Ikasle etorkinak Haur Hezkuntzan:Hizkuntzen trataera ikasle etorkinekin

2006-04-01

Hirugarren eta azken atal honetan Haur Hezkuntzan garrantzi handia duen beste esparru bat lantzera goaz: hizkuntzen trataera. Haur etorkinekin nola eta zer landu aztertu nahi dugu. Hiru artikuluetan esandakoa aintzat hartuz, amaieran ondorio batzuk zerrendatu ditugu.

 
 

Haurrak, eskolan hasten denean, ama hizkuntzaren garapenean bide bat egin du: gai da adinari egokitutako mezuak ulertzeko, eta ahozko hizkuntza erabiltzen du. Hizkuntza familia giroan ikasten ari da, eta anaia-arrebak ditu hizkuntza lantzeko solaskide, etxeko nagusietatik aparte. Etxeko elkarrizketak banakakoak izan ohi dira, haurrari zuzenduak, eta askotan haurrak berak markatzen du elkarrizketa nondik abiatu.

Eskolara heltzen denean haurrak egoera berrira egokitu behar du: bera ez da elkarrizketako protagonista nagusia, askori hitz egiten dion pertsona bati entzun beharko dio, baina, aldi berean, testuinguru sozialak ugarituko dira, imitatzeko eta esperimentatzeko egoera handiagoak eta berriagoak sortuko.
Hiztun berriekin topatzeak besteen hizkuntza ulertzen saiatzea eskatuko dio haurrari. Ereduak imitatzen hasiko da. Horrela, joko sinbolikoa estimulu ezin hobea bihurtzen da, haur bakoitzaren hizkuntza gaitasuna garatzeko. Gainera, gure hezkuntza sisteman, haurrak hemengo bi hizkuntzak ikasi beharko ditu.
Prozesu hori gertatzeko Haur Hezkuntzako giroak eta jarduerek aukera ezin hobea eskaintzen dute. Ikasleek hainbat jarduera aberatsetan parte hartzen dute, denboraren antolamendua oso egituratuta dago, eta ikasleek erraz “asmatzen” dute zer egin behar duten. Baldintza horiek hoberenak dira hizkuntza ikasteko, ikasleek ondo ulertzen dutelako zer egin behar duten eta aukera dutelako ikasten ari diren hizkuntza hori praktikatzeko. Gainera, beste etapetan ez bezala, askotan, talde txikitan lan egiten da eta, horrela, ikasle guztiek tarte bat izaten dute hitz egiteko.
Orain, beste herrialde batzuetako haurrak ditugu ikastetxeetan. Guretzat egoera hori berria da. Matrikula kopuruari erreparatzen badiogu, esan dezakegu kalean gaur egun ikusten dugun kultur eta hizkuntz aniztasuna geletara heldu dela.
Haur Hezkuntzan lan egiteak asko erraztuko digu lana. Goian aipatu dugunez, testuinguruaren laguntza izaten da gelan egiten ari dena interpretatzeko; beraz, ikasle berriak uler dezake egiten ari garena, hizkuntza jakin gabe. Gainera, beste ikasle gehienak ere hizkuntza berria ikasten ari dira.
Etapa honetan ez da programa berezirik prestatu behar kanpotik etortzen zaizkigun ikasleentzat, baina horrek ez du esan nahi hainbat erabaki hartu behar ez direnik.
Urteak dira murgiltze programetan lan egiten hasi ginenetik, eta urte horietan guztietan euskara –kasu gehienetan– nola irakatsi dugun eta ikasleek nola ikasten duten hausnartu dugu.
Murgiltze programetan zer ikasi dugun gogoratuko dugu aurretik; gure esperientzia oso baliagarria baita –ez gara hutsetik abiatzen–; baina, bestetik, interesgarria da ikasle atzerritarrekin esperientzia duten herrialdeetan egin diren ikerketek zer dioten jakitea. Bigarren zatian horixe azalduko dugu. Bukatzeko ikasle horien egoera –hizkuntzei dagokienez– aztertuko dugu.

Murgiltze programek irakatsi digutena

1.- Ulermena hizkuntzaren ikaste prozesuaren giltza da
Ikasleek ondo ulertzeko honako estrategia hauek erabiltzen ditugu irakasleok:
A) Testuinguruari lotutakoak:
Testuinguruaren laguntza aurrean izan.
Irudi bidezko laguntza eman.
Testuinguruan errotutako egoerak proposatu.
B) Irakasleen mintzairari lotutakoak:
Poliki hitz egin.
Errepikapenak egin.
Elkarrizketak moldatu: gako hitza esaldiaren hasieran esanez, esaldia zati laburretan zatituz, hitzak errepikatuz... Adibidez: Zure anaia... zuk anaia txikia daukazu, ezta? Zenbat urte dauzka zure anaiak?
Egin behar denari buruz pistak eman: Atzoko ipuina, bai? Gogoratzen duzue? Ipuin hori irakurriko dugu?...
Galderak egin ikasleak ulertu duela egiaztatzeko.
Lanari buruzko orientabide argiak eman.
C) Irakaslearen jarrerari lotutakoak:
Keinu ugari erabili: “antzerkia egin”.
Ikasleari zuzenean hitz egin, aurpegira begiratuz.
Ikaslea esaten ari dena arretaz entzun.

2.- Hizkuntza komunikatzeko tresna da, eta hizkuntza besteekiko harremanetan ikasten da

Denen arteko eta taldeko elkarrizketetan lan egiten dugun bitartean, hitz egiteko beharra eta parte hartzeko nahia sortzen da. Egoera horietan hizkuntzaz baliatzen gara komunikatzeko, eta hizkuntza ikasten dugu. Gainera, elkarrekintzan negozia daiteke esanahia, ulertzen ez dena argituz.

3.- Faktore afektiboek garrantzi handia dute hizkuntza bat ikasteko

Garrantzitsua da ikaslea ohartzea kontuan hartzen dugula. Ikasleak “kontatzen” dizkigun gauzei erreparatzen diegu eta arretaz entzuten diogu, ondo dakigulako entzuleak interesa azaltzen ez duenean kontatzeko gogoa desagertu egiten dela.
Gainera, ikasleak hizkuntza berrian egiten duen ahalegina txalotzen eta baloratzen dugu.

4.- Ama hizkuntzak garrantzia du bi arlotan: ikaste prozesuan eta arlo afektiboan

Ama hizkuntza geroko ikaskuntzen oinarria da, eta ondo garatutako ama hizkuntzak laguntzen dio haurrari bigarrena ikasten, ama hizkuntzan garatutako gaitasuna beste hizkuntza batera pasatzen baita. Ama hizkuntzan gaitasun ona duten ikasleek hobeto ikasten dute bigarren hizkuntza.
Ama hizkuntzak ikaste prozesuan daukan garrantziaz aparte, arlo afektiboa ez da ahaztu behar, hori baita norberaren nortasun ezaugarri nagusietako bat. Ikerketek diote, gainera, haur batek 3 urtean bere ama hizkuntza gal dezakeela, lantzen ez bada. Galera hori gertatzen denean, gurasoekin duten lotura apurtzeko arriskua dago, ezin baitira ondo komunikatu elkarrekin.

5.- Aurretiko ezagutzaren garrantzia

Ezagutza berria dakigunaren gainean eraikitzen dugu, gure eskemak berriro eraikiz, eta ikasten duguna garapen hurbileko eremuan gertatzen da. Haur bakoitza bere kulturan eta esperientzian oinarritzen da gauza berriak ikasteko.

6.- Familiaren zeregina funtsezkoa da ikasleen heziketan

Familiaren eta eskolaren arteko elkarlana oso garrantzitsua da haurraren ikaste prozesua ondo bideratzeko.
Beste herrialdeetan egindako hainbat ikerketek esaten digutena
1.- Hizkuntzaren bi erabilera bereizi behar ditugu eskolan: harremanetarako hizkuntza / hizkuntza akademikoa
Harremanetarako hizkuntza: elkarrizketa arruntetan, bizitzan komunikatzeko erabiltzen duguna. Hemen eta orainean zentratzen da.

Hizkuntza akademikoa: ikasteko erabiltzen dugun hizkuntza. Idazketa eta irakurketa prozesuarekin lotura du, eta ez du testuinguruaren laguntzarik.

Hauxe da bigarren hizkuntzen irakaskuntzan sekulako garrantzia izan duen bereizketa eta, ikasle atzerritarrentzako hezkuntza programak eta ebaluazioa diseinatzerakoan, hainbat herrialdetan kontuan hartu izan dena.

Hainbat ikertzailek Suedian (finlandiera hiztunekin), eta Kanadan eta AEBn ingelesa ikasten ari ziren ikasleen ebaluazioak aztertu ondoren, konturatu ziren irakasle eta psikologoek hauxe pentsatzen zutela: ikasle bat ingelesez hitz egiteko gai zenean, gaindituak zituen hizkuntza honetan zituen zailtasunak. Baina ikasle haien emaitzak ez ziren batere onak arlo akademikoan eta froga psikologikoetan. Hizkuntza berrian hitz egiten zuten, baina arlo akademikoan zailtasunak zituzten. Gelako elkarrizketa arruntetan parte hartzeak, erantzunak emateak edo eskolei “jarraitzeak” ez du esan nahi hizkuntza ikasi edo menperatzen denik. Ikasleek “fatxada linguistiko” bat agertzen dute: azalean agertzen duten hizkuntza gaitasuna ez da benetan dutena.
Haurrak, eskolara heltzen denean, nolabait elkarrizketarako gaitasuna garatua du ama hizkuntzan. Eskolan hizkuntza akademikorako gaitasuna lantzen da gehienbat. Gaitasun horrek eskolako hizkuntza islatzen du, eta ikasle batek hizkuntza mota hori menperatu behar du arrakasta izateko.
Gure kasuan, Araban, ikasleek bigarren hizkuntzan bai harremanetarako hizkuntza, bai hizkuntza akademikoa garatu behar dituzte.
Pauline Gibbonsek1 antzeko bereizketa egiten du eskolako hizkuntzaz –jolastokiko hizkuntza/eskolako hizkuntza–, eta oso ondo azaltzen du erabilera horien arteko desberdintasuna:
“Jolas tokiko hizkuntzaren bitartez egiten dituzte lagunak haurrek. Harreman sozialak garatzen eta mantentzen dituzte eguneroko ekintzetan eta jolasetan parte hartzea ahalbidetzen die. Normalean, aurrez aurreko harremana izaten da, eta ondorioz, ingurune fisikoaren eta bisualaren, eta gorputz eta keinuen hizkuntzaren menpe egoten da. Hizkuntza mota horretan jariotasuna lortzea arte garrantzitsua da; hori gabe jolas lekuko bizitza sozial normaletik at geratuko litzateke haurra.
Haatik, jolas lekuko hizkuntza eta irakasleek gelan erabiltzen dutena oso desberdinak dira, eta ikasleek hori ikas dezaten nahi dugu. Jolas tokiko hizkuntzak ez dauka zerekusirik matematikan, gizarte zientzietan edo natur zientzietan erabiltzen denarekin. Normalean, jolas lekuan ez da horrelakorik aditzen: angelua bost gradutan igotzen badugu, zirkunferentzia bi zatitan mozten dugu. Goi mailako pentsamenduko trebeziekin erlazionatutako hizkuntzarik ere ez du eskatzen, hots, hipotesiak egitea, ebaluatzea, ondorioztatzea, orokortzea, aurresatea edo sailkatzea. Halere, horiek dira ezagutzaren ikaskuntzarekin eta garapenarekin erlazionatuta dauden hizkuntzaren funtzioak; curriculumeko arlo guztietatik sortzen dira, eta horiek gabe ezin da osatu haur batek arlo akademikoetan eduki behar duen ahalmena”.
Nahiz eta Haur Hezkuntzan harremanetako hizkuntzan oinarritu gure lana, hizkuntza akademikoan lehen urratsak ematen hasten gara: hainbat testu mota lantzen hasten gara, eta horietan hizkuntza akademikoaren ezaugarriak aurkitzen ditugu.
Hizkuntza akademikoaren ezaugarriak identifikatzea garrantzitsua izan daiteke laguntza mota prestatzeko: ondo ulertzeko tresnak eskainiz, arreta berezia emanez hainbat egiturari...

2.- Bi urte nahikoa du ikasle batek elkarrizketa arruntetan hitz egiteko, parte hartzeko aukera baldin badauka; baina 5-7 urte behar ditu hizkuntza akademikoan trebatu eta bere kideen maila lortzeko

Ikasle berriak gure artera heldu eta epe motzean elkarrizketetan parte hartzen hasten dira, eta badirudi oso azkar ikasten dutela hizkuntza. Hori egia bada ere, kontuz ibili behar da, goian aipatu den moduan, harreman sozialetarako hizkuntzan ondo moldatzeak ez duelako esan nahi hizkuntza ikasi duenik.

3.- Adina da eskola arrakasta ziurtatzen duen aldagai bat, baina ez da bakarra

Ikerketek2 diote ikasleak herrialdera heltzean duen adina garrantzitsua dela, baina ez da garrantzitsuenetakoa. Ikerketa horietan aurreko eskolatzea aipatzen da arrakastarako lehen eragileen artean. Ikasle batek arrakasta izan dezake, jatorrizko herrialdean irakurtzen eta idazten ondo ikasi badu, eta hizkuntza akademikoaren oinarriaz jabetu bada. Izan ere, hizkuntza batetik bestera transferentziak egin ditzake.

4.- Familiaren zeregina funtsezkoa da ikasleen heziketan

Badakigu gurasoen laguntza ezinbestekoa dela haurraren ikaste prozesuan. Baina irakasleok eta gurasoek “laguntza” hori ez dugu modu berean ulertzen. Hori areagotu daiteke beste kulturetako gurasoekin elkartzen garenean. Guraso batzuek pentsatzen dute eskolarekin lotutako arlo guztiak irakasleari dagozkiola soilik, alegia, eskolarekin zerikusia duen guztia irakasleak landu beharko duela. Irakasleok, berriz, eskolako heziketan parte hartzea eskatzen dugu.
AEBn ikerketak egin dira familiaren eta eskolaren rolak aztertzeko. Ondorioetan3 adierazten denez (Hakuta 1997), ekintza hauek laguntzen diote haurrari bere heziketa prozesuan: kontrola, komunikazioa, motibazioa, babesa. Halere, gurasoek horrelako laguntzak ematen dituztenean, irakasleoi ez zaigu hori nahiko iruditzen, eta joera dugu ikasleen irakaskuntzan gurasoek ez dutela behar beste parte hartzen pentsatzeko.
Haur baten egoera ikastetxera heltzean. Hizkuntzen trataera bideratzeko iradokizunak
Beste herrialdeetatik etorritako ikasleek, gure ikastetxeetara heltzen direnean, horrelako egoerak bizi ohi dituzte, hizkuntzei dagokienez:
1.- Ama hizkuntza garatzeko prozesuan daude. Haur Hezkuntzako ikasle batek ez du oraindik ama hizkuntza menperatzen. Beraz, bere hizkuntza ikasten jarraitu behar du.
2.- Euskara ez dute ezagutzen. Eskolako hizkuntza denez, bai harreman sozialetarako, bai akademikorako hizkuntza berri bat ikasten hasi behar dute.
3.- Batzuek ez dute gaztelania ezagutzen, ez baita beren ama hizkuntza. Araban, ikasleen arteko harreman sozial gehienetan zein kaleko egoeretan gaztelania erabiltzen da; beraz, harreman sozialetan parte hartzeko gaztelania ikasi behar dute.
4.- Ingelesa ikasten hasi (edo jarraitu) behar dute, gelako gainerako kideek egiten duten moduan.
Ikastetxean, beraz, lau hizkuntza –gaztelania ama hizkuntza ez dutenen kasuan– hartu beharko ditugu kontuan hizkuntzen trataera lantzeko.
Azter ditzagun banan-banan:

1.- Ama hizkuntza

Haurrek ama hizkuntza etxean garatzen dute. Behin baino gehiagotan esango diegu gurasoei etxean ama hizkuntza erabiltzeko testuinguru desberdinetan, badakigulako ama hizkuntza ondo jakiteak bigarren hizkuntza garatzen laguntzen duela.
Horrez gain, eskolan haurraren hizkuntza kontuan har dezakegu:
* Ikasleari gelan ama hizkuntza erabiltzeko aukera emango diogu.
* Irakasleak zein gelako beste ikasleek ikas ditzakete hainbat agur mota, kortesiazko formula, eta hiztegi arrunteko hitz... ikasle etorkinaren hizkuntzan.
* Ikastetxean dauden txarteletan ikaslearen hizkuntza erabil daiteke une batzuetan.
Ikaslearen hizkuntzari garrantzia emanez bi helburu beteko genituzke: bata, ikaslearen hizkuntza baloratzea, eta beraz, ikaslea bera baloratzea; eta bestea, hizkuntza eta kultur aniztasunean hezten hastea, eta hori gelako beste ikasleei zuzendutako helburua da. Txikitatik gela barruan kultur aniztasuna izatea aukera ona da, gizarteko kultur aniztasuna modu aberatsean bizitzeko.

2.- Euskara

Araban, ikasle berriak eskolan ikasiko du euskara, normalean bere gelako kideek egiten duten bezalaxe, ikasleak Haur Hezkuntzan hasten baitira euskara ikasten. Heldu berriak bere gelako kideak “harrapatu” beharko ditu.
Zorionez, Haur Hezkuntzako antolamendu eta jarduerak aberatsak izaten dira hizkuntza berria ikasteko. Baina horrek ez du esan nahi ezer berezirik egin gabe hizkuntza ikasiko duenik.
Gela barruan badira modu errazak hizkuntza garatzen laguntzeko:
* Arreta berezia eman gelako errutinei, egunero errepikatzen diren jarduerei. Bere gelako kideek lagun dezakete horretan, haiek ohituta daudelako. Hasierako egunetan garrantzi handia emango diogu horri, gelako dinamika uler dezan.
* Talde txikietako egoerak aprobetxatu hizkuntza lantzeko ikasle berriarekin. Guztiekin landu den lanen bat, ipuinen bat, jolas egoeraren bat... berriro ere birpasatu.
* Ikaslea motibatu euskara ikasteko: hitz egiteko beharra sortu.

3.- Gaztelania

Kaleko hizkuntza gaztelania bada eta ikasleak ez badaki gaztelania, eskolan landu beharko dugu. Ikastetxearen hizkuntza trataeraren arabera, egoera batzuetan gaztelania landuko dugu.
Gainera, garrantzi handia du ikasleak bi hizkuntzak bereizteak: gaztelania eta euskara. Horrela izan dadin egoera eta testuinguruen bidez lagundu behar diogu: egoera zehatz eta oso markatuak prestatu, gela osoarekin gaztelania lantzen bada ikur berezia erabili, beste irakasle batekin gaztelania landu talde txiki batean...

4.- Ingelesa

Bai ikasle berriek, bai beste ikasleek ingelesarekin lehen harremana izaten dute Haur Hezkuntzan. Ez dirudi programa berezirik prestatu behar dugunik ikasle berriarekin. Gainera, antolaketa –beste irakasle bat sartzen bada, batez ere– eta ondo diseinatutako jarduerak oso aproposak izaten dira hizkuntza ikasteko. •

ONDORIOAK

1.- Txiki-txikitatik beste kulturetako pertsonekin hezteko aukera izatea oso ona da norberaren garapenerako. Guztiontzat oso aberatsa da eguneroko egoeretan –eskolan, gure kasuan– beste kulturen presentzia izatea, aurrean, begi-bistan, daukagun gizarte eredu berri batera egokitzeko.

2.- Helburuak helburu, edukiak eduki, garrantzitsuena ikaslearen integrazioa da. Beste ikasleak lan horretan parte hartzera bultzatuko ditugu. Gelan gustura senti dadin, eskolara etortzeko gogoa izan dezan, pozik egon dadin... Horretarako, batzen gaituena indartuko dugu, eta ez bereizten gaituena.
3.- Familia integratzeko bide garrantzitsua da eskola, eta Haur Hezkuntzak aukera ona eskaintzen du gurasoen artean gertuko harremanak egiteko. Irakasleok zubi lana egin dezakegu gurasoen artera hurbiltzeko.
4.- Irakasleok ulertu behar dugu familia bi kulturetan bizitzen hasten dela, eta horrek tentsioa sortuko du eta balioak kolokan jarriko dizkigu, bai irakasleoi bai gurasoei. Hausnarketa egin beharko dugu denok.
5.- Kontuan hartuta ikasleak hiru hizkuntza berri izan ditzakeela aurrean, oso ondo planifikatu beharko dugu ikaslearekin zein hizkuntza, zein egoeratan eta noiz landu. Oso garrantzitsua da hori guztia gurasoei azaltzea eta, ahal den neurrian, seme-alabei azaltzeko eskatzea.
6.- XXI. mendeko eskolaren ezaugarrietako bat kultur aniztasuna izango da. Hasi berria dugun bide honetan elkarlanak, denen artean zalantzak argitzeak, lorpenak partekatzeak... oztopoak gainditzen lagunduko digu. Estrategia horiek oso baliagarriak izan zaizkigu beste erronka batzuei aurre egiteko.

Bibliografia erabilgarria

Gehiago jakiteko:

- BESALU, Xavier: Diversidad cultural y educación, Síntesis educación, Madril, 2002.
Oso liburu egokia da kultura arteko hezkuntza zertan oinarritzen den eta nola garatu behar den jakiteko.
- SUAREZ-OROZCO, C. eta MM: La infancia de la inmigración, Morata, Madril, 2003.
Liburu honetan AEBn familia etorkinekin egindako ikerketa zabal baten emaitzak azaltzen dira. Hango errealitatean kokatu arren, oso liburu ona da immigrazio prozesuak zer diren ulertzeko: emigratzera bultzatzen duten faktoreak, identitate berriaren eraikuntza, eskolaren garrantzia…
- RUIZ BIKANDI, Uri (edit): Didáctica de la Segunda lengua lengua en educación infantil y primaria, Síntesis Educación, Madril.
Oinarrizko liburua da bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan aritzen garen irakasleontzat. Hizkuntzaren gaitasun guztiak tratatzen ditu: ahozkoaren eta idatziaren ulermena, nola irakatsi aho hizkuntza, irakurketa-idazketa prozesua, idatzizko ekoizpena…