Irakasteko eta ikasteko prozesuen akuilu.

 

Egungo gizarte digitalean ikaragarri areagotu dira informazioa eta edukiak eskuratzeko erraztasuna eta askatasuna, eta Hezkuntza Baliabide Irekiak (HBI) esanguratsuak dira, ezagutza sortzeari eta partekatzeari dagokienez. Irati Suagak, Amaia Barasordak eta Esti Garcíak HBIen potentzialtasuna ikertu dute, Mondragon Unibertsitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen masterrean. Amaia Pavon irakasle eta ikertzaileak ondu du testu hau jatorrizko ikerketatik abiaturik.

 

Egungo gizarte digitalean, ikaragarri areagotu dira informazioa eta edukiak eskuratzeko erraztasuna eta askatasuna, eta Hezkuntza Baliabide Irekiak (HBI) esanguratsuak dira, ezagutza sortzeari eta partekatzeari dagokienez. HBI kontzeptua Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak sortu zuen, 2001eko apirilean, eduki didaktikoak modu irekian argitaratzeko proiektu bat abiarazi zuenean, eta, funtsean, material digitalizatuak modu irekian eta doan partekatzeko ekimen bat da, mundu osoko hezitzaileek eta ikasleek irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ikerketan erabil dezaten pentsatua. Edukiak partekatzea, erabiltzea, aldatzea eta berriro partekatzea ahalbidetzen dute HBIek.

Munduan erabiltzen diren baliabide hezigarri horiek gero eta zabalduago daude libreki eskuratu daitezkeelako. Gainera, eduki horien tipologia hedatzen doa, poliki-poliki: mapak, testuliburuak, bideoak, multimedia aplikazioak, podcastak... Denetarik dago sarean. Baliabide horiek xede didaktiko batekin sortu diren arren, ez daude hertsiki testuinguru formalekin lotuta. HBIak, beraz, ez dira formalak edo informalak, bere horretan. Kontuan hartu behar dira testuingurua, hezkuntzaren aplikazioa eta ikaskuntza, zer proiekzio duten zehazteko.

Ohiko baliabide digitalen aldean, Hezkuntza Baliabide Irekiek aukera ematen dute sarean dauden edukiak berrerabiltzeko, egokitzeko, nahasteko eta kideen artean berriro zabaltzeko, eta, horregatik, HBIak aukera moduan ikusten dira hezkuntza berrikuntzako testuinguruetan irakasleen ahalduntzea eskatzen duelako eta erreminta esanguratsuak direlako irakasteko eta ikasteko prozesuetan. Ikasleen parte-hartze aktiboa eskatzen dute, haien beharretara gehien egokitzen diren baliabideak aukeratzeko eta pentsamendu kritikoa eta sormena sustatzeko, besteak beste. Online dauden baliabideak ikasgelan erabilitako baliabideekin bateratzen badira, askotariko baliabideekin lan egiteko aukera ematen zaie ikasleei.

Irati Suagak, Amaia Barasordak eta Esti Garcíak HBIen potentzialtasuna ikertu dute, Mondragon Unibertsitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen masterrean. Teknologia eta baliabide digitalek eta, bereziki, HBIek hezkuntzan duten erabilera ikertu dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleek HBIak ezagutzen dituzten, nola erabiltzen dituzten eta horiez zer pertzepzio duten aztertuz. Bigarren Hezkuntzako institutuetan, sisteman egituratu gabe egon da orain arte HBIen erabilera, irakasleek euren borondatez erabakitzen baitute baliabide horiek irakaskuntzan sartu ala ez. Normalean, banakako erabakiak izaten dira, lankidetzarik gabekoak; hau da, irakasleak bere kabuz bilatzen eta erabiltzen ditu tresna horiek. Egoera hori aintzat hartuta, ikerlanaren bigarren helburua HBIak erabiltzeko proposamena egitea izan da, DBHn irakasteko eta ikasteko prozesuetan integratzeko. Hain zuzen ere, Ikusgela proiektuan oinarrituta erabiltzeko proposamena egin dute. Helburu didaktikoak dituzten bideoak eskaintzen dituen plataforma bat da Ikusgela, euskarazko jakintza librea hedatzea helburu duena.

 

Ikusgela, euskarazko bideo pedagogiko libreak eskaintzen dituen proiektua

Ikusgela proiektua hainbat eragileren arteko elkarlanaren emaitza da. EWKE (Euskal Wikilarien Kultura Elkartea) da proiektuaren bultzatzaile nagusia, Hiru Damatxo ekoiztetxea bidelagun duela, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesten du ekimena. Ikus-entzunezko hezigarriak eta dibulgaziokoak ekoizten dituzte, DBHn eta Lanbide Heziketan lantzen diren gaiak oinarri hartuta.

Proiektuaren jatorrian, dilema bat dago: ikasleek, ikasgelan euskaraz ikasten dituzten kontzeptuetan sakontzeko, erdarazko edukietara jotzen dute. Egoera horretaz jabetuta, euskarazko dibulgazio bideoak ekoizteari ekin zioten, 2019. urtean.

Ikasleak eta irakasleak dira plataforma horren xede taldea euskarazko eduki digital libreak elikatzeko orduan, nahiz eta ez duten hezkuntza esparrura mugatu nahi erabilera.

Orain arteko ekoizpena kontuan hartuta, filosofia, ekonomia, euskal literatura, ingurumena eta erronka digitalak dituzte hizketagai bideoetan, eta, webgunean argitaratzeaz gain, YouTuben, Instagramen eta TikToken zabaltzen dituzte, besteak beste. Zortziko txikian izeneko atal bat ere badute, eta interes orokorreko gaiak laburrean azaltzen dira atal horretan.

Bideoak erraz aurkitu ahal izatea da helburua, ikasleek gertu dauzkaten aplikazioak erabilita, bai eta haien arreta eta motibazioa piztea eta batez ere euskaraz sortutako eta zabaldutako bideo pedagogikoak hezkuntza sisteman hedatzea ere. Gazteen iniziatiba eta jakin-mina pizteko asmoa ere badauka, beren egunerokoan bideo pedagogiko horiek kontsumi ditzaten eta euskal hezkuntza komunitateko eragileen artean baliabide horien erabilera heda dadin.

 

Ikerlanak erakutsi diguna

Ikerlanaren abiapuntuan, bazeuden susmo edo hipotesi batzuk, eta baieztatu egin dira: ezjakintasun handia dago irakasleen artean teknologia digitalen, HBIen eta, zehazkiago, Ikusgelaren gainean. Hezkuntzako profesionalek lanerako ohikoak diren aplikazioak ezagutzen eta erabiltzen dituzten arren, hezkuntzara bideratuta daudenak ez dituzte horrenbeste ezagutzen, eta Hezkuntza Baliabide Irekien kontzeptua ezezaguna da haientzat, nahiz eta zenbait kasutan erabiltzen dituzten, kontziente ez badira ere.

Irakasleen artean, oso desberdina da jakintza eta erabilera maila, eta hainbat baldintzatzaile daude. Batetik, irakasle gazteenek gaitasun handiagoa erakutsi dute, eta, beraz, baliabide digitalen erabilerarekiko pertzepzio positiboagoa dute. Baina hori baino esanguratsuagoa da irakasleak bere egunerokoan egiten duen erabilera, bai eremu profesionalean, eta baita pertsonalean ere. Irakasle gazteenek erakutsi dute ezagutzarik eta motibaziorik handiena baliabide digitalak ikasgelan erabiltzeko orduan. Irakasleek eurek ere aitortzen dute norberaren baitan daudela baliabide horien aplikazioa, inplikazioa eta konpromisoa. Horrekin lotuta, irakasle bakoitzaren baitan dago konpetentzia digitalaren lanketa, eta ebaluazioaren atal bat izango da, irakasleak horrela erabakitzen badu; bestela, ez.

Desberdintasunak desberdintasun, irakasle denak ados daude: ezin da bizi digitalizazioari bizkarra emanda, eta uste dute, gainera, irakasteko eta ikasteko prozesuetan, baliabide digitalek testuinguru esanguratsuak garatzen laguntzen dutela. Hala ere, baliabide digital horiek benetan eraginkorrak izan daitezen, ezinbestekoa da helburu zehatz batekin aplikatzea eta proiektu konkretu batean txertatzea, betiere metodologia aktiboak sustatuz. Irakasle askok, ordea, teknologian oinarritutako baliabideak ezagutzeko eta erabiltzeko ezintasuna denbora faltari egotzi diote, teknologiak eskatzen duen prestakuntza eta ezagutza maila altua kontuan hartuta.

Baliabide digitalek eskaintzen dituzten aukeren gainean kontzientziazio handia dagoela ikusi arren, ondorioztatu da irakasleen arteko lankidetza sustatu beharko litzatekeela jakintza partekatzeko orduan, haien arteko komunikazioa urria baita. Irakasleek jakintzak eta esperientziak partekatu behar dituzte elkarren artean, elkarlanean arituz eta sinergiak sortuz, baliabide horien erabilera optimoa lortzeko. Horrek irakasleen arteko sinergien potentzialtasunean sakontzea eskatzen du, eta lankidetza eta etengabeko prestakuntza bultzatzea.

 


Baliabide digital horiek benetan eraginkorrak izan daitezen,  ezinbestekoa da helburu zehatz batekin aplikatzea eta proiektu konkretu batean txertatzea, betiere metodologia aktiboak sustatuz


 

HBIen eta Ikusgelaren erabilera sustatzeko zenbait proposamen

Hezkuntza Baliabide Irekiak erreminta baliotsuak izan daitezke curriculumaren plangintzan integratzeko; unitate didaktikoak eta irakaskuntza sekuentziak diseinatzeko orduan kontuan hartzen badira potentzial handia dute haiek hobetzeko eta aberasteko. Tresna digital horiek ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzeak eskatzen duen iraultzaz jabetuta, ohiko baliabideen osagarri modura ikusten dira, eta askotarikoak dira hor zabaltzen diren aukerak. HBIak baliabide osagarri gisa hartzen direnean eta hezkuntzako beste material eta baliabide batzuekin batera hautatzen eta erabiltzen direnean, ikasleen ikaskuntza jarduerak eta esperientziak aberastu egiten dira. Baliabide horien artean, aurkezpen interaktiboak, bideoak, simulazioak, jolas hezigarriak eta ariketa praktikoak daude, besteak beste.

Ikusgelaren erabilera sustatzeko, hainbat proposamen egin dituzte masterreko ikasleek beren ikerlanean, erabaki estrategikoetatik hasi eta erabilera zehatzak deskribatzeraino. Erabilera estrategikoen artean, irakasle taldean “baliabide digitalen taldea” eratzea gomendatzen dute, irakasleek baliabide digitaletan dituzten beharrak identifikatzeko eta, horren arabera, erabakiak hartzen joateko, bai eta jakintza sustatzeko dauden prestakuntza beharrak eta erabilera aukerak esperimentatzeko ere. Baliabide digitalen barruan, HBIen erabileraren alde apustu egitea gomendatzen dute, irakasle taldeari autonomoagoa izaten lagunduko bailioke horrek, aplikazioak nork bere neurrira erabil ditzan eta edukiak sortzeko, berregiteko eta partekatzeko modua izan dezan. Amaitzeko, ikusten dute konpromisoa hartu behar dela baliabide digitalen erabilera  proiektu bati lotuta ebaluatzeko, betiere landu beharreko edukiak baliabide digitalen bidez jorratzeko konpromisoa hartuta eta teknopedagogian oinarrituta.

Ikusgelaren erabilerari dagokionez, hainbat helburu lortzeko potentzial handia duen HBIa da, besteak beste, ikerketa sustatzeko informazio iturri eta baliabide aberatsa delako, edukiak eta kanalak adinarekin bat datozelako eta informazioa modu autonomoan arakatzea susta dezakeelako. Gainera, ikaskuntza pertsonalizatzeko baliagarria da; izan ere, bakoitzak bere beharren arabera eta ezagun dituen kanaletan araka dezake ohiko ikasmaterialen osagarria den edukia. Halaber, Ikusgelaren edukiak erabilgarriak dira, era birtualean talde lana sustatzeko, eta egokiak dira diziplinartekotasuna sustatzeko, jakintza arloak askotarikoak baitira eta edukiak formatu desberdinetan sortuta baitaude.

Ikusgelako edukiak euskaraz daude, eta libreak dira eta horixe da indargune garrantzitsuena. Kalitatezko euskarazko edukiak helarazten dituen plataforma bat denez, baliabide interesgarria da irakasle eta ikasleentzat, eta irakasteko eta ikasteko prozesuak aberasteko aukera ematen du.