Kideen emozioen ardura hartzea ere lankidetza delako

2020-06-01

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioei erantzuteko, martxoaz geroztik sormena eta baliabide berriak erabiltzeko abagunea sortu da ikastetxeetan, edukiak bermatzeko ez ezik, ikasleen egoera emozionalari erantzuteko erabili dira. Irunberriko Arangoiti Ikastolan eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolan ikasleen arteko taldekatzeak erabili dituzte elkar zaintzeko. 

Esperientzia horien berri eman dute Garazi Larrañaga Arangoitiko irakasleak eta Lina Andueza San Fermingo DBHko arduradunak, aurretik Zigor Ibarzabal EHI Elkarteko arduradun 

pedagogikoak kideen arteko taldekatzeen balioaz hausnartzen duelarik.

 
 

J

ohnson anaiek esperientzia eta ezagutza handia dute ikasketa kooperatiboaren lanketan eta garapenean. Asko dira gai honen inguruan lanean aritu diren adituak, baina David eta Roger anaiek ekarpen interesgarri bat egin dute. Hainbat ikasketa kooperatibo mota aipatzen dituzte haien proposamenetan, eta oinarrizko taldeen egituratzeetan eta helburuetan desberdintzen dira beste aditu batzuek egiten dituzten ekarpenetatik.

Ikasketa-prozesuan, nor bere buruarekin eta inguruarekin gustura eta seguru sentitzeak berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, gustura, seguru eta konfiantzan sentitzea ezinbestekoa izango da ikasketa-prozesuan arrakasta izateko. Egoera hori bermatzeko saiakeran, oinarrizko taldeek ekarpen handia egiten dute.

Oinarrizko taldeak iraupen luzeko taldekatzeak dira; hiruhileko bateko iraupena edo ikasturte batekoa izan dezakete, edota eskolaldi osoan zehar talde berak mantendu daitezke (betiere taldekideen arteko harreman osasuntsu eta orekatuek horretarako aukera ematen badute). Talde bateko kide izanda eta taldekatze hori eskolaldi osoan zehar luzatuko dela jakinda, taldekideekiko ardura eta gertutasuna garatzen dira. Taldeak antolatzeko orduan, hau da, taldekideak izendatzeko orduan, hainbat irizpide balia daitezke: talde bereko ikasleen arteko taldeak antola daitezke, edo maila bereko zein maila desberdinetako ikasleen artekoak. 

Talde horien helburua ez da maila akademikoan laguntza eskaintzea bakarrik, hori baino harago doa taldekide hauen funtzioa eta rola. Taldeko ikasle guztien egoera pertsonalaren eta emozionalaren jarraipenean zentratzen da haien egitekoa, elkarren ardura hartzean ikuspegi integral batetik. Bata bestearen bizitzaz arduratzen dira; eskola-bizitzaz (maila akademiko zein pertsonalean), aisialdiaz, familia-egoeraz… Elkarri laguntzen diote, elkar baloratzen eta elikatzen dute. Bizitzan gerta daitezkeen egoera, gatazka eta arazoei erantzuten laguntzea eta elkartasuna adieraztea izango da egiteko nagusia. Irakaslearekin, erreferentearekin, harreman zuzena izaten dute, eta ager daitezkeen egoera esanguratsuak partekatzen dira helduarekin, horretarako noizbehinka elkarrizketak izanez.

Talde horiek aldian behin elkartu behar dute, maiztasun jakin eta esanguratsu batekin, alegia. Ikasleek asteburuan izandako bizipenen inguruan, astean zeharreko eguneroko dinamikaren inguruan, zaletasunen inguruan, familia-egoera desberdinen inguruan… hitz egiteko baliatuko dute denbora hori. Era horretan, pertsona guztiok behar dugun ongizate mental eta fisikoa bermatu nahi da. Aipatutako hori guztia errealitatean nola antolatzen eta egikaritzen den ikusteko, jarraian azaltzen diren esperientziek oso ondo islatzen dute talde horiek bete dezaketen funtzioa eta irakasleek proposamen teorikoak hainbat egoeratara egokitzeko duten modua.

 

Zaintza-taldeak Lehen Hezkuntzan

Irunberriko Arangoiti Ikastolan

Hezkuntza-ikastetxe guztiek bezala, martxoaren 16an ikastola ixteko agindua jaso genuenean, erronka berri baten aurrean ikusi genuen geure burua. Planifikazio eta erreakziorako denbora-marka guztiak hautsi genituen: ostegun arratsaldean albistea jakin, eta astelehenean ikastola online abiarazi genuen.

Oso epe motzean, adin-tarte bakoitzeko ikasketa-prozesuak (HHtik LHko 6. mailara), komunikazio- eta interakzio-moduak eta eskolaren barne-antolaketa bera modu birtualean funtzionatzen hasteko moduan prestatu genuen. Gure ikastolaren kasuan, digitalizazio-prozesuan urrats handiak emanda genituen, eta horrek hainbat lan erraztu zizkigun hasieratik. Orain arte, prozesua urratsez urrats eta ikasturtez ikasturte egiten joan gara, baina egoera honek, guztiok bezala, benetako murgiltze batera eraman gaitu; zailtasun edo erresistentzia handienak zituena ere goitik hasi eta beheraino blai eginda utzi du. Izugarrizko bultzada eman dio birusak IKTen dinamizatzaile guztion urteetako esfortzuari.

Era berean, ikastola online abiarazten hasi ginenean eta hasierako larrialdiei erantzun eta oinarrizko erabakiak hartu ondoren, gure ikastetxeko hezkuntza-proiektuaren oinarriak direnak birtualki ere mantentzeko bideari ekin genion. Ikastola eta kooperatiba garen heinean, elkarlana eta kooperazioa zutabe garrantzitsuak dira guretzat ikastolako eragile guztien artean, ikasleen, langileen zein gurasoen artean. Bestalde, hasieratik garbi ikusi genuen ikasle guztiei laguntzeko ezinbestekoa genuela haien arteko lankidetza. Haien laguntza behar genuen, eremu akademikoaz gain, eremu sozialean eta emozionalean ere eragiteko. Beraz, ikasleak taldeka antolatzeari ekin genion.

Funtzionatzeko hainbat modu erabiltzen ari gara, zikloen arabera. 2. zikloan (LHko 3. eta 4. mailak), ikasleak hiruko taldeetan antolatu ditugu. Helburua ikaskideen artean, maila akademikoan ez ezik, arlo emozionalean ere laguntza eskaintzea da. Taldeak Hangouts aplikazioaren bidez komunikatzen dira. Egunero, 10:30ean elkartzen dira elkarrekin lan egiteko eta dituzten zailtasunez hitz egiteko, nahiz eta proposaturiko lana banakakoa izan. Laguntza eskaintzen diote elkarri, eta, tarte horretan, beren gauzez ere hitz egiteko aukera izaten dute.

Horrek irakasleon berrantolaketa ere ekarri du. Egunero, tutorea, ingeleseko espezialistaren eta PTaren laguntzarekin, dagokien taldearekin harremanetan jartzen da, nola eta zertaz ari diren behatzeko eta beharrezko laguntza eskaintzeko. Batzuetan, tarte horretan irakasleak taldea dinamizatzen du, martxan jartzen du eta, ondoren, desagertu egiten da; mikroa eta kamara desaktibatzen ditu, baina entzuten jarraitzen du, eta, laguntzarik behar badute, berriro sartzen da. Funtzionatzeko modu horrekin, tutorea astean behin elkartzen da talde bakoitzarekin, alderdi akademikoaz gain emozionalean nola dauden ikusteko. Antolaketa modu horren helburu nagusia interakzio sozialak bermatzea eta elkarren arteko ikaskidetza bultzatzen jarraitzea da.

3. zikloan, ez materialetara ez tresna digitaletara ohitzeko beharrik ez dute izan ikasleek. Egoera honek aldaketa gutxiago ekarri dizkie haiei. Aldaketa nagusia, ordea, talde bateko kide izateak garapen sozialerako ematen dituen aukerak galtzea izan da. Arreta beraien arteko harremanetan jarrita, errealitatean ikasleen integrazioan gertatzen diren egoerak online ere errepikatzen direla konturatu gara. Baina, kasu honetan, irakasleon esku hartzeko aukerak aldatu zaizkigu. Horregatik, elkarren arteko zaintza-taldeak antolatu ditugu, talde bakoitzean lau ikasle eta irakasle behatzaile bat sartuz. Egunero, ikas-saioen amaieran elkartzen dira ordu erdiz, eta, rolen banaketa egin ondoren, txantiloi baten laguntzaz, eguneko balorazioa biltzen dute. Honako rol hauek proposatu dizkiegu: koordinatzailea (egin behar diren lanak zehazten eta erregistratzen ditu, galderak egiten ditu eta taldearen bozeramailea da), laguntzailea (taldeak zalantzak baditu edo norbanakoek laguntza behar badute bere laguntza eskaintzen du), denbora-kontrolatzailea (dauden jarduerak noiz eta zenbat denboraz egin behar diren kontrolatzen du) eta animatzailea (denen arteko elkarrizketa sustatzen eta giro ona jartzen saiatzen da). Gure helburu nagusia ikasleen arteko harremanak mantentzea izan da, baina, betiere, rol desberdinen garapenean trebatuz. Hasiera batean, irakasleen zeregina rolak birgogoratzea eta haien paperean aritzeko ereduak ematea izan da. Orain, pixkanaka trebetasunak hartzen doazen heinean, irakasleon esku-hartzea gutxitzen joateko asmoa dugu. Arreta berezia jartzen ari gara desagertzeko edo ez integratzeko joera duten ikasle horiengan, egoera honetan anonimotasuna lortzea erraza baita beraientzat.

Ekintza horien ondorioz, hainbat zailtasun eta behar sumatu ditugu. Batetik, kasu batzuetan banakako esku-hartzeak eta familiekin elkarlana egin behar izan ditugu ikaslearen ongizate emozionalean laguntzeko, zaintza-taldeekin ez zelako nahikoa. Bestetik, hainbat momentutan motibazio falta eta apatiazko egoerak sumatu ditugu, eta horietan eragiteko zailtasun handiak topatzen ditugu. Eguna zein egitekoak antolatzeko zailtasunak izan dituztenak ere antzeman ditugu, baita ekintzetan parte-hartzeko zailtasunak dituztenak ere. Kasu horietan, rolen banaketak eta taldean aritzeak asko lagundu du. Horregatik, autoerregulazioan laguntzeko asmoz, erregistro-sistema bat jarri dugu martxan, beraiek ere modu objektibo batean neur dezaten.

Hori guztia aurrera eramateak, eremu guztietan ikasleen gertuko jarraipena egiteak, irakasleon inplikazio handia eskatzen du. Familiekin ere elkarlanean ari gara, askotan gu geu beraien aholkulari eta animatzaile bihurtu gara, eta familiak, beren aldetik, gure informazio-iturri garrantzitsuena dira; horrela, ikastolaren eta etxearen arteko muga inoiz baino lausoagoa bihurtu da. Horrek, ordea, nekea ere badakar, eta, horregatik, ezinbestekoa izan da gu ere elkar zaintzea eta talde-lanean aritzea. Egun batean rol batean eta beste batean bestean, energia-egoeraren eta egoera emozionalaren arabera elkar sostengatuz. Fikziozkoa dirudien egoera honi aurre egiteko, talde-lanak, elkarkidetzak, kooperazioak eta komunikazioak inoiz baino zentzu handiagoa hartu dutela esango genuke. 

 

Parekoen arteko tutoretza 

San Fermin Ikastolako 

Bigarren Hezkuntzan

San Fermin Ikastolan, gainerako ikastetxeetan bezala, egun batetik bestera pasatu behar izan genuen aurrez aurreko hezkuntzak eskaintzen digun ikaslearekiko gertutasunetik urrutiko emergentziazko hezkuntza batera. Horrela izendatu nahi dugu, ez dugulako uste benetako online hezkuntza eskaintzen ari garenik, besteak beste, beharrezko hausnarketarik edo aurretiko plangintza pedagogikorik egiteko aukerarik ere ez dugulako izan. Ez dago benetako online hezkuntza bat egiteko bermerik, komunikabideetan etengabe aipatzen ari den arren.

Gure ikastolako ikasleek konpetentzia digital zabala duten arren –ohituta gaude EKI digitalki garatzera, IKTen askotariko jardueretara…–, kalitatezko online hezkuntza egitea ez da irakaslearen azalpena bideo batean jasotzea. Hezkuntza-prozesu batek dituen elementu guztiak barneratu beharko lituzke: aniztasunaren trataera, konpetentzien eskuratzea, ikasleen garapen emozionala…

Hala ere, egoerari aurre egin behar izan zitzaion, eta hasierako momentutik oso argi izan genuen oinarrizko printzipio bat: lanak bideratzea, kalifikatzea edo ikasmaterialen euskarriak moldatzea berehalako beharrak ziren, baina garrantzitsuena ikasleen jarraipen emozionala egitea izango zen. Ikasleen aniztasuna familien aniztasuna ere bada. Nola lagundu etxean dagoenari denbora antolatzen, zailtasunei eta beldurrei aurre egiten?

Ildo horretatik, tutoreak orain arte egiten ari diren lana ezinbestekoa izaten ari da. Aurreko normaltasun-egoeran izan den bezala, bestalde. Baina berehala sumatu genuen jarraipen hori indartzeko tresna gehiago beharko genituela. San Fermin Ikastolan, parekoen arteko elkarlana bultzatzeko kultura handia dugu: maila bereko tutoreek taldeka lan egiten dute, arlo bereko irakasleek ere bai; ikasle laguntzaileek taldeka dihardute bizikidetzaren zaintzan, proiektu gehienak taldeka garatzeko ohitura dugu… Bada, gurean hain hedaturik dagoen talde-lanaren (auzolanaren) kultura horretatik abiatuta, DBHn ere bizitzen ari garen egoera berezi honetarako talde kooperatiboak martxan jartzea erabaki genuen.

Hasieratik adierazi genien ikasleei zein ziren “Parekoen arteko tutoretza” egitasmoaren helburuak: egoera berri honetan elkarri laguntzeko sarea osatzea, antolatzen laguntzea, zalantzak partekatzea, elkar zaintzeko bide berriak zabaltzea… Izan ere, ikasleei ez zaie, ohiko prozeduran, lanak taldeka egitea eskatu.

Egitasmoa martxan jarri aurretik, talde heterogeneoak sortu genituen. Hein handi batean, lagun edo lankide hurbilenekin osatzen saiatu ginen, horrela bideragarriagoak izango zirela iruditu zitzaigulako. Gainera, “oreka akademiko” bat bilatu nahi genuen, hau da, normalean baino homogeneoagoak ziren taldeak. Ikasleen taldekatze egokia egitea beti da lan zaila, baina, esperientziak maiz erakutsi digunez, arrakastaren giltza ere bada.

Ekimen honen eragina neurtzeko, galdeketa egin genien ikasleei ere, eta gehienek argiki adierazi digute kideekin batera hobeto ikasten dela; errazago egiten zaiela lana aurrera eramatea. Konfiantza-giroa sortzen da beraien artean, eta babes-sare bat ere badela sentitu dute. Baina, era berean, taldekatzeak ongi pentsatu behar direla adierazi digute. Irakasleriari dagokionez, prestakuntza egoki baten beharra nabarmendu dute, taldeak benetan kooperatiboak izan daitezen eta ikasle guztiek elkarrekin ikasteko aukera izan dezaten.

Behatu dugunaren arabera, itxialdiaren lehenengo fasean benetan erabilgarria izan zitzaien egitura hori. Dena berria zen orduan, informazioa sakabanatuta zegoen, erritmoak desberdinak ziren. Bai ikasleentzat eta bai familientzat ere oinarri garrantzitsua izan ziren talde hauek.

Bigarren fasean, erabilera aldatu egin dela ikusi dugu, eta, talde batzuk oso aktibo mantentzen diren arren, beste batzuk ez dira horrenbeste elkartzen. Neurria hartu diote lan-prozedura berriari, guk ere neurria hartu diogun bezala. Orain, lan egiteko prozedura eta informazio guztia zentralizatua dute gune batean, tutoretza-saioak sistematizatuago daude, orokorrean denak gara autonomoagoak orain. Era berean, jakin badakigu bigarren fase honetan gertatzen ari diren beste aldagai batzuk ere kontuan hartu behar ditugula, besteak beste, nekea eta motibazio falta ere behatzen hasiak baikara hainbat ikaslerengan.

Egoera berri eta aldakor horretatik abiatuta, bi astez behin Sormen Astea antolatzeari ekin diogu. Ekimen horren bitartez, ikasleek, mailaka antolaturik, hainbat proposamen garatuko dituzte, eta aurretik deskribatutako talde kooperatiboak baliatuko ditugu horretarako ere. Helburua, diziplina artean, zehar-konpetentziak ahalik eta modurik ludikoenean lantzea izango da.