Hik Hasiren bideopodcastak haziera eta heziketa gaiak landuko ditu hilero hainbat adituren laguntzaz.

 

Dagoeneko ikusgai duzue Non edo non izeneko bideopodcast berria. Hik Hasiren bideopodcastak haziera eta heziketa gaiak landuko ditu hilero hainbat adituren laguntzaz.

 

Ez dira gutxi izaten helduok haziera eta heziketa kontuetan izaten ditugun buruhausteak. Horiek lantzeko eta ditugun kezkak eta zalantzak argitzen laguntzeko helburuz abiatu dugu Non edo non izeneko bideopodcast berria. Gurasoentzat, familientzat eta irakasleentzat tresna izan nahi du Non edo non saioak eta hilero atal berria eskainiko dugu, betiere aukeratutako gaiari erantzungo dion aditu baten laguntzaz.
 

Nerea Mendizabal psikopedagogo eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua gonbidatu dugu lehenengo atalean eta etxeko gatazkak murrizteko pilulak eskaini dizkigu Mendizabalek. Atal guztietan pertsona ezagun batek galdera egingo dio gonbidatuari kezkaren bat edo zalantzaren bat argitzeko helburuz eta Andoni Aizpuru telebista aurkezleak egindako galderari erantzunez hasi dugu lehen saioa: “Non edo non entzun dut garrantzitsua dela helduok espektatibak murriztea eta umeengan haiei ez dagokien ardurarik ez jartzea…”. Hari horri tiraka osatu dugu Mendizabalekin izan dugun solasaldia.
 

Arazoa espektatibek eta errealitateak bat egiten ez dutenean sortzen dela dio Mendizabalek, eta arreta jarri behar diogula horri aurre egiteko dugun moduari. Era berean, seme-alabei eskaerak baiezko forman egitea izango litzateke egokiena: “Ireki begiak” edo “jarri zutik”, esatea, adibidez, eskaerak eraginkorragoak baitira modu positiboan eginez gero: “'Ez jo’ esan ordez, ‘zure haserrea hitzez adierazi ezazu’ esan dezakegu, adibidez”, dio Mendizabalek. Kontua ez da “ez” hitza ez erabiltzea, baina adierazi nahi duguna adierazteko beste moduren bat dagoenean, hura erabiltzeko gonbitea egiten du.

 


'Ez jo’ esan ordez, ‘zure haserrea hitzez adierazi ezazu’ esan dezakegu, adibidez

Nerea Mendizabal, psikopedagogoa eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua 


 

Geure burua ezagutzea

Haziera bide aldapatsua da batzuetan eta bide hori arintzeko ezinbestekoa da gurasoek euren burua ezagutzea eta zaintzea. Oinarrizko beharrak beteta ote ditugun begiratzea oso garrantzitsua: loa, janaria… Oinarrizko hori ase gabe, askoz ere zailagoa izango baita gure alderdi emozionala kontrolatzea.

Gure gune gorriak eta berdeak ezagutzea ere lagungarria da: “Berdeak indarra, ilusioa… berreskuratzen laguntzen digutenak dira, bizipoza aktibatzen digutenak. Horrelakorik ez badugu, gurasotasuna ongi aldapatsua izan daiteke. Era berean, garrantzitsua da ikustea zerk ateratzen gaituen gure onetik. Batzuentzat seme-alabekin ordu asko bakarka eta segidan egotea izan liteke, beste batzuentzat eskolara joan aurreko goizeko tartea edo lotara joan aurrekoa, anai-arreben arteko liskarrak izan daitezke… Bakoitzak bere marra gorriak ditu. Horiek ezagutzea garrantzitsua da, lasai nagoenean begiratzeko eta hausnartzeko”.

 


Batzuetan ematen dizkiegun mezuak ez datoz bat nahiko genukeenarekin, eta eman nahiko geniekeen eta ematen ari garen ereduaren arteko distantzia horretan pertsona batzuk gaizki sentitzen dira. Kontua da nola tratatzen dugun geure burua eduki dugun jokaerarekin harro ez gaudela ikusten dugunean

Nerea Mendizabal, psikopedagogoa eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua 


 
Haiekin batera hazi

Helduok ere haurrekin batera hazteko eta garatzeko prest egotea garrantzitsua da. Beti ez da erraza, ordea, eta gune gorrietan gaudenean eta gure onetik ateratzen gaituztenean errua agertzen da maiz: “Batzuetan ematen dizkiegun mezuak ez datoz bat nahiko genukeenarekin, eta eman nahiko geniekeen eta ematen ari garen ereduaren arteko distantzia horretan pertsona batzuk gaizki sentitzen dira. Kontua da nola tratatzen dugun geure burua eduki dugun jokaerarekin harro ez gaudela ikusten dugunean”, dio Mendizabalek. Hanka- sartzeak egiten ditugunean hanka sartu dugula onartzea eta umiltasunez jokatzea oso garrantzitsua da.

Hik Hasiren webgunean, Hik Hasiren YouTube kanalean eta Hik Hasiren sare sozialetan topatu ahal izango duzue aurrerantzean Non edo non bideopodcasta. Hileko lehenengo ostiraletik aurrera izango dituzue eskuragarri atal berriak