Aniztasuna guztiok osatzen dugu, guztiok baititugu bakan egiten gaituzten ezaugarriak.
Aniztasunaz hitz egitean sailkapen handiak egiten ditugu: etorkinak, gaixotasun arraroak dituztenak, homosexualak, desgaitasunen bat dutenak… Baina aniztasuna guztiok osatzen dugu, guztiok baititugu bakan egiten gaituzten ezaugarriak. Aniztasun anitzak kontuan izateko, elkar ezagutzetik hasi beharko genuke, guztion beharrak kontuan izango dituen herri, eskola eta gizartea helburu.
Aniztasunaz, normalki, hirugarren pertsonan hitz egin dugu. Bestea sartzen dugu aniztasunaren zaku horretan. Bestea etorkina, bestea desgaitasunen batu duena, bestea gaixotasun arraroren bat duena, bestea homosexuala, bestea gorra… Baina aniztasuna guztiok osatzen dugu, guztiok baikara bakarrak eta errepikaezinak.
Hala dio, behintzat, teoriak. Aniztasunaren praktikaz ere asko dakite Bizipoza elkartekoek. Sortu ere aniztasunari ikusgarritasuna emateko sortu zen Bizipoza, zailtasunen bat duten pertsonen elkarteen elkartea. Nerea Godoyk modu honetan deskribatzen du aniztasuna: “Aniztasuna da norbera izatea taldean errespetatua izanik”. Nerea Godoy Sanfilippo Vass elkarteko eta Bizipozako kidea da. “Aniztasunaren barruan, aniztasun handia dago”, zehazten du Leire Elizegi Bizipozako koordinatzaileak; “eta batzuetan aniztasuna kontzeptu gutxi batzuekin lotzen dugu, kultura, generoa, orientazioa… Aniztasuna kategoria edo talde handi horiekin lotzen dugu, baina aniztasuna zeinen zabala den ohartzen garenean, konturatzen gara ez dela urrunera begiratu behar; bakoitza bere auzoan, bere etxean, bere familian, guztiok garela anitzak”. “Aniztasuna ez da besteen kontua”, biribildu du Godoyk.
Aniztasuna eguneroko praktika duten bi familia dira Eli Dominguezena eta Amaia Irazustarena, bi biak Bizipozako kide, eta bi biak aniztasuna zeinen anitza den erakusle: Dominguez senegaldarrak eta euskaldunak batzen dituen Ndank-ndank elkarteko sortzaile eta kide da, eta egun hiru ume arrazializaturen ama. Baina Bizipoza elkartearekin lehen harremana ez zuen ezaugarri horrek ekarri: Joana alaba nagusia ezpaineko fisura batekin jaio zen eta ezaugarri hori duten haurren familiak batzen dituen Aspanif elkartearen bidez batu ziren Bizipozara. Horrez gain, Laminek, semeak, adimen gaitasun handia dauka: “Gure etxean txikitatik landu behar izan dugu aniztasuna, bere zentzu zabalenean. Deigarriena jatorri ezberdinekoa izatea da, baina izaera aldetik eta hamaika konturengatik egunero landu beharreko gaia izan dugu”. Dominguezek berak Hezkuntza Bereziko ikasketak egin zituen eta urteak daramatza gorrekin lanean: “Nik neronek betidanik eduki dut sentsibilitatea aniztasunarekiko, eta ikasketak eta lanbidea hortik bideratu nituen”. Ondoren Mamadou Sarr ezagutu zuen Bergaran, euren adiskidetasunetik Ndank- ndank elkartea sortu zuten 2011n, eta gero elkartea handitzen joan da eta eurek familia osatu dute: “Aniztasuna lantzen dugunean, taldeez berba egiten dugu, aniztasun global eta sailkatu horietan jausten gara, eta ez dugu berba egiten denok ditugun ezaugarri desberdin horiei buruz, baina hori ere aniztasuna da”.
Amaia Irazustaren kasua ere Dominguezenaren antzekoa da. Pausoka behar bereziak dituzten haurren gurasoen elkarteko kide moduan sartu zen Bizipoza elkartera, baina etxean aniztasun anitza bizi dute: behar bereziak dituzten eta aniztasuna funtzionala duten bi seme-alaba ditu, eta gaitasun handiak dituen beste seme bat: “Aniztasuna continuum baten moduan planteatu beharko genuke eta ez dikotomia baten moduan: gaitasunak dituzu / ez dituzu; autonomia duzu / mendekotasuna duzu. Mundu honetan kolore anitzeko mapa bat osatzen dugu, eta bakoitzak gure gabeziak eta trebetasunak ditugu. Denok ez gara denerako gai”. Irazustaren aburuz, aniztasunari buruz hitz egiteko, garrantzitsua da norbere buruarekiko zein besteekiko hartzen dugun jarrera errebisatzea: “Kontua ez da zu desberdina zarela eta nik lagundu behar zaitudala. Kontua da guztiok dauzkagula behar berdinak, baina behar horiek modu desberdinetan ase behar izaten direla. Orain, nola ase ditzakegu guztion beharrak?”.
“Ezezagutzak ekartzen ditu, azken finean, gizarte ez osasuntsu batean fobiak, bullyingak, inklusio eza eta getoak”
Leire Elizegi
Hasteko, elkar ezagutu
Bizipoza elkarteak iragan apirilaren 27an Hernanin egin zuen jaian egin zuten bat lau elkarrizketatuek. Haiek eta beste pertsona anitz ugarik. Kultura eta jatorri anitzetakoek, familia eredu ugaritakoek, gaixotasun arraroak dituztenek, sindromeren bat duten haurrek eta euren familiek, sexu eta genero anitzekoek, adin eta jatorri ugaritakoek… Irudi koloretsua eskaini zuen Atsegindegi plazak, beste edozein aisialdi ekintzatan ikus daitekeena baino irudi anitzagoa eta, era berean, benetakoagoa eskaini zuen. Aniztasuna hasieratik kontuan izan zuen festa bat izan zen Hernanikoa. Guztien beharrak aintzat hartuz diseinatu zutelako jaia, Irazustak Pausokaren izenean hitza hartu zuenean adierazi zuen moduan: “Hau ez da guztiontzako egokituriko festa bat, hau hasieratik guztiongan pentsaturiko festa bat da”. Zehaztapen horretan mami handia dago, eta bertan barnebiltzen da Bizipozaren ametsa, Godoyk azaldu digunez: “Guztiontzako gizarte bat dugu helburu; oztoporik gabeko gizarte bat. Hautsi edo gainditu beharreko trabak ez dira soilik fisikoak, denok ditugun traba mentalak ere kontuan izan behar ditugu aniztasuna aintzat hartzeko”.
Jaiaren moduan, gizartea ere “hasieratik guztiongan pentsaturiko gizartea” izan dadin, elkar ezagutzea da lehenengo urratsa, lau elkarrizketatuen arabera: “Elkar ezagutuz, elkar entzunez eta guztion beharrak aintzat hartzen ditugunean has gaitezke gizartea, kalea, eskola... beste modu batean pentsatzen”, azaldu du Godoyk. “Ezezaguna zaigun guztiari bizkarra ematen diogu, ezezaguna den guztiari beldurra diogulako”, gehitu dio Elizegik. “Bakoitzak bere errealitatea ongi ezagutzen du, baina ez ditu besteen errealitateak ezagutzen; askotan ez dakigu ondokoa nola bizi den. Guztiok errespetutik eta asmo onez galdetuko bagenu eta elkar ezagutuko bagenu, gizarte inklusiboago bateranzko urratsak egingo genituzke”, azaldu du Irazustak. Elkar ezagutzea da, Elizegiren aburuz ere, inklusiorako giltza: “Ezezagutzak ekartzen ditu, azken finean, gizarte ez osasuntsu batean fobiak, bullyingak, inklusio eza eta getoak. Guzti-guztiontzat aberasgarriagoa izango litzateke gizarte inklusiboago batean bizitzea; lehenik zailtasunak dituzten pertsonentzat, baina baita besteentzat ere. Denok aberastuko ginateke gizarte sanoago batean biziz”.
Elkar ezagutze horretan, umeen jarrera hartzen du eredutzat Irazustak: “Galdetu egiten dute: ‘Zer dauka? Zer gertatzen zaio? Nola jolasten da? Zer gustatzen zaio?’; zer bai egin dezakaten jakin nahi dute.” Dominguezen aburuz, galdetzea ez da nahikoa: “Elkar ezagutzeko, komunikazio kanalak ireki behar dira, baina galdetzea ez da aski, ondokoari ahotsa eman behar zaio eta entzun egin behar zaio. Aniztasunari ahotsa eman behar zaio”. Euren elkartearen kasuan, pertsona arrazializatuen presentzia eta ahotsa faltan sumatzen dute gizarte antolaketan, udal mahaietan, ikastetxeetan, guraso elkarteetan: “Botere eremu horietan besteok haien ordez pentsatzen jarraitzen baldin badugu, handicap handi batekin jarraitzen dugu, eta ez dugu errealitatea den moduan jasotzen. Guztion parte-hartze ekitatiboa hasieratik bermatu behar da, eta hori errazteko antolaketak pentsatu behar dira, guztiek izan dezaten aukera euren ahotsa entzun dadin. Horretarako beharrezkoa da pentsamendu irekia edukitzea, eta denok prest egon behar dugu, gure modu horiek apurtzeko eta beste zerbait sortzeko”. Ikuspegi berekoa da Irazusta: “Ez eman ontzat ezer; galdetu eta eman ahotsa. Ez pentsatu besteen ordez. Askotan gure beharretatik pentsatzen dugu besteengan, gure planetara erakarri nahi ditugu besteak, gure egiteko moduetan inkluitu nahi ditugu besteak eta konturatu behar dugu aniztasuna kontuan izan nahi badugu, agian gauzak beste modu batean egin behar ditugula, ez orain arteko gure moduan”.
“Komunitatea da gakoa”
Inor baztertuko ez duen gizarte anitzaz hitz egitea, eredu aldaketaz hitz egitea da, Bizipozako kideen arabera. “Komunitate bat garela sentitu behar dugu. Aniztasuna aitortzeko hitz klabea komunitatea da —dio Nerea Godoyk—. Ni ez naiz niretzako ari… Indibidualismoa apurtu eta benetan komunitate sentitzen hasten garenean gauzak bestela ikusten dira. Komunitateari begiratzen diogunean, denok desberdinak garela ohartzen gara, eta argi ikusten dugu inor ezin dela kanpoan gelditu, erreferentziarik eta aitortzarik gabe. Baina, horretarako, lehendabizi begirada aldatu behar dugu, hainbesteko indarra hartu duen indibidualismotik komunitatearen zentzua berreskuratzera pasa behar dugu”.
Komunitatean eta komunitatearentzat lan egitea auzolanean lan egitea da, Leire Elizegiren aburuz: "Ikuspegi indibidualistatik ezinezkoa da elkarrekin eta elkarrentzat ezer eraikitzea: erantzuna auzolanean eman behar dugu”. Auzolan horretan familiak, herritarrak, eragileak eta elkarteak saretuta irudikatzen ditu Bizipozak: “Oinarrizkoa da denon eskubideak bermatzea eta horretarako modu koordinatu batean saretuta bideratu beharko genituzke lanketak”.
Begirada aldaketa koloretako betaurrekoak janztearekin irudikatzen du Godoyk: “Betaurrekoak jantzita eta begirada zabalduta ikusiko dugu denok daukagula zer eman eta zer jaso. Horrek norbanako moduan, kolektibo moduan, herri moduan eta gizarteko eremu guztietan aberasten gaitu”. Elizegirentzat aniztasuna balioan jartzeko beste hitz gako bat elkarrekintza da: “Denona eta denontzat beharko lukeen gizarte hori eraikitzea ez dagokio soilik elkarte bati, hezkuntzari edo administrazioari. Hori elkarrekin egiteko bide bat da: elkarri entzun, elkarrekin erabakiak hartu, ekimenak eta gizartea elkarrekin diseinatu, oztoporik gabe”.
Eguneroko zailtasunak
Bitartean, eta aniztasuna benetan kontuan hartuko duen gizarte horretara iritsi bitartean, trabak eta oztopoak ugariak dira, eta ezagutu egin behar dira. Euren azalean bizitzen dituzte zailtasun horiek Irazustaren eta Dominguezen familiek egunerokoan. “Mendekotasuna duten umeen guraso izatea oso gogorra da —dio Irazustak—. Mendekotasunaren eta desgaitasunen arloan, parametro gehienak zahartzaroari egokituak daude. Eta guri egokitu egiten digute galdetegia eta petatxu bat bihurtzen gara”. Gaixotasun arraroen kasuan, adibidez, medikuntzak aurreratu duen neurrian, haur horien bizi itxaropena luzatu egin da, baina ez euren bizitza kalitatea bermatzeko ongizate zerbitzuen garapenaren maila berean: “Behar ditugun zerbitzuak ez daude estandarizatuak eta protokolizatuak”. Are gutxiago amaiera duin bat. Haurren heriotza duinaren eskubidea aldarrikatu du Irazustak, Pausokaren eta Bizipozaren izenean Legebiltzarraren aurrean. “Gure umeak, normalki garaiz hiltzen dira, baina gaur egun oso zaila da heriotza duin bat izatea. Eutanasiaren legearekin gauza asko bermatuta daude, baina pediatria arloan hori ez dago. Oso gogorra da zure seme-alabaren heriotza bizitzea. Eutanasiaren legea pediatrian ere aplikatzen dela bermatzea oso garrantzitsua da. Zorionez oso ume gutxi dira egoera hori bizitzea egokitzen zaienak, baina gure umeek ere duintasunez hiltzeko eskubidea dute”.
Dominguezek ere garrantzitsua ikusten du gizarte eredu honek bazterrean uzten dituen gizarte taldeek eta banakoek egunerokoan bizi dituzten eskubide urraketak ezagutzea: “Jatorri etorkina edo migrantea duten pertsonek egunerokotasunean dituzten zailtasunak ezagutu beharko genituzke, adibidez, etxebizitza bat alokatzeko, edo bide erregularra lortzeko, edozein lanbide lortzeko eta mantentzeko… Egunerokotasunean administratiboki eduki ditzaketen mugak ezagutu beharko genituzke, eta baita egunerokotasunean sozialki topatzen dituzten hesiak ere”. Dominguezen aburuz, gertuko tratua falta da, bizilagun begirada falta da. “Hori eskolako atarira eramanda, banaketak ikusten dira, eta umeak horrekin doaz eskolara: euren gurasoek eduki ditzaketen zailtasunez eta trabez gain, beste umeek etxetik ekar ditzaketen aurreiritziei aurre egin behar izaten diete ume askok”. Eurek ere bizi izan dute halakorik, eta mikroarrazismo horiek ikusgarri egin ditu Ndank-ndank elkarteak hainbat bideotan: “Niri, ama zuri moduan eta Mamadou aurrean ez dagoenean, askotan galdetu izan didate umeak nondik ekarri ditudan edo adopatutak ote diren. Aldiz, ni ez nagoenean eta umeak aitarekin soilik daudenean, gaztelaniaz zuzentzen zaizkie eta behin eta berriro galdetzen diete haurrei nongoak diren”.
“Aurreiritziak gainditzeak haurren arteko bazterkeriak gainditzen lagunduko luke. Lehenengo helduok hasi behar dugu geure buruak errebisatzen eta, ondoren, begiratuko diegu haurren jarrerei”
Nerea Godoy
Hezkuntza: oztopo eta soluzio
Bizipoza elkarteak egituraren barneko argazkia egiteko ikerketa bat egin zuen elkarteen artean eta ikusi zuen errepikatu egiten direla familiek egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoak, batez ere, hezkuntzan, osasungintzan eta aisialdian. Alor bakoitzean familiak bidea urratzen ari dira etengabe: “Hezkuntzan, adibidez, gure umeentzako ez dago ibilbide-orririk idatzita —dio Irazustak—. Profesional askok ez dakite zer egin gaixotasun arraroak dituzten ikasleekin eta familiok ez daukagu orientaziorik. Geuk urratu behar ditugu bideak”. Aisialdiko eskaintzak ere ez daude hiritar guztientzako pentsatuak: “Eskaintzak oso sailkatuak daude, normalean adinka, eta gure seme-alabek ez dituzte, kasu askotan, euren adinari lotzen zaizkion gaitasun batzuk, beraz, eskaintzak malguagoa izan beharko luke, eta galdetegietan oharrak idazteko aukera izan beharko genuke beti, gure seme-alabek ere lekua izan dezaten”.
Ekonomiaz ere gutxi hitz egiten da, baina gaixotasun arraroak edo bestelako zailtasunak dituzten familiek kostu ekonomiko handia izan ohi dute terapiak eta errehabilitazioak ez direlako, neurri handi batean, osasungintza publikoan sartzen. “Osasungintza oinarrizko eskubidea da, baina haur askok ez daukate bermatuta behar duten arreta”, ohartarazi du Elizegik. Ekonomiari loturik, Dominguezek arrakala ikusten du: “Gure gizarte honetan aisialdi eskaintza ia dena ordaindutakoa da, hori da gure eredua eta pertsona batzuek ezin dute edo ez dute eredu horretan sartu nahi, eta horrek sozializazioan eragina dauka”.
Eskubideez ari garelarik, errepresentazio eskubidea ere aldarrikatzen du Godoyk: “Pertsona guztiek, eta bereziki haurrek, erreferentziak behar ditugu, eurekin identifika gaitezkeen pertsonak. Baina gure elkarteetako ume askok ez dute erreferentziarik aurkitzen. Gaur egun futbol profesionalean dauden emakume askok esaten dute eurak hasi zirenean ez zeukatela erreferentziarik, gizonen ereduek ez baitzieten balio. Guztiok eduki beharko genituzke erreferentziak, eta gure moduko pertsonak errepresentaturik ikusi beharko genituzke testuliburuetan, liburuetan, komunikabideetan... Horrek erakutsiko luke gizarte moduan aniztasuna zentzu zabalago batean kontuan hartzen dugula”. Dominguezek ere gauza bera aldarrikatzen du: “Gure gizartean erreferentzia guztiak zuriak dira. Liburuetan, testuliburuetan edota komunikabideetan pertsona arrazializatuak jatorriko herriarekin, pobreziarekin eta arrakala sozialarekin lotzen diren neurrian estereotipoak indartzen ditugu. Gure seme-alabek ere izan nahi duten hori irudikatzeko erreferentziak behar dituzte”.
Indar eraikitzailea
Gabeziak eta hutsuneak handiak dira, baina behar bereziak izateak eta euren seme-alabengatik, elkarteko beste umeengatik eta, oro har, gizarteak erdigunetik aparte kokatzen dituen ume guztien alde borroka egiteak gauza asko eman dizkiela nabarmentzen dute laurek. Elkarte eta familia horien jarrera nabarmentzen du Elizegik: “Indar eraikitzailea daukate. Egunerokoan gure eskubideak eta beharrak gutxi gorabehera asetuta ditugunean geureari begira jartzen gara, eta jarrera indibidualistagoak hartzen ditugu. Baina elkarteetako familiek, oinarrizko eskubideen alde borrokan ari direnek, beste indar bat daukate modu kolektiboan eragiteko. Beharra indar kolektibo bihurtzen da. Gaitasun sozial eta kritiko bat da, hain zuzen ere, gizarte honi falta zaiona”.
“Gure umeak normalki garaiz hiltzen dira, baina gaur egun oso zaila da heriotza duin bat izatea. Gure umeek ere duintasunez hiltzeko eskubidea dute”
Amaia Irazusta, Pausoka elkarteko gurasoa
Ardura partekatua
Godoyk nabarmentzen du ezin dela elkarteen bizkar utzi haur eta familia horien oinarrizko beharrak asetzea eta guztien eskubideak bermatzea. “Elkarteetako familiek denbora eta indarra mugatuak dituzte eta ezin da haiengan soilik gelditu. Elkarteek askotan esaten dute oso positiboa izango litzatekeela halako elkarte batean edozein norbanakok parte hartzea, nahiz eta familian halako diagnostikorik ez izan”. Ardura partekatuagoa izan dadin, hasierara itzuli da Irazausta: “Espazioak partekatzea oso garrantzitsua da. Orain arte, ume askok eskolarizazio arrunta izan ez dutenez, eta gela berezietara eraman dituztenez, gizartean ez dute ikusgarritasunik eduki, eta zaila da ikusten ez dena ezagutzea, eta ezagutzen ez dena kontuan hartzea. Orain gauzak desberdinak dira: orain aniztasuna bizi duten umeek egunen batean zerbait diseinatu behar baldin badute aniztasuna barneratua dute eta badakite horren arabera diseinatu behar dutela, izan arkitekturan ala gizartean”.
Ardura partekatua izan dadin, baita ere, hezkuntza gako garrantzitsua da Dominguezen arabera, eskolan eta etxean jasotzen den heziketa: “Etxetik guztiok bidaltzen ditugun mezuak berrikusi beharko genituzke”. Bat dator Irazusta: “Haurrek etxetik jasotzen dituzten mezuek garrantzi handia daukate euren jarreretan, beraz, helduok geure buruak eta geure mezuak errebisatu beharko genituzke. Ados dago Godoy: “Ezagutzaren eta komunikazioaren bidez, aurreiritziak gainditzeak haurren arteko bullyingak eta bazterkeriak gainditzen lagunduko luke. Lehenengo helduok hasi behar dugu geure buruak errebisatzen, eta ondoren, begiratuko diegu haurren jarrerei”.