2012an argitartu genuen lehen alea, eta 50. zenbakira iritsi gara 2024ean.
Hasieratik, haurraren autonomia osasuntsua eta gurasoen ahalduntzea izan ditugu ipar.
Haurrarekin batera hazten joan dira Hazi Hezi eta bere komunitatea. 50. zenbakira iritsi gara; aldizkari hau Hazi Hezi haziera eta heziketa aldizkariaren 50. alea da. 2012ko maiatzean argitaratu genuen lehen zenbakia, eta 2024ko udazken honetan zenbaki biribilera iritsi gara. Espero ez genuen ibilbidea egin dugu ordutik, haurraz, hazieraz, heziketaz, garapenaz nahiz gurasotasunaz ibilbide mardula egin dugula ikusten dugu atzera begiratu eta sabela bete-bete erakusten zuen lehen azal hartatik.
Ordurako Hik Hasi aldizkariak ibilbide sendoa egina zeukan hezkuntzan, ikastetxeengandik gertu, 18 urte zeramatzan pedagogien dibulgazioa egiten, irakasleak formatzen, herrialde eta sare ugaritako irakasleak aldizkariaren bidez saretzen. 1995ean sortu zuen irakasle talde zabal batek Hik Hasi egitasmo pedagogikoa, eta haren abaroan sortu zen izen bereko aldizkaria, eta ondoren Hazi Hezi. Irakasleak izan ziren, batik bat, etxeari begira gurasoentzako eta familientzako haziera eta heziketa gaiei buruzko aldizkari baten beharra egitasmo pedagogikoaren bulegora ekarri zutenak. “Galduta” ikusten zituzten irakasle askok gurasoak. Loa, haurraren garapena, emozioak, sexualitatea… gai askotan “galduta” ikusten zituztela eta “San Google”-n bilatzen ei zituztela erantzunak. Eta “San Google”-k erantzun kontraesankorrak ematen ditu. Infoxikazioaren erdian, Hazi Heziren helburua, sorreratik galbahe lana egitea izan da, informazio landua eta fidagarria eskaintzea haurraren garapenaz, hazieraz eta heziketaz. Horretarako, hasiera-hasieratik, Euskal Herriko aditu sare zabal batekin egin du lan Hazi Hezik. Euskal Herriko hainbat unibertsitateko irakasleak izan ditugu bidelagun, hala nola, Amaia Arroyo, Alfredo Hoyuelos, Alex Barandiaran, Joxe Amiama… baina baita bestelako aditu kontsagratuak ere, Alvaro Beñaran, Nerea Mendizabal, Xabier Tapia, Libe Garmendia, Gontzal Martinez de la Hidalga, Iñaki Eizmendi, Aitziber Estonba, Alazne Ugartetxea, Ane Ablanedo.. Alerik ale elkarrizketak egin dizkiegu aditu horiei, baina gai ugari jorratzeko garaian ere euren ekarpenak egiteko prest izan ditugu beti. Euskal Herrian profesional sare mardula daukagu, zorionez, haur baten etorrerak dakartzan galdera guztiei erantzun ahal izateko.
Informatzea izan da gure egitekoa. Lehen aldizkaritik beretik, helburu horri eutsi diogu 12 urte hauetan. Erditzearekin hasi ere hasi genuen gure ibilbidea: Nola erdituko naiz? Izeneko gaia jorratu genuen lehen zenbaki hartan, eta erditzeari buruzko informazioa bildu genuen, hainbat emaginekin. Haurdunaldiaz ere egin genuen 19. zenbakian gai nagusia, eta hainbatetan eutsi diogu baita ere puerperioari eta erdiondoari. Beti ere helburu berarekin: ama izango denak eduki dezala behar duen informazioa eskura ahaldundurik bizi ditzan prozesu horiek. Amen eta aiten ahalduntzea funtsezko ardatz izan baitira gure erredakzioan.
Anitza eta feminista
Gurasoen ahalduntzea eta haurraren nortasuna eta garapena izan dira iparra markatu diguten koordenadak. Lehenengo editorialean argitu genuen gure bokazioa: “Haurrak —pertsonak— bere nortasuna gara dezan, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen lagundu nahi du aldizkari honek, umeen behar emozionalak, fisikoak eta psikologikoak asetzen lagundu nahi du”. Balio batzuetan ardaztu genuen hasieratik aldizkaria eta eutsi eta indartu egin ditugu balio horiek denborarekin. Haurraren zaintzari duen balioa ematen saiatu gara alerik ale. Era horretan, haurra sano gara dadin kontuan izan beharreko informazioa biltzen saiatu gara hainbat gairi loturik: sexualitatea, psikomotrizitatea, loa, elikadura, mugimendua, jolasa… Zaintza diskurtso askotara atera den honetan, haurraren zaintza zer den aletu dugu, xehe-xehe, alerik ale.
Haurdunaldi luzea eta erditze konplikatu xamarra izan ziren. Heziketa gaietan eta eskolekin lan egitean bagenuen esperientzia, baina familiekin eta familientzat lan egitean, ikusi genuen landuko genuen lurra ez zegoela hain finkatua, erraietako gaia ukitzen genuela eta esperientziak askotarikoak zirela, batzuk gozoagoak, besteak gaziagoak, eta haurren haziera eta gurasotasuna ezin zirela ez sinplifikatu ezta orokortu ere. Beraz, idazten hasi aurretik, aldizkaria pentsatzen hasi orduko, argi geneukan informazioa eskainiko genuela, ez epairik eta dogmarik; bideak aurkeztuko genituela eta ez ezer ezarriko; gurasoei laguntzeko tresnak emango genizkiela eta inolaz ere ez presio eta kulpa gehiago ezarriko.
Izan ere, presioa eta kulpa sumatu genituen kalera atera eta Hazi Heziko orrialdeak betetzeko elkarrizketak egiten hasi ginenean, gurasoekin elkartu orduko. Plazetako soziologia deitu genion Hazi Hezi osatzeko egiten genituen bilerei eta elkarrizketei, guraso askorekin egotea egokitu zaigu urte hauetan guztietan 50 aldizkari egiteko. Eta bereziki lehen zenbakietan harritu egin gintuen amek deskribatzen ziguten bakardadeak. Haurraren jaiotza lurrikara moduan deskribatzen ziguten ama askok, eta zalantzen eta galderen aurrean bakarrik sentitu izan direla kontatzen ziguten. Zaintza gurasoen eta bereziki amen ardura moduan bizi izan dute gure irakurleek, eta Hazi Hezik, nolabait, tribuaren funtzioa egin nahi izan du zaintza gaietan lagunduz.
Horregatik guztiagatik—eta nola bestela?— ikuspegi feministatik idatzi ditugu orriok. Gizarte honek amei zer-nolako presioa ezartzen dien oso nabarmen ikusi dugu urte hauetan guztietan. Horren aurrean, aitak ere zaintzan eta hazieran duen rolaz eta egitekoaz informazioa eman dugu zenbaki askotan.
Aniztasuna ere, bere zentzurik anitzenean, oso presente izan dugun balioa izan da. Haurren arteko aniztasuna, familien arteko aniztasuna... Bizipoza elkartearen filosofia geure egin dugu. Baita, Oinherri herri hezitzaileen sarearena ere. “Haurra jarri behar dugu komunitatearen erdian” esan zigun Alex Barandiaranek 4. Zenbakian. zenbaki berean herri hezitzailearen filosofia zer zen aurkeztu genuen. Ez alferrik, Hazi Hezi Oinherriren eta Bizipozaren kide da sorreratik. Eta gaur arte eutsi diegu balio horiei guztiei.