Euskal pilota eskolan nola landu eta nola ebalua daitezkeen azaldu du.
Euskal pilota Heziketa Fisikoa jakintzagaiaren barnean lantzea aldarrikatu du Oidui Usabiagak artikulu honetan. Lau euskal pilota mota aipatu ditu, eta haiek eskolan nola landu daitezkeen eta nola ebalua daitezkeen azaldu du.
Heziketa fisikoa jokabide motorren pedagogia moduan ulertzen dut (Parlebas, 2001). Hau da, parte-hartzaileen portaera motorrei eragiten dien esku-hartze praktika bat da. Heziketa fisikoko irakasleak ikasleen jokabide motorrean eragin nahi du modu inplizituan edo esplizituan, eta horretarako egokienak diren kirol jokoak aukeratu behar ditu. Mugitzen den pertsona da garrantzitsuena, mugimenduari buruz hartzen dituen erabakiak, haren bulkada emozionalak, arriskuarekiko maitasuna, gorputz estrategiak, deskodetze motorra eta abar. Euskal pilota aproposa da ekintza motorrean hezteko, eta hurrengo lerrootan zer den eta nola landu eta ebaluatu daitekeen azalduko dut.
Zer da euskal pilota?
Euskal Herrian, “betidanik” jokatu izan da euskal pilotan, esan ohi denez, baina zein izan da euskal pilotaren bilakaera historikoa? Hasteko, euskal pilota zer den argitu beharko litzateke; jokoa edo kirola den, alegia. Gaur egun, kirol moduan defini daiteke euskal pilota, baina ez dugu ahaztu behar joko izaera handia izan duela. Hau da, erakundetutako kirola izan aurretik eta joko-araudi “egonkorren eta estandarizatuen” barnean jokatu aurretik, euskal pilota joko herrikoia (ezaguna eta zabaldua) eta tradizionala (euskal kulturaren ondarea eta belaunaldiz belaunaldi pasa dena) izan da. Hainbat alderditan, gainera, kirol izaeratik urrun egon da. Lau euskal pilota mota nabarmendu nahi nituzke:
1. Jolasa. Gutxieneko arauak dituen jolas motorra da, lehiaketarik gabea eta erakundetu gabea. Kolaborazioan oinarritzen da, eta ez du irabazlerik.
2. Joko tradizionala. Arauak eta lehia ditu, baina ez da erakundetua. Parte-hartzaileek denak denen aurkako egitura disimetrikoan jokatzen dute, puntuazioa mugatzeko sistema erabiliz, eta, irabazlea egon arren, oroimenik gabekoa da (amaitu orduko, berriro hasten da). Parte-hartzaileek nahi dituzten joko arauak erabiltzen dituzte, eta horiek aldatu ditzakete. Euskal Herrian, modu askotan izendatu izan da: kaleketan, kaleazka, txokotan, barru, barrene, barruzka, elimi, primi, punto, puntero, putxe…
3. Desafioan eta akordioan datzana. Arauak eta lehia ditu, baina ez da erakundetua. Irabazle bakarra du (taldeka denean, talde bakarra), eta zehaztu gabeko puntuazio sisteman eta egituran dihardute. Bi aldeek erabakitzen dute zein izango diren desafio bakoitzaren joko arauak eta, joko aldea berdindu asmoz, joko maila altuena duenari zailtasunak jarri ohi zaizkio, eta maila baxuena duenari abantailak eskaini.
4. Kirola. Lehia dago, eta arautua eta erakundetua da. Bakarkako zein taldekako norgehiagoka simetrikoak dira, puntuazio muga dute eta irabazlea(k). Joko araudiak egonkorrak izan ohi dira, eta berberak dira norgehiagokan parte hartzen duten ororentzat.
Mugitzen den pertsona da garrantzitsuena, mugimenduari buruz hartzen dituen erabakiak, haren bulkada emozionalak, arriskuarekiko maitasuna, gorputz estrategiak, deskodetze motorra eta abar
Zergatik landu Heziketa Fisikoan?
Ugari dira euskal pilota heziketa fisikoan lantzeko arrazoiak; nagusiki, euskal kultura motorraren parte garrantzitsua dela. Joseba Etxebesteren (2001) hitzak neure eginez, euskal jokoen eta jolasen esanahiak ulertzean, euskal herritarren pentsamoldea eraikitzeko prozesua ezagutu ahal izango dugu. Beraz, euskal pilotaren esanahiak ulertzean, euskal kulturaren balioak eta sinbolismoa ezagutu ahal izango ditugu (ingurunearekiko erlazioa, sozializatzeko modua, generoen arteko botere erlazioa…).
Euskal pilotak bere tokia du Euskal Herriko aniztasun etnoludikoan, eta euskal gizarteak izan duen eboluzioaren araberako eraginak izan ditu. Euskal tradizio ludikoaren parte izateaz gain, euskal pilota oso aproposa da semiotrizitate estrategikoa eta oposizio zein kolaborazio-oposizio elkarrekintzak lantzeko.
Euskal tradizio ludikoaren parte izateaz gain, euskal pilota oso aproposa da semiotrizitate estrategikoa eta oposizio zein kolaborazio-oposizio elkarrekintzak lantzeko
Nola landu eta ebaluatu daiteke?
Euskal pilota motaren arabera, lau modutan landuko nuke euskal pilota Heziketa Fisikoan. Jarraian, mota bakoitzeko lanketaren zio nagusiak azalduko ditut:
· Euskal pilota: jolasa
Gutxienez bi kideren artean pilota ‘bizirik’ mantentzen ikasi behar dute. Taldekako jarduera moduan lantzea interesgarri izan liteke, eta ikasleei jolasak euren gaitasunetara egokitzeko baliabideak sortzen irakats diezazkieke irakasleak. Proiektuka lan egiteko abagune bikaina eskaintzen du jolas izaerak, ikasleen sormen kolektiboari bide emanez. Ikasleei hainbat modutara kolaboratzen irakats dakieke, 1. taulako adibideak erabilita.
Jolasaren ebaluazioa behaketa tresna sinple baten bidez egin dezakete ikasleek zein irakasleak. Erregistro horretan, sormena, kideen arteko kolaborazio maila eta betetze maila ebaluatu daitezke.
· Euskal pilota: joko tradizionala
Joko tradizionalean, lehiak lekua hartzen du, irabazle egonkorrik gabeko denbora-pasa bihurtzen den arren. Kaleratzeko sistema darabilten jokoetan parte hartu dezakete (huts egitean, kantxatik kanpora joan beharra), edo rol aldaketa eskatzen dutenetan (txarra egitean, hormara joatea eta beste modu batean jokatzen jarraitzea). Beraz, denbora tarte batean denen artean erabakitako joko arauekin jokatzen ikasi behar dute. Erabakiak hartzean, botere harreman desberdinak sortuko dira, eta taldeko kideen arteko harremanak lantzeko joko aproposak dira. Kasu honetan ere, proiektuka lan egin dezakete. Eurek nahi duten joko tradizionala asmatzeko eta izendatzeko eskatzeko aukera ematen du.
Jokoaren ebaluazioa behaketa tresna baten bidez egin dezakete ikasleek zein irakasleak.
· Euskal pilota: desafioa eta akordioa
Desafioen eta akordioen bidez joko maila desberdina duten bi talderen edo kideren arteko norgehiagokak sortu eta jokatu daitezke. Helburua izango da maila baxuena dutenei abantailak emanda eta maila altuena dutenei oztopoak jarrita, norgehiagoka orekatuak diseinatzen eta jokatzen ikastea. Hasieran, joko arauak moldatuz (2. taula) abantailak eta desabantailak nola sortzen diren irakatsiko zaie ikasleei. Behin zenbait ideia emanda, ikasleak talde txikitan (lau edo sei laguneko taldeak, adibidez) bilduko dira, eta desafioak diseinatuko dituzte. Ondoren, akordioaren prozesuari ekingo diote, desafioaren joko arauak beste taldeari azalduz eta horiek negoziatuz. Behin akordioa itxita, desafioa eta akordioak gauzatuko dituzte, joko arauak errespetatuz eta emaitza onartuz (hitza betez). Adibide moduan, eta euskal eta valentziar pilota joko zuzenak oinarri hartuta, hezkuntza curriculumean desafioa eta akordioa lantzeko proposamena garatu genuen (Usabiaga eta Martos, 2012).
Jokoaren ebaluazioa behaketa tresna baten bidez egin dezakete ikasleek zein irakasleak.
· Euskal pilota kirola
Askotarikoak dira euskal pilotan jokatzeko moduak, eta horiek irakasteko zenbait alderdi kontuan har daitezke; besteak beste: eskuz edo erremintaz jokatzen diren, pilotarekin nola erlazionatzen diren, zer pilotalekutan edo joko espaziotan jokatzen diren, joko zuzenak edo ez-zuzenak diren, bakarkako edo taldekako norgehiagokak diren, gomazko edo larruzko pilota darabilten, edo sistema unitarioa edo kintze joko sistema darabilten. Euskal pilotako jokamoldeen arteko berdintasunak eta desberdintasunak ezagutzea eta praktikatzea izango da helburua. Horretarako, hainbat diziplinatako joko ekintzak irakatsiko dira; rol desberdinak eta postu espezifiko desberdinak. Informazio gehiago aurkitu dezakezue Mikel Egibarrek eta hainbat kidek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako Eskupilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesua lanean (2007). Liburu horretan, esku pilota irakasteko lau aldi proposatu zituzten: 1) ni eta pilota; 2) ni, pilota eta espazio-denbora; 3) ni, pilota, espazio-denbora eta aurkaria, eta; 4) ni, pilota, espazio-denbora, kidea(k) eta aurkaria(k). Aldi bakoitzeko helburuen, edukien eta ebaluazioaren gaineko informazioa aurkitu ahal izango duzue liburuan.
Ebaluazioari dagokionez, joko ekintzako alderdiak modu espezifikoan ebaluatzeko proba eta behatzeko tresnak aipatutako liburuan aurkitu baditzakezue ere, partida errealen testuinguruan jarrita ebaluatzeko behaketa tresna orokorrak ere erabil ditzakezue. Behaketa tresna horietan, ikasle bakoitza sake-errestoetan eta elkartrukean bost minutuz aztertuko da, eta behatutako portaera inoiz ez, batzuetan (% 50 arte) edo ia beti (% 50 baino gehiagotan) gertatzen den ikus daiteke.
Euskal pilotak tokia izan behar du Lehen Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan
Azken zertzeladak
Etnomotrizitatearen ikuspegitik, euskal kultur ondarearen elementu garrantzitsua da euskal pilota, baina euskal pilota kirola baino gehiago da: jolasa, joko tradizionala eta desafioa eta akordioa ere bada. Euskaldunok hainbat modutara gozatu dugu euskal pilotaz, eta gure izaeraren adierazle dira lau egitura horiek.
Euskal pilotak tokia izan behar du Lehen Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Jolasa eta joko tradizionala zein kirola aproposak dira LHn lantzeko, eta desafioa eta akordioa zein kirola egokiagoak izan daitezke DBHn lantzeko. Behaketa da joko ekintza modu eraginkorrean ebaluatzeko tresnarik egokienetako bat, eta garrantzitsua da aipatutako egituren helburuen araberako tresnak sortzea. Hau da, testuingurua kontuan izan behar dute, eta joko ekintzako portaera nagusiak ebaluatu.
Ezin dut idatzi hau amaitu euskal pilotan jarduteko estandarizatu gabeko kantxei erreferentziarik egin gabe. Askotariko jokalekuak ditugu eskura Euskal Herrian euskal pilotan jarduteko, eta euskal pilota bizirik irautea motrizista garenon eskuetan dago hein handi batean, gu baikara beste hainbaten artean euskal kultura motorraren zaintzaile eta sustatzaile.
Erreferentzia bibliografikoak
DEVÍS, José: Los discursos sobre las funciones de la Educación Física escolar: Continuidades, discontinuidades y retos, Universitat de València, Valentzia, 2018. / ETXEBESTE, Joseba: Aisiaren bi euskal kontzeptu: jokoa eta jolasa, Eusko Ikaskuntzaren XV. kongresua, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 2001. / PARLEBAS, Pierre: Juegos, deporte y sociedad. Léxico de praxiología motriz, Paidotribo, Bartzelona, 2001. / USABIAGA, Oidui eta MARTOS, Daniel: “La tradición lúdica en el currículum educativo. Los juegos y deportes de pelota en Educación Física: una propuesta comprensiva” in Apunts: Educación física y deportes, 107 (2012), 35-44. / ZENBAITEN ARTEAN: Eskupilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 2007.