ZANGOZA ikastola, Zangoza: Jarrerek badute zeresana Zangoza ikastolan

2005-05-01
Egoera edo gertaera askok sortzen dute kezka eskola barruan. Zangozako ikastolako irakasleak ikasleen arteko erasoez, onarpen ezaz eta bazterketaz kezkatuta zebiltzan. Horregatik erabaki zuten otsoari belarrietatik heldu eta ikasle guztiak integratzeko eta berdinen arteko harremana bultzatzeko saiakera sendoa egitea. Ikasturte honetan Integrazio Plana jarri dute abian.
 
 
Ikasle guztiak ez dira berdinak, eta aniztasun hori aberatsa da. "Emakume izan, ijito izan, Down sindromea eduki, beltza izan, elbarria izan edo neska edo mutila izan, balio bat da. Natura askotarikoa da, eta ez dago aniztasuna baino ezer egiazkoagorik gizakiarengan. Ez daude bi mitxoleta berdin... Gizakiaren historia aniztasunaren historia da" (López Melero, M. La infancia invisible , 1998).

Haatik, elkarbizitza horretan mota askotako erlazioak sor daitezke; besteak beste, menperatzaileak eta baztertzaileak. Horrek kezkatzen zituen Zangoza ikastolako irakasleak. Ikastolan erasoak eta onarpen ezak gertatzen zirela konturatzen ziren. Ondorioz, batzuek ikastola utzi egin zuten, eta beste batzuk ikasketetan arazoak izaten hasi ziren. Gelan beti nabarmentzen ziren protagonista izan nahi zuten ikasleak, beti besteen gainetik agertu nahi zutenak eta besteak zapaltzen zituztenak. Horiek laguntza behar zutela pentsatzen hasi ziren.

"Beti premia bereziak dituzten ikasleei ematen zaie laguntza", dio Zangoza ikastolako Fernando Trebol orientatzaileak. "Baina horien inguruan dabiltzanek ere behar izaten dute laguntza, askotan horiek baitira integraziorako jarrerarik ez dutenak eta harreman sozialak gaiztotzen dituztenak".



Hasierako esperientzia

Ideia eta kezka horiek bultzaturik, berdinen arteko harremanak lantzen hasi ziren duela hiru urte Haur Hezkuntzako 3. mailan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailetan eta DBHko 1. mailan. Maila bakoitzean era askotako ekintzak egin zituzten gai hori lantzeko. 5 urtekoen gelan, esate baterako, betiko jardueretan erabiltzen zituzten materialak berrikusi zituzten irakasleek, eta horrela, gaiarekin lotuta zer zegoen ikusi zuten. "Marrazkiak egin zituzten denok berdinak garela ikusteko, gorputzaren ezaugarriez hitz eginez", dio Fernandok. DBHko 1. mailan material idatzia erabili zuten gaia azaleratzeko. "Elkarrek 'Eta, zer?' izeneko bilduma bat badauka, eta oso egokia da. Gara egunkariak etorkinen inguruko zenbait argitalpen baditu, eta horiek ere irakurri zituzten gelan".

Ikasleen artean kontzientzia maila handia lortu zuten, eta horrek gauzak aldatu egin zituen. "Ikasleak gaiari buruz hizketan hasi ziren, eta irakasleek ere informazio asko lortu zuten". Gauzak bideratzeko modu egokia zela ikusi zuten, eta ikastola osora zabaldu behar zela.



Ikastola osora hedatu zen

Gainerako irakasleen eta gurasoen artean horretaz hitz egin ondoren, denek onartu zuten integrazio plana abian jartzea. Zer ekarri du horrek? Gela guztietan lantzea berdinen arteko harremana eta ebaluazio jarraitua egitea. Ikasle guztien programazioetan sartu dute plana eta beste gaitasunekin batera jarrera integratzailea duten edo ez behatuko da. Hau da, ea zein garapen maila duten elkarrekin erlazionatzeko garaian. Izan ere, 6-12 urte bitartean elkarrekintza sozialaren garapenak berebiziko garrantzia eta indarra hartzen du. Horregatik, eta horrek gizakiaren garapen orokorrean duen eragin zuzenagatik, ezinbesteko ardura eta jarraipena eskaini behar zaiola uste dute. "Heziketa integralaren izenean lana egin nahi bada, behintzat, oso adi egon behar dugu hezitzaileok eta familiak; pertsonen adimen moten artean, bat elkarrekiko harremanei dagokiena baita", dio orientatzaileak.

Beraz, gainerako notekin batera, ikasleen jarrera ere agertuko da, eta besteek adinako balioa izango du.

Planaren barruan etorkinekiko harremanak, berdinen arteko onarpen ezak eta sexuen arteko harremanak hartzen dira kontuan. "Ikastolak hezkuntza integrala planteatzen du ikasle guztientzat, eta gai horiek akademikoak bezain garrantzitsuak dira", azpimarratzen du Fernandok.

Ikasle guztiak, irakasle guztiak eta guraso guztiak daude inplikatuta, denen proiektua da, hezkuntza komunitate osoarena. Denen parte hartzea duen Batzorde Pedagogikoak egin du plana; guztiek irakurri, baloratu, kritikatu... dute.

Ikasturte hasieran irakasle guztiek gurasoei planaren nondik norakoak azaldu zizkieten, eta argi azaldu zieten gaia programazioan sartu zutela eta ikasleen txostenetan agertuko zela ikasle bakoitzaren jarrera.

Irakasle guztiak erabat inplikatu direla azpimarratzen du Fernandok, eta bera orientatzaile denez, eurei laguntzen die. "Ikasleekin nola jokatu jakiteko jarraibideak eskatzen dituzte, eta baita prestakuntza ere. Zentzu horretan, soziogramak erabiltzen ikasi dugu, gelako kideen arteko harremanak nolakoak diren ikusteko balio baitute". Beraien artean saio ugari egiten dituzte plana nola doan ikusteko, gurasoen harrera nolakoa den baloratzeko eta abar. Klaustro osoarentzako prestakuntza laguntza ere eskatuta daukate Nafarroako Gobernuan.

Familiei dagokienez, Pedagogia Batzordean hiru gurasok hartzen dute parte, eta horiek arduratzen dira gainerakoei informazioa helarazteaz. Aipatutako batzordeko partaide da Petra Garces eta interesgarria bezain beharrezkoa iruditzen zaio seme-alaben jarreren berri izatea eta horren jarraipena egitea. "Hasieran guraso askok ez zuten hori egiteko beharrik ikusten. Harrituta hartu zuten askok, eta batzuk ez zeuden oso alde, batez ere goiko mailetako gurasoak, DBHn notek eragina dutelako espedienteari begira. Eta, noski, jarreragatik batez bestekoa jaistea ez zuten egoki ikusten batzuek". Dena dela, hasierako harridura pasa ondoren, onartzen ari dira.

Horrez gain, planaren planteamenduak berak ere harridura sortu zuela aitortzen du Petrak. "Askori sinestezina iruditzen zaie integrazio arazoak izatea, seme-alabek beste batzuk ez dituztela onartzen sinestea eta abar. Baina, orain, ikasturtean zehar plana garatzen doan heinean eta gauzak azaldu ahala, egoera ulertzen eta onartzen ari dira".

Informatuta egoteak gauzak erraztu egiten ditu eta irakasleen eta familien arteko harremana arina da. Edozein gatazka edo arazo sortzen denean, elkarri jakinarazten diote eta elkarrekin ekiten diote irtenbidea bilatzeari.



Bederatzi aginduak

Irakasleek jarraibideak eskatzen dituzte. Nola lortu integrazioa ikasleen harremanetan? Zer egin? Horri erantzuteko eta lagungarri izateko bederatzi adierazle edo zeregin markatu dituzte Zangozako ikastolan. Irakaslearen behaketa lana eta ebaluazio jarraitua erraztearren zehaztu dira.

1- Ikasleen artean materialaren trukea sustatuko da.

2- Talde txikietan eta handietan lan egitea sustatuko da. Irakasleak aukeratuko ditu taldekatze horiek, nahiz eta batzuetan ikasleek aukeratutakoak ere izan.

3- Lekuz aldatzea. Maiz egingo dira lekuz aldatzeak, baina betiere irakaslearen esku egongo da kontu hori.

4- Hamaiketakoen trukea egingo da (osasun beharrak errespetatuz).

5- Ikasle batek beste batek egin duena salatzen duenean, ez da onartuko. Beraz, ikasleen jokabide salatzailea ez da onartuko. Horrelako beste jokaera batzuk ere ez. Batez ere, besteen aurrean egiten direnak, taldeari zuzendutako kontrol moduko bat direlako.

6- Jokabide desegokien aurrean ezaxolati jokatuko da; horrek ez du esan nahi kasurik egingo ez zaienik, baizik eta ez zaiela garrantzirik emango, ez direla azpimarratuko. Ondoko jarraibideak esanguratsuak eta adierazgarriak dira adibide gisa: beti ikasle bera da lehendabizikoa galderari erantzuten. Pertsona bera da, beti, kontakizun bat duena. Material, jantzi, jostailu, elikagai eta abar hobeak izateko aldarrikapenak saihestuko ditugu (ikasleen artean eta irakasleak ikasleei).

7- Gurasoen inplikazioa eskatuko da, gertatutako egoera etxean baloratzen jarraitzeko.

8- Integrazio arazoak daudenean, alde bietako familiei aldioro jakinaraziko zaie ohitura eta arau gisa.

9- Ikastolako eragile eta arduradun guztien inplikazioa beharrezko da. Beraz, arazoa sortu den gelako tutore ez diren besteen parte-hartzea ezinbestekoa da, beste eskola orduetan eta jolastorduetan, batez ere.



Aurrera begira itxaropentsu daude

Oraindik ikusteke dago zer emaitza emango dituen lan honek, baina orain artekoa ikusita, baikor daude guztiak. Fernando gertaera batean oinarritzen da baikortasun hori adierazteko: "5 urteko gelan bazterketak gertatu dira eta esku hartu ondoren ikasleen jarrerak aldatu egin dira. Familiari egoeraren berri eman genion eta gai horri buruz hitz egiteko bilera egingo genuela esan zitzaien. Bilera egin ondoren, gauzak bere onera itzuli ziren".

Haur Hezkuntzan indar handia jarri dute, eta ikasle horiek Lehen Hezkuntzara iristen direnean, beste jarrera batzuk edukiko dituztela uste dute. Hori espero dute, behintzat, eta horretarako ari dira lanean.