Jon Mentxakatorre, Idurre Alonso eta Aitziber Sarobe, HUHEZIko irakasleak eta ikerlariak.

 

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartutako Batxilergoko eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculumetan, diziplinarteko ikaskuntza bideratzeko planteamendu argia egiten da. Helburu horri begira, konpetentzien esparrua zehazteaz gain, DBHn ezagutza eremuetan aritzeko irizpideak proposatzen dira. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da diziplinarteko ikasegoerak diseinatzea, eta horretan lagungarri izan nahi du artikulu honek.

 

Eusko Jaurlaritzak, hurrenez hurren maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren eta 77/2023 Dekretuaren bidez onartutako Batxilergoko eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculumetan, diziplinarteko ikaskuntza bideratzeko planteamendu argia egiten da. Helburu horri begira, konpetentzien esparrua zehazteaz gain, DBHn ezagutza eremuetan aritzeko irizpideak proposatzen dira. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da diziplinarteko ikasegoerak diseinatzea, eta horretan lagungarri izan nahi du artikulu honek. Hain zuzen, artikuluaren helburua da arloei begirako irizpide didaktiko-metodologikoak argitzea, hizkuntzen, giza eta gizarte zientzien eta natura zientzien arloetatik diziplinarteko proposamen didaktikoak egiteko.

 

Diziplinartekotasuna Bigarren Hezkuntzan

Artikulu honen jatorria Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean eskaintzen den master batean lantzen ditugun ezagutza esparruetan kokatu behar da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Masterrean lantzen direnetan, zehazki. Master horretan, besteak beste, Hizkuntza eta Literaturaren, Zientzia Esperimentalen eta Giza eta Gizarte Zientzien espezialitateak eskaintzen dira, eta, arlo horietan guztietan ari garenon helburua diziplinarteko proposamen didaktiko-metodologikoak ikasgelara eramatea izanda, horretarako oinarriak ezartzeko ahalegina da idatzi hau.

Lehenik eta behin, diziplinartekotasuna nola ulertzen dugun azalduko dugu. Gure ikuspegiaren arabera, diziplinartekotasuna ez datza hainbat diziplina edo ezagutza arlo harremanetan jartzean, horiek ulermen bakarrera eramatean baizik; hau da, iturri espezializatuetatik abiatuta, informazio asko behar duen arazo konplexu baten aurrean sintesi lana egitean datza. Horrela, ezagutza arlo bakoitzak jakintza pertsonala eta kolektiboa eraikitzeko dituen zentzu, balio eta metodologien izaera eta helmena ezagutzen dira, eta haien mugak beste ezagutza arloetakoen bidez gainditzen dira.

Ezagutza arlo bakoitzak bere hiztegi, kontzeptu multzo eta metodoen berezko ezaugarriak ditu. Diziplinartekotasunarekin berezko ezaugarri horiek galduko balira, eta, esaterako, arlo guztiak hizkuntza arruntean erabiltzen diren kontzeptu, metodo eta argudioz lantzera eramango balira, eginkizuna diskurtso lauso, orokor eta azalekora mugatuko litzateke, eta ikasteko prozesuetan zientziek berariazkoak dituzten ezagutza ekarpenak galduko lirateke (McMurtry 2013). Beste hitz batzuekin esanda, benetako diziplinartekotasunak askotariko diziplinetako alfabetatze sakona eskatzen du, eta, hori ondo bermaturik, haien arteko sintesia.

Bada, abiapuntua hau izanda, jarraian aipatuko ditugun hiru jakintza arloetatik (Hizkuntza eta Literatura, Giza eta Gizarte Zientziak eta Natura Zientziak) diziplinarteko proposamenak egiteko irizpideak proposatzen dira.

 

a) Hizkuntza eta Literatura: konpetentzia linguistikoa, kulturala eta soziolinguistikoa lantzeko eremu

Konpetentzia linguistikoaren garapen egokia ezinbestekoa da curriculumeko edozein arlo landu dadin, eta, horren ondorioz, hizkuntzaren didaktikak eremu horretan ezin du lehentasuna izan, kultura eta soziolinguistika bazterrean lotzen badira (Shanahan eta Shanahan 2012).

Gainera, hizkuntzaren ikasketa ez da hura kodetzen eta dekodetzen trebatzera edo hizkuntzaren testu generoen erabileran trebatzera mugatzen; are gutxiago euskara hizkuntza gutxitua izanik. Izan ere, Euskal Herriaren ezagutza euskal begiradaz aditzen ikastea ahalbidetu behar luke ezagutza arloak. Hori dela eta, eremu honetako diziplinartekotasunerako oinarriak kulturara eta herrigintzara irekita egon behar du (Sarasua 2013).

Horren helduleku oparoa hizkuntza komunitatea bera da, haren bizipen, balio iturri eta eginkizunen altxortegia, bai komunitatea bera uler dadin, bai beste komunitate batzuen ulermenera heldu dadin. Eta, bide horretan, ezinbestekoa da beste eremuekiko elkarrekintza. Izan ere, egungo gizarte global eta hiperteknologizatuetan, herritartasunean eta hiritartasunean ekarpen esanguratsuak egiteko moduak erakusten dituzte hizkuntzak, kulturak eta soziolinguistikak .

 

b) Giza eta Gizarte Zientziak: konpetentzia pertsonala, herritarra eta hiritarra lantzeko eremu

Pentsamendu global eta holistikoaren bilaketak gizakiaren artikulazio hirukoitza eskatzen du: norbera, gizartekide eta natura izaki legez (Apalategi 2017). Hiruretako bat galdurik ezagutza murriztu egiten denez, gizakia era integralean ulertu behar da, eta dikotomietan oinarritutako kategoriak gainditu behar dira: subjektua/objektua, gorputza/arima, materia/espiritua, arrazoimena/sentimena. Hori dela eta, Giza eta Gizarte Zientzietako ezagutza zientifikoa jakinduria tradizioekin uztartu behar da, eta uztarketa horren oreka pentsamendua lortu, hiru dimentsiotan: nork bere buruarekin, komunitatearekin eta misterioarekin. Baina eremu honetako diziplinen artean zubiak eraikitzeaz gain, beharrezkoa da eremu honen eta beste batzuen arteko sintesia.

Sintesi bilaketa horren oinarria Giza Zientzien gaineko gogoeta filosofiko eta historikoa da, eta horrek pentsamendu kritikoan eta irudimenean izan duen eragina. Horregatik, ezinbestekoak dira hizkuntzek eta kulturek bideratzen dituzten balio adierazpenak, unibertsalaren eta partikularraren arteko askotariko harreman egokiak aurkitu daitezen (Drees 2021; Serina-Karsky eta beste 2022).

 


Ezinbestekoak dira hizkuntzek eta kulturek bideratzen dituzten balio adierazpenak, unibertsalaren eta partikularraren arteko askotariko harreman egokiak aurkitu daitezen


 

Eta aipatutako sintesi bilaketa horren heldulekua da Gizarte Zientzien hausnarketa antropologikoa, soziologikoa eta ekonomikoa, gizabanakoaren eta taldearen garapenera bideratua. Horren ondorioz, azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak zein solasaldi dialogikoak eta eztabaida dialektikoak gizakia izaki transzendente, politiko eta biologikotzat hartzen dute (Hollis 2012).

Eremu honen muinean, bai ezagutzaren zergatia eta bai ezagutzailearen (gizakia) zentzuaren gaineko itaunak argitzeko jarduna dago. Hala, ezagutza bideen gaineko gogoeta etengabekoa da, eta berezkoa zaio gainerako eremuen bideetara heltzeko zidorrak bilatzea.

 

c) Natura Zientziak eta Matematika: konpetentzia ekologikoa tokian tokiko begiradatik, ikuspegi globaletik eta modu integralean lantzeko eremu

Arloaren helburu nagusia alfabetatze zientifikoa dela kontuan izanda, pentsamendu kritikoan oinarritutako krisi ekologiko globalean murgilduta dagoen planetaren errealitatea interpretatzeko, funtsezkoa da gizarte hiperteknologizatuetan teknologiaren erabilerak dituen ondorioak ulertzea. Begirada hori da STEM deritzon diziplinarteko hezkuntza ereduaren oinarria, eta, horrenbestez, eredu horren barruan aritzeko STEM konpetentziak zein STEM eremua proposatu dira DBHrako curriculuma zehazten duen Dekretu berrian. Baina, STEM esparrutik harago, gaitasun zientifikoak, matematikoak eta teknologikoak ikuspegi humanistaren elkarrekintza behar dute Giza eta Gizarte Zientziekin eta Hizkuntza eta Literaturarekin, munduko ekosistemetan bizi diren komunitate tradizional eta moderno askoren ezagutza eta kultura ondarea benetan estima eta ezagut dadin. Ezagutza arloen arteko zubi horiek funtsezkoak dira 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuei (Sarobe 2023) erantzuteko, horietan oinarritzen baita LOMLOEren curriculum berria.

Diziplinartekotasuna natura zientzien eremutik ulertzeko ideia hori ez da berria, eta ez da berria, ezta ere, egunerokotasunean edo errealitateko gertaeretan eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza eta irakaskuntza prozesu esanguratsuak diseinatzea eta ikasgelara eramatea; alegia, diziplinak edota ezagutza arloak bereizita landu ordez, ikasleen ezinbesteko inplikazioarekin ebatzi beharreko benetako gertakariak edo arazo errealak ikasteko prozesu osoaren erdigune izatea.

Begirada horiek guztiek ikasteko prozesuak baldintzatzen dituztenez, diseinu didaktikoak baldintzatu beharko lituzkete. Hala, Naturaren Zientzien eta Zientzia Esperimentalen ezagutza arloetan ikerketan oinarritutako metodologiak beharko luke berariaz hautatutako metodologia didaktikoa: zientzia, teoria eta kontzeptuen laburpen gisa ez ezik, ezagutzak garatzeko aukera ematen duen metodo batean oinarritutako jarduera gisa ulertzeko; bereziki, esperimentazioa baliatzen denean. Gainera, ikasgelan ikerketan oinarritutako proiektuak lantzeak, gaitasun zientifikoa garatzeaz gain, ikerketa jarduera etorkizuneko lanbide gisa irudikatzen laguntzen die ikasleei.

 

Diziplinarteko ikasegoerak

Aipatutako guztiak askotariko ezagutza arloetatik diziplinartekotasunean aritzeko ulermen partekatuak eraikitzen lagundu dezake. Baina horrek bide motza luke, ikasegoeren diseinuetarako lagungarri izan ezean. Diseinu didaktikoetan murgiltzeak konpetentzietara eta edukietara jaistea eskatzen duenez, nondik hasi?

Ezagutza arloetan landu beharreko konpetentziak garatzea helburu duen arazo egoera, erronka edo ikerketa galdera eraikitzea helburu izanda, bi bideak egin daitezke: edukietatik konpetentzietarakoa eta, alderantziz, konpetentzietatik edukietarakoa. Edonola ere, egunerokotasunean gure ikasleek aurkitu ditzaketen gertaera, informazio edo bizipenak dira diziplinarteko ikasegoerak asmatzeko iturririk oparoenak. Ikasleen interesekoa izan daitekeen abiapuntua arloz arlo curriculumeko zer edukirekin dagoen lotuta eta edukiak lantzeko zer konpetentziari erantzun diezaiekegun erabakita, irakasle taldean prozesu didaktikoa adostea da hurrengo urratsa, eta horretan irakasleen eskarmentua da arrakastarako bermerik handiena.

Bigarren Hezkuntzako curriculumek zehaztutako konpetentzia eta eduki guztiek ez dute erraztasun maila bera ematen diziplinarteko ikasegoerak diseinatu eta ikasgelara eramateko. Horregatik, konpetentzien mapa ezagutza arlo bakoitzaren intentzio eta helburuen begiradatik interpretatzea eta irakasle taldean partekatzea izan daiteke diziplinarteko ikas egoeretan oinarritutako curriculuma garatzeko bidean pausoak emateko abiapuntua.

 


Bibliografia:

· Acevedo, J.A.; García, A. (2017). Controversias en la historia de la ciencia y la cultura científica. Catarata. · Apalategi, J. (2017). Giza eta Gizarte Zientziak eta pentsamendu globala. Uztaro, 100, 27- 36.· Drees, W.B. (2021). What are the Humanities for? Cambridge University Press.· Hollis, M. (2012). The Philosophy of Social Science: An Introduction. Cambridge University Press· McMurtry, A. (2013). Reframing Interdisciplinary and Interprofessional Collaboration through the Lens of Collective and Sociomaterial Theories of Learning. Issues in Interdisciplinary Study, 31, 75-98.· Sarasua, J. (2013). Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak. Pamiela. · Sarobe, A.; Mentxakatorre, J.; Apraiz, I. (2023). Zientziak bizidunontzat: tokiko curriculumak Euskal Herri osasuntsurako hezkuntzan. Tantak 35(1), 23-42.· Serina-Karsky, F.; Parayure, S.; Mutuale, A. (zuz.) (2022). Du devenir humain. Une éducation par laquelle l’être humain se forme à être humain. L'Harmattan· Shanahan, T.; Shanahan, C. (2012). What is disciplinary literacy and why does it matter? Topics in Language Disorders, 32(1), 7-18.