Seme-alabak lagun artean daudenean taldean baina isolaturik bezala ikusten ditugu.

 

Gure seme-alabek, euren lagunekin daudenean, denbora guztian telefonoa eskuetan daukate, eta bertan ez dauden beste lagun batzuekin whatsappez edo Instagramen aritzen dira, edo Tik Tokeko bideoak begiratzen aritzen dira. Nik ez dut egoera ulertzen, baina bertan dauden pertsonekin egoteko zailtasuna sumatzen diet. Etxean neurriak hartuak ditugu, baina lagun artean daudenean taldean baina isolaturik bezala ikusten ditugu… Horrek zer inpaktu eduki dezake euren garapenean eta sozializazioan?

 

ADIERAZTEN DUZUN egoeran, bi kontu azpimarratuko nituzke: alde batetik, gure esperientziak egoera irakurtzeko jartzen dizkigun baldintzak. Guk beste modu batean bizi izan dugu sozializazioa txikitan edo gaztetan, eta baliteke belaunaldi-arrakala horrek egoera ulertzeko zailtasunak sorraraztea. Bestetik, gaia haiekin batera lantzearen garrantzia. Kontzientzia lantzea behar-beharrezkoa da, konturatu daitezen nola eta zergatik jokatzen duten horrela, baita haiek egiten duten irakurketa ezagutzeko eta alternatibak haiekin batera eraikitzeko ere. Kalera ateratzen direnean, zer da helduengan ikusten dutena? Egoera antzekoa da, baina gure kezka haiengan zentratzen dugu. Problematizazioa haiekin batera egitea izango litzateke nire apustua.