HUEZI-ko irakaslea eta ikerlaria da Karmele Perez Lizarralde.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakaslea eta ikerlaria da, Etengabeko Prestakuntzako zuzendaria eta Miker taldeko kidea. Irakasleen prestakuntzan dihardu, bereziki praktika gogoetatsuaren ildoan eta hizkuntzen didaktikaren berrikuntzaren arloan.
EAEko Hezkuntza Lege berriak dio ikasle guztiek DBH bukatzean B2 maila eduki behar dutela. Nola ikusten duzu helburu hori eta zer egin beharko da guztiak horraino irits daitezen?
Hezkuntza lege berriak 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legea desegiteaz bat, orduan ezarri ziren hizkuntza ereduak ezabatzea espero genuen, baina lege berriarekin ereduak mantendu egin dira. Eta ereduak mantenduta ere, helburu moduan jartzen da DBH bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila lortzea. Errealitatea da, ordea, A eredu indartua egin arren eta B indartua egin arren ere, ez dela B2 lortzen. Gaur egun toki askotan oso zaila da D ereduko eskoletan ere B2 hori lortzea, testuinguruak ez duelako horretan laguntzen. Ikasleek hizkuntza bati ematen zaion denboraren, espazioaren eta bereziki metodologiaren, espektatiben eta helburuen arabera ikasiko dute edo ez dute ikasiko hizkuntza hori. Guk nahi baldin badugu gure eskoletako ikasleak euskaraz B2 izatera irits daitezen —eta hori nahi dugu—, eraginkorragoak izan behar dugu irakaskuntzan. Eta irakasleek prestakuntza behar dute horretarako.
Zer esan nahi duzu "eraginkorragoak" diozunean?
Hizkuntzaren ikaskuntzan eraginkorragoak izan nahi baldin badugu, irakaskuntzan izan behar dugu eraginkorragoak. Eraginkorragoak izatea izango litzateke, adibidez, kontuan izatea hizkuntza guztietan zer eta nola ari garen irakasten; hizkuntzen irakaskuntza modu koordinatuan landuko bagenu eta esplizituki ikasleei lagunduko bagenie hizkuntzen arteko transferentziak egiten, irakasle guztiok, denok batera, hori eraginkorragoak izatea litzateke. Begirada eta estrategia bateratuak behar ditugu, elkarrekin prestatu eta kontzienteagoak, zorrotzagoak eta konplizeagoak izan behar gara.
Euskarako irakasle asko kexu dira haien arloa edukiz hustu egin dela eta, neurri handi batean, ikasleen hizkuntza konpetentziaren erantzule bihurtu direla. Eta beste arlo guztiek ez al daukate hizkuntzarik?
Euskaratik harago, hizkuntzen irakaskuntzan koordinazioa beharko litzateke, transferentziak eginez hizkuntzen ikaskuntza eraginkorragoa izateko?
Hizkuntza batean ikasten duzunak balio dizu beste hizkuntza batean ere. Ahozko aurkezpen formala lantzen ari baldin bagara, esate baterako, alderdi batzuk komunak dira euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez, eta transferitu daitezke, baina esplizitu egin behar diegu hori ikasleei, ez baita automatikoa. Ikasle gehienek ez dituzte berez egiten transferentziak. Laguntza behar dute. Zer gauza ikasi dituzu jada euskaraz? Zer gauza eduki behar dituzu kontuan gaztelaniaz egitean ere? Eta zer landu behar dugu esplizituki? Forma linguistikoak diferenteak dira, baina testuen egitura, logika, antolamendua, alderdi ez linguistikoak eta aurkezpen formal bat egiteko bideak berdinak dira. Hori esplizituki eta kontzienteki egin behar dugu irakasle guztion artean, baita horren arabera ebaluazioa adostu ere.
Hizkuntza irakaslea izatearen errepresentazioaz ere hausnartu duzu. Nola irudikatzen duzu hizkuntza irakasle bat? Zein dira bere egitekoak?
Hizkuntza ikasgaiak instrumentalizatu egin ditugula iruditzen zait. Badirudi Euskarako ikasgaia dela ikasleak hizkuntza ikas dezan instrumentuak lantzeko espazio bakarra. Euskarako irakasle asko kexu dira haien arloa edukiz hustu egin dela eta, neurri handi batean, ikasleen hizkuntza konpetentziaren erantzule bihurtu direla. Eta beste arlo guztiek ez al daukate hizkuntzarik? Ez dute erabili behar? Matematika ondo egiteko modua ez da matematika ondo adierazteko modua? Edo filosofia lantzeko modua ez da debateetan parte hartzeko gaitasuna? Arloko edukien adierazpenari berariaz erreparatzea ere bada hizkuntza lantzea: arloaz ikertzeko eta hitz egiteko espazioak eskaintzea, etengabe eredu onak ematea, edozein erantzun ez onartzea… Eta arloen artean, Euskarako irakaslearen eginkizuna da euskal hizkuntzaren errepertorio kulturala, literarioa, linguistikoa eta soziolinguistikoa lantzea. Alderdi horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, zentzuz janzten dutelako euskara bera, euskaraz ikastea, euskara erabiltzea eta euskaraz sortzea. Eta zentzu horiek transmititu, landu eta garatu egin behar dira, ez dira berez eraikitzen. Hor dago Euskara ikasgaiaren funtzioa, baita beste hizkuntzen funtzioa ere mundu eleaniztun batean biziko diren herritarren irteera profil eleaniztuna eraiki behar dugun garaian.
Hizkuntzen irakaskuntza ulertzeko modua aldatu egin beharko genukeela uste duzu? Non jarriko zenuke zuk fokua?
Irakasleok modu desberdinetan ulertzen dugu zer den hizkuntzak ikastea eta irakastea. Eta ulertzen dugunaren arabera, modu batera edo bestera jokatzen dugu. Murgiltze programak sortu zirenean, irakasle batzuek pentsatzen zuten ikasleak, euskarazko arloetan murgilduta, naturalki ikasiko zuela euskara, eta esperientziak erakutsi digu hori ez dela horrela, beste aldagai askok eragiten dutelako: begirada metodologikoak, testuinguru soziolinguistikoak, familiak, aisialdiak, herrian euskaraz aritzeko dauden aukerek... hainbat baldintzatzailek eragiten dute. Lehenengo eta behin kontziente izan behar dugu irakasle guztion ardura dela hizkuntza. Irakasle guztiok behar dugu hizkuntza gure arloa modu eraginkorrean lantzeko eta ikasleek gure arloa modu eraginkorrean ikasteko. Horrek ez du esan nahi irakasle guztiok hizkuntza irakasle garenik, hizkuntza irakasle izatea zuzentasunarekin eta aditzaren lanketarekin lotzen baldin badugu. Kontua da, denon erantzukizuna dela gure ikasleek hizkuntza ondo ikastea eta erabiltzea. Denona. Orduan, goazen ikustera bakoitzak bere arlotik eta bere arloaren mesedetan zer egin dezakeen.
Irakasle guztiok behar dugu hizkuntza gure arloa modu eraginkorrean lantzeko eta ikasleek gure arloa modu eraginkorrean ikasteko
Zer egin dezake? Zein da bidea?
Momentu honetan arloko alfabetatzeaz hitz egiten dugu. Arloko alfabetatzeak esan nahi du arlo bakoitzak bere arloa lantzeko eta ikasleak ikasteko behar duen hizkuntza ere langai dela. Hortaz, irakasle guztiok hizkuntzari ere erreparatu behar diogu, eta, horretarako, arlo bakoitzak ikusi behar du bere arloak zer alderdi linguistiko dituen: terminologia espezifiko bat, genero batzuk, egitura diskurtsibo jakin batzuk... Filosofian eztabaida batean argumentatzen edo Kimika eta Fisikan esperimentu bat ondo esplikatzen ikasi beharko dute, beraz, arloari dagokion hizkuntza espezifikoa lantzea oso inportantea izango da. Lanketa hori linguistikoa ere bada, eta arloarekin lotuta dago. Arloek badauzkate adierazpen espezifikoak eta arloko irakaslea arduratu beharko litzateke horretaz. Arloa eta hizkuntza batera doaz, bata ezin da bestea barik garatu. Arloko alfabetatzea ikasteko modua da, arloko alfabetatzearekin ikaskuntza modua sustatu nahi dugu, ikaskuntza eraginkorragoa eta sakonagoa izan dadin. Ikasleek modu eraginkorragoan ikas dezaten, irakasleak ispilu izan behar du eta kontzienteki lagundu behar die.
Praktikan, irakasleen arteko elkarlana eskatzen du horrek. Ba al dago horretarako aukerarik?
Denbora falta da eskolek eta irakasleek elkarlanerako aipatzen duten muga garrantzitsu bat. Horren aurrean, baina, eremuka lan egitea, adibidez, oso interesgarria izan daiteke, Bigarren Hezkuntzan proposatzen den moduan: aukera ematen du elkarrekin lan egiteko, elkarrekin gelan sartzeko, elkarren trebetasunak aprobetxatzeko, ikasleei ezagutza eta komunikazio-eredu ezberdinak eskaintzeko eta adierazpen linguistikoari zentzu berria emateko. Kontakizun partekatuak sortu behar ditugu. Gauza oso politak egin daitezke eta diziplinartekotasuna diseinatzeko aukera ematen du.
Gelan irakasle bat baino gehiago sartzeaz ari al ara?
Aukera aberasgarria da hori. Ikuspegi horrekin lotuta, HUHEZIko lan-talde bat koirakaskuntza lantzen eta sustatzen ari da azken urteetan. Hor jarri behar dira baliabideak. Eta gelako diseinua ondo pentsatu behar da: nola diseinatzen dugu gelako esku-hartzea irakasleen lankidetzak askotariko eredu aberasgarriak eskain ditzan edota ikasle guztiek eduki dezaten aukera bakoitza dagoen tokitik urrats bat aurrera egiteko? Hor dago gakoa. Hori pentsatu eta diseinatu egin behar da, ez da berez ateratzen. Ikasleek izan ditzaketen aukeretan ere eragina dauka klaseen denboralizazioak, oso zaila baita 55 minutuko saioetan ikasleek elkarrekintzarako tarte esanguratsuak izan ditzaten, are gutxiago hori kudeatzeko irakasle bakarra baldin badago. Eremuka lan egitearena aukera bat da, baldin eta arlo ezberdinetako irakasleok gelako diseinua eta esku-hartzea partekatzen baditugu eta gela elkarrekin dinamizatzen badugu. Niretzat aukera bat da, sinistu egin behar dugu eta, aldi berean, begirada hori garatzeko prestakuntza behar da.
Gelako diseinua ondo pentsatu behar da: nola diseinatzen dugu gelako esku-hartzea irakasleen lankidetzak askotariko eredu aberasgarriak eskain ditzan edota ikasle guztiek eduki dezaten aukera bakoitza dagoen tokitik urrats bat aurrera egiteko? Hor dago gakoa
Esaten ari zaren horrek begirada jakin bat eskatzen du beraz?
Niretzat oso inportantea da ikuspuntua, eta begirada horrek irakasle askorengan aldaketa ekarri behar du. Oso inportantea da irakasleok gure egiteko moduez eztabaidatzea eta gure artean pedagogiaz hitz egitea. Normalean ez da egoten espaziorik eta denborarik horretarako, baina behar-beharrezkoa da. Prestakuntza- denborak eztabaida horietarako espazio izan beharko luke. Bestela, non hitz egiten dugu pedagogiaz eta gure egitekoaz? Non adosten dugu zer begiradarekin egingo dugun lan? Nola antolatuko garen? Hausnartu egin behar dugu. Nola ikasiko dute ikasleek hobeto hitz egiten? Hitz eginez. Zer espazio daukagu eskolan propio euskara barra-barra erabil dezakeguna? Gelako elkarrekintza. Irakasle batzuek pentsatzen dute asko hitz egiten dela beren gelatan, baina ikerketek erakusten dute irakasleek asko hitz egiten dutela, baina hor gertatzen den elkarrekintza ez dela nahikoa ikasle guztiei laguntzeko haien errepertorio linguistikoa behar duten neurrian garatzen. Era berean, elkarrekintza egoera horiek dira ikasleen ahozkoa sustatzeko, irakasleek ikasleen berbaldia aldamiatzeko eta arlora egokitzeko une pribilegiatuak. Eta prestakuntzak praktika horiek aztertzeko begirada ere landu behar du.
Euskara irakasleaz ez ezik, formazioaz daukagun errepresentazioaz ere hausnartu duzu.
Bai, irakasleen prestakuntzan lan asko egin dut. Ikastetxeetan egiten ditugun prestakuntzetan helburua ez da irakasleen praktika ebaluatzea, praktika hori ulertzea baizik. Garrantzitsua da irakasle bakoitza saiatzea ulertzen gauzak nola egiten dituen, jabetzea zergatik eta zertarako egiten dituen... Komuna den begirada bat behar dugu, eskolan irakasle guztiok modu berean ulertu beharko baikenuke hizkuntzak nola ikasten diren eta gure errepresentazioak bateratu egin beharko genituzke. Erabaki beharko genuke geletan nola egin nahi dugun lan, hizkuntzari zer leku emango diogun, hizkuntzen zein begiradarekin egingo dugun lan, nola ebaluatuko dugun... Prestakuntzak bide hori egiten eta hautuak egiten lagundu behar du.
Kontuan izan behar dugu zer ikaste-testuinguru ari garen eskaintzen eta zer ikaste-esperientzia ari garen sustatzen, horiek ikaslearen lagungarri ala traba izan ahal direlako
Ebaluazioa aipatu duzunez, nola diseinatu ebaluazioa hezigarria izan dadin?
Ikasleei bidean lagundu egin behar diegu. Nola? Ikasle bati edozer gauzaren inguruko ebaluazioa egiten diogunean, ikasle horrek nahikoa pista jaso behar ditu jakin dezan hurrengoan nola egin dezakeen hobeto. Orain erdipurdi egin badu, jakin behar du hurrengoan hobeto egiteko zer gauza aldatu edo osatu behar dituen. Ez baldin badaki, ez gabiltza laguntzen. Oro har, oraindik kalifikazioari garrantzi handia ematen diogu eta feedbackari ez hainbeste. Ikaslearen garapena kontzientea izan dadin, ikasleak nola hobetu dezakeen jakin behar du; ebaluazio hezigarria izan dadin, ikasleak prozesuan parte hartu beharko luke, beti jakin beharko luke bere hurrengo urratsa zein den, kontziente izan behar luke bere prozesuaz. Eta horrekin batera, kontuan izan behar dugu zer ikaste-testuinguru ari garen eskaintzen eta zer ikaste-esperientzia ari garen sustatzen, horiek ikaslearen lagungarri ala traba izan ahal direlako. Horiek ebaluatzea ere oso inportantea da, beraz, irakasleok gure lana aztertzeak zentzu osoa hartzen du ebaluazio prozesuan ere.
EAEko Hezkuntza Legeak ikastetxeek Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak egin beharko dituztela zehazten du. Lagunduko al dute esandako guztia aurrera eramaten?
Uste dut Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak (IHiP) lagundu behar duela hori dena ondo ordenatzen, helburuak ondo definitzen, prozesuak eskola barruan ondo bideratzen, gogoetak egiten eta begirada hori eraikitzen. Ikastetxe bakoitzak dauzkan egoera, testuingurua eta hizkuntza politika esplizitatu beharko luke IHiPak. Zeren hizkuntza politika beti dago, modu esplizituan edo inplizituan. Eta inplizitua denean, ez da komuna eta edozer gauza izan daiteke. Oso inportantea da esplizitua izatea eta ikastetxean prozesu bat egitea. Izan ere, IHiPa ez da proiektua idaztea soilik, ikastetxeko proiektu eta prozesu partekatua izan behar da, eta lerrokatuta egon behar du Hezkuntza Proiektuarekin, ez da bere kasa pentsatu eta kudeatu behar den zerbait. Diagnostiko bat egin behar da, diagnostiko horretatik erronkak identifikatu eta erronka horietatik helburu estrategikoak eta prozesu bat gauzatu beharko dira. IHiPa idaztea ez da oso zaila, kontua da zer prozesu egiten dugun IHiP hori ikastetxeko eta bertako kideen IHiPa izan dadin. Eta hor dago gakoa. Esplizitatu eta erabaki egin behar dugu gauzak nola egin nahi ditugun eta gero denok aliatu behar dugu helburu komun horri begira, ea zer egin dezakegun modu kontzientean, sistematikoan, kohesionatuan eta koherentean, ikastetxe barruan zein inguruarekin elkarlanean.
Galdera laburrak
01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Zenbat kantatzen genuen eta nolako garrantzia ematen zitzaion euskal kulturari.
02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Gaztelaniaz egiteagatik itsulapikoan dirua sartzeko zigorra.
03.Nolako eskola amesten duzu?
Euskaraz ikasteko eta irakasteko oztoporik izango ez duen eskola, euskaraz ikasteko jakin-mina eta ilusioa piztuko duena eta konplizitateak ehuntzeko boterea izango duena.
04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat?
Lankidetza eta ausardia elkarrekin sortzeko eta konfort egoeratik ateratzeko.
05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
Bizkarsoro filma. Memoria historikoa izatea garrantzitsua da egungoa aztertzeko eta biharkoa pentsatzeko