eskola sortu zutenek sekulako lana egin zutela, geroztik zuzendaritzan egon direnek ere ahal duten ondoen egin dutela eta orain datozenek ere hala egingo dutela. Aurrekoek egin dutenari esker eraiki da orain artekoa, eta orain guk horri zerbait gehituko diogu. Ez aurrekoek egin zutena deusezteko, baizik eta aurrekoek egin duten hori hor izanik, orain guk guri tokatzen zaiguna egiteko gure irizpideetatik abiatuta, baina aurrekoak errekonozituz”. Eta, zera gaineratzen du Llanok: “Askotan gatazka sortzen da errekonozimendu faltagatik. Sarri, pertsonok eskatzen dugun gauza bakarra errekonozimendua da. Zuzendaritzaren kasuan, gainera, esperientziatik esan dezaket errekonozimendu horretatik indar gehiagorekin hartzen dela ardura berria. Eta, errekonozimenduak ez du esan nahi orain arte egindako dena ontzat ematen denik. Baina onartu behar da egindako hori pertsona horiek testuinguru jakin batean egin zutela eta zergatiak ulertzen saiatu”.

Aranak esplikatzen duen moduan, “gertatu den hori horrela gertatu da eta gertatu den bezala begiratzeak indartu egiten gaitu”. Mugimendua zera litzateke: “Ni naiz azkena zuzendaritza postu honetara iristen. Beraz, orain arte egon direnek egindako ibilbide guztia eta esperientzia osoa errekonozituz, une honetan niri dagokit kargu hori hartzea eta nire ardura da zuzendaritza talde honetan buru izatea”. Barrenak eransten duenez, sarri gizakiak bere ilusioak eta espektatibak jartzen ditu errealitatearen aurretik, eta ez du ikusten benetan errealitatean dagoena, baizik eta errealitate hori izatea nahiko lukeena, eta horrek sekulako energia galera eragiten dio. “Hori baino askoz ere errazagoa da dena: ‘Onartzen dut hau dagoela, eta orain honekin zer egin? Bada, goazen hurrengo urratsa ematera’”.

Gatazka, termometro

Norbait bere tokian ez dagoenean, zerbaiti begiratu ez diogunean eta bazterrean utzi dugunean, zerbait ordenatu beharra dagoenean... agertu ohi dira gatazkak. Gatazka, beraz, neurgailu ona izan ohi da Barrenaren ustez, “momentu honetan behar den bidetik ez goazela adierazten digun argi gorri bat”. Hala gehitzen du: “Askotan gatazkak modu oso ezkorrean begiratzen ditugu, eta aurretik kendu nahi izaten ditugu; baina aurrez aurre begiratuko bagenio onarpenetik, esanaz: ‘gatazka hau zer ari zait eskatzen? Egoerak zer eskatzen dit?’, bada erantzuna ere hortxe bertan topatuko genuke. Kontua da gatazkak espazio eta denbora bat eskatzen dutela hitz egiteko, eta horregatik saiatzen garela gatazkak saihesten. Kontrakoa litzateke bidea, nire ustez: gatazka zerbait baikorra bailitzan hartu beharko genuke, askotan bidea bera ere argi diezagukeelako”.

Sostengu emozioala ematea eta konfiantzazko testuinguruak sortzea, gako

Bi egiteko horiek ere —sostengu emozionala ematea eta konfiantzazko testuinguruak sortzea— zuzendaritzari dagozkio. Hasteko, baina, pedagogia sistemikoari jarraiki, norbere buruari begiratu behar zaio eta lanketa pertsonala egin, norbera aldatzen denean inguruko guztiak ere aldatu egiten baitira: “Zure buruari begiratzen diozunean, gerora besteak hobeto ulertzeko gaitasuna landu dezakezu. Zu kokatuta bazaude, orekan bazaude... horrek zuzendaritza-taldeari norabidea ematen dio, eta zuzendaritzak eskola osoari. Eta eskolek norabide bat izan behar dute. Beraz, eskola batek eta hango ikasleek aurrera egin dezaten oso garrantzitsua da zuzendaritza taldea kokatuta egotea”, dio Zubillagak. Eta hori guztia erru sentimendua albo batera utzita, klabea baita kulpatik erantzukizunera pasatzea: “Pedagogia sistemikoak ematen digun erreminta bat da deskulpabilizazioarena. Alegia, ardura bat izan dezaket egoera batean zerbait gertatu delako, baina horrek ez du esan nahi errudun sentitu behar dudanik, erantzukizuna hartu behar dudala baizik”. Hartara, sufrimendutik ekintzara pasatzeko bidea ematen du begirada sistemikoak, ahalduntzera eta erantzukizuna hartzera. Begirada arazoan zentratu ordez, konponbidean zentratzen delako: “Arazoari begira gera-tzen banaiz, erru sentimendua etorriko zait, horrek ahuldu egingo nau eta ez dut aurrerapausorik emango”, argitzen du Barrenak. Ostera, soluzioa zera litzateke: “Kito! Ikusi dut, onartu dut, erantzukizuna hartzen dut niregan eta orain konponbideari ekingo diot”. Horrek esan nahi du indarrak hartu eta norbere erantzukizunetik ekitea, urrats bat aurrera eginez. Baina aurrez aipatu bezala, dagoenetik abiatuta, eta ez bakoitzaren ilusioak eta espektatibak aurretik jarriz, horrek errealitatetik aldentzea baitakar. Zubillagaren ustez, begirada sistemikoak eskaintzen duen erreminta hori oso indartsua da zuzendaritza postuetan dagoenarentzat, egunero, etengabe sortzen diren egoera horiei aurre egiten laguntzen baitu. Eta, berdin balio dezake ikasleekin aplika-tzeko ere: “Ikasle bat zerbaitekin etortzen zaizunean, esaten badiozu ‘hemen ez dago errudunik, hemen arduradunak daude’ ikasleak klik egiten du”.

Zubiak eraiki familiekin

Familiarik gabe eskolarik ez da. Alegia, familiak daude lehenik, eta ondoren dator eskola. Zentzu horretan, pedagogia sistemikoaren ikuspegitik oso garrantzizkoa da familia guztiei eskolan lekua egitea eta errespetuzko harremana eraikitzea bien artean, horrela soilik ezarriko baita oinarri on bat ikasleak ibilbide egoki bat egin dezan. “Benetan jakingo bagenu eskolaren eta familiaren arteko harremanak zer-nolako eragina daukan ikaslearen ibilbidean, iruditzen zait erlazio hori zaintzeari garrantzi handiagoa emango geniokeela. Zeren ume baten eskolatze prozesua oso gauza konplexua da eta prozesuan egoera desberdinak bizitzen ditu, baina lehenik beti izango da leial familiari, berarentzat gero datorrelako eskola. Hortaz, eskolan etengabe familia bat kritikatzen edo zalantzan jartzen ari bagara, ikaslea bera ari gara zalantzan jartzen. Eta, ez izan dudarik, ikasle horrek eskolako ibilbidea oker hasiko duela”.  

Finean, Barrenak aipatzen duen eran, familiarekin harreman osasuntsu batean oinarritutako erlazioa eraikitzea litzateke pedagogia sistemikoaren ikuspegitik ikastetxeko zuzendaritza-taldeak kontuan izan beharko lukeen lehenengo puntua. “Familiek ematen dute lehen pausoa umeak guregana ekartzen dituztenean; hortaz, gure lehen egitekoa, beste gauza guztien aurretik, zubi hori eraikitzea da. Euren bizitzan garrantzitsuena den hori uzten dute gure eskuetan hainbat orduz, eta beraz, konfiantzazko erlazio hori sortzea ezinbestekoa da. Zuzendaritzaren lana izango da zubi horiek eraikitzeko testuinguru egokiak sortzea eta sortaraztea”.

Albiste gehiago